Oroimena euskal gatazkan

Wikipedia, Entziklopedia askea

Oroimena euskal gatazkan 1990eko urteen amaieratik Hego Euskal Herriko gizartean eta agenda politikoan gaurkotasunez plazaratu zen gaia da. Gatazkako biktimen oroimenak hartu zuen garrantzia, bereziki ETAk eta euskal talde armatuek hildakoena. Oroimen historikoaren erreklamazioa, hala ere, gatazkako biktima eta gertaera guztietara hedatu zen luze gabe. Aldi berean, Espainiako Gerra Zibilari eta Francoren diktadurari buruzko oroimen historikoak gaurkotasuna hartu zuen. Euskal Gatazkako oroimena ekitaldi, erakusketa, plaka eta monumentuen bidez gauzatu da, baina baita idazlan, hedabide eta museotako programazio eta legeen bidez ere.

Geroaren memoria / Memoria de mañana monumentua Lasarten (2011, terrorismoaren biktima guztien omenez)
Tolosako Bentaundi, harresi gainean Oteizaren eskultura duela

Oroimena gatazkari buruzko narrazioaren gaiarekin nahastu da askotan, haren tratamendua zaila eginez, eta iskanbilatsua ere bai, diskurtso eta borroka politikoan txertatua. Inplikazio penalak ere izan ditzake, biktimen umiliazioaren, terrorismoaren gorespenaren edo segurtasun indarren irainen kontrako Espainiako legedia dela eta. Alde horretatik, euskal gatazkako oroimenaren auzia Espainia osoan zabaldurik dago. ETAren behin betiko su-etenaren ondoren (2010-2011), Ipar Euskal Herrira ere hedatu zen bertako bakegintza ahaleginei loturik.

2008an, Gasteizko Eusko Legebiltzarrak lege bat atera zuen terrorismoaren biktima guztien aitortzarako, PPren oposizioaz, bakarrik ETAren (eta beste euskal talde armatuen) biktimak kontuan hartu behar zirelakoan.[1] 2010ean, Patxi Lopezen gobernuak (PSE) terrorismoaren biktimen egun instituzional bat ezarri zuen azaroaren 10ean. Aldiz, ez zuen denen oniritzia jaso, eta hala PPk, alde batean, nola Ezker Abertzaleak, bestean, beren oroimen ekitaldiak egin dituzte beraien hautuko oroilekuetan.

Bi motatako biktimak bereizi ohi dira ofizialki gatazkako biktimen inguruan: batetik, gatazkako indarkeriaren biktimak eta, bestetik, ETAren (euskal talde abertzale armatuen) edo terrorismoaren biktimak. Batez ere bigarren mota horretako elkarteek diru laguntzak jasotzen dituzte urtero, oroimenerako zein beste zereginetarako. Biktima elkarteek oroigarriak sustatu ohi dituzte; horrekin batera, bakearen aldeko monumentuak jarri dira espazio publikoetan.[1] Oroimenaren gaia arantzatsua izaten jarraitu du, eta ñabardura garrantzitsuak daude Euskal Herriko eta Espainiako ikuspegien artean, baita Euskal Herri barnean ere.

Oroimen eredu kontrajarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gehiago jakiteko, irakurri: «Biktimak euskal gatazkan»

Gaizka Aranguren doktore eta kazetariak azaldu du imajinario kolektiboak sortzeko orduan iragan partekatuak eta elkarrekin ospatuak/erritualizatuak garrantzia berezia duela dena delako gizataldearen kohesiorako eta identitate kolektiborako, ez hainbeste iragana nolakoa izan zen zehazki, baizik eta haren gomuta edo oroimena. Gomuta hori gizataldearen (guaren) etorkizuneko egitasmoetara proiektatuko litzateke.[2] Terrorismoaren Kontrako Europako Eguneko ekitaldietan, 2022ko martxoaren 11n, ageri-agerian geratu ziren oroimen kolektibo horri buruz oraindik gure artean dauden jarrera kontraesankorrak eta tirabirak.[3]

Euskal gatazkako oroimenaren inguruan, biktima elkarteak nagusitu dira, biktimen oroimena ez galtzea eta biktimak aitortzea bilatzen dutenak, baina baita indarkeria edo/eta terrorismoaren biktimei babesa ematea ere. Jarrera desberdinetako elkarteak dira, eta batzuek lege aitortza eta babesa dute, beste batzuek ez. ETAren biktima elkarte batzuek argi eta garbi agertu dute agenda politikoan eragiteko asmoa, beren adierazpenen bidez gobernuen, erakunde publikoen eta eragile politikoen programak, ekimenak edo/eta aliantzak baldintzatuz.

Garaileen eta garaituen oroimen eredua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elkarteen oroimen ekitaldietan, alderdi edo/eta eragile instituzional desberdinak izan ohi dira. Efemerideak izaten dira oroimenerako egokierak, biktimen memoriaren gaia ikusaraziz. 2021eko otsailean, Fernando Buesa eta Jorge Diez haren eskoltaren erailketaren urteurrenean, Sara Buesa Fernando Buesa Blanco Fundazioko presidenteordeak adierazi zuen omenaldia bere aitaren eta «terrorismoaren biktima guztien aldekoa» zela; aldi berean, gizarteari dei egin zion krimenak egin dituzten pertsonen omenaldiak eta indarkeria justifikatzen duten diskurtsoak ez onartzeko.[4]

Madrilgo 2007ko AVT elkartearen manifestazioa, Espainiako gobernuaren kontra

Covite eta AVT ETAren biktima elkarteek garaileak eta garaituak dituen memoria bat erreklamatu dute, eta iragana "zuritzearen" arriskuaz ohartarazi diote Eusko Jaurlaritzari, haren oroimen politika arbuiatuz, «polizia abusuen biktimek ETAren biktimen pareko aitortza jasotzen dutelako».[5] AVT elkarteak uko egin zion 2020ko ekainean Espainiako Kongresuaren terrorismoaren biktimen memoria ekitaldian parte hartzeari, "EH Bildu zuritzen" duelakoan.[6] Elkarte horrek berdin jokatu zuen beste behin ere, Espainiako Gobernuak ETAren porrota sinbolizatzeko haren armak urtzeko ekitaldia egin zuenean; izan ere, elkarte hark kontraesanean egotea kritikatu zion, "bitartean, ostiralero euskal presoak etxera hurbiltzen ari" zela eta.[7]

2014ko otsailaren 19an Espainiako Auzitegi Nazionalak onartu egin zuen ETA "genozidio delituengatik" ikertzea.[8][oh 1] Nafarroa Garaian, bertako indar politikoen gehiengoak 2021eko otsailaren 11 «ETAk eragindako desplazatuen eta gizateriaren kontra eragindako biktima guztien memoriaren eguna» izendatu zuen. Maria Txibite erkidegoko lehendakariak, egun hori zela eta, lore eskaintza bat egin zuen Iruñeko Baluarte plazan, ETAren biktimen omenez egindako eskulturaren aurrean. Nafarroako Gobernuko lehendakaria hainbat alderdikiderekin eta gobernukiderekin izan zen bertan, minutu bateko isilunea eginez.[9]

Egun berean, 10:30ean, elkarte batzuek antolatuta beste ekitaldi bat egin zen. Honako elkarte hauetako ordezkariak izan ziren egun horretan: ETAren Terrorismoaren Biktimen Nafarroako Elkartea, Tomas Caballero Fundazioa, Berriozarko Bakearen Aldeko Bizilagunen Elkartea, Nafarroako Gizarte Zibila, Nafarroa Berreskuratu, Doble 12, Libertad Ya, Pompaelo Kultura Elkartea eta Tolerantziaren Aldeko Elkartea. Navarra Suma eta UPNko ordezkariak ere batu ziren elkarte horiekin batera egin zen elkarretaratzera.[9] Deialdia egin zuten elkarteentzat, "zentzuzkoa" izan zen otsailaren 11 izendatzea «ETAk eragindako desplazatuen eta gizateriaren kontra eragindako biktima guztien memoriaren egun gisa»; izan ere, "arriskua" dago «sufrimendu guztia ezertarako balio ez izana». Haien ustez, «ahaztea ezinbesteko tresna da biolentoek euren helburuak lortu ditzaten». Erakundeei eta alderdiei dei egin zieten ETAren indarkeria «ez ahaztera».[9]

Indarkeria guztien identifikazioa eta oroimena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Martxoak 3 elkarteak biktimen memoria inklusibo baten alde dagoela azaldu zuen 2021eko martxoan, «estatuaren zigorgabetasun ereduak» lehengo horretan jarraitzen duela nabarmentzeaz gain.[10] Egiari Zor elkarteak espetxe politikari loturik hil direnak ekarri ditu gogora, beharrezkotzat joaz «presoek jasandako indarkeriak aitortzea»;[11] halaber, Joxe Arregiren erailketaren urteurrenean, gogora ekarri zuen milaka torturatuen "memoria publikoa" sustatu behar dela.[12] Ildo beretik mintzatu zen Bake Prozesua Indartzeko Foro Soziala, eta gogora ekarri pertsona torturatuek ez dutela egia, justizia, aitortza edo erreparaziorik izan.[13] Foro Sozial Iraunkorrak mota desberdinetako biktimen arteko mahai-ingurua egin zuen 2021eko martxoaren 5ean.[13]

