Erromarako Martxa

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Erromarako Martxa
Irudia
Jatorrizko izena(it) Marcia su Roma
MotaEstatu-kolpe
manifestazio
Desfile
Denbora-tarte1922ko urriaren 27a - 1922ko urriaren 30a
Data1922ko urria
GaraiaGerrarteko garaia
KokalekuErroma
HerrialdeaItaliako Erresuma
Parte-hartzaile
HelmugaErroma

Erromarako Martxa (italieraz: Marcia su Roma) Benito Mussolinik antolatutako ibilaldiari deritzo. 1922an Mussolinik eta bere Italiako Alderdi Nazional Faxistak boterea lortu zuten Martxa honen ondorioz. Viktor Emanuel III.a Italiako erregeak Mussoliniri gobernua eratzeko eskatu baino lehen, faxistek Erroma hartzeko mehatxua egin zuten. Mussolinik "alkandora beltzak" zeritzen 25.000 faxistarekin egin zuen martxa. Trenez eraman zituzten eta Erromako kaleetan desfilea eta indarra erakutsi zuten. Ondorioz, erregeak, gobernua eratzeko eskatu zion Benito Mussoliniri[1][2].

Martxaren garapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Prestakuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kuadrunbiratua eta Mussolini Napolin.

Martxa hasi baino lau egun lehenago, urriaren 24an, Napolin Alderdi Faxistaren bilkura handia ospatu zen, hiribururako ibilbidearen entsegu orokorra izan zena. Egun horretan Mussolinik hauxe adierazi zuen publikoki: "Gobernua emango digute edo guk geuk hartuko dugu, Erromara jaitsita". Era berean, lider faxistak martxa zuzenduko zuten lau kuadrunbiroen izena iragarri zuen: Italo Balbo (ras ezagunenetako bat), Emilio de Bono (gerora Miliziaren komandante izango zena), Cesare Maria De Vecchi (Quirinalearen gustoko jenerala) eta Michele Bianchi (alderdiko idazkaria eta Mussoliniren kolaboratzaile estua).

Kuadrunbiratoak botere osoa hartuko zuen urriaren 26tik 27rako gauean. Ondoren, tropa faxistek bulego publikoak, geltokiak eta telefonoen zein telegrafoen zentralak okupatu beharko zituzketen. Eskuadrek Foligno, Tivoli, Monterotondo eta Santa Marinellan bat egingo zuten, eta handik sartuko ziren hiriburuan. Estimazioen arabera 25.000 eta 30.000 faxista inguru izango ziren; Erroma defendatzen zuten soldaduak, berriz, 28.400 ziren[3].

Faxistek Napoliko bilkuran egindako diskurtsoen tonuak eta ekitaldia istilurik gabe amaitu izanak Luigi Facta lehen ministroa lasaitu zuten. Aitzitik, urriaren 26an Antonio Salandra politikari kontserbadoreak, Mussolinirekin bildu ondoren, Factari adierazi zion Erromako Martxa abiatzear zela eta dimisioak espero zituztela. Orduan, Factak Ministroen kontseilura deitu zuen: bertaratu ez ziren Giovanni Amendola eta Paolino Taddei kenduta, gainerako ministroek dimisioa ematea eta kontseiluan faxistei tokia uztea onartu zuten.

Urriaren 27a[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromarako Martxa Ponte Salarion.
Martxa Quirinalera iristen.

Eguna hasi orduko, Cremonan, Pisan eta Florentzian eskuadristek indarrez hartu zituzten hainbat eraikin publiko. Lehenengo albisteak heldu bezain laster, Factak Viktor Emanuel III.ari telegrama bidali zion San Rossorera, eta hiriburura itzul zedin eskatu zion. Erregea iluntzean heldu zen Erromara, eta geltokian bertan Factak setio egoera aplikatzeko iradoki zion. Alabaina, erregeak ez zuen erabakia hartu nahi izan, militar asko Mussoliniren aldekoak zirelakoan eta aginduak jarraituko ez zituztelakoan.

27aren eta 28aren arteko gauean Lehen Ministroa esnarazi zuten, jakin zezan zutabe faxistak Erromarantz abiatuak zirela errekisatutako trenetan. Bitartean, erregeak armadako buruzagi nagusiekin elkarrizketak izan zituen, egoeraren berri izateko. Viktor Emanuelek bere jeneralei galdetu zien ea indar armatuak monarkiari fidel izango ziren setio egoera deklaratuz gero, eta Orlando Diazek ahotsa jarri zion militarren erantzunari: "armadak bere betebeharrari eutsiko zion, baina hobe izango zen proba ez egitea, badaezpada."[4].

