Metal alkalino

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Litioa.
Sodioa.
Potasioa.
Rubidioa.
Zesioa.

Metal alkalinoak edo alkaliak taula periodikoko talde bat, 1. taldea deritzona, osatzen duten metalak dira. Multzo horretan daude litioa (Li), sodioa (Na), potasioa (K), rubidioa (Rb), zesioa (Cs) eta frantzioa (Fr), eta serie kimiko bat osatzen dute. Hidrogenoa ere 1. taldean sartzen da, nahiz eta, normalean, alkalinoa ez izan. Hala ere, goi-presioan, adibidez Jupiterren nukleoan dagoen bezalakoan, hidrogenoa metalikoa da eta beste alkaliek bezala jokatzen du.

Alkaliak zilar-kolorekoak eta bigunak dira, dentsitate txikia dute eta oso erreaktiboak dira, azken maila elektronikoan elektroi bakarra baino ez baitute. Azken elektroi hori erraz galtzen dutenez, haien oxidazio-egoera arruntena +1 da. Halogenoarekin erraz erreakzionatzen dute gatzak osatzeko, eta urarekin hidroxido alkalino indartsuak (basikoak) osatzeko. Oso erreaktiboak direnez gero, oliotan gorde behar izaten dira airearekin erreakzioa egin dezaten saihesteko, eta modu naturalean gatzetan soilik aurkitzen da, inoiz ez elementu aske modura. Zesioa da talde honetako metalen artean erreaktiboena. Metal alkalino guztiek urarekin erreakzionatzen dute, eta astunagoek arinagoek baino erreakzio bortitzagoa dute.

Naturan, alkali guztiak konposatuak osatuta aurkitzen dira. Metal alkalino ugariena sodioa da, eta ondoren potasioa, litioa, rubidioa, zesioa eta, azkenik, frantzioa. Azken hori oso bakana da, erradioaktibitate handikoa baita, eta desintegrazio kate naturalaren adar arraro batzuetan alboko urrats modura besterik ez da agertzen.

Metal alkalinoek hainbat aplikazio dituzte eguneroko bizitzan. Forma puruen aplikazio ezagunenetako bat da zesioa eta rubidioak erloju atomikoetan duten erabilera. Sodio konposatuen erabilera arruntenetako bat sodio lurruneko lanparak dira, konposatu hori oso eraginkorra baita argia igortzen. Sodio kloruroa etxean gehien erabiltzen den gatz arrunta da. Sodioa eta potasioa, bestalde, funtsezko mantenugaiak dira bizitzarako, eta zeregin biologiko garrantzitsua dute elektrolito modura. Gainerako alkaliak ez dira funtsezkoak, baina badituzte eraginak izaki bizidunetan, bai onuragarriak bai kaltegarriak.



Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Metal alkalino Aldatu lotura Wikidatan