Euskal Memoria elkarteak euskararen jazarpen esperientziak eta testigantzak bildu zituen 2013ko azaroan, eta Eusko Legebiltzarrean aurkeztu 2014ko martxoan. Perspektiban, euskaraz egiteagatik jipoiak, jazarpena, mespretxuak eta zigorrak jasan zituzten hainbat lagunen bideo batekin ekin zioten agerraldiari. «Hizkuntza jazarpenaren biktimei dagokien aitortza egiteaz gain, egungo egoeraren gakoak iraganean daude», adierazi zuen agerraldia zuzendu zuen Dabid Anautek.[14] 2021eko martxoaren 4an, Memoria Osoa sareak, oroimenaren aldeko hamalau elkartek osatuak, babesa eskatu zion Gasteizko Udalari bizikidetzak planteatzen dituen erronkei diskriminaziorik gabe heltzeko.[15]

Memoria Osoak Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentro Nazionala delakoaren kontra abiaturiko dinamikaren baitan kokatu zuen eskaera hori, ekimen instituzional hori «baztertzailea eta bizikidetzaren kontrakoa» delakoan.[15] Hiru hilabete geroago, Txabi Etxebarrieta gogoratzeko Egiari Zor elkartearen ekitaldi bat auzitegietara eraman zuen Dignidad y Justicia elkarteak, «terrorismoa goratzea» leporatuta, Espainiako Auzitegi Nazionalak baztertutako salaketa; hargatik, Bilboko Udalak ukatu egin zien hitzaldia emateko aretoa.[16] Egiari Zor elkarteak, hain zuzen, etsipena agertu zuen 2021eko urrian estatuaren eta polizia indarren biktimek jasaten duten bazterketa egoera eta aitortzarik eza direla eta, eta salatu ere kalitate etikoa kontzeptua "interesatuki" erabiltzen dela, gogora ekarriz PSOEk zehazki GALekin izan zuen rola.[17]

Oroimena monumentuetan eta artean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Harkaitza Canoren Twist eleberriaren azala (Susa, 2011)

Euskal artistek askotariko jarrerak hartu dituzte oroimenari eta, bereziki, biktimen oroimenari buruzko arte langintzari dagokionez. Euskal gatazkari buruz askotariko esperientziak bizi izan dira, eta iritziak halakoxeak dira, baita artisten artean ere. Ez dago adostasunik. Artista batzuek identifikazio argia sentitu dute euskal gatazkan parte hartu duten alderen batekin, eta haien oroimen artelana oso politikoa da.[1] Beste batzuek, berriz, ez dute beren burua gatazkako alderen batekin identifikatuta sentitu, eta gizartea bateratzea bilatu dute; gogotsu agertzen dira lan publikoetan parte hartzeko.[1]

Nerea Arruti EHUko irakasleak nabarmendu du artistak eta horien sorkariak susmopean egon ohi direla, zein posiziotara lerratuko ote diren. Sorkari horiei loturik, traumaren existentzia ekarri du gogora artearen sorkuntzan, eta Ipar Irlandako gatazkarekin paralelismoa egin du. Trauma horrek hartzen dituen askotariko formak nabarmendu ditu, Asier Mendizabal eta Harkaitz Cano idazlearen hautu diskurtsiboen eta estetikoen nondik norakoak aztertuz (Twist, Fakirraren ahotsa) eta egiten dituzten aukeraketa formalak traumari egotziz ("elefantearen" ideia), alegia, adierazten ez den auzi deserosoaren gaia.[18]

Euskal testuinguruan, artistek oroimenaren aldeko artean egiten duten hautu estetikoa edozein dela ere, talderen batean sailkatuak amaitzen dute haien kultura edo politika testuinguru biografikoaren arabera, egoera politiko polarizatuak bultzaturik.[1] Gainera, artelanaren ezaugarri formalak edo, are, egin ahal izatea legediak berak erabaki dezake, artelanari eta haren egileari edo sustatzaileei askotariko tipo penalak egotz baitakizkieke, hala nola terrorismoa goratzea, biktimen umiliazioa, etab.

ETAk eta euskal talde armatuek hildakoen alde[aldatu | aldatu iturburu kodea]

ETAk hildako oroitarri eta kale askoren izenak daude.[19] Hego Euskal Herri eta Espainian zehar, haietako batzuk ETAko biktima guztien aldekoak dira baina polizia eta hainbeste jende zehatzen aldeko oroitarriak daude, batez ere ETAk behin betiko su-etena eman ondoren jarriak. Politikarien aldeko oroitarriak edo kaleen izenak badaude, Gregorio Ordoñezen aldekoa kasurako: Donostian kale baten izena, monolitoa eta plaka, Murtzian kale baten izena. 2018ko udaberrian, Gipuzkoako Foru Aldundiak «Oroimen Izpiak. Artea eta hitzak, ETAren basakeriari aurre» erakusketa antolatu zuen Donostiako KM Kulturunean.[20]

Agustin Ibarrola, ETAren eta euskal nazionalismoaren kontrako konpromiso luzekoa da (Ermuko Foroa, Aski Da, besteak beste), ETAko biktima elkarteen eta PPren babes esplizitukoa. Monumento a las victimas del terrorismo de ETA / ETAren terrorismoaren biktimen omenezko monumentua da bere oroigarrietako bat, Gasteizko sarbideetako batean instalatua. Artistak ideia bereko oroigarri sorta luze bat sortu zuen, baita horiek biltzen dituen liburu bat ere. Berak eta bere obrak harrera ona izaten dute Espainiako erakunde ofizialetan; kontrako aldean, Euskal Herrian harrera hotz eta erasokorra jaso du, baita mehatxuak ere.[1]

2021eko martxoan, Espainiako Barne Ministerioak iragarri zuen monumentu bat egingo zuela "ETAri eta, neurri txikiagoan, GRAPOri" kendutako 1.400 armarekin, haiek zapaltzeko makina batez suntsitu ondoren. Hortik ateratako produktua Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Zentroan erakusgai jarriko zutela adierazi zuten.[21] Zuzenean hildako biktimei erreferentzia egin gabe ere, «Bide luze eta malkarra» erakusketak (2021-2022), Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean antolatuak, hainbat dokumentu, multimedia bitarteko eta instalazio bildu zituen, Euskal Herriko indarkeriaren kontrako mugimendua gogora ekarriz, ETAk kulturan izandako inpaktu kaltegarria nabarmenduz eta ETAren gizarteko eragina salatuz.[22]

Estatuko kidegoek eta hari lotutako taldeek hildakoen alde[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren omenezko oroitarria, Tolosako Bentaundin (Gipuzkoa)

ETAren azken urteetan eta geroago, Espainiako gobernuak neurri eta lege bereziak onartu zituen terrorismoaren apologiatzat edo biktimentzat umiliagarritzat jotzen ziren ospakizun, ekitaldi, oroitarri eta plakak debekatu eta kentzeko. 2008ko maiatzaren 28an, EAJko Arrigorriagako alkateari terrorismoa goratzea inputatu zion, herriko kale batek Jose Miguel Berañain Argala izena zuelako.[23] Azken hamarkadetan ENAMeko erakunde gehienak eta ETA legearen aurrean sinonimotzat hartuak izan direnez, horien aldeko monolito, eskultura eta oroigarri gehienak apurtu edo puskatu dituzte, terrorismoaren apologia egin edo biktimentzat umiliagarriak omen direlako; izan ere, askotariko biktimek ez dituzte ez lege, ez arau ez eta errekonozimendu berdinak izan.

Santi Brouarden omenezko eskultura Bilboko Ametzola parkean
Memoria/Oroimena, terrorismoaren biktimen omenezko monumentua Donostiako Alderdi Ederren (2007)
ETAren terrorismoaren biktimen omenezko monumentua Gasteizen (2000)

Tomas Alba Herri Batasunako zinegotzia 1979an erail zuen Batallón Vasco Españolek. Gregorio Ordoñez Alderdi Popularreko zinegotzia ETAk erail zuen 1995ean. Nahiz eta Ordoñez hamarkada batzuk geroago hil, Donostiako Udalak haren omenezko izena jarri zion kale bati eraila izan eta gutxira, eta udalak omenaldiak egin zizkion. Tomas Albarekin ez zen omenaldirik egin urte luzeak pasatu arte eta, 2009an, Herri Batasunako kide ohiek, besteak beste, protesta egin zuten; gainera, eskatu zuten Ordoñezi egin omenaldi berdinak egin eta Donostiako kale bati Albaren izena jartzea.[24] Hori 2014an gertatu zen.[25]

Oiartzungo Aritxulegin "Gudarien basoa" antolatu zen 2014 arte, ENAMeko hildakoen omenez zuhaitz bana eta, horien oinean, hildakoaren izenaren plaka bana zituela. Urte horretan Guardia Zibilak plakak apurtu zituen eta beranduago bost pertsona atxilotu zituen «hildako etakideak gurtzeko leku bat sortzea» eta «Xabier Lopez Peña eta Arkaitz Bellon omendu izatea» leporatuta.[26] 2020an, borrokan eroritakoen omenez, lurralde bakoitzeko zuhaitz bat landaturik dago bertan.[27]

