Lehia (biologia)

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Orein arren arteko lehia emeak estaltzeko, ugalketa sasoian, lehia intraespezifikoaren adibidea

Lehia, ekologian, organismoen edo espezieen artean gertatzen den elkarrekintzetako bat da. Lehia dagoenean, organismo edo espezie baten egokitzapenak beste baten presentzia txikitzen du. Biek erabiltzen duten baliabideren baten urritasuna egon behar da lehia gertatzeko. Hala gertatzen da, esaterako, janaria, ura, lurraldea edo beste edozein baliabide mugatua denean [1].

Lehia espezie bereko bi organismoen artean sor daiteke (lehia intraespezifikoa) edo bi espezie desberdinen artean (lehia interespezifikoa) [2].

Lehia, harraparitzarekin batera, hautespen naturalaren eragile oso garrantzitsua da. Izan ere, hautespen naturalak lehian nagusitzen diren organismorik indartsuenak edo azkarrenak aukeratzen ditu.

Bizidunen arteko lehia elikagaien lorpenarekin lotuta dago gehienetan, eta batez ere maila trofiko berean dauden organismoen artean ematen da. Espazioak edo bizilekuak zeresan handia du lehiaren sorreran ere, eta ohikoa da bi hegazti, esaterako, lehian ikustea haien habiak jartzeko lekuarengatik. Emeak estaltzeko arren arteko lehia espezie bereko animalien artean ematen da (sexu-lehia).

Orokorrean lehia interespezifikoa ez da lehia intraespezifikoa bezain gogorra, azken honetan organismoek antzeko beharrak dituztelako [3]

Lehia oso garrantzitsua izan zen espezieen eboluzioan, hautespen naturalak lehian dauden bi espezieettik egokiena beti aukeratzen duelako.

Lehiaren kanporatzearen printzipioak dionez, lehia intraespezifikoan inguruneari hobekien moldatzen den organismoak organismo ahulena kanporatuko du habitat batetik. Lehia interespezifikoan, aldiz, bi organismoek orekan lehiatzen jarraitu dezakete.

Gizakiak espezien arteko lehia naturala desorekatu dezake ekosistema batean espezie exotikoak sartuz. Hori behin baino gehiagotan gertatu da: esaterako, Australiako martsupialio asko desagertu egin dira kontinente horretatik untxiak eta ardiak sartzerakoan, eta Britainia Handian bertako katagorria (Scirius vulgaris) ordezkatua izan da espezie exotiko batengatik, Amerikatik ekarritako katagorri grisarengatik (Scirius carolinensis).

Lehiaren adibide bat bi protozooen artean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

G. F. Gauseren ikerketak oso adierazgarriak dira espezie desberdinen arteko lehia azaltzeko [4]. Horietako batean, Paramecium protozooaren bi espeziekin lan egin zuen: Paramecium caudatum eta Paramecium aurelia [5]. Biak elikatuak izan ziren Bacillus pyocyaneus bakterioarekin, eta lehia horretan Paramecium aurelia Paramecium caudatum-i gailendu zitzaion. Izan ere, Paramecium caudatum bakterio horrek sortutako toxikoekiko sentikorragoa da, eta, horregatik, bere ugaltze-tasa murriztu egiten da. Aldiz, bi paramezioak legamiekin elikatzen badira, Paramecium caudatum gehiago ugaltzen da eta arrakasta lortzen du bestearekiko

Hirugarren paramezio bat, Paramecium bursariak, aurreko biekin lehian bizirauten lortzen du, ez baita beraiekin zuzenean lehiatzen, hondoko produktuak jaten baititu eta, gainera, alga sinbionteak daramatza.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Margalef, R.: Ecología Ed. Omega (1980) 655 orr. ISBN: 84-282-0405-5
  2. Townsend, Colin R.; Begon, Michael (2008). Essentials of Ecology. pp. 103–105. ISBN: 978-1-4051-5658-5
  3. Dualde, V.: Biología COU Ed. ECIR (1988) 612 orr. ISBN: 84-7065-128-5
  4. Gause, G.F. (1934). The struggle for existence. Baltimore, MD: Williams & Wilkins
  5. Margalef, R.: Ecología Ed. Omega (1980) 661-662 orr. ISBN: 84-282-0405-5

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]