Lea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Artikulu hau Bizkaiko ibaiari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Lea (argipena)».
Lea

Leaibai60.jpg


Leako itsasadarra.
Kokapena Bizkaia
Luzera 20 km
Arroa 82 km²
Iturburua Oiz mendia
Ibai ahoa Bizkaiko golkoa

Lea[1] Bizkaiko ibaia da, Lea-Artibai eskualdean jario dena, 20 kilometroko ibilbidea egiten duena Oiz mendiaren ingurutik Kantauri itsasoraino. 82 km2-ko arroa dauka.

2015eko azaroaren 10ean Eusko Jaurlaritzak bere arroko industria-paisaia monumentu-multzo izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna[2].

Ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lea ibaiko padura Lekeitiotik gertu.

Lea ibaia Oiz mendiaren iparraldeko isurialdean jaiotzen da, Munitibar inguruan. Itsasorako bidean, Aulesti eta Amoroto udalerriak zeharkatzen ditu.

Ibilbidean hainbat elementu ikusgarri azaltzen dira, besteak beste: Done Jakue bidea, XIV. mendeko Bengola burdinola, XVI. mendeko Kubo errota, XVIII. mendeko lehen erdian Bizkaiko eta mundu osoko garrantzitsuena izan zen Bengolea burdinola, Zubibarriaga eta Antzior zubiak, Goikoerrota burdinolako ubidea, hainbat presa (horretan Pedro Bernardo Villarreal de Berriz-ek diseinatutako arku bikoitzeko presa bat da bereziena), gaztainadiak, Lariz Oleta okindegia, eta estilo barrokoan 1632an eraikitako Hospital Zaharra.[3][4]

Azken zatian padura ederra sortzen du, Isuntzako zubia zeharkatu eta Mendexa eta Lekeitio artean itsasoratu baino lehen.

Paduran bertan daude XVIII. mendekoa den Zubieta jauregia, bisitatu daitekeen Boga-boga ontzia eraiki zuen ontziola, eta Marea Errota zaharra.

Industria paisaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lea ibaiko Industria Paisaia Bizkaiko iparraldean dago, Lea-Artibai eskualdean. Hainbat ondasun higiezin, higigarri eta ondare-baliodun espaziok osatzen dute; horiek guztiak industria aurreko garaian eta industria garaian Lea ibaiaren inguruan garatu zen burdinola-, errota- eta ontzigintza-jarduerari lotuta daude.

Lea ibaiko urak lotan bidegorri parean pasatzerakoan Amoroton

Lea ibaia Oiz mendiko ipar isurialdean jaiotzen da, bost udalerri zeharkatzen ditu eta, 24 kilometro inguruko ibilbidea egin ondoren, Kantauri itsasora iristen da, kostaldeko Lekeitio eta Mendexa herrien artean. Bere ibilbidean hainbat errekaren urak jasotzen ditu eta, oro har, landa-ingurunea zeharkatzen du, menditsua, komunikazio zailekoa eta biztanleria-dentsitate urrikoa. Euskal Autonomia Erkidegoko itsasadarren artean eraldaketa gutxien jaso duena dela esan daiteke; horrela, bere uren kalitate ona nabarmentzekoa da.

Industria-paisaia honen kultura-ondasuna Lea ibaiaren haranean aztarna utzi duten hainbat ekoizpen-unitatek osatzen dute. Unitate bakoitza askotariko eraikinez osatuta dago, hala nola, burdinolak, errotak, ontziolak, zentral hidroelektrikoak eta zerrategiak. Horrez gainera, mota ezberdinetako azpiegitura hidraulikoak daude, besteak beste: presak, ura bideratzeko kanalak, deposituak, estoldak, tunel hidraulikoak eta ur-hustubideak, Lea ibaiko ura ekoizpen-unitate bakoitzera eraman eta, energia hidraulikoaren bidez, horiek ibilarazteko eginkizuna zutenak.

Burdinola, errota eta ontziolen ondoan, unitateak beste eraikin batzuekin osatzen dira, hots, etxebizitzak eta erlijio-eraikinen bat edo beste; mota horietako eraikinen kopuru eskasa, baina, haran hauetako biztanleria urriaren eta komunikatzeko zailtasunaren erakusgarri da. Garai hartako komunikazio-bideen lekuko gisara, badaude obra zibileko osagai batzuk, zubiak, batik bat. Harlanduz zein harlangaitzez eraikitako zubi horiek gehienak konkortuak dira, baina badaude soslai zuzenekoak ere, eta hainbat motatakoak: arku eskartzanoan edo puntu erdiko arkuan eraikitako begi bat, bi edo hiru begikoak. Beste batzuek hiruki edo laukizuzen formako zubi-bularra daukate, asfaltatutako galtzadarekin edo ibaiko harri-koskorrekin zolaturik. Ibilguan zehar hainbat presa-mota daude, grabitateko presa zuzenak, adibidez, edo arku-itxuran eginak. Azken horiek Juan Villareal de Berrizek diseinatu zituen, eta presen diseinuan, materialen erabileran zein ekoizpenean izandako bilakaera eta hobekuntza erakusten dute. Torreko Errotako presa edo Uribeikoa presa zuzenaren adibideak dira; Munitibar udalerriko Agorriako errotakoa, berriz, puntu erdiko arku itxurakoa da. Gizaburuagan, ostera, hainbat arkuko presa bat dago, Errotabarrikoa. Lea ibaiaren azken aldean ontziolak daude. Oro har, eraikinaz gainera, aldapak eta graden aldea ere gordetzen dute, Mendieta ontziolan edo Eguiguren y Achurra izenekoan bezala. Ibaiaren estuarioan, Isuntzako hondartzaren eta San Nikolas uhartearen artean, Lazunarri malekoiaren zati bat dago, XVIII. mendean eraikitako sistema hidraulikoa, itsasadarraren bokalaren norabidea aldatzeko sortua. Horri esker jitoan doan hondarrak ez zuen ibai-ahoan barrarik sortzen eta ontziek ibaian gora egin ahal zuten.