2020ko azaroaren 29an, Auritzen eta Orbaizetan ehunka pertsona bildu zituen oroimen ekitaldi bat egin zitzaion Mikel Zabaltzari eta, aldi berean, senitartekoek «justizia, egia eta erreparazioa» erreklamatu zuten, salatuz ere Zabaltzari artean ez zaiola biktima izaera aitortu.[28][29] Abenduaren 19an, Donostiako agintariek lehen omenaldi ofiziala egin zioten 1983an torturak pairaturik hildako nafarrari, eta Altza auzoan Mikelen Txokoa sortu zuten, horma-irudi handien aldamenean torturaren kontrako aldarrikapenak lau hizkuntzetan zituela.[30]

Biktima guztien alde[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iruñeko Terrorismoaren biktimen omenezko monumentua

Azken urte hauetan, euskal gatazkan hildako biktima guztien oroitarri, sari edo/eta hitzaldiak ematen hasi dira alderdi politiko gehienak. Hala eta guztiz, Alderdi Popularrak ez du hori onartzen «biktima guztiak berdintzen» eta historia "zuritzen" delakoan.[31].Oroimena gai bihurria da, eta artelan kontzeptualak nagusitu dira, adostasun handiena erakartzen dutenak. Eduardo Txillidaren eta Nestor Basterretxearen irudiak koka daitezke horien artean, Euskal Herrian onespen zabalekoak.[1]

Zumaian, Iñaki Olazabal artistaren eskultura bat instalatu zen, udalak ordainduta: Elkarrizketa/Diálogo. 2008an, Terrorismoaren eta indarkeriaren biktima guztien oroimenez eta omenez egin zuen Donostiako Batzar Nagusien aurrean, hiru monolitoz osatua. Bi kasu horietan, kritika pribatu eta publiko garratzak izan zituen, tartean zirela ad hominem arbuioak, iraganean etakide eta preso izatearren, baina baita bere lehengo ideiei bizkarra ematen ari omen zitzaielako.[1]

60 urte inguruko Aitor Mendizabal eskultoreak Ateak/Puertas monumentua moldatu zuen Donostiarako, terrorismoaren biktima guztien alde, baita Memoria/Oroimena ere, hiri bereko Alderdi Ederren, biak ere sorburuan ETAko biktima elkarte batzuek eta PPk sustatuak, gerora abegi zertxobait zabalagoa izan duten arren. Udal adostasun baten emaitza izan zen Geroaren memoria / Memoria de mañana Lasarte Orian (2011), Gotzon Huegunek ondua, espresuki indarkeria eta terrorismoaren biktima guztien aldekoa, baina azken esanahiari buruz udaleko talde politikoen arteko ika-miken sorburu.[1]

Ika-mikak biktima guztiak aipatzeagatik[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2023ko apirilean, udal eta foru hauteskundeen atarian, Aranzadik indarkeriaren biktimak zerrendatzeko egindako lan historikoak ika-mikak sortu zituen Galdakaoko zerrendan. PSE-EEk salatu zuen EH Bilduk gobernatzen zuen udal horren ekimenez egindako zerrendak «iraina eta umiliazioa» ekarri zizkiela ETAren biktimei. Haien iritzian, biktimekin batera, beste pertsona batzuk azaltzen ziren udal webgunean, «ETAren terrorismoa» egin omen zutenak.

Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi zuen eztabaidaren oinarrian koalizioaren aurkako zerbait bilatzeko nahia zegoela, horretarako «gezurrak» erabilita bada ere: «Gaur eztabaidatzen duguna ez da interes politikoetatik eraikitako polemika bat besterik». Estatuaren biktimei erreferentzia egin zien: «Nola sentituko dira Lasa eta Zabalaren senideak Tolosako webgunetik, aitortza egiten zien erakunde bakarretik, kendu ostean?».

PP+Ciudadanosek eta Voxek, berriz, adierazi zuten gertatutakoa ez zela «akats bat» izan. PPko Carmelo Barrioren ustez, «bizikidetzaren aurkako kolpe bat» izan zen: «Galdakaokoa ez zen akats bat izan, ekintza deliberatuak izan ziren, eta horregatik da larria egoera». Voxeko Amaia Martinezen hitzetan, berriz, plan hori ez zen egokia, ez zuelako ekintza zehatzik aurreikusten.[32]

Oroimena erakunde publiko eta legeetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako Gobernuak terrorismoaren biktimen aitortzarako legeak eta ekimenak jarri zituen abian 2000ko hamarkadaren hasieran; 2001eko urtarrilean, Meliton Manzanasi diktadura frankistako komisario eta torturatzaileari, ETAren lehen hildako planifikatuari, biktimen ohorezko domina bat esleitu zion, hainbat eragile politikoren nahigabea piztuz.[33] ETAko biktimen elkarteek heziketa ikastaroak eta ekintzak egiten dituzte oroimenaren arloa lantzeko. Askotan, Espainiako Gobernuarekin sinergian aritzen dira arlo horretan.

2015ean, «Las víctimas del terrorismo y la memoria colectiva» udako ikastaroa antolatu zen Jorge Fernández Díaz Espainiako barne ministroaren partaidetzaz Santanderko Menéndez Pelayo Nazioarteko Unibertsitate publikoan (UIMP), terrorismoaren biktimei buruzko hamazazpi adituren partaidetzaz eta Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Zentroaren lankidetzaz. Ikastaroak bilatzen zuen «"memoria historikoa" nola eraiki behar den aztertzea ETAren munduak eta bere konplize politikoek gertatutakoa zitalki erabil ez dezaten beren indarkeria terrorista justifikatzeko».[34]


« Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Zentroaren eginkizun nagusia bada terrorismoaren biktimen lekukotzaren bidez gertatu eta jasandakoaren egia eraikitzea ere bai, eta Zentro horren sorrera eta eraikuntza izango dira barne ministroaren interbentzioaren ardatzak. »

—Espainiako Barne Ministerioaren prentsa oharra, Jorge Fernández Díaz Espainiako barne ministroaren UIMPeko uda ikastaro bateko interbentzioaz


2018ko maiatzaren 10ean, Nafarroako Gobernuko Ana Ollo Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako sailburuak Nafarroako Memoriaren Institutuaren sorrera iragarri zuen, «oroimen eta bizikidetza baketsurako mugarria». 36ko gerrari eta genero indarkeriari buruz ez ezik, Olloren hitzetan, asmoa zen oroimen berriagoa ere lantzea. Bertan, zehaztu zuen ETAren indarkeriari erreparatuko zitzaiola batez ere, baina estatuaren babesaz funtzionatu zuten beste biolentziak ere ukituko zituela: Guerrilleros de Cristo Rey, Triple A, ATE (Anti-Terrorismo ETA), Batallon Vasco Español edo Accion Nacional.[35][36]

Aitortza gabeko oroimena paretetan garratz adierazten da batzuetan

Dena den, aitortu ere zuen horretarako oso tarte txikia zutela, Espainiako Konstituzio Auzitegiak baliogabetu egin baitzuen horretarako onartu zen nafar legea,[35] Espainiako Gobernuak hari helegitea jarri ondoren (2018ko urtarrila), tartean zela torturei buruzko txosten bat prestatzea.[37] EAEn, Eusko Jaurlaritzak Gogora Institutua sortu zuen, «Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua, adostasun zabal batez» 2012an sortu zena.[38] Eskubide urraketaren bat eragin zuten egoerekin ikuspegi kritikoa izatea sustatu nahi du, memoria desberdinen arteko ulermena bilatuz; aldi berean, baina, institutu horrek ulertzen du memoria horrek ezin duela indarkeriarik edo giza eskubideen urraketa justifikatu. Bere helburuen artean du oroimen hori kontserbatzea, partekatzea eta ikertzea.[38]

2015etik aurrera Memoria plaza ekimen ibiltaria antolatzeko asmoa agertu zuen, eta 2019 arte EAEko leku desberdinetan egin zen testigantzen aurkezpenetan oinarrituz.[39][39] 2021eko otsailaren 18an, Eusko Jaurlaritzak, Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Gotzaindegiak hitzarmen bat sinatu zuten Zaramagako San Frantzisko elizan Biktimen Oroimenerako Zentro bat sortzeko, 1976ko martxoaren 3ko sarraskiko biktimen omenez. Akordio hori historikotzat jo zen; hitzarmenean adierazi zen «martxoaren 3an Polizia armatuak indarkeria bereizi gabe erabiltzearen erantzulea Espainiako Estatua da; egindako kaltea aitortzeaz gain, irmoa izan behar du autokritikan eta aitorpenean».[40]

