Mundu Ordena Berria (konspirazioa)

Wikipedia, Entziklopedia askea
«Novus ordo seclorum» edo «Mendeen ordena berria» leloa Estatu Batuetako Zigilu Handiaren atzealdean agertzen da.
Grafitia Ordena Berriaren aurka.

Mundu Ordena Berria konspirazio-teoriek diotenez, mundu mailan gobernu bakarra, burokratikoa eta sektore elitistek kontrolatuta ezartzeko diseinatutako plan bat da. Mundu Ordena Berria esamoldea historiaren aldi berri bati erreferentzia egiteko erabili izan da historikoki. Konspirazio honen jarraitzaileek, ordea, gizateria kontrolpean jartzeko azken helburuaz, planetan ideologia politikoetan eta mundu osoko botereen orekan aldaketa sakonak ematen ari direla aldarrikatzen dute.[1]

Adierazpen honen lehen erabilera Woodrow Wilson Estatu Batuetako presidentearen Hamalau Puntuen dokumentuan agertzen da, Lehen Mundu Gerraren ondoren, Nazio Batuen Erakundearen aurreko Nazioen Liga sortzeko dei bat egin zuenean. Esaldia Bigarren Mundu Gerraren amaieran ere erabili zen, Nazio Batuak sortzeko planak eta Bretton Woodseko batzarraren akordioak deskribatzen zirenean. Adierazpen horren erabilera zabal eta berriena Gerra Hotzaren amaierarekin batera sortu zen, batez ere. Mikhail Gorbatxov eta George H. W. Bush presidenteek terminoa erabili zuten gerraoste hotzaren izaera eta potentzia handien artean gauzatu nahi zen lankidetza-espiritua definitzeko. Nolabait, idea positiboa zen.

Dena dela, konspirazioen zaleek kontzeptuari beste esanahi bat eman diote. Haien ustez mundu mailako estrategia bat dago eliten boterea behin-betiko ezartzeko, ezkutuko mundu mailako gobernua ezartzeko. Estrategia horren barruan beste jarrera konspiranoikoak sar daitezke: aldaketa klimatikoa gezurtatzen duena, Covid-19ak eragindako krisia,[2] txertoen erabilera jendea maneiatzeko asmoz, jende zuria desagerarazteko politikak, chemtrailsen fumigazioak...[3][4] Guztiak plan beraren adibideak dira haien ustez. Munduaren ikuspegi ia apokaliptikoa da hau. Testuinguru horretan asko zabaltzen ari den Serge Monast kazetariak plazaratutako Blue Beam Proiektua hipotesi konspiranoikoa kokatu behar da.

Konspirazioaren aztarnak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Teoriaren defendatzaileek uste dute prozesu horren zeinuak era guztietako leku eta marketan sakabanatuta aurki daitezkeela, adibidez, musika-industriaren logoetan, munduko korporazio eta erakundeetan, Denverreko Nazioarteko Aireportuko hormetan, Washington D. C. hiriko planoetan, Masoneriaren zeinuak beren eraikinetan; Ameriketako Estatu Batuetako Zigiluko lehen Illuminatien sinboloa «Novus Ordo Seclorum» hitzekin, Estatu Batuetako Altxorraren idazkariak 1935etik dolar bateko billeteetan inprimatua, Information Awareness Office-ren logotipoan, zeina Defense Advanced Research Projects Agency-k ere sortu baitzuen...

Mundu Ordena Berria gizateria esklabu bihurtzeko konspirazioa izanen da, mundurako gobernu bakarraren bidez eta aukeraturiko gutxiengo baten kontrolpean, helburua humanoak robotizatzea da beren kabuz ez pentsatzeko, bizirauteko dependentzia izango dutelarik.[5] Gaia Zientzia-fikzioan sarritan azaldu da; hori ere "plan ezkutu" horren adierazgarri izango litzateke: nolabait filmak jendearen burmuinei etorriko denaz ohitzeko erabiltzen ari dira, horrela gure burmuina prestatuz joateko; horrela justifikatzen dute pandemia aurretik aurkeztu ziren izurriteei buruzko filamk. Muturreko iritzian The Simpsons telesaila gertatuko denaz abisatzeko bidea omen da eta, sarritan, telesailari errealitate berriekin parekotasunak bilatu dizkiote.[6]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]