Industria-paisaiako ekoizpen-unitateetako makina batzuk ere gelditu dira, hala nola, turbinak, gurpilak, errotarriak eta toberak, ekoizpen-prozesua nola zebilen ulertzeko beharrezkoak direnak.

Burdinola- eta errota-multzoetan sistema hidraulikoak erabiltzen ziren tresnak mugiarazteko; ura kanalen bidez eramaten zen presetatik burdinola eta erroten aurrean kokatutako erregulatze-deposituetara. Burdinoletan, ura tunel hidraulikoen gainean kokatutako anteparetara igarotzen zen, eta hortik gurpil hidraulikoetara isurtzen, labea bizitzen zuten edo mailua mugiarazten zuten hauspoei eraginez. Mailuak burdin goria kolpatzen zuen zikinkeriak kendu eta kalitatezko produktu bukatua bilakatu arte. Oro har, burdinolak hainbat esparrutan banatuta zeuden: lantegia, mineralak edota ikatza gordetzeko beste toki bat, kontrol-bulegoa eta egoitza-aldea edo olagizonaren etxebizitza. Errotetan, ura anteparatik isurtzen da eta estoldatik igarotzean turbinak mugiarazten ditu; azken horien ardatzak ehotze-gelan dauden errotarriei transmititzen diete mugimendua, aleak ehotzeko. Azpiegitura horietako batzuek jatorrizko makinak gordetzen dituzte oraindik. Hainbat motatako errotak daude: presadun edo depositu gabeko errotak eta errepresadunak, Errotazar errota, Lariz-Oleta burdinola eta errota edo Bengoleako burdinola- eta errota-multzoa bezala, Gizaburuagan; itsasaldi-errotak, Isuntzakoa bezala, Mendexan; kubo motako errotak, Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitzeko Kubo errota bezala.

Lea ibaiko Bengolea Dorrea Gizaburuagan

Ontziolak Lea ibaiaren bi aldeetan daude, ertzetako areatzetan, plataforma artifizialen gainean eraikita. Eraikin-multzo tradizional hauek ez dute gune itxirik, askotariko eginkizunetarako tokiak baitira, osagai hauez osatuak: harlangaitzezko plataforma, muntaia-harmaila gainean duena (harmaila horretan bikeztatutako zeharragak jartzen ziren, itsasontzi bilakatuko zen horren gila jartzeko); ontzira igo eta handik jaisteko zurezko pasabideak; horma-arte bat edo gehiagoko pabiloiak, zurezko tijerez egindako estalkiari eusten zioten zurezko horma eta zutabeez eginak; teilaz edo xaflaz eginiko teilatuak, bi isurkikoak; harrizko zoruak; eta sarbideak. Ontziak egiteko beharrezko makinak soilak ziren: txirrika-joko batzuk, petakak, eskorak eta dibidietak. Ontziola gehienak pribatuak ziren, eta arrantza-ontziak eta kostaldeko trafikorako ontziak eraikitzen zituzten, hala nola, patatxeak, txanelak eta mea-ontziak. XIX. mendearen bukaeran eta XX.aren hasieran eraiki ziren, baina horiek eraikita duden tokietan badaude aurretiaz ere ontziolak egon zireneko aztarnak. Ontziola batzuk eraberritu egin dituzte, beste erabilera batzuetarako, adibidez, egungo teknikaz baliatuta itsasontziak eraikitzeko.

Ekoizpen-gune horiek eraikuntzarik gabeko espazioen bitartez lotzen dira eta horrek osagai bakoitzaren arteko ekoizpenezko edo ikusizko harremana ulertzen laguntzen du, baita horien natur ingurunea ere. Inguruko eta ondo-ondoko horien artean daude Lea ibaiaren ibilgua bera, horren ertzak eta inguruko lursail batzuk.

Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz, Aulesti, Gizaburuaga, Ispaster, Amoroto, Lekeitio eta Mendexa udalerrietan aurkitzen ditugu ondasun hauek, estrategikoki kokatuta eta Lea ibaiaren bidez bata bestearekin lotuta, haran hauetako orografia aldapatsura moldatutako egituren segida bat osatuz eta, horrela, multzoaren interpretazioa egiteko aukera emanez.

Hortaz, paisaia hau bikaina da, industria aurreko garaian eta industria-garaian garatu zen espazioaren eta giza jardueraren arteko harremana gordetzen baitu, bai eta jatorrizko osagaietako asko ere; izan ere, industria-iraultzaren garaiak eragin urria izan zuen inguru honetan, Euskal Herriko beste arro hidrografiko batzuetan ez bezala.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]