Gerra Ministro Marcello Solerik agindua eman zien Aldo Rossini idazkariordeari eta Giusseppe Bevione diputatuari, manifestu bat idatz zezaten. Aipatutako dokumentuak zioenez, gobernuaren asmoa zen "Estatua kosta ahala kosta defendatzea, bitarteko guztiekin eta bere legeen kontra egiten duen edozeinen aurrean", bere gain hartuta, beharrezkoa balitz, "Estatuaren zuzenbidea eta segurtasuna irmoki zaintzearen ondorioen gaineko erantzukizuna"[5]. Manifestua eskuartean, goizaldeko 2:30 inguruan Facta Villa Savoiarantz abiatu zen; bertan, erregea dokumentuaren edukiarekin ados agertu zen. Haatik, adostutako testuan ez zen aipatzen setio egoera deklaratuko zenik, inplizituki horretarako atea irekita uzten zuen arren. Hala, erregeak ez zuen pentsatu manifestua onartzean setio egoera deklaratzeko konpromisoa hartu zuenik, baina Factak horrela ulertu zuen. Urriaren 28an, goizeko 6etan ministro kontseilua bildu zen Viminalen, eta bilkurak setio egoera deklaratzea erabaki zuen. Taddei Barne Ministroak erredaktatutako adierazpena berehala helarazi zen prefektura guztietara, deklarazioa lege bilakatzeko erregeak dekretua sinatu behar zuela kontuan hartu gabe[5].

8:30ak aldera Facta Quirinalera joan zen erregeak adierazpena berrets zezan, baina lehen ministroaren harridurarako erregeak adierazi zuen: "Facta maitea, gauetik hona gauza asko aldatu dira"[6].

Factak erregeari gogorarazi zionez, "ministro guztiak ados egon dira manifestuaren erredakzioarrekin", baina erregeak erantzun zion: "denak ez, denak ez!", eta "edozelan ere gaizki egin duzue! Zuzenbide konstituzionalak ezartzen du tankera horretako erabakiek ez dutela inolako baliorik subiranoaren sinadurarik gabe: berorrek ondo baino hobeto zekien, Facta!"[6]. Viktor Emanuel III.ak gaineratu zuen ez zegoela ziur Erroman ziren militarrek zuten erresistentzia gaitasunaz heltzear ziren "100.000 faxisten" aurrean. "Baldintza hauetan gerra zibila eragitea odolzaleen eta ergelen kontua da; nik uste dut ez naizela bietako ezein, Facta maitea"[6], Beste iturri batzuen arabera, hauxe esan zuen erregeak:

« Horrelako erabakiak niri baino ez dagozkit. Setio egoera eta gero gerra zibila baino ez dago. Orain gutako batek sakrifikatu beharko du »


Jarraian esan zuen "nik ez dut sinatuko", eta tiradera batean giltzaz gorde zuen sinatu gabeko dekretua [6]. Factak erantzun zuen:

« Bere Maiestateak esan beharrik ere ez dauka nori dagokion zigorra. »


Ondoren, Factak dimisioa eman zuen[7]. Erregeak ez zituen argitu setio egoera ez berresteko arrazoiak, eta gaur egun ere gaiaren inguruko hainbat bertsio dago. Alde batetik, jeneralek harridura agertu zuten armadaren fideltasunaren inguruan subiranoak haizatutako zalantzengatik, eta Mussoliniren eta Koroaren arteko akordio sekretuari buruzko zurrumurruak ere asko hedatu ziren. Beste autore batzuek susmatzen dute Viktor Emanuel III.a krisi dinastiko baten beldur zela, Emanuele Filiberto Aostako Duke filofaxista Perugian baitzen, Torinon gelditzeko erregeak emandako aginduaren kontra [8]. Zenbait iturrik baieztatzen dute erregeak hauxe esan ziola Factari: "Aostako Dukea etorriko da, hori nahi duzu? Nik abdikatzea nahi duzu?"[6].

9:30etan Facta, guztiz zurbil, Viminalera itzuli zen setio egoera bertan behera uzteko. 11:30etan Factak formalki eman zuen dimisioa, eta erregeak lehen ministro berria izendatzeko kontsultak abiarazi zituen.

