Lankide:Irati Bakaikoa/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea

Luigi Facta[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Luigi Facta (Pienrolo, Italia, 1861eko azaroaren 16a – Pienrolo, Italia, 1930eko azaroaren 5a) Vincenzo Facta abokatu eta prokuradorearen eta Margherita Falconettoren semea izan zen. Pinerolon jaio zen, Italiako Erresuma sortu zen urtean, eta 69 urte geroago haren jaioterrian bertan zendu zen. Kargu politiko ezberdinak izan zituen Italiako Erresuman, Lehen Mundu Gerra (1914-1918) bitartean eta Mussoliniren diktadurapean (1922-1943). Italiako Lehen Ministroa izan zen 1922. urtean, besteak beste.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Luigi Facta

Aitak Facta umea zenetik bere praktika profesionalak ahalik eta lasterren erakutsi nahi izan zizkion. Aitak Facta gogor baldintzatu zuen; horregatik, bere gaztaroko zati handiena ikasten pasa zuen  eta Turingo Unibertsitatean Zuzenbidean lizentziatu zen hemezortzi urte zituela. Zuzenbidea ikasi zuen baina geroago ere kazetaria izatera heldu zen. Ikasketak bukatu ondoren, abokatu lanean murgildu zen aitaren lekukoa hartuz, hil egin bai zen. Facta bere lana eta familiarekin oso lanpetuta zegoenez (oso hurbilekoa zen haren familiarekin), politikarekiko interes eskasa zuen.

Hala ere, 1892. urtean politikan sartzea erabaki zuen.  23 urte zituela Pineroloko ordezkari hautatu zuten diputatuen ganberan parte hartzeko eta bertan lanean 30 urtez egongo zen. Kargu horretaz gain, Pinerolon bertan hainbat kargu administratiboz arduratu zen. Alderdi Liberaleko kidea izan zen eta idazkariordetzat jardun zuen parlamentuko zenbait arlotan. Gainera 1910-1914 artean Italiako Erresumako Finantza-ministro izan zen, baita 1920-1921 urteetan ere; 1922. urtean Italiako Lehen Ministroa izan zen. I. Mundu Gerra heldu zenean gatazkarekiko neutraltasuna proposatu zuen, Italiak gerran izango zuen parte hartzea atzeratuz.

Ibilbide Politikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Luigi Facta zuzenbidean lizentziatu eta abokatu bihurtu zen. 1892an sartu zen mundu diplomatikoan, haren jaioterrian abokatuen eskolan kargu garrantzitsu bat eman ziotenean. Politika nazionalean 1892ko azaroko hauteskundeen ondorioz sartu zen, ustekabeko arrazoiengatik, eta nahiz eta hasiera batean zalantzak eduki zituen mundu politikoan sartzeko unean, azkenean buru betean amaitu zuen bertan. Izan ere, bere lagun batzuek konbentzitu egin zuten, beste adierazle liberal baten aukeraketaren aurka agertu nahi baitzuten. Factak izen ona lortu zuen abokatuen eskolan pasatako urteetan zehar eta estimua irabazi zuenez,  berari eta bere lagunei  hauteskunde horietan parte hartzea ideia ona iruditu zitzaien.

Facta hautatua izan zen, eta, ordutik, etenik gabe, bederatzi legealditan zehar egon zen, 1923ra arte, Ganberan, Pineroloko lurralde ordezkari bezala. Bere memorietan adierazi zuenez, ibilbide politikoaren benetako asebetetzerik handia botoen ia ahobatezkotasuna lortzea eta hainbeste denboran jasotako etengabeko atxikimenduak eta miresmena izan ziren. Oso gazterik sartu zen Ganberan eta berehala jarri zen Giovanni Giolittiren jarraitzaileen lerroan; Giolittireekiko zaletasuna sentitzen zuen eta bere ikuspegi politikoarekiko leiala zen. Factak ibilbide politikoan zehar izandako kargu bereizgarrienak diputatu, Ministro eta Lehen Ministro karguak izan ziren. Arrazoi horrengatik, historialari askok Factaren arrakasta politikoa Giolittirekiko zuen gehiegizko miresmenari egotzi diote.

