Luis Angel Garrido

Wikipedia, Entziklopedia askea
Luis Angel Garrido
Bizitza
JaiotzaPalentziako probintzia, 1963 (60/61 urte)
Herrialdea Espainia
Hezkuntza
HeziketaValladolideko Unibertsitatea 1986) Zuzenbidean lizentziatua
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jardueraklegelaria, magistratua, epailea eta unibertsitateko irakaslea
Enplegatzailea(k)Kataluniako Unibertsitate Politeknikoa
Deustuko Unibertsitatea
Euskal Herriko Unibertsitatea
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusia

Luis Angel Garrido Bengoetxea administratibo arloko espezialista, epailea eta magistratua da. Egun Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salako presidentea da. Pandemia zela eta, tabernak irekitzea baimendu zuen 2021eko otsailaren 9an, Eusko Jaurlaritzaren eta Labiren aginduen aurka.[1] Prentsan ere ezaguna egin da bere iritzi polemikoak direla eta.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Palencian jaioa, Valladolideko Unibertsitatean Zuzenbide ikasketak hasi eta 1986an burutu zituen. 1988an karrera judizialean sartu zen. Lehen destinoa Galizian izan zuen, Betanzos herrian. 1990eko maiatzean magistratu izendatu zuten eta Bilbon eman zioten plaza, Lehenengo Instantziaren Epaitegian. Hurrengo urtean, Euskal Herriko Goi-Justiziaren Epaitegiaren administraziorako auzietako salan egokitu zuten. Urte bereko urrian plaza eskuratu zuen eta egun berea da oraindik.

Hainbat unibertsitatetan irakasle izan da: Euskal Herriko Unibertsitatean, Deustuko Unibertsitatean, Kataluniako Unibertsitate Politeknikoan. Lan egin du baita ere Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundean, Botere Judizialaren Kontseilu Orokorrean...

Luis Angel Garridok Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salako presidente kargua hartu zuen 2010ean estreinakoz. Bigarren agintaldia 2015ean hasi zuen.[2]

Tabernen irekiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2021eko otsailaren 4an, COVID-19k eragindako pandemia egoera zela eta, EAEren ostalaritza elkarteek Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian errekurtso bat aurkeztu zuten Jaurlaritzak ezarritako neurri jakin bat indargabetzeko xedez. Neurri horrek eremu gorriko 5.000 biztanle baino gehiagoko herrietan taberna eta jatetxe guztiak ixtera behartzen zuen. Eremu gorrian honako irizpidea betetzen duten udalerriak sailkatzen dira: intzidentzia-tasa 100.000 biztanletik 500 kasu positibo edo gehiago izatea. Halaber, herri txikiagotan ere, datu larriak ematen baziren, neurri bera ezartzen zen.[3]

Epaileak, otsailaren 9an, zera erabaki zuen: kautelazko neurriak hartzea, ostalaritza sektorearen erreklamazioa aintzat hartuz eta, ondorioz, establezimenduak berriz irekitzeko baimena emanez. Neurria behin-behinekoa zen, behin betiko erabakia hartu arte. Epaitegiaren arabera ostalaritza zabalik izateak «une honetan ez dirudi osasun publikorako egiazko arrisku larririk denik».[4] Neurria hainbat osasun-langileen elkargok gaitzetsi zuten, esaterako Medikuen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiaren Batzorde Iraunkorrak. Hurrengo egunean, taberna gehienak ireki ziren.

Epaia aurretik beste adierazpen polemikoak egin zituen Garridok, epidemiologoek ikastaro txiki bat egindako medikuak zirela esanez, «ikastaro bat egin duten familia medikuak dira» esan zuen zehatz-mehatz. Aste bat pasa ondoren barkamena eskatu zuen, "osasun profesionalen artean «atsekabea» sortu zuela eta hitz horiek «iraintzat» hartu zituztela onartuz.[5]

Euskararen aurkako ebazpenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Luis Garrido zuzentzen duen EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Aretoak euskararen aurkako ebazpen polemiko batzuk eman ditu 2021-2023 bitarteko urteetan. Hona hemen horietako batzuk:

  • 2021eko martxoaren 12an, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetzat jo zuen hamabi udaltzain lanpostu betetzeko Irungo Udalak ezarritako hizkuntza eskakizunak, "diskriminatzailea" zelako euskara jakitea eskatzea [6]
  • 2023ko urtarrilean jakinarazi zen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Barakaldoko Udalaren aurka egin zuela, eta azpikontratatutako zerbitzuetan gutxieneko euskara maila eskatzearen aurka ebatzi zuela [7]
  • 2023ko martxoan EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Uliazpi Fundazioaren aurkako ebazpena eman zuen, esanez "gehiegizkoa" zela hainbat lanpostutan euskararen ezagutza eskatu izana [8]
  • 2023ko urriaren 17an komunikabideek jakinarazi zuten EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zituztela euskara lehenesten duen EAEko udal legearen hainbat artikulu, VOX alderdiak aurkeztu zuen helegite batean oinarrituta [9]
  • 2023ko urriaren 19an, hots, bi egun geroago, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berriz EAEko udal legearen beste artikulu batzuk indargabetu zituen, kasu honetan PP alderdiak lege horren aurka jarritako helegitea partzialki aintzat hartuz. Tokiko erakundeetan euskara lehenesteko aukera zabaltzen duen udal legearen aurkako bigarren epaia izan zen hau bi eguneko tartean [10]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]