Erromako dibisioaren komandanteak, Emanuele Pugliesek, hiriburua defendatzeko plana osatua zuen 1922ko irailean. Alabaina, plan horri ezikusia egin zioten bere nagusiek, Gerra Ministro Soleri jeneralak barne[6]. Pugliesek Avignonesi kaleko Fascioaren Etxea okupatzeko eta Erromara 7.000 faxista garraiatzen zituzten trenak blokeatzeko agindu zuen[6].

Bitartean, Mussolinik Milanen jarraitzen zuen; bertan, etengabe jasotzen zuen Erromako egoeraren berri. Viminaleko gorabeherak Vincenzo Ricciok jakinarazten zizkion, eta azken horrek, Salandraren bidez, buruzagi faxistak informatzen zituen. Hauen artean zegoen Luigi Federzoni, Mussolinirekin zein Perugiako kuadrunbiroekin telefono bidez hitz egin zuena. Federzonik Viktor Emanuelekin solasaldia izatea lortu zuen, eta bere burua bitartekari gisa eskaini zuen[9].

Urriaren 28a[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mussolini Erroman.

28ko goizean Mussolinik enpresagizonen delegazioa jaso zuen Popolo d'Italia egunkariko egoitzan. Taldeak Salandrarekin akordio azkarra lortzeko eskatu zion lider faxistari.

Une berean, hiriburuan, Salandrak erregearen proposatu zion gobernua osatzeko ardura Vitktor Emanuelek Orlandori eman ziezaion, baina De Vecchik subiranoari jakinarazi zionez, Mussolinik Salandrarekin berarekin bakarrik lor zezakeen akordioa.

Hortaz, Mussoliniri Salandrarekin gobernatzeko proposatu zioten, baina aukera errefusatu zuen. Zenbait ordu geroago, agian faxisten liderra behartzeko saiakera gisa, Il Giornale d'Italia kazetak ezohiko edizioa argitaratu zuen; bertan, egintzat ematen zuen Salandra eta Mussoliniren arteko akordioa. Azken horrek telefonoz adierazi zion presio egiten jarraitzen zuen Grandiri: «Ez dut egin dudana egin on Antonio Salandraren berpizkundea eragiteko».

Hurrengo goizean, Mussolinik gauean zehar idatzitako artikuluaren zirriborroak publiko egin eta gero, Salandrak irakurri ahal izan zuen ez zegoela zereginik, eta gobernua osatzeko asmoari uko egin zion. Orduan, Viktor Emanuelek De Vecchiri eskatu zion Mussoliniri jakinaraz ziezaion gobernua osatzeko enkargua emango ziola. Lider faxistak erantzun zuen: "ondo da, ondo da, baina idatziz ikusi nahi dut. Cittadiniren telegrama jaso bezain laster abiatuko naiz". Ordu gutxi batzuk geroago, Cittadini jeneralak Mussoliniri idatzi eta ofizialki eskatu zion Erromara joateko, erregearekin hitz egitera[10].

Martxaren arrakasta[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen iritsierak Erromara.

Mussolini Milanotik abiatu zen urriaren 29ko 20:30etako trenean, eta Erromara heldu zen hurrengo eguneko 11:30etan. Bidaiak atzerapen handiz iritsi zen bere helmugara; trenak abiadura moteldu, eta, kasuren batean are gelditu behar izan zuen, geltoki askotan faxisten talde euforikoak beren buruzagia agurtzeko bagoietara salto egiten zutelako[11].

Enkontruari buruzko bertsio oso zabalduaren arabera, Mussolinik erregeari esan zion lehenengo esaldia hauxe izan zen: "Maiestate, Vittorio Venetoko Italia ekartzen diot". Haatik, esaldi apokrifoa da, Duceak Rachele emazteari aitortu bezala[12]. Errealitatean, bilera ordubetez luzatu zen, eta Mussolinik erregeari agindu zion iluntzea baino lehen pertsonalitate ez faxistak ere izango zituen gobernu berria osatuko zuela. 19:20etan aurkeztu zuen kabinete berria: hiru faxista moderatu baino ez zituen, hain zuzen ere Alberto De Stefani, Giovanni Giuriati eta Aldo Oviglio. Hurrengo egunean 10etan ministroek kargua zin egin zuten Quirinalean.