Alderdi Liberaleko kidea izan zen eta aipatu bezala Giovanni Giolittiren jarraitzailea eta hurbilekoa, aurrerago harekin kolaboratuko baitzuen. 1903. urteko azaroaren 3an Grazia eta Justiziaren eta Kulturaren idazkariorde izendatu zuen Giolittik; karguak ondoren etorriko zen Vincenzo Tittoniren gobernualdian zehar mantendu zituen. Izan ere, haren ibilbide politikoa hasi zenetik kargu ezberdinak izan zituen: Justizia eta Barne ministerioan idazkariordea izan zen, eta 1910-1914 tartean Finantza-ministroa izan zen. 1919ko urtarrilaren 18tik ekainaren 23ra (Ettore Sacchiren ordez) Justizia-ministro gisa itzuli zen gobernura, eta 1920ko abuztuaren 10etik 1921eko uztailaren 4ra Giolittiren gobernuan Finantza-ministroa izan zen berriz ere.

Lehen Mundu Gerra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen Mundu Gerrak eztanda egin zuenean, posizio neutrala zutenen aldekoa izan zen,  baina behar nazionalen alde lerrokatu zen herrialdea gatazkan sartu zenean. Bere semea, Giovanni Facta pilotu pribatua zen "Caproni" bonbardaketaren 10. eskuadroian. Bere hegazkina 1916ko ekainaren 29an eraitsi zuen Hansa-Brandenburg C.I.ak eta italiar lerroetatik haratago larrialdiz lurreratzera behartu zuen; hegazkina Zocchi di Asiagon suntsitu zen eta Giovanniren heriotza eragin zuen. Semea borrokan hil ondoren, semeak aberriaren alde haren bizitza eman izanaz harro zegoela deklaratu zuen. Gerraren ondoren, maila-igoera jarraitu zuen, eta, lehenik, Justizia-ministro izendatu zuten (1919. urtean) eta, ondoren, Giolittik zuzendutako bosgarren gobernuko Finantza-ministro izan zen.

1922ko otsailaren 22an Viktor Emanuel II.ak Ministro-Kontseiluko lehendakari izendatu zuen, eta Italiako Lehen Ministro kargua bere gain hartu zuen. Gobernu berriak gerra zibiletik oso gertu zegoen herrialde bat gidatu behar zuen, non faxismoaren bortizkeriak gora egiten zuen egunero, batez ere sozialismoaren aldekoak ziren herrixka eta eskualdeetan. Uztailaren 13an Faxistek Ceremona hiria erasotu egin zuten eta Guido Miglioli sindikalistaren etxeari su eman zioten. Guido Miglioli nekazari katolikoen mugimenduaren taldeburua zen, baita Italiako Alderdi Popularreko diputatua ere. Ekintza horrek gobernuaren haustea ekarri zuen, Alderdi Popularrarekin sortu zen konfidantza ezazko egoeragatik. Uztailaren 30ean, Viktor Emanuel III.ak gobernu berria osatzerakoan, Facta hautatu zuen berriro Lehen Ministro kargurako.

Erromarako martxa, 1922

Hurrengo egunetan Mussolinik Erromarako Martxa burutu zuen eta Factak erregeari setio-egoera ezartzeko eskaera egin zion, erregearen hobespenik lortu gabe. Erregearen, Viktor Emanuel III.-aren, sinadura zen bere eskakizuna gauzatzeko beharrezkoa zen bakarra. Erregea ez zen Factaren alde aurkeztu, eta dokumentua ez zuen sinatu.  Urriaren 31an Factak Lehen Ministro kargua utzi zuen haren porrota zela medio, ez zen gai izan beste indar politikoekin akordio batera iristeko. Egoera horren aurrean, Viktor Emanuel III.ak telegrama bat bidali zion Milanen zegoen Mussoliniri; haren eskuetan utzi zuen gobernua osatzeko boterea eta Ducea Erromara abiatu zen gobernu berria osatzeko. Factak ezin izan zuen inongo kontrakotasunik erakutsi, Mussoliniren ideiak errespetatu eta beste guztiek bezala, haren nahiak bete behar izan zituen. Horregatik, diktadura errotuago zegoenean, Mussolinik berak Erregearen oniritziarekin senatari izendatu zuen Facta.

Iturriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anton, J. (2009) Las concepciones nucleares, axiomas e ideas-fuerza del Fascismo Clásico (1919-1945) in Revista de estudios políticos, 146, 49-79.

Bidegain, E. (2014). Lehen Mundu Gerra eta Euskal Herria. Baiona: Elkar

Carsten, F. L. (1982). The rise of fascism. Berkeley: University of California Press

Cansacchi, G. (1955). Luigi Facta nei documenti dell’Archivio di Pinerolo

Sircana, G. (1994). Facta, Luigi. in F. Bartoccini, Dizionario Biografico degli Italiani. Erroma: Instituto della Enciclopedia Italiana

Stevenson, D. (2013). 1914-1918 Historia de la primera guerra mundial. Bartzelona: Penguin Random House Grupo Editorial