Maritxu Roteta

Wikipedia, Entziklopedia askea
Maritxu Roteta

Bizitza
JaiotzaAlkiza1948ko abuztuaren 6a (75 urte)
Herrialdea Gipuzkoa
Jarduerak
Jarduerakabesbatza-zuzendaria
Ahots motasopranoa

Maritxu Roteta Irazusta (Alkiza, Gipuzkoa,1948ko abuztuaren 6a) sopranoa da,  Mallabiko Jasokunde abesbatzeko sortzaileetako bat eta aurreneko zuzendari izandakoa.[1]

Ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Umetatik gustatu izan zaio abestea, baina kosta egiten zitzaion goi-tesiturako bere ahotsaren erregistroa gainontzeko lagunen baxura egokitzea. 15 urteko neskatoa zela, Donostian lanean zegoela, abesbatza baten izena ematea erabaki zuen: Schola Cantorum-en hiru urte eman zituen. [2]

Hurrengo Coral de Cámara deiturikora lekualdatu zen eta hortxe sentitu zuen ikasketa musikalak behar zituela musikaren bidean jarraitzeko. 20 urte beteta bere prestakuntza musikalari hasiera eman zion: Donostiako Musika Kontserbatorioan solfeoa ikasten hasi, urteetara titulua atera eta Baionan ahots-teknikan trebatzeari ekin zion, beste hiru urtez. Lantokian astelehen goizetan jai zuela aprobetxatuz teknika lantzera joaten zen. Kantuko karrera ere egina du.[3]

Mallabira ezkondu zen, Etxekone baserrira, Esteban Astarloa baritonoaren jaiotetxe berera. Donostiako abesbatza lagata, Eibarkoan aritu zen. 1993an Mallabian, guraso talde baten eskaera tarteko, ume eta gaztetxoen Jasokunde abesbatzaren sortzaileetako bat izan zen eta lehen zuzendaria koroaren hasierako hiru urteetan.[3]

Ermuko Pispillu abesbatzan jarraitu du kantatzen eta bakarka sarritan aritu izan da, solista bezala. Batzuk aipatzearren, Bilboko Arriaga antzokian Georg Friedrich Händel alemandarraren Mesias abesteko aukeratu zutenekoa, orkestraren laguntzarekin taularatua eta Baionan Giovanni Battista Pergolesi italiarraren Stabat Mater abestu zuenekoa, koroa eta orkestrarekin.[3][4]

Hainbat hizkuntzatan abestu izan du: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, errusieraz, italieraz, alemanez… Han hemenka kantatzen jarraitzeko aukera izateak ematen dio, bere berbetan, bizitzarako alaitasuna, arazoak arintzeko modua eta lasaitasuna.[3]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Jasokundeko kideek jaurtiko dute txupinazoa udaletxeko balkoitik, abesbatzaren 25. urtemugan - Mallabia» Anboto.org (Noiz kontsultatua: 2024-03-28).
  2. «Donostiko kantu zarrak» www.soinuenea.eus (Noiz kontsultatua: 2024-03-28).
  3. a b c d «303 - Prentsa - drogetenitturri.eus» drogetenitturri.eus (Noiz kontsultatua: 2024-03-28).
  4. «Ainhoa Barredo organista bilbotarrak Santa Zeziliako kontzertuan joko du - Mallabia» Anboto.org (Noiz kontsultatua: 2024-03-28).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]