2021eko irailaren 22an, Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak Udaberri 2024[41] bizikidetza, giza eskubide eta aniztasunaren plana onartu zuen, hainbat eragileren ekarpenak jaso ostean. Iraganeko gertaerei begira, argitu nahi izan zuten gatazkaren inguruko gogoeta kritikoa «ETAren terrorismoa eta indarkeria erabili edo justifikatu dutenei» exijitu behar zitzaiela bereziki.[42] Gainera, presoen ongietorriei buruzko aipamen bat sartu zuten, hauxe adieraziz: «De facto indarkeriaren kultura politikoaren gorespen sinbolikoa eta biktimen bidegabekeria eta birbiktimazioa dira». Txostenak biltzen dituen helburuen artean daude, halaber, biktimei «aintzatespena» eta «aitortza eta erreparazioa» ematea, iraganari buruzko «gogoeta kritikoa» sustatzea, Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legea onartzea, «bizikidetzarako aktibo gisa» funtzionatuko duen espetxe politika bat garatzea.[42] Ildo horretan, 2022ko urtarrilaren 22an Eusko Jaurlaritzak Aita Arrupe Giza Eskubideen Institutuaren txosten bat aurkeztu zuen «ETAk Guardia Zibilari eta Espainiako Poliziari eta haien familiei eragin dien injustiziari» buruz, eta eskatzen zuen, aldi berean, «balioestea Estatuko segurtasun indarrek eta kidegoek ETAren aurkako borrokan egin duten lana».[43]


Gatazkako lau oroimen ekintza eta oroitarri desberdin

Euskal gatazkako testigantzak hezkuntzan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Autonomia Erkidegoan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Patxi Lopez EAEko lehendakaria zen garaian, oroimenerako eta biktimen aitortzarako programa bat jarri zen abian autonomia erkidego horretako hezkuntza sisteman, Biktima hezitzaileak izenpean. Bertan, ETA, BVE eta GALen biktimen testigantzak ematen ziren ikasgeletan, 2.000 ikaslerentzat. 2012an, poliziaren ekintzen biktimak ere sartu ziren, Aintzane Ezenarro (Aralar) koordinatzaile izan zuen programan. Geroztik, bide luzea egin zuen Adi-adian programak. Lehenengo urtean, 2014an, proiektua Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 21 ikastetxetara iritsi zen, eta 17 biktimak euren lekukotasuna eman zuten ikasleen aurrean. Lau urte geroago, proiektuan parte hartu zuten ikastetxeak 82 ziren, eta 10.000 ikaslek jaso zituzten biktimen testigantzak.[44]

DBHko 4. mailako eta batxilergoko ikasleentzat prestaturiko programa zen Adi-adian, baina 2017tik aurrera unibertsitate ikasleei ere zabaldu zieten, Jaurlaritzak eta unibertsitateek sinatutako akordioaren ondorioz. 2016tik aurrera, Memoria plaza izeneko ekinbidea ere antolatu zuen Eusko Jaurlaritzak. Berez, erakusketa ibiltaria zen Memoria plaza, herriz herri eraman zutena, baina horren inguruan DBHko 4. mailako eta Lanbide Heziketako ikasleentzako mintegi didaktikoak ere antolatu zituzten. Gogora memoria institutuak Berriari azaldu zionez, bi programa horien bidez 30.000 ikasle inguruk izan zuten biktimen testigantzak zuzenean ezagutzeko aukera.[44]

ETAk hildako Antonio Cedilloren omenezko ekitaldia (Gogora, Eusko Jaurlaritza)

2017an, Eusko Jaurlaritzak beste heziketa programa bat jarri zuen abian ikastetxeetan, ordu arteko sendoena, indarkeriaren biktimen testigantzak ikasleen aurrean erakutsi, oroimena nabarmendu eta indarkeriaren kontrako kontzientzia sustatzeko, Herenegun deitutakoa, eta 2018ko azaroan proposatua. Programa horretan, ETA, GRAPO eta Terra Lliureren indarkeria aipatzen zen, baina GAL ez zen aipatzen. Asmoa zen ETAren historia azaltzea, 1960tik erakundea desagertu zen arte, eta horrekin batera garaian garaiko gertaera historikoak ere azaltzea. 15 eta 17 urteko ikasleentzat zen, DBH eta batxilergokoentzat.[44]

Jatorrizko egitasmoan, programak ordubeteko sei saio zituen. DBHko laugarren mailan, lehenengo bost saioak hamarkaden arabera antolatuta zeuden: 1960ko hamarkadakoan, Francoren diktadura eta ETAren sorrera aztertu behar ziren; 1970ekoan, Burgosko Prozesua, Carrero Blancoren hilketa, Konstituzioa eta Gernikako Estatutua, besteak beste; 1980koan, ETAk egindako zenbait atentatu, GALen sorrera, eta abar; 1990ekoan, Ajuriaeneko Ituna, Lizarra-Garazikoa, Miguel Angel Blancoren hilketa, eta abar; eta 2000koan, azken atentatuak, elkarrizketak eta su-etenak, Aieteko Konferentzia eta ETAren amaiera. Azken saioa «ondorioak» aztertzeko eta «giza eskubideen eta aniztasunaren errespetuari buruzko gogoeta» egiteko zen.[44]

Aldiz, kritikak leku guztietatik iritsi ziren. PPk, PSEk eta biktimen zenbait elkartek programaren kontra egin zuten, ETAren deslegitimazioan behar bezain argia ez zelakoan. EH Bilduk, berriz, «kontakizun politiko, ideologiko, subjektibo eta eztabaidagarri bat» ikusi zuen egitasmoaren atzean. Programa aurkeztu eta bost egun geroago Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordera eraman zuten gaia, eta han EAJk baino ez zuen babestu programa.[44]

2019ko urtarrilean, Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkari Jonan Fernandezek iragarri zuen programa geldiaraziko zutela, eta «elkarrizketa prozesu bat» abiaraziko zutela horren edukien inguruan. 2019ko azaroan eman zuten elkarrizketa prozesu horrek ekarritakoaren berri. Jaurlaritzak azaldu zuenez, zenbait eragilerekin hitz egin ostean, 36 aldaketa nagusi egin zituzten unitate didaktikoetan. Moldaketa horiekin, programa 2019-2020 ikasturtean ezartzeko moduan gelditu zen, hamar ikastetxetan eta proba gisa. Pandemiak, baina, bertan behera utzi zuen esperientzia pilotu hori. 2021rarte, geldirik egon zen.[44]

2021eko irailaren 22an, Eusko Jaularitzako Gobernu Kontseiluak Udaberri 2024 bizikidetza, giza eskubide eta aniztasunaren plana onartu zuen, hainbat eragileren ekarpenak jaso ostean. Iraganeko gertaerei begira, argitu nahi izan zuten gatazkaren inguruko gogoeta kritikoa «ETAren terrorismoa eta indarkeria erabili edo justifikatu dutenei» exijitu behar zitzaiela bereziki.[42] Gainera, presoen ongietorriei buruzko aipamen bat sartu zuten, hauxe adieraziz: «De facto indarkeriaren kultura politikoaren gorespen sinbolikoa eta biktimen bidegabekeria eta birbiktimazioa dira». Txostenak biltzen dituen helburuen artean daude, halaber, biktimei «aintzatespena» eta «aitortza eta erreparazioa» ematea, iraganari buruzko «gogoeta kritikoa» sustatzea, Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legea onartzea, «bizikidetzarako aktibo gisa» funtzionatuko duen espetxe politika bat garatzea.[42]

Nafarroako Foru Erkidegoan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nafarroan geroago garatu dute biktimen lekukotza eskoletara eramateko programa. 2016ko maiatzean, lankidetza akordioa egin zuten estreinako aldiz Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako gobernuek bizikidetza arloan elkarrekin jarduteko, eta Adi-adian programa ere elkarlanerako esparru gisa zehaztu zuten. Nafarroako Gobernuak 2018-2019 ikasturtean ekin zion biktimen testigantza eskoletara eramateari, Eskutik izeneko programaren barruan. Esperientzia pilotua izan zen, bizpahiru ikastetxetan baino egin ez zutena, emaitzak aztertu eta geroago eskola gehiagotara zabaltzeko asmoz. Eskutik programaren dokumentazioan ETAren biktimak baino ez ziren aipatzen.[44]

Nafarroa Garaian ere badago etorkizunerako egitasmorik. Bake eta Bizikidetza Zuzendaritzak eta Hezkuntza Departamentuak Eskutik programan elkarlanean landutakoa hedatu nahi dute, Memoria duten eskolak izeneko programaren barruan.[44] Horren bitartez, indarkeriaren zilegitasun eza nabarmendu eta belaunaldi berrien oroimena bermatzea nabarmendu nahi dute, eta inork ez duela inor hiltzeko eskubidea, Martin Zabaltza Nafarroako Bake eta Bizikidetzako zuzendariak 2019ko urrian azaldu zuenez. Programa moldatzeko, hainbat ETAren biktima elkarterekin elkarrizketatu ziren. 2019-2020 ikasturtean, 66 ikastetxetako 12 320 ikaslek parte hartu zuten programan eta, ordurako, 112 ikastetxetako 23 500 ikasle pasa ziren programatik.[45] Hargatik, 2021eko urrian inkesta batean azaleratu zenez, Foru Erkidegoan DBHko hiru ikasletik bik ez zekiten GAL zer zen;[46] aldiz, % 57k adierazi zuten ETA zer zen bazekitela, eta % 5ek bazutela haren entzutea.[47]

