Edukira joan

Luzia Goñi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Luzia Goñi

Bizitza
JaiotzaAizarotz1928ko abenduaren 13a
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
HeriotzaTirapu2020ko martxoaren 22a (91 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jardueraksukaldaria eta bertsolaria

Luzia Goñi Olias (Aizarotz, Basaburua, 1928ko abenduaren 13a - Tirapu, 2020ko martxoaren 22a)[1][2] zaletasunez bertsolaria[3] eta lanbidez sukaldaria izan zen. Euskararen alde lan eskerga egindako emakumea.

Luzia Goñi Basaburuko Gartzarongo bentetan sortu zen, Aizarotzen. Zortzi urterekin hasi zen herriko eskolan, ondoren Erbitiko eskolara pasatu zituzten. Gazte zelarik Gipuzkoara joan zen lanera, zerbitzari hasieran, eta hainbat jatetxetan sukaldari gero. Han ezkondu zen, eta seme-alabak txikiak zirela Iruñera etorri zen senarra han utzita, Nafarroako eta Gipuzkoako hainbat tokitan bizi eta gero, laurogeiko hamarkadatik aurrera Iruñean bizi izan zen. Berezko estiloa duen talogile da, eta garai batean herriz herri joaten zen bere furgonetan taloak prestatzera.[4][5]

Bertsolari ibilbidea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaztetatik izan zuen bertsotarako zaletasuna. Alargundu zelarik hasi zen bertsogintzan eta ehunka bertso idatziren egilea izan zen. Aspaldiko eta egungo gai eta gertakarien kronika ederrak dira Luziaren lanak. Bere garaiko emakume gehien-gehienen antzera, plaza publikoan jarduteko aukerarik ez zuen izan azken urteak arte. Hainbat eta hainbat herritako festa eta ekitalditan parte hartu du bertsoak prestatu eta haietan kantatzen. Iruñeko kaleetan ere ibilia da bertsoak kantatzen.[6][7]

2017ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalean, txapela jantzi zion Julio Sotori, Nafarroako Bertsolarien Elkarteak bertsolaritzari ekarpen isila egin dioten emakumeei omenaldia egin nahi izan zien.[8][9]

2020an ETBko Hitzetik Hortzera programan parte hartu zuen bere bizitza eta bertsolari ibilbideari buruzkoak kontatzen.[10]

Euskalerria Irratian ere aritua da kolaboratzaile, kronikak egiten eta bertsoak abesten. Iruñeko Udalaren Euskarazko Sormen Tailerretan, irakasle jardun zuen Goñik sukaldaritza-ikastaroetan.

2020ko martxoaren 22an zendu zen, Tirapuko bere etxean zegoela.[11][12][13][14]

Errekonozimenduak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • 2019an Nafarroako 14 emakumek euskararen alde eginiko lana azaleratzeko erakusketa ikusgai jarri zuten Iruñeko Kondestablearen jauregian, Iruñeko Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Berdintasun Alorrak, haien artean Luzia Goñi.[15][16]
Luzia Goñini omenaldia
  • 2023ko abenduaren 10ean omenaldia egin zioten bere jaiolekuan eta Kultur Etxeari Luzia Goñi izena jarri zioten. Basandereok taldeak antolatu zuen omenaldi eguna, Luzia Goñiren familiarekin eta Aizarozko herriarekin elkarlanean. Bere bertso musikatuak izan ziren goizean Joana Ziganda eta Ekain Alegreren eskutik. Bazkari jendetsua izan zen gero, eta, arratsaldean, Luziaren bideo baten proiekzioaren ostean, bertso saio ederra eman zuten Alazne Untxalok, Maialen Lujanbiok eta Saioa Alkaizak.[17]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Ilintxeta, Reyes. (2013-11-03). «Zuek ez duzue ezagutu krisia» Argia.
  2. Tubia, Iker. (2017-04-16). «Apaizak ere esaten zigun ez zela euskeraz egin behar» Berria.
  3. Elkartea, Xenpelar Dokumentazio Zentroa-Bertsozale. «Luzia Goñi - Biografiak - BDB. Bertsolaritzaren datu-basea» bdb.bertsozale.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-18).
  4. «Luzia Goñi bertsolariak hainbat bertso kantatu eta idatzi ditu; Tirapun izan gara» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-23).
  5. (Gaztelaniaz) Una exposición homenajea en Condestable a 14 mujeres que han trabajado a favor del euskera durante el siglo XX -. 2019-12-10 (Noiz kontsultatua: 2020-04-13).
  6. «Luzia Goñi, kronikak bertsotan» bertsoa.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-18).
  7. «Luzia Goñiren bertsoak» bertsoa.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-18).
  8. «Luzia Goñi, bertsolaria eta sukaldaria» Bertsolari 2017-04-21 (Noiz kontsultatua: 2020-03-19).
  9. «Julio Soto da Nafarroako Bertsolari Txapelketako txapelduna - Nafarroa» euskalerriairratia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-19).
  10. «Luzia Goñi gertutik, Hitzetik Hortzeran» Bertsozale Elkartea (Noiz kontsultatua: 2020-03-19).
  11. «Luzia Goñi bertsolaria hil da 91 urterekin» Gara 2020-03-22 (Noiz kontsultatua: 2020-03-22).
  12. Eslava, Ane. «Isilpean bide urratzaile» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-03-24).
  13. «Luzia Goñi bertsolaria hil da» bizkaie.biz (Noiz kontsultatua: 2020-03-24).
  14. «Luzia Goñiren omenaldiaren laburpen audioa - Basaburua» Amezti.eus (Noiz kontsultatua: 2023-12-13).
  15. «Hiru bertsolarik gidatuko dute bisitaldia ‘Hemen baditun 14’ erakusketan barrena - Iruñea» euskalerriairratia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-18).
  16. «Hemen baditun 14 – Aquí ya 14 erakusketak omenaldia eginen die XX. mendean euskararen alde aritu ziren 14 emakumeri, Kondestablen, abenduaren 10etik 20ra» Ayuntamiento de Pamplona (Noiz kontsultatua: 2020-04-13).
  17. «Luzia Goñiren omenaldiaren laburpen audioa - Basaburua» Amezti.eus (Noiz kontsultatua: 2023-12-13).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]