Lazarraga dorrea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Lazarraga dorrea
Lazarraga dorrea
Eraikinaren aurrealdea
Kokalekua
Lurraldea  Araba
Eskualdea Aguraingo Kuadrilla
Udalerria Barrundia
Auzoa Larrea
Lua errorea:Modulu:Kokapen_mapa:411: "EH-AR

<-- Kokapen mapa -->" ez da baliozko izena kokapen maparen definiziorako.

Ezaugarriak
Garaia XVI. mendea
Estiloa gotiko-pizkundetarra
Oinplanoa laukizuzen
Katalogatua
Eusko Jaurlaritza 2002ko urriaren 29a

Lazarraga dorrea edo El Bolo baserria Barrundiako Larrea herrian dagoen baserria da, Lazarragatarren dorretxe izana.

2002ko urriaren 29an, Eusko Jaurlaritzak kultura ondasun izendatu zuen, monumentu sailkapenarekin.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Barrundia bailaran dago Larrea, Zalduondotik Ozaeta bidean, eta Urkilla mendilerroa zeharkatzen dituzten bide bi ditu Gipuzkoarantz, Oñatitik eta Arantzazutik zehar.

Bide horiek babesteko eraiki zen Larrean Lazarraga etxea; Oñatitik etorriak ziren, eta Gebaratarren kideak. Gebaratarrak Oñatiko jauntxoak izan ziren lehenik, eta gero kondeak; Gebarako etxea eta gaztelua Arabako lautadan zegoenez, beren aldeko leinuek lautadatik Oñatiko lurretara joateko biderik garrantzitsuenak hartuta zituzten.

Herritik iparralderantz goazela, Oñati bidean dago Lazarraga dorrea. Errekasto baten ondoan dagoenez, etxea ekialdetik begiratuta, sendo agertzen zaigu, alde horretatik etxea babesteko lubakia baita erreka hori.

Eskuinean, jatorrizko dorrea; ezkerrean, gerora erantsitako zatia.

Hasiera batean, dorrea laukizuzena zen oinean, bederatzi metro luze, zazpi zabal; baina gero mendebalderantz handitu zuten. Ekialdetiko altxaera planoan, arku konopialeko bi leiho txiki nabarmentzen dira, biak ere harlandu bakar batez eginak eta ondo landutako harrien gainean oinarrituak.

Iparraldean leiho-hutsartea dago, metro bat eskas zabalean; arkua beheratua du eta goialdean bi punta ditu. Garai batean, ziur aski, bi leiho biki izan ziren, eta gero, gaur egun ikusten denez, erdiko mainela galdu zuten.

Dorrearen alde hori XV. mendearen bukaera aldekoa dela esan daiteke. Joan Perez Lazarragak, etxeko kronistak, ahoz aho zebiltzan kontakizunak jaso zituen, baina, seguru aski, egiatik gutxi izango dute kontakizunok. Haren arabera, Larreko dorrea Eneko Aritzak eraiki zuen IX. mendean. Zenbait gorabeheraren ondoren, dorrea Petri Perez de Lazarraga jaunak eta Teresa Berganzoskoa andreak erosi zuten; ondoren, gotortu eta berreraiki ere egin zuten.

Dorrea berreraikitzearekin batera, dorreari erantsitako jauregia ere, "quitapechos" izenekoa, berritu eta sendotu egin zuten.

Alabaina, gaur eguneko etxebizitzak, jatorrizko dorreari itsatsia dagoenak, XVI. mendeko edo XVII. mendearen hasierako fatxada du, segur aski, hasiera bateko jauregiko hormarte baten gehigarritzat erantsia. Erantsitako zati horrek gorputz txiki bat du, dorreari itsatsitakoa, harlangaitzez egina. Eta bada beste gorputz bat ere, simetrikoki ezarria, dorrearen antzerako zabalera duena; beraz, dena batera hartuta, oinplanoak U itxura hartzen du. Halangaitzezko eranskin horrek arku konopialeko zenbait leiho ditu.

Harlangaitzez egindako eranskin horren aurrean, beste gorputz bat jaso zuten, zurezko egiturazkoa, arrainaren hezurduraren itxurako adreilu mehez osatua, harrizko zutabezko atari arkupeduna duena. Alde horrek osatzen du fatxada nagusia; hegoaldera begira dago, eta hainbat irtenune eta sartune ditu. Kontraste handia nabari da: ekialdean dorrearen sendotasuna, harlangaitzez egina; eta mendebaldean galeriaren arintasuna, adreiluz egina.

Estalkietan ere aldea nabaria da eraikinaren zatik batetik bestera: dorreak lau isuriko teilatua du, eta, beherago, jauregiaren teilatua dago, galeriakoari lotua.

Jauregiak bi solairu ditu fatxada nagusian, eta dorreak hiru.

Atzealdeak —iparraldeko fatxadak, alegia— eraikinaren beste ikuspegi bat ematen digu; dorreari erantsitako pabiloi zapal eta luzanga baten irudia dugu, hortik begiratuta. Alde horretan, jauregiari dagokion zatiak solairu bat besterik ez du.

Barrualdean, garrantzizko osagai gutxi gelditzen dira; alabaina, aipatzekoa dugu eskaileran dagoen baranda. Arabako etxe-arkitekturaren adibide honetan, aipagarri eta bereizgarrienak bilbadurak eta fatxada nagusiko hutsartea dira; Caro Barojaren ustez, horiek ikusita, Kantabriako herri-arkitekturaren zenbait eredu datozkigu burura.

Argazki galeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Lazarraga dorrea Aldatu lotura Wikidatan