Bitartean, alkandora beltzak Erroma inguruetan kanpatuta jarraitzen zuten. Ez zuten hiriburura sartzeko baimena urriaren 30era arte lortu, baina ordurako beren kopurua bikoiztua zen: martxan 30.000 inguruk parte hartu zuten, eta une horretan, berriz, 70.000 bat[13]. Horiei guztiei inguruan ziren jarraitzaile erromatarrak batu zitzaizkien.

Borrokaldiak eta istiluak izan ziren: San Lorenzo auzoan langile batzuek tiroka hartu zuten Giuseppe Bottaik eta Ulisse Igliorik gidatutako zutabea, Tivolitik zetorrena. Hurrengo eguneko egunsentian, Italo Balbok zuzendutako 500 faxistek ezustean eraso zuten auzoa. Guztira 13 auzokide hil zituzten (hauen artean segadaren arduradunak)[11]. Zaurituak, berriz 200 baino gehiago izan ziren; horietako batzuek biziarteko lesioak pairatu zituzten, beren etxeko leihotik behera bota baitzituzten.

Gertatutakoaren berri jasotzean, Lehen Ministro berriak segurtasun armatuei edozein istilu erreprimitzeko agindua eman zien. 1922ko urriaren 31n alkondara beltzen desfilea antolatu zen Aberriaren Aldarean eta Quirinalean. Egun berean, desmobilizazio agindua argitaratu zen Il Popolo d'Italia kazetan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Lyttelton, Adrian. (2004). The seizure of power : fascism in Italy, 1919-1929. (Rev. ed., [3rd ed.]. argitaraldia) Routledge ISBN 978-0-7146-5473-7. PMC 648136792. (Noiz kontsultatua: 2021-12-21).
  2. (Ingelesez) «March on Rome | Definition, Events, & Facts | Britannica» www.britannica.com (Noiz kontsultatua: 2021-12-21).
  3. (Italieraz) Felice, Renzo De. (2002). Breve storia del fascismo. Oscar Mondadori ISBN 978-88-04-50086-5. (Noiz kontsultatua: 2022-01-05).
  4. (Italieraz) Consiglio, Alberto. (1963-12-31). Badoglio re di complemento. (Noiz kontsultatua: 2022-01-05).
  5. a b Chiapello, Duccio. (2012). Marcia e contromarcia su Roma : Marcello Soleri e la resa dello Stato liberale. Aracne ISBN 978-88-548-5226-6. PMC 956141648. (Noiz kontsultatua: 2022-01-05).
  6. a b c d e f g (Italieraz) Venè, Gian Franco. (2021-12-06). «La lunga notte del 28 ottobre 1922 / Gian Franco Vené ; prefazione di Pietro Nenni» opac.sbn.it (Noiz kontsultatua: 2022-01-05).
  7. Uboldi, Raffaello. (2010). La presa del potere di Benito Mussolini. Oscar Mondadori ISBN 978-88-04-59715-5. PMC 956037218. (Noiz kontsultatua: 2022-01-05).
  8. «Mussolini il fascista. Vol. 1: La conquista del potere (1921-1925) - Renzo De Felice - Libro - Einaudi - Einaudi tascabili. Storia | IBS» www.ibs.it (Noiz kontsultatua: 2022-01-05).
  9. (Italieraz) Fonzo, Erminio. (2017). Storia dell'Associazione nazionalista italiana (1910-1923). ISBN 978-88-495-3350-7. PMC 1001485208. (Noiz kontsultatua: 2022-01-05).
  10. Spinosa, Antonio. (1995). Edda : una tragedia italiana. (1a ed. Oscar Bestsellers. argitaraldia) A. Mondadori ISBN 88-04-39345-9. PMC 34698623. (Noiz kontsultatua: 2022-01-05).
  11. a b Santomassimo, Gianpasquale. (2005). La marcia su Roma. (5.rist. argitaraldia) Giunti ISBN 978-88-09-03819-6. PMC 898711315. (Noiz kontsultatua: 2022-01-05).
  12. (Italieraz) Mussolini, Rachele. (1948). La mia vita con Benito: con 33 illustrazioni fuori testo. A. Mondadori (Noiz kontsultatua: 2022-01-05).
  13. Palla, Marco. (2019). Mussolini e il fascismo : l'avvento al potere, il regime, l'eredità politica. Giunti ISBN 978-88-09-88003-0. PMC 1176151185. (Noiz kontsultatua: 2022-01-05).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]