Oroimena museo, erakusketa eta zineman[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Zentroa Gasteizen dago, eta Espainiako Gobernuak eman zuen 2014an hura eraikitzeko agindua.[48] Une horretan, Jorge Fernández Díaz barne ministroak eta Javier Maroto PPko buruzagi gasteiztarrak adierazi zuten Zentro horren helburua zela «psikopata, terroristen eta bestaldera begiratu zutenen narrazioa» ez nagusitzea eta "egia historikoa" gizarteratzea.[49] «Talde terrorista desberdinetako biktimen 1.098 lekukotza biltzen ditu», hedabideetan argitaratuak. 872 testu dokumentu dira, 161 bideo, eta 65 audio fitxategi. Fundazio horretako arduradunek 2021eko urtarrilean azaldu zutenez, kaltetuen oroimena batera gorde nahi dute, hezkuntzan eta ikerketa jardueretan erabili ahal izateko, eta gizarte kontzientziazioa zabaltzeko, «ez errepikatzeko ezagutzea» goiburu hartuta.[50] Museoaren barne-diseinu eta museografia lanek 949.957,99 €-ko lizitazio aurrekontua izan zuten.[51]

Zentro horretako testigantzen % 90 ETAtik sorturiko talde desberdinen eta 2004ko martxoaren 11ko Madrilgo erasoen biktimenak dira. Gainerako % 10a GRAPO, GAL eta eskuin muturreko talde armatuen biktimenak dira.[50] Espainiako Gobernuak adostasunik gabe eta alde bakarrez erabaki zuen Zentro hori egitea, eta Gasteizen izatea.[52] 2020ko abenduan, hamahiru memoria taldek Gasteizen eginiko agerraldian, gune hori ez onartzeko kanpaina bat aurkeztu zuten Giza Eskubideen Nazioarteko egunean, Memoria osoa, bizikidetzaren alde, «estrategia diskriminatzaileak» erabiltzen dituelako, eta oroimenerako ikuspegi «eraikitzaile eta integral» baten alde agertu ziren.[48] Bestalde, 2019ko urriaren 21ean, Fernando Buesa Blanco Fundazioak eta Sancho el Sabio Fundazioak «Euskal gizartea terrorismoaren aurrean» erakusketa inauguratu zuten hainbat erakunderen laguntzaz, Sancho el Sabio Fundazioko funtsak baliatuz;[53] lau gunez osatzen zen erakusketa horretan, kartel, pegatina, eskuorri, zirriborro eta dokumentuak jarri ziren ikusgai, haien bitartez, «euskal herritarrek terrorismoaren aurrean hartutako jarreren bilakaera» erakusteko, nabarmenduz hura aldatuz joan dela denbora joanean.[54]

Batzuetan artearen bidez erakutsi dira gatazkaren bizipenak, lehen eskutik. 2019ko urrian, Galdakaon Jon Bienzobas ETAko presoaren arte erakusketa bat antolatu eta ireki zen, "Ziegako leihotik", margolanen eta eskulturen bilduma.[55] Berehala, ordea, Covitek erakusketa salatu zuen, PP alderdiak eta gobernu ordezkariak babestu zuena,[56] Bienzobasek hilketetan parte hartu zuelako; are, kontraerakusketa moduko panel batzuk jarri zituzten kanpoaldean.[57] Auzitegi Nazionalak ez zuen lege eragozpenik ikusi erakusketarako;[58] Espainiako Konstituzio Auzitegiak ere ontzat eman zuen erakusketa.[59] Eusko Jaurlaritzak, ad hominem argumentua onartuz, erakusketa bertan behera uzteko eskatu zuen, «biktimentzako iraingarria delako eta terrorismoa goraipatzen duelako».[58] Bi asteren ondoren, antolatzaileek itxi egin zuten erakusketa.[60]

2020ko udazkenean, Fernando Postigo argazkilariaren prentsarako argazkien erakusketa bat egin zen Donostiako San Telmo Museoan, 1977tik 2001era argazkilariak Donostian El Diario Vasco eta La Voz de España egunkarietarako lanean egin zituen lanak bilduma batean erakutsiz. Bertan, euskal gatazkako eta tentsio politikoko hainbat irudi agertzen ziren, tartean zirela manifestazioak, grebak, istiluak eta atentatuak, besteak beste. Argazkilariak Elisa Querejetaren laguntzaz egin zuen irudion hautaketa, garai baten testigantza adierazten zutenak. Argazkien koloreek trantsizio bat adierazten dute kaleko giroan ere, zuri-beltzean izatetik koloretakoak izatera pasaz 90eko hamarkadan.[61]

Gaia soseguz tratatzeko dauden oztopo eta zailtasunen adierazle da Clemente Bernad erreportajeko argazkilariaren kasua: 2007ko urrian, Guggenheim Bilbao Museoaren 10. urteurrenean, argazkilariak bere Basque Chronicles serieko hamabi argazki jarri zituen ikusgai, beste hamaika artista garaikiderekin batera ("Chacun a son goût"). Erakusketan hedabideetan jarri ohi ez diren euskal gatazkako argazki soilak erakutsi nahi zituen diskurtso politikotik at, kale borroka eta ETAko presoen ingurukoak barne; horrek, berriz, ezusteko erreakzioa harrotu zuen zenbait ETAren biktima elkartetatik eta zenbait espainiar hedabidetatik, baita Guggenheim Museoaren kontra ere. Bernadek presioak, jazarpena eta mehatxuak jaso zituen, baita ondorio profesional larriak ere, adierazi zuenez.[62]

Zinemari loturik, 2013an Aitor Merino zuzendariak beldurra agertu zuen Asier eta biok filma Donostiako Zinemaldian aurkeztean, eta film haren kontrako kanpaina baten ondoren, dokumentaleko protagonista, preso-ohia, atxilotua izan zen; filmak, bestalde, askotariko bazterketa instituzionalak jaso zituen, zuzendariak adierazi zuenez. Merinok, torturaz zehazki, gaiaren inguruko isiltasuna nabarmendu izan du.[63] Antzeko bidetik, Fermin Muguruza musikariak Black is Beltza II: Ainhoa bere filmaren balantzeaz galdetuta (2023), banaketan eta emanaldiak antolatzean aurkitutako zailtasun larriak eta presioak nabarmendu zituen, Espainiako estatuan ia erabat eragotziak izateraino, baita Netflixen ere.[64]

Oroimena idazlanetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gehiago jakiteko, irakurri: «Zerrenda:Literatura Euskal gatazkan»

Euskal Memoria Fundazioak estatuak eta hari lotutako agentziek eragindako biktimen testigantzak eta oroimena landu ditu. Euskal presoen gainean, 1936tik Euskal Herrian kartzela eta estatu errepresioa pairatu duten herritarrei buruz, Carlos Trenor abokatu eta preso ohiak Euskal disidentzia. Errepresioa eta espetxea idatzi eta argitaratu zuen 2019ko azaroan. Beraz, ETAren sorreratik egin ohi den periodizazioa baino urrutiago doa, ikuspegi kolektibo batez; ordutik, espetxetik 80.000 euskal herritar pasa direla kalkulatu du; 60ko hamarkadatik, berriz, 7.000 inguru; halaber, milaka torturatu zenbatu ditu ordudanik.[oh 2][65] Antzeko bidetik, 2021 hasieran Euskal Memoriak errepresioari buruzko Askatasun haizea oroimen idazlana plazaratu zuen, «askapen borrokagatik» preso egondakoen izen-abizen, sorterri, espetxeratze urte eta argazkiak bilduz.[66] 2021eko neguan, Emilio Lopez Adan idazle eta euskal militante abertzale historikoak Borroka armatuaren historia Euskadin (1967-2011) ikerlana aurkeztu zuen hiru liburukitan (ikus behean Kritika atala).

Lopez Adan Borroka armatuaren historia Euskadin (1967-2011) idazlana aurkezten, Hendaian (Lapurdi)

2021eko martxoan, bi idazlan aurkeztu ziren euskaraz euskal gatazkari loturik, batak ETAren lorratzean, barnetik, eta besteak ETAren biktima baten ikuspegitik: Irati Goikoetxeak Herriak ez du barkatuko idazlana aurkeztu zuen, CAF, Elkar eta Beasaingo Udalak antolatu 2019ko Igartza Sariaren irabazlea, ETAren biktima baten mina tratatu nahiz eta liburua «eztabaidatzeko» tresna izan zedin, egileak adierazi zuenez;[67] Mikel Antzak Arroz urez bere idazlana argitaratu zuen, Burgosko auzitik abiatuz, hura bizi izan zuten protagonisten testigantzak bilduz eta, horiek oinarritzat hartuz. Euskal Herriak hamarkadetan ikusezin gorde behar izan dituen hainbat pasarte agerian utzi zituen, egilearen esanetan.[68] Fernando Aranburu idazlearen Patria eleberria da, dudarik gabe, euskal gatazkako nondik norakoei buruzko testu luze arrakastatsuenetako bat (2016), fikzio bat, baina egiantzekotasunez kontatua eta benetako gertaerez hornitua. Espainian arrakasta komertzial handia izan duen kontakizuna eskaintzen du, baita HBOko serie bihurtu ere.

