Normandiarren Siziliako Inbasioa

Wikipedia, Entziklopedia askea

Normandiarren Siziliako inbasioa 1061 urtean hasi eta 1091an amaitu zen prozesu militarra izan zen. Hamarkada batzuk lehenago normandiarrak mertzenario gisa hasi ziren lanean Italia Hegoaldeko eliteen zerbitzura, baina haien indar militarrari esker laster haien anbizio propioei ekin zieten, penintsularen muturrean botere berriak sortuz.

Siziliari dagokionez, jada hainbat hamarkada pasa ziren musulmanek bizantziarrak kanporatu eta haien indarra ezarri zutenetik bertan. Alabaina, uharteko autoritateek tentsio ugariri aurre egin behar izan zieten, eta bertan ezarritako emirerria kolapsatu egin zen. Honek ateak ireki zizkien indar kristauei, eta normandiarrek, Hauteville-ko leinuak zuzenduta, uhartearen konkistara jo zuten. Musulmanen barne borrokez baliatu ziren, alde batekin edo bestearekin batuz beharren arabera, eta aldi berean uharteko biztanleria kristau ortodoxoaren aurrean euren burua askatzaile gisa aurkeztuz. Normandiarren buruzagi nagusiak Robert Guiscard boteretsua eta haren anaia Roger Bosso izan ziren. Penintsulako lurretan ez bezala, hemen normandiarrek azkar kontrol bateratu bat ezartzea lortu zuten, behin Sizilia hartuta Guiscardek Roger bere menpeko konde izendatu baitzuen. Honen seme Roger II.ak Siziliako konderria erresuma bilakatu zuen, koroa lortuz Aita Santuaren onespenarekin.

Estatu berria laster eskualde-potentzia bilakatu zen, lurralde islamiarren aurka erasoak bideratuz. Gainera, sistema politiko eta kultura oso bereziak garatu ziren uhartean greziar, latindar eta islamiar gizarteen elkarbizitzaren ondorioz, Erdi Aroko estatu kristau berezienetarikoa sortuz. Siziliaren galera erabakigarria ez izan arren, Mediterraneoko indarren dinamika aldaeraren seinale dugu, islamiar munduak jada ezin zuelako mantendu hamarkada batzuk lehenago zuen jarrera erasokor eta espantsionista. Aitzitik, orain kristauak ziren ofentsibara pasa zirenak, honen gailurra gurutzadak izanik.

Sizilia Musulmana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Italiako egoera normandiarren konkista baino lehen.

Restauratio Imperii bizantziarraren ondorioz Siziliatik ostrogodoak kanporatu eta gero Ekialdeko Erromatar Inperiora integratu zen uhartea, Siziliako Thema bilakatuz. Bizantziarrek Sizilian boterea atxiki zuten 902. urtera arte, musulmanak iritsi zirenean.

Denborarekin, musulmanek Afrika iparraldeko lurraldeak konkistatu zituzten, bizantziarrei kenduz. Eskualde hauek garrantzia handia zuten Inperioarentzat elikagaien ekoizpena eta merkataritza zela eta, eta haiek galtzeak inperioa jasaten ari zen gainbehera areagotu zuen. Musulmanek haien ohiturak eta erlijioa sustatu zituzten hiri berriak sortuz eta Mediterraneoko merkataritza sustatuz. 750. urtean Abbas-tarrek Omeiatar Kalifa-herria amaitu ostean emirerri berri asko agertu ziren Ifriqiya-n, gaur egungo Tunisia inguruan. Hauetako batzuek ez zituzten kalifa berriak onartuko, eta beraien kalifa-herri propioak aldarrikatu zituzten.

