San Nikolas uhartea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
San Nikolas uhartea

Garraitz.jpg


Garraitz uhartea, Lekeitio
Geografia
Kokapena Bizkaiko golkoa
Politika
Herrialdea  Euskal Herria
Udalerria Lekeitio
Gizartea
Biztanleria 0 bizt.

San Nikolas edo Garraitz Lekeitio aurrean dagoen uhartea da. Lekeitioko udalerriaren aurrean eta Lea ibaiaren ondoan kokatzen da. Uhartea eta Isuntzako hondartza batzen dituen kai txiki bat dago ("malekoia"), baina itsasbehera denean bakarrik da erabilgarri. Itsasbeheran, orobat, oinez joan daiteke Mendexako Karraspio hondartzara, uhartea tonbolo bihurturik.

San Nikolas uhartearen higadura saihesteko pinuak landatu zituzten. Lekeitioko udalerrian izurrite larriak zeudenean, gaixoak uhartera eramaten zituzten, gainerako bizilagunak ez kutsatzeko.

6,5 hektarea ditu.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1549koak dira lehenengo aipamen historikoak uharteko eraikin batzuei buruzkoak; baseliza modukoak ziren. 1578ko izurrite batek herria jo zuen 9 hilabetez, eta gaixoak uhartera eraman zituzten, lazaretotzat.

Urte batzuk geroago, Aita Solagurenek sortu zuen frantziskotar errekoletoen komentua, eta 1617an lehendabiziko meza egin zuten. Komentuaren alboan ospitale txikia ere egon zen jende pobre eta erromesentzat. Hala ere, 1650ean fraideek alde egin zuten handik azkenean ur ezagatik eta eguraldiko faktoreengatik. Nikolas deunaren irudia eraman zuten San Joanen baselizara, gaur egungo olatu-hormaren gainaldean. 1795ean suntsitu zuten Konbentzio Gerran. Horren ostean, gotorlekua eraiki zuten, kanoiez hornitua, eta Lehen Karlistaldian ere erabili izan zuten uharte hau.

1746an, Garraitz eta Isuntzako hondartzaren artean Lazunarri izeneko kaia ("malekoia") eraikitzen hasi ziren, tarteka urpean geldituko zena mareen arabera, hondarrak Karraspiorantz bideratzeko helburuarekin. Urteak aurrera, ubide modukoa zabaldu zuten itsasadarrak "bide normalari" jarraitzeko 1803an. 1840an apurtuta geratu ondoren, 1856an berriro eraiki zuten. Ordutik hona hainbat berriztapen eta konponketa eginbehar izan dituzte itsasoaren gorabeherak direla-eta.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • (Gaztelaniaz) La villa de Lequeitio. Francisco de Ocamica. Bizkaiko Aldundia. 1966.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Portal.svg
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Herriko Wikiatlasa