Fernando Aranburu idazlea, Patria liburuak sinatzen Madrilgo Liburu Azokan

2018ko irailean, berriz, Raul Lopez Romo historia katedradun eta Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Zentroko kideak Memorias del terrorismo en España aurkeztu zuen, Espainian askotariko terrorismoak («nazionalista erradikala, eskuin muturra, ezker muturra eta jihadista») hurbiletik bizi izan dituzten pertsonalitate, profesional eta biktimen adierazpenak eta testigantzak bilduz, tartean direla Jon Juaristi, Teo Uriarte eta Joseba Arregi.[69] 2021eko otsailean, Jose Maria Ryan Lemoizko zentral nuklearreko ingeniari buruaren erailketaren 40. urteurrena zela eta, Anton Arriolak El ruido de entonces eleberria argitaratu zuen, ingeniariaren hilketan oinarritua, fikzioa eta errealitatea uztartuz; berradiskidetzea eta oroimena nabarmendu nahi izan zituen.[70] Biktimen oroimenari loturik edo euskal gatazkaren inguruan idazlan ugari ondu dira, hala euskaraz nola erdaraz.[oh 3]

Kontakizunaren bataila[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jorge Fernández Díaz Espainiako barne ministroa (2011-2016), kontakizunaren batailaren bultzatzailea
Maite Araluze AVTko burua Madrilen, terrorismoaren biktimen omenezko lehen 30 plakak iragartzen

ETAk 2011ko urtarrilean su-eten iraunkor eta orokorra eman ondoren, PPren Espainiako Gobernuak ez zuen distentsiorako bidea hartu. Aldiz, Jorge Fernández Díaz orduko Espainiako barne ministroa "kontakizunaren [edo narrazioaren] batailaz" eta hori irabazi beharraz hitz egiten hasi zen ("batalla por el relato"), Complutense Unibertsitateko uda ikastaroetan.[71] Ildo beretik, 2016ko apirilean, «gudu horretan inoiz baino indar handiagoz jotzeko» premia nabarmendu zuen, Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Zentroa baliatuz horretarako.[72] 2020an, oso bestelako ikuspegiaz, Joseba Sarrionaindiak ahotan hartu zuen oroimenaren eta kontakizunaren gaia Funanbulistaren beldurra idazlanaren hitzaurrean:[73]


« Nahi badugu iragana konprenitu ezin da Errelato [narrazio] bat inposatu, beste ikuspegiak entzun behar dira (…) Bakoitzaren memoria konpartitzea eta besteenekin kontrastatzea hiriaren sarrera garbitzea bezala da. »


2021eko urtarrilean, Covid19aren krisiaren erdian, Espainiako Gobernuak, Fernando Grande-Marlaska barne ministroak eta Isabel Zelaa hezkuntza ministroak iragarri zuten asmoa zutela Espainiako ikastetxeetan aplikatzen zen "Terrorismoaren memoria eta prebentzioa» programa Nafarroa Garaian aurkezteko, Maria Txibite nafar presidenteak hala nahi omen zuela eta. Helburu nagusi bat adierazi zuten: «Unitate hauek ekarpen bat izango dira ETA Nafarroan eta Espainian izan zenari buruzko egiazko kontakizuna osatzeko». Espainiako barne ministroak, ETA garaitua izan dela adierazteaz gain, "narrazioa zaintzearen" garrantzia nabarmendu zuen, eta gaineratu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan terrorismoaren biktimek hitzaldiak ematea "betebehar moral eta legala" zela.[74][oh 4]

Terrorismoaren Biktimen Fundazioak eta Terrorismoaren Biktimak Gogoratzeko Zentroak oniritzia eman zioten unitate horietako edukiei, baina proiektua Espainiako Barne Ministerioak gidatu zuen. GALi aipamen labur bat egiten zitzaion, baina fenomeno isolatutzat aurkeztuz; DBH4 eta Batxilergoan zen aplikatzekoa. Alde horretatik, adierazgarria da Espainiako Kongresuko mahaiak baztertu egin zuela estatuaren ezkutuko agenteek bonba gutunez Errenterian hildako Antonio Cardosa postariaren kasuaz (1989) ikerketa bat abiatzea, 2021eko urrian, adieraziz Corcuera orduko barne ministroaren "auzi pertsonal bat" zela.[75][oh 5]

ABC espainiar egunkariak kontatu zuenez, urtarril horretako 25ean bertan, Maite Araluze AVT elkarteko presidenteak Espainiako Senatuan adierazi zuen "beraiek bakarrik" ari zirela borrokatzen terrorismoari buruzko narrazioa aldatu nahi zutenen kontra eta, «egia, oroimena, duintasuna eta justizia» sariak esleitzean, Gobernuaren kontra jo zuen ETAko presoak etxera hurbiltzeagatik. Araluzek ukatu egin zuen mendeku gosez zihardutenik. Sari banaketa «garaileak eta garaituak dituen egiazko kontakizun baten alde» goiburupean egin zen. Besteak beste, Ignacio Aguado Madrilgo Erkidegoko presidenteordeak jaso zuen sarietako bat.[76][77]

Kritika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emilio Lopez Adan Beltzak Borroka armatuaren historia Euskadin (1967-2011) hiru liburukiko ikerlan luzea argitaratu zuen 2021eko martxoan. Egiari eta erreparazioari buruzko gogoetan, kritiko agertu da oroimenaz bestelako egungo helburu politikoetarako a posteriori argitaratu omen diren ikerlanekin. EHUko ikerlan batzuk aipatu ditu, haren esanetan isuri emotiboa duten adjektiboak erabili dituztenak, hala nola terrorista, odolzalea, eta koldarra. Antzeko bidetik, Joxe Iriarte Bikila LKI eta Zutik alderdietako historikoak nabarmendu du estatuak garaipen ideologikoa bilatzen duela, hildakoen heriotzaren ondoren haiek bere probetxurako baliatuz, kontakizunaren batailaren bidez.[78] Lopez Adanek lekukoez ere zuhurtasuna agertu du, gertaeraren uneko oroimena ez dutelakoan, "bizitzari zentzua emateko ondu duten elaborazio bat" baizik. Alde horretatik, bere ikerlana ere bizipen pertsonalak baldintzaturik dagoela aitortu du.[79]

Emilio Lopez Adan Beltza, euskal borroka armatuari buruzko ikerlan oparoaren autorea

Lopez Adanek ukatu egin du aspaldiko delituek zigorra zor dutenik. Izan ere, biktimek egia aurkitu nahi omen dute lehenik, eta baieztatu du zigorrak egiaren bilaketa baldintzatzen badu blokeo bat eragiten duela egun, delitugileek ez baitituzte emango beren ekintzen nondik norakoak. Gaineratu du, bestalde, Espainiako Justizia ez dela inpartziala eta, batzuetan, mendeku goseak egiaren bilaketa bera oztopatu duela, zintzotasun falta. Alde horretatik, amnistia batek berradiskidetzen eta egia bilatzen lagunduko lukeelakoan dago, baina baieztatu du erabateko berradiskidetzea ezinezkoa dela. Oroimena ezingo litzateke geratu huts-hutsean biktimetan, gatazka ez baitzen hutsetik hasi, arrazoi politiko eta sozialak zeudelako. Injustiziaren kontra borrokatzea erabaki zutenen duintasuna babestu du.[79][oh 6]

Josu Martinez zinemagile eta EHUko irakasleak adierazi du zinemagintzan hoberako bilakaera bat izan dela euskal gatazkaren eta haren oroimenaren tratamenduan, eta lehen plazaratu ezingo ziren film batzuk eszenaratu direla. Hala ere, nabarmendu du auzi hau islatzean indarrean direla artean ere iraganeko jarrera eta inertzia asko euskal gizartean, tabuak, eta ez dela posible zenbait gai tratatzea peaje batzuk pagatu gabe.[80] Joxe Iriarte Bikilak, halaber, nabarmendu du ez dela artean guztiz segurua indarkeriaz hitz egitea,[78] eta Ander Iriarte zinema-zuzendariak, haren semeak, gaiaz hitz egiteko beldurra aipatu du, halaber, ondorio penalak direla eta.[81] Martinezen ustez, garrantzi handiko joko zelai sinbolikoa da zinema, eta "errelatoa [narrazioa] dago jokoan". Adierazi du behintzat une honetan narrazioak daudela, ez bakarra, baina urrun gaudela normaltasunetik euskal gatazkaren tratamendurako.[80]

Nerea Arruti Etxeberriak gatazkak duen trauma dimentsioa ekarri du gogora, eta trauma horrek askotariko formak hartzen dituela, tartean dela isiltasuna. Alde horretatik, oroimena aztertzean, ikuspegi etiko baten premia aldeztu du, egungo oroimenari eta biktimei buruzko azterketan eta sailkapenetan egon daitezkeen asmo utilitaristen kontra ohartaraziz, T. Todoroven ildotik (Los abusos de la memoria, 2008), baita traumari buruzko hierarkia ideologikoak ezartzeak dituen arriskuez ere.[oh 7][18] Gainera, gatazkaren trauma hizkuntzan bertan ere badagoela adierazi du, indarkeriari buruzko azterketetan ez baitzaio ia euskarazko literaturari erreparatu, eta horrek hausturak eragin ditu euskal gatazka eta oroimena aztertzeko orduan, auzi horien gaineko euskarazko pentsamenduari bizkarra ematen zaiolakoan.[18]

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Hain zuzen, Auzitegi Nazional horrek berak Baltasar Garzón epailea Auzitegi horretatik baztertu zuen, eta prebarikazioa egotzi, frankismoaren biktimen inguruan ikertzeko egin ahaleginagatik; ikus Rodriguez, Fito (2015). Egunero egun ero. Utriusque Vasconiae, 153. or.
  2. Ikus datu guztietarako "euskal gatazka" artikulua.
  3. Ikus, gainera, "euskal gatazka" artikuluko Euskal Herriko gatazka artean.
  4. 2021eko abenduaren 13an, Txibite Nafarroa Garaiko lehendakariarekin batera aurkeztu zuen terrorismoaren kontrako (balio etikoetarako) unitate didaktikoa, ekitaldira Polizia Nazionala, Guardia Zibila, militarrak, Udaltzaingoa eta Foru Polizia gonbidatuz, eta berriz nabarmendu zuen "egiazko narrazioa" kontatzearen garrantzia eta jada adierazitako beste baieztapen batzuk; ikus "Guardias civiles y militares en la presentación de «unidades didácticas» sobre ETA en Nafarroa", Naiz (2021-12-13).
  5. Tonika berean aipatu behar da HBOk atera zuen Patria serieari buruzko kaleko iragarki batez Grande-Marlaska Espainiako ministroak egin zituen deklarazioak. Kartel horretan, ETAk hildako biktima bat eta torturaren biktima bat agertzen ziren alde banatan, eta Grande-Marlaska sumindurik agertu zen irudi horrengatik, Terrorismoaren Biktimen Fundazioko buruaren adierazpenekin bat etorriz "ekidistantzia" ezin dela onartu adieraziz, eta behin eta berriz "terrorismoaren biktimen duintasuna" gogora ekarriz; ikus Europa Press (2020ko irailaren 3a); epailea zela, espainiar ministro horrek entzungor egin zien euskal herritar atxilotuen tortura salaketei hainbat epaiketatan, eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiak sei aldiz kondenatu zuen Espainia horregatik, ikus Al-Jazeera (2018).
  6. Ikus, ildo beretik, Hego Euskal Herriko iheslarien aldeko sarea Ipar Euskal Herrian, bertako euskaldunen artean izan zituen inplikazioak, euskaldunen elkartasun sarearen orduko jokabidea eta auziari buruzko egungo oroimena, "Presoen askapena eta iheslarien itzulera ez dira bakarka ariz lortuko", in Argia.
  7. Bigarren Mundu Gerrako juduen holokaustoa traumaren paradigmatzat hartzea, adibidez, beste hainbat trauma historiko ahaztuz, hala nola Afrikatik ateratako esklaboen salerosketa eta kinka larria.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f g h i (Ingelesez) Bray, Zoe. (2014-07-03). «Sculptures of Discord: Public Art and the Politics of Commemoration in the Basque Country» Public Art Dialogue 4 (2): 221–248.  doi:10.1080/21502552.2014.936687. ISSN 2150-2552. (Noiz kontsultatua: 2021-02-01).
  2. Aranguren, Gaizka. (2021). Traumaren ondoren. , 43-61 or. ISSN O211/495X..
  3. Gorraiz, Uxue Rey. «Martxoaren 11ko biktimak oroitu dituzte Iruñean» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-03-11).
  4. (Gaztelaniaz) Agencias. (2021-02-22). «Instituciones y partidos recuerdan a Buesa y su escolta en el 21 aniversario de su asesinato» EL PAÍS (Noiz kontsultatua: 2021-03-04).
  5. «Las víctimas de ETA exigen un relato "con vencedores y vencidos"» www.publico.es (Noiz kontsultatua: 2021-03-04).
  6. (Gaztelaniaz) «La AVT rechaza ir al acto por las víctimas del Congreso entre duras críticas al Gobierno» El Correo 2020-06-15 (Noiz kontsultatua: 2021-03-04).
  7. (Gaztelaniaz) LMCN/PAU. (2021-03-04). «La AVT reprocha a Sánchez los acercamientos de presos de ETA al término del acto de destrucción de armas» ElDiario.es (Noiz kontsultatua: 2021-03-05).
  8. (Gaztelaniaz) Álvarez, Javier. (2014-02-19). «La Audiencia Nacional admite investigar a ETA por delitos de genocidio» Cadena SER (Noiz kontsultatua: 2021-11-06).
  9. a b c Berria. «ETAren biktimen omenezko ekitaldian «ez ahanztera» deitu dute» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-03-05).
  10. «Euskadi Irratia - Eitb Irratia» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-04).
  11. «Egiari Zor: "Presoek jasandako indarkeriak aitortzea beharrezkoa da"» EITB Euskal Irrati Telebista 2021-02-27 (Noiz kontsultatua: 2021-03-04).
  12. «Milaka tortura izan direla onartzen duen "memoria publikoa" eskatu du Egiari Zorrek» EITB Euskal Irrati Telebista 2021-02-13 (Noiz kontsultatua: 2021-03-04).
  13. a b Berria.eus. «Berria TB ataleko azken bideoak» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-03-05).
  14. Rejado, Jon. «"Zapalkuntza fisikoaz gain, ideologikoa tresna indartsua izan zen euskara zapaltzeko"» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-03-05).
  15. a b (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2021-03-04). «Gasteizko Udalaren babesa eskatu du Memoria Osoak diskriminaziorik gabeko bizikidetzarako» naiz: (Noiz kontsultatua: 2021-03-05).
  16. Lartzanguren, Edu. «Egiari Zor fundazioak salatu du Bilboko Udala bere jarduera «kriminalizatzen» saiatu dela» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-06-07).
  17. (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2021-10-27). «Egiari Zor: «Los responsables de nuestro dolor tenéis siglas, nombres, uniformes…»» naiz: (Noiz kontsultatua: 2021-10-29).
  18. a b c Nerea, Arruti Etxeberria. (2021). «Traumaren ondoren» Jakin: 27-41. ISSN O211/495X..
  19. https://erran.eus/leitzaldea/1419252936458-jose-jabier-mujika-zenari-omenaldia-eskaini-zion-upnk
  20. «'Oroimen Izpiak', ETAren terrorismoaren inguruko artearen gogoeta» EITB Euskal Irrati Telebista (Noiz kontsultatua: 2021-02-02).
  21. (Gaztelaniaz) «Interior convertirá en un monumento las 1.400 armas de ETA que destruirá hoy» El Independiente 2021-03-03 (Noiz kontsultatua: 2022-01-03).
  22. (Gaztelaniaz) «‘El largo y sinuoso camino’ rinde homenaje a la cultura que se opuso al terrorismo» Donostitik 2021-11-04 (Noiz kontsultatua: 2022-01-03).
  23. (Gaztelaniaz) B.MADRID, M.. (2008-05-28). «Imputado un alcalde del PNV por una calle al etarra 'Argala'» elperiodico (Noiz kontsultatua: 2020-12-18).
  24. (Gaztelaniaz) «Ex concejales de HB homenajean en San Sebastián al edil Tomás Alba, asesinado hace 30 años» El Diario Vasco 2009-09-29 (Noiz kontsultatua: 2022-01-26).
  25. Berria. «Plaza bati Tomas Albaren izena jartzea onartu du Donostiako Udal Gobernuak» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-01-26).
  26. https://www.argia.eus/albistea/lau-atxilotu-oiartzunen-aritxulegi-basoa-osatzea-egotzita
  27. Askatasuna, Amnistia Ta. (2019-04-08). «Gudarien Basoa landatu zuten berriz larunbatean Aritxulegin» Amnistia Ta Askatasuna (Noiz kontsultatua: 2021-11-06).
  28. «Mikel Zabalzaren heriotza argitzeko eskatu dute Auritzen» EITB Euskal Irrati Telebista 2020-11-28 (Noiz kontsultatua: 2021-02-06).
  29. «Ehunka lagunek lore-eskaintza egin diote Mikel Zabalzari Orbaitzetan» EITB Euskal Irrati Telebista 2020-11-29 (Noiz kontsultatua: 2021-02-06).
  30. «Mikel Zabalzak erakundeen aurreneko omenaldia jaso du Donostian» EITB Euskal Irrati Telebista 2020-12-19 (Noiz kontsultatua: 2021-02-06).
  31. https://www.berria.eus/paperekoa/1502/007/002/2013-07-24/bizkaitar-argiak-saria-emango-diete-biktima-guztiei.htm
  32. https://www.berria.eus/albisteak/226713/aranzadik-esan-du-memoria-lanetan-biktima-guztiak-dituela-aztergai.htm
  33. (Gaztelaniaz) DÍAS, CINCO. (2001-01-20). «El Gobierno condecora al policía de la Brigada Social Melitón Manzanas» Cinco Días (Noiz kontsultatua: 2021-02-18).
  34. (Gaztelaniaz) El ministro del Interior inaugurará el curso "Las víctimas del terrorismo y la memoria colectiva" en la Universidad Internacional Menéndez Pelayo en Santander. Ministerio de Interior - Gobierno de España.
  35. a b (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2018-05-10). «Ollo califica el nuevo Instituto Navarro de la Memoria de «hito para la convivencia»» naiz: (Noiz kontsultatua: 2021-02-10).
  36. «Eskuin muturrak Nafarroan edo nafarren kontra egindako 33 atentatu zenbatu dituzte» EITB Euskal Irrati Telebista 2021-02-10 (Noiz kontsultatua: 2021-02-10).
  37. (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2018-01-30). «El Gobierno español recurre la orden navarra para hacer un informe sobre las torturas» naiz: (Noiz kontsultatua: 2021-02-10).
  38. a b r01etpd14e71fbc14a188cd913bd98e3c66893e77a, r01epd0122e4edf39923e0db0b11fff216b637726. (2015-11-06). «Aurkezpena» www.gogora.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2021-02-17).
  39. a b r01epd0122e4edf39923e0db0b11fff216b637726, r01etpd14e71f10898188cd913aa2dba210432d8fc. (2017-02-16). «Memoria plaza: Aurkezpena» www.gogora.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2021-02-17).
  40. Kortabarria, Amaia Ramirez de Okariz. «Martxoaren 3ak oroimenerako leku bat izango du» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-02-18).
  41. Euskadi.eus. (2021-09-29). «Eusko Jaurlaritzak bizikidetzarako Udaberri 2024 plana aurkeztu du, 'kontraste prozesua' amaitu eta hainbat kolektiboren ekarpenak jaso ondoren (Gobernu Bilera 2021-9-21)» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2021-11-09).
  42. a b c d Hermosilla, Gotzon. «Jaurlaritzak Udaberri plana onartu du, eta «gogoeta kritikoa» eskatu» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-09-22).
  43. Hermosilla, Gotzon. «Eliza katolikoa prest azaldu da ondasun batzuk itzultzeko» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-01-26).
  44. a b c d e f g h Hermosilla, Gotzon. «Iragana ikasgai» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-02-05).
  45. (Gaztelaniaz) Otazu, Amaia. (2019-10-27). «"El curso que viene vamos a introducir la materia de Terrorismo en España en la ESO o Bachillerato"» ElDiario.es (Noiz kontsultatua: 2021-02-07).
  46. Orzaiz, Ion. «Nafarroako DBHko hiru ikasletik bik ez dakite GAL zer izan zen» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-10-28).
  47. (Gaztelaniaz) SA, Baigorri Argitaletxea. (2021-10-28). «La juventud navarra desconoce las violencias al margen de ETA» GARA (Noiz kontsultatua: 2021-10-29).
  48. a b Kortabarria, Amaia Ramirez de Okariz. «Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Zentroa ez onartzeko eskatu dute memoria eragileek» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-02-05).
  49. (Gaztelaniaz) «El centro de víctimas abrirá en 2016 para evitar que se imponga "el relato de psicópatas y terroristas"» El Correo 2014-10-20 (Noiz kontsultatua: 2021-02-06).
  50. a b (Gaztelaniaz) Euskadi, elDiario es. (2021-01-22). «El Centro Memorial de Víctimas reúne más de mil testimonios de damnificados del terrorismo en su Banco de Memoria» ElDiario.es (Noiz kontsultatua: 2021-02-05).
  51. (Gaztelaniaz) «Museo Centro Memorial Víctimas del Terrorismo» Estudio GD (Noiz kontsultatua: 2021-12-08).
  52. www.noticiasdenavarra.com (Noiz kontsultatua: 2021-02-19).
  53. «Euskal gizartea terrorismoaren aurrean Sancho el Sabio Fundazioaren funtsen bitartez» Fernando Buesa Fundazioa 2019-10-18 (Noiz kontsultatua: 2021-02-06).
  54. r01epd0122e4ed314423e0db04c97a47b5baa317f, r01etpd158aa64ada919b9ec5ee595d5effbb0688d. (2019-12-11). «'Euskal gizartea terrorismoaren aurrean' erakusketa Donostiako Justizia Jauregian egongo da abenduaren 27 arte» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2021-02-06).
  55. «ETAko preso Jon Bienzobasek egindako erakusketak polemika sortu du Galdakaon» EITB Euskal Irrati Telebista (Noiz kontsultatua: 2021-02-17).
  56. Press, Europa. (2019-10-08). «El delegado de Gobierno pide al Ayuntamiento de Galdakao la clausura de la exposición de Bienzobas» www.europapress.es (Noiz kontsultatua: 2021-02-04).
  57. (Gaztelaniaz) «El Gobierno vasco pide a Galdakao que retire la exposición del etarra Bienzobas» El Independiente 2019-10-08 (Noiz kontsultatua: 2021-02-17).
  58. a b Lete, Irati Urdalleta. «Auzitegi Nazionalak baimendu egin du Bienzobasen erakusketa» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-02-04).
  59. (Gaztelaniaz) Ginel, Por F. H.. (2019-10-11). «La controvertida exposición de arte de un preso de ETA» Newtral (Noiz kontsultatua: 2021-02-04).
  60. (Gaztelaniaz) Ferreira, Maialen. (2019-10-18). «Cierra sus puertas la exposición del preso de ETA Jon Bienzobas sin visitas en su última tarde» ElDiario.es (Noiz kontsultatua: 2021-02-04).
  61. Noticias de Gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2021-02-06).
  62. (Gaztelaniaz) Portela, Edurne. (2017). «Geroratutako bakea / La paz aplazada» Representaciones del dolor, la violencia y sus victimas. Carles Guerra (Fundanció Antonio Tapiès / Arabako Artium Fundazioa / Donostiako Udala), 205-228 or..
  63. Alberdi, Iosu. (2023-09-21). «Hegemoniaren defentsan» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-09-21).
  64. Barrena, Peli Lekuona | Ion T.. (2023-09-20). ««Errelatoaren bataila horretan beste zerbait kontatu nahi duenak badaki zer tokatuko zaion»» irratia.naiz.eus (Noiz kontsultatua: 2023-09-21).
  65. Urain, Jon O.. «'Euskal disidentzia. Errepresioa eta espetxea' liburua aurkeztu du Euskal Memoriak» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-02-06).
  66. Iribarren, Maddi Ane Txoperena. «Preso sarturiko 9.023 «askatasun ufada»» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-02-06).
  67. SA, Baigorri Argitaletxea. (2021-03-04). «Irati Goikoetxeak «Herriak ez du barkatuko» lana aurkeztu du» GARA (Noiz kontsultatua: 2021-03-06).
  68. SA, Baigorri Argitaletxea. (2021-03-02). «ETAren bide luzea, «Arroz urez» eta esperientzia pertsonaletik idatzia» GARA (Noiz kontsultatua: 2021-03-06).
  69. (Gaztelaniaz) SER, Cadena. (2021-02-07). «Athletic y Valencia firman tablas en un partido sin demasiadas ocasiones» Cadena SER Euskadi (Noiz kontsultatua: 2021-02-07).
  70. «'Errelato mingarriak partekatu behar ditugu oroimenaren garrantziaz jabetzeko'» EITB Euskal Irrati Telebista 2021-02-03 (Noiz kontsultatua: 2021-02-07).
  71. Berria. «Jorge Fernandez Diaz: "Kontakizunaren borroka irabazi behar zaio ETAri"» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-02-06).
  72. (Gaztelaniaz) El ministro del Interior destaca que "la batalla por el relato de las víctimas del terrorismo hay que seguir dándola con más fuerza que nunca". Ministerio de Interior - España.[Betiko hautsitako esteka]
  73. «Errelatoa» Argia (Noiz kontsultatua: 2021-02-06).
  74. Press, Europa. (2018-12-03). «Marlaska defiende "hoy más que nunca" la memoria de las víctimas del terrorismo contra el discurso del odio» www.europapress.es (Noiz kontsultatua: 2021-11-04).
  75. (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2021-10-14). «La Mesa del Congreso alude a la «cuestión de un particular» para dar portazo a las cartas-bomba» naiz: (Noiz kontsultatua: 2021-10-15).
  76. (Gaztelaniaz) «La AVT denuncia en el Senado que «luchan en solitario» ante los que quieren cambiar el relato del terrorismo» abc 2021-01-25 (Noiz kontsultatua: 2021-02-18).
  77. Aperribai, Uxue Rey Gorraiz-Julen. «Asuncionek aitortu zuen Espainiako Gobernuak bonbak bidali zizkiela HBko kideei, postaz» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-10-15).
  78. a b SL, TAI GABE DIGITALA. (2021-06-11). ««ETAk bere erantzukizun propioa du baina Estatuak ez zuen beste biderik eman»» naiz: (Noiz kontsultatua: 2021-06-16).
  79. a b «Elkarrizketa: Borroka armatuaren historia Euskadin, 1967-2011» Larrun (Argia) (261) 2021-03-28.
  80. a b Martinez, Josu. (2015). «Ispilu hautsiaren memoria» Jakin. 209, 79-81 or. https://www.jakin.eus/show/aec16c4b798b7d1354812af31393da842a2ad6d5.
  81. (Gaztelaniaz) Castellano, Josué. (2015-05-13). «Entrevista con Ander Iriarte, director de De Echevarria a Etxeberria» Cine maldito (Noiz kontsultatua: 2021-06-20).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]