Siziliara musulmanak iritsi zirenean IX. mendean, biztanleria greziarra zen: kristau ortodoxoak ziren, eta grezieraz hitz egiten zuten. Agintari berriekin, ordea, islamizazio prozesu bat hasi zen, eta erlijiora bihurtzeaz gain, biztanleriaren zati bat arabizatu egin zen, arabiar ohiturak eta hizkuntza barneratuz. Horrela, bertako elite arabizatuak agertu ziren, eta irlako egoera sozio-politikoa guztiz aldatu zen.[1]

Aglabtarrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aipatu ditugun emirerri berri hauen artean aglabtar leinua dugu, Ifriqiyan hegemonia lortu zuena. Aglabtarrek hainbat pirateria kanpaina egin zituzten Mediterraneo Mendebaldean eta Italia hegoaldean, eta espedizio militar hauen ostean Siziliaren konkistara jo zuten, zeina 827. urtean hasi eta 902.era arte luzatu zen. Alabaina, 909. urtean Egiptoko Fatimatar kalifa-herriak emirerri hau suntsitu zuen.[1]

Ziriak eta Kalbidak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ziritar leinua Fatimatarren menpe zegoen, eta Ifriqiya eta Sizilian hartu zuen boterea. Kristauek zuzendutako erasoak gelditzen, barneko egonkortasuna mantentzen, eta lurralde kristauen aurkako razziak jarraitzen saiatu ziren. Bertako eliteekin zituzten tentsioak eta kanpoko inbasio etengabeak zirela eta (bi inperioak, Bizantziarra eta Santua, zituen etsai nagusitzat), ziritarren presentzia Sizilian 998. urtean amaitu zen. Urte honetan bertako eliteetako leinu indartsuena, kalbidarrena, nagusitu zen. Hauek Siziliako Emirerria fundatu zuten. Estatu berri honek ziritarren zeregin edo politikekin jarraitzeko asmoa zuen, erasoak intentsifikatzen saiatuz baina ez zen egonkortasuna bermatzeko gai izan, eta 1053an barne gatazkak zirela eta emirerria guztiz desagertu zen, eta hainbat boteregunetan banatu zen[1].

Normandiarrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Italia Hegoalderako normandiarren etorreraren inguruan hainbat iturri daude, baina kasu batzuetan hauek data kontraesankorrak eskaintzen dituzte, eta normandiarren agerpenaren atzean arrazoi desberdinak ematen dituzte. Ondorioz, gertakari honen inguruan hainbat hutsune ditugu. Alabaina, garbi esan dezakegu normandiarrak X. mendean iritsi zirela, eta seguruenik Palestinara bidean zihoazela, erromesaldia egiteko. Zonaldearen ezegonkortasun politikoa zela eta, mertzenario gisa aritzeko aukera agertu zitzaien, bai hiriak musulmanen erasoetatik babestuz, baina baita tokiko estatuen zerbitzura jarriz ere, besteen aurka, aberastasunak eta botere posizioak lortzeko. Normandiako Dukerrian garatzen ari ziren gertakizun politikoak zirela eta, denborarekin normandiarren presentzia handituz joan zen Italian: exiliatu politikoak, noblezia txikiaren pobrezia (urrutiko lurretan aberastasuna eta boterea lortzeko aukera bat ikusten zutenak)… Jarduera mertzenario honen adibide bat jartzearren, 1038an Gilen “Burdinezko beso” mertzenarioak bizantziarrek Siziliaren aurka bideratutako erasoetan hartu zuen parte. Bizantziarrek Siziliako estatu musulmanak konkistatu nahi zituzten bere boterea berrezartzeko, baina ekialdeko hiri batzuk hartzea baizik ez zuten lortu, eta presentzia honek ez zuen denbora asko iraun. Gerlari honek eman zion hasiera Hauteville leinuaren gorakada ikusgarriari[2].

Normandiar asko pixkanaka bertako eliteen artean ezartzen hasi ziren, haien boteregune propioak sortuz, batez ere XI. mendeko hogeita hamar edo berrogeigarren hamarkadetan, hauen artean Hautevilleko dinastiako kideak. XI. mendeko bigarren erdialderako normandiarrak guztiz finkatuak zeuden Mezzogiorno eremuan.

1053an, Gilenen anaia bat, Roberto Hauteville-koa edo Roberto Guiscard, Apuliako buruzagi izendatu zuten. 1059an Guiscardek Calabria, Apulia eta Siziliako duke tituluak jaso zituen Nikolas II. Aita Santuaren eskutik, izan ere, honek bere laguntza behar zuen Benedicto X. antipaparen aurka jotzeko. Nikolas II.aren babesarekin, gainontzeko hegoaldeko lurraldeak konkistatzera abiatu zen, Apuliako eta Calabriako dukerriak (bizantziarren esku zeudenak) hartuz. Guiscarden konkisten ostean ikusi dezakegu Mezzogiorno-aren ia hego-mendebalde guztia kontrolatzen zutela normandiarrek, Salerno, Apulia, Calabria eta Capuako Printzerriak menpean baitzituzten, ia guztiak Hautevilleko leinuaren kideen buruzagitzapean (Capua zen salbuespena). Geroago, 1061an, Roberto Guiscardek eta Rogerrek Siziliaren konkistari ekin zioten, eta Siziliako Konderria sortu zuten 1072an [2].

Siziliako Konkista[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Normandiarrak Siziliara heldu zirenean, uhartea 4 buruzagi musulmanen artean zegoen banatua, qaid-ak deituak. Desegonkortasun egoera ikusita, Siziliako kristauek aginte musulmana kanporatzeko aukera bat ikusi zuten. Aldi berean, Siziliako qaid batek ere bere interes propioak zituen normandiarren inbasio bat eskatzeko. Hau Ibn Timnah izan zen, Sirakusako buruzagia, eta Ibn Al Hawwas deituriko qaid batekin gerran zegoen familia-gatazka baten ondorioz, eta Ibn Timnah-k porrot handiak jasan zituen, kanpoko laguntza bilatzera bultzatuz. Normandiarren aldera pasatuz, hauen buruzagi nagusiak Hauteville etxeko bi anaia ziren, Roberto Guiscard eta Roger Bosso. Inbasio handia baino lehen normandiarrek Messinarantz 60 gizonez osaturiko inbasio txiki bat bidali zuten Rogerren gidaritzapean baina hiria hain gotortua zegoen ezen ezin izan baitzuten hartu. Ez zuten tropa gehiago bidali hurrengo urtera arte, garai hartan normandiarrak bizantziarren aurka borrokatzen ari zirelako Apulian[3].

1061ean bizantziarrak garaitu ondoren eta itsas armada bat batu ostean, 150 gizon eta 450 laguntzailez osaturiko armada bat joan zen Siziliara, Messinara zehazki. Bertan landa arpilatu zuten eta Messinako gobernaria hil ostean, goarnizioaren zati bat garaitu zuten hiritik kanpoko bataila batean, baina ezin izan zuten hiria hartu eta zailtasun askoren ostean haien itsasontzietan ihes egin zuten, baina ia hildakorik izan gabe[3]. Musulmanen itsas armada buruhauste handia izan zen normandiarrentzat, izan ere, kontuan izan beharra dago garai honetarako Italian zeuden normandiarrak ez zirela haien arbasoak izan ziren marinel apartak eta ez zeukatela nabigazioan hainbesteko esperientziarik [4]. Bigarren inbasio saiakeran 2000 gerlari eta 450 zaldun eraman zituzten. Horretaz gain, aurreko ihesaldian armada musulmana haien atzetik ibili zenez, gerraontziak eraman zituzten. Inbasio armada bitan zatitu zen: alde batetik Roger, 500 gizonekin Messiarantz hegoaldetik joan zena, eta bestetik Roberto, hau berriz iparraldetik. Hiriko goarnizioak iparralderantz jo zuen, Robertoren tropen aurka egiteko, eta hiria hutsik utzi zuen. Hiriaren hegoaldea defentsarik gabe zegoela ikustean, Rogerren gudarosteak aurrera egin eta hirira sartu zen. Hiriko harresietan normandiarren estandarteak ikustean, tropa musulmanek ihes egin zuten, eta Ibn Hawwas-en armadarengana zuzendu ziren, honi batzeko [3].

Roger I.a Siziliakoa Cerami-ko batailan 1063ean.

Normandiarrek hemendik aurrera Messina erabili zuten haien kuartel gisa, hiria gotortu zuten eta garaipenaren ostean Ibn Timnah batu zitzaien, zin eginez uhartea konkistatzen lagunduko ziela geroago boterea partekatzen bazuten. Roberto, Roger eta Ibn Timnah-k uharteko hiri gotortuena, Castrogiovanni, erasotu zuten 1000 gerlari eta 1000 zaldunekin. Hiria setiatu zuten eta goarnizioa garaitu zuten hauek kanpora atera zirenean, baina geratzen zen goarnizioa tinko mantendu zen. Setioak iraun zuen denboran normandiarrek landa gunea arpilatu zuten. Azkenean normandiarrek ez zuten hiria eskuratu baina etxera altxorrez gainezka bueltatu ziren, musulmanen estrategiak hobeto ezagututa eta bertako aliatu gehiagorekin (tokiko kristau ortodoxoak)[3]. 1062an ez zuten espedizio gehiagorik bidali Roberto eta Rogerren artean liskar bat piztu zelako. Aipagarria da 1063ko normandiarren garaipena Cerami-ko batailan, non haien zalditeriaren mugikortasunaz eta azkartasunaz baliatuz tropa musulmanak enboskada batean garaitu zituzten[4].

Roger I.a Palermo hiriko giltzak jasotzen.

Hurrengo lau urteetan ez zen gertakizun garrantzitsurik izan, seguruenik Rogerrek tropa gutxiegi zituelako eraso gehiago egiteko. 1068an Rogerrek musulmanen aurkako bataila bat irabazi zuen Palermotik hurbil, Misilmeri-n. Urte berean Robertok bizantziarren esku zetzan Bari hiria setiatu zuen, zeina Inperioak Italian zuen hiri garrantzitsuena eta aberatsena zen. Normandiarrek 3 urte iraungo zuen setioa hasi zuten, bai lurretik zein itsasotik hiria blokeatuz. Bizantziarrek itsasotik bitan egin zuten eraso hiria askatzeko asmoz baina ez zuten lortu eta 1071n setiatzaileen eskuetan erori zen. Setio honek esperientzia handia eman zien normandoei hirien setioen eta itsas borroken inguruan, eta taktika berdinak erabili zituzten haien hurrengo setio handian, Palermon. Honen setioak 5 hilabete iraun zuen, bertan berriz ere normandiarrek hiria lurretik bai itsasotik inguratu zuten. Horretarako, 50 itsasontziz baliatu ziren. Gosetea eta gaixotasunak arazo larria bihurtu ziren defendatzaileentzat, eta 1072ko urtarrilean hiria erori zen[4]. Honekin, Siziliako ipar kostaldearen gaineko kontrola bermatu zuten kristauek.

Robertok uharteko indar gehienak garaituak zituen, baina konkistak 20 urte gehiago iraun zituen. Izan ere, Roberto ez zen denbora guztian Siziliako kanpainan zentratu oraindik italiar penintsularen hegoaldean borrokatzen ari baitzen. Baina 1077an kontinentetik itzuli zenean Rogerrek inbasioa jarraitu zuen, urte berean Trapani hartuz, 1078ean Castronuovo eta 1079ean Taormina. 1081ean Robertok Catania hartu zuen, Sirakusako gobernariaren menpe zegoen hiria. Hurrengo urteetan beste etenaldi bat egon zen Roberto Italiara itzuli zelako eta honek Roger deitu zuelako hari laguntzeko. 1086an jarri zen berriz martxan konkista Sirakusaren setioarekin, non bertako emirra hil zen. Garaipen honekin normandiarrek ia Sizilia osoa zuten haien eraginpean, Noto-ko hiria izanik azken salbuespena. 1091n hau hartzean, Siziliaren domeinu islamiarra guztiz amaitu zen [5].

Normandiar Sizilia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Siziliako Konderria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Italiako egoera 1084rako, Robertoren kanpainen ostean.

1072rako Roberto Guiscardek eta bere anaia Roger Bossok Siziliako Palermo hiria konkistatu zuten eta Rogerrek, bere anaiaren eskutik, Siziliako Konde Handiaren titulua jaso zuen [6]. Irlaren burujabe bilakaturik eta bere anaia nagusia basailu bihurtuz, Siziliako kanpainarekin bukatu zuen 1088rako. Roger I.aren heriotzarekin 1101ean bere seme nagusia zen Simon Siziliakoak jasoko zuen oinordetzan titulua [7]. Hala ere, honen agintaldiak ez zuen askorik iraun eta 1105erako bere anaia zen Roger II.a boterearen ondorengo izendatu zuten.

Bere agintaldian normandiar eskuetan zeuden lurralde guztiak bateratu zituen. Normandiar lurraldea bitan banaturik zegoen Siziliako konderria eta Apulia eta Calabriako dukerria ezberdinduz, baina azken honen buru zen Gilen II. Apuliakoren heriotzarekin, Roger II.ak lurraldearen jabetza erreklamatu eta lortu zuen [8]. Behin lurraldea guztiz baturik, bere erresuma propioa sortzera abiatu zen Aita Santutzaren inbestiduraren bitartez. Errege titulua 1130 urtean lortu zuen Anakleto II. antipaparen eskutik, izan ere, Roger I.arekin gertatu zen antzera, babesa behar zuen Aita Santuaren kargua ere erreklamatzen zuen Inozentzio II.aren aurka jotzeko [9]. Beraz, momentu hartan Siziliako Erresuma jaio zen normandiarren agintepean.

Siziliako Erreinua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Siziliako Erresumak ordura arteko beste erreinuetatik desberdintzen zuen ezaugarri bat zuen: lurraldearen kultura-aniztasuna. Normandiarrak Siziliara heldu zirenerako, latindarrekin batera biztanleriaren gutxiengo bat osatzen zuten musulman eta grekoekin alderatuz gero. Hainbeste komunitateren bizikidetzak problema handia suposatu zezakeen subiranoarentzat. Hori dela eta, normandiarrek hauen ordura arteko karguak eta ohiturak errespetatu eta mantendu zituzten hein handi batean, horretarako feudo eta basailutza harreman berriak sortuz lekuko agintariekin. Ordura arte, hainbat emirrek gobernatzen zuten lurralde hura eta normandiarrek hauekin akordio pertsonalak burutu zituzten boterea lortu ahal izateko[8].

Administrazioa errazteko eta gobernuan laguntzeko, erregeak kargu berriak sortu zituen. Ministeritza bat sortu zuen eta, aldi berean, ammiratus ammiratorum (emirren emir) edo diwan bezalako kargu politikoak agertu ziren [8]. Horrekin ere aurreko arabiar gobernuarekin zuten nolabaiteko jarraipena erakusten zuten. Gainera, hauen armadaren zati handi batek ere musulmanez osatua egoten jarraitu zuen [6]. Erregea ere, patroi gisa, arabiar arte eta kulturaren zale sutsua izan zen eta hainbat artista finantzatu zituen siziliar-normandiar artea garatuz, bistako arabiar kutsua zuena [8].

Siziliako Erresuma 1154. urtean.

Komunitateen arteko liskarrak ekiditeko beste zenbait neurri hartu zituen. Esate baterako, nahiz eta gurtzarako zenbait egitura kristau eraiki zituen, misiolari taldeei Sizilian predikatzea debekatu zitzaien[6]. Bestalde, ediktuak eta bestelako agiri ofizialak idazterako orduan erabilitako hizkuntza ez zen frantziar-normandoa ezta latina izan. Grekera izango zen monarkia honen hizkuntza nagusia [8]. Normandiar gorteak Bizantziar Inperiokoaren antza zuen oinarrian, baina administrazio ereduak emirerri musulmanen antz handiagoa zuen. Azken finean, azken hauek ziren garai hartako lurralde aberatsenak. Maila lokaleko gobernuetan, ordea, arabiera edota latina erabiltzen ziren, bertako baroien edo biztanleriaren arabera.

Siziliako normandiarrek merkataritza alorrean zuten botereak kultur-aniztasun hori garatzen eta sendotzen lagundu zuen. Mediterranear itsasoa Erdi Aroko nazioarteko merkataritzaren gune garrantzitsuenetariko bat bilakatu zen eta normandiarrak berauen posizioaz eta itsas-baliabideetaz baliatu ziren alor honetatik etekin handiak lortzeko eta erlazioak sendotzeko. Erlazioen sendotze horrek Ekialde Hurbileko gurutzadetan parte hartzera eramango zituen normandiarrak [8].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c Reuter, Timothy, ed. (2000-03-13). The New Cambridge Medieval History. Cambