Miguel Hernández
Miguel Hernández | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Miguel Hernández Gilabert |
Jaiotza | Orihuela, 1910eko urriaren 30a |
Herrialdea | Espainia |
Lehen hizkuntza | gaztelania |
Heriotza | Alacant, 1942ko martxoaren 28a (31 urte) |
Hobiratze lekua | Alacanteko hilerria |
Heriotza modua | berezko heriotza: tuberkulosia |
Familia | |
Ezkontidea(k) | Josefina Manresa (1937 - |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania katalana |
Jarduerak | |
Jarduerak | poeta, antzerkigilea eta idazlea |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Jasotako sariak | ikusi
|
Mugimendua | 27ko Belaunaldia |
Genero artistikoa | olerkigintza antzerkia |
Zerbitzu militarra | |
Parte hartutako gatazkak | Espainiako Gerra Zibila |
miguelhernandezvirtual.es | |
Miguel Hernández (Orihuela, Espainia, 1910eko urriaren 30a - Alacanteko kartzela, Espainia, 1942ko martxoaren 28a) gaztelaniazko olerkaria izan zen, herriaren poeta eta poeta artzaina deiturez ezaguna.[1]
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Familia pobrean sorturik, laborari-lanetan jardun behar izan zuen txikitatik. Hori dela eta, guztiz autodidakta izan zen bere ikasketetan. 1934an Madrila joan eta 27ko belaunaldiko poetekin harremanetan sartu zen. 1935ean Pablo Neruda eta Vicente Aleixandre ezagutu zituen.[2] Espainiako Gerra Zibila hasi zenean, Errepublikaren zerbitzuan jarri zen; gerra bukatutakoan, frankistek preso hartu zuten eta errepublikazalea izateagatik kondenatu. Alacanteko kartzelan hil zen, bronkitisak, tifusak eta tuberkulosiak jota.[1]
Idazlanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Miguel Hernándezen obran inspirazioaren indarra eta arte-motarik zorrotzena, herriaren oldarra eta teknikarik pentsatuenak biltzen dira. Hasierako Perito en lunas (1934) poema-liburuan orduko gongorismoaren jarraitzaile gisa ageri da. 1936an argitaraturiko El rayo que no cesa (Etenik ez duen tximista) obrarekin bere bidea aurkitu zuen; metafora barrokoa bere-berea duen indarrarekin landua agertzen da lan horretan. Gehienbat sonetoen bidez, bere betiko gaiak lantzen ditu: amodioa, bizitza eta heriotza. Errepublikaren aldeko bere jarrerak poesia konprometitua idaztera bultzatu zuen: Viento del pueblo (1937, Herri-haizea). Cancionero y romancero de ausencias (1938-1941) kartzelan onduriko liburuan emaztearenganako, Josefina Manresa (1916-1987), eta semearenganako amodioaz mintzo da, hurbiletik bizi zituen beste zenbait gairekin nahastuta, esate baterako, presoaren egoera eta gerraren ondorioak. Poesiaz gain, antzerkigintzan ere aritu zen, hala nola, Quién te ha visto y quién te ve (1934) auto sakramentala, Calderónen modura; El labrador de más aire (1937), Lope de Vegaren antzerkiaren ildotik; Teatro en la guerra (1937), frontean antzezteko pieza laburrak.[3]
2010ean, haren oinordeko Lucía Izquierdok Elxeko Udalari laga zizkion Hernándezen idazkiak (hark idatzitako 5.000 olerki eta olerkariaren liburutegia eta hainbat gutun eta objektu pertsonal). Trukean, Elxeko Udalak 20 urtez urtean 150.000 euro ordaindu behar zituen Hernándezen lanak aztertu eta ezagutarazteko eta oinordekoei urtean beste 84.000 euro, ondarearen lagapenagatik eta olerkariaren sustapen publikoarengatik. 2011n, ordea, Elxeko Udalaren agintetik PSOE ezkertiarra irten eta PP eskuindarra sartu zen eta udal agintari berriek kontratu hori bertan behera utzi zuten, «garestiegia» zelako.[4] Orain, banku bateko kutxa gotorrean dago Hernándezen ondarea.[1]
Olerkariaren izena daraman fundazioa 1994ko uztailaren 13an sortu zen, egilearen ondarea eta memoria gogorazteko, Elkarteak osatzen dituzten elkarteak, ondorengoekin batera: Valentziako Generalitat, Alicanteko Diputazioak, eta Alicante, Elche eta Orihuelako Udalak. Gaur egun, Valentziako Generalitat, Alicanteko Diputazioak, eta Alicante, Cox eta Orihuelako Udalak, Caja Mediterráneo, Alicanteko Unibertsitatea eta Miguel Hernández Unibertsitatea. [5]
2018. urtean olerkariaren heriotzaren 75. urteurrenarekin batera, hainbat ekintza antolatu ziren, besteak beste: “Miguel Hernandez, poeta del mundo” IV. Nazioarteko Batzarra Orihuelan, Alacanten eta Elxen 2018ko azaroaren 15, 16, 17 eta 18an. Batzarraren bigarren ardatz tematikoa Miguel Hernández beste hizkuntzetan izan zen [5] eta erakusketa bat, poetak kartzelan bizi izandako esperientzia ezagutzeko.[6][7]
Obra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Poesia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Ilargietan peritu (gaztelaniaz: 'Perito en lunas') , Murtzia, La Verdad, 1933 (Ramón Sijéren hitzaurrea).
- El rayo que no cesa, Madril, Héroe, 1936.
- Viento del pueblo, Valentzia, Socorro Rojo Internacional, 1937 (Tomás Navarro Tomásen hitzaurrea).
- Cancionero y romancero de ausencias (1938-1941), Buenos Aires, Lautaro, 1958 (Elvio Romeroren hitzaurrea).
- El hombre acecha (1937-1938), Santanderreko Diputazioa, Kantabria, 1981. Lehen edizioa 1939an inprimategian bahitu zuten frankistek, zabaldu gabe geratuz.
- Nanas de la cebolla, 1939
- Elegía (1910-1942)
Antzerkia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Quien te ha visto y quien te ve y sombra de lo que eras, 1933.
- El torero más valiente, 1934.
- Los hijos de la piedra, 1935.
- El labrador de más aire, Madril - Valentzia, Nuestro Pueblo, 1937.
- Teatro en la guerra, 1937.
Euskaraz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Miguel Hernández (Munduko poesia kaierak) Munduko Poesia Kaierak: Miguel Hernández (Susa, 2014; itzultzailea: Josu Landa). Poemen antologia bat.2015eko maiatzaren 6an Gasteizko poesia topaketan Josu Landak "Miguel Hernández kantuz" errezitaldia eskaini zuen: [8]
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- “Miguel Hernández, 25 poemas ilustrados”, Kalandraka, 2017. 25 ilustratzaileekin elkarlanean, besteak beste: Javier Saéz Castán, Javier Zabala, Miguel Calatayud.
- ”1910-2010: 100 años Miguel Hernández”. 2010ean Germán Sánchez Ruiperez Fundazioak hezitzaileentzat eta liburuzainentzat argitaratutako alea. Miguel Hernándezen lan literarioari etekin ona ateratzeko baliabide gida (jarduerak, dinamikak, poesia liburuak, analisi kritikoa).
Haurrei zuzendutako bibliografia:
- Maria Dolores Rocak Orihuela Udalaren laguntzarekin argitaratutako “Para Miguel” albuma, Juliana Gavaloy ilustratzailea, 2010.
- “Miguel Hernández para niños” poema antologia. Susaeta, 2000. Juan Ramón Alonso, ilustratzailea.
- “Me ha hecho poeta la vida: poemas de Miguel Hernández”, SM. Ilustratzailea: Miguel Tanco.(+ CD).
- El silbo del dale: antología Miguel Hernández. Argitaletxea Edelvives. Ilustratzailea: Paula Allende.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c Alejandro TORRÚS: «Miguel Hernández, 70 años sin el poeta del pueblo», Público, 2012-03-28.
- ↑ Lur entziklopedietatik hartua.
- ↑ Lur entziklopedietatik hartua.
- ↑ Alejandro TORRÚS: «El segundo asesinato del poeta», Público, 2011-10-17.
- ↑ a b Fundación Miguel Hernández: [1]
- ↑ : "Miguel Hernández en la cárcel de Alicante: Un intento de silenciar la palabra"[2]
- ↑ : "Miguel Hernández 75 aniversario "El ojo crítico" saioa, (2017/10/30, RNE: https://web.archive.org/web/20190125184847/http://mvod.lvlt.rtve.es/resources/TE_SELOJO/mp3/2/8/1509386879982.mp3]
- ↑ Josu Landak: Miguel Hernández Kantuz, 2015eko maiatzaren 6an Gasteizko poesia topaketa.
Kanpoko estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Munduko Poesia Kaierak: Miguel Hernández, bildumaren zuzendari Beñat Sarasolaren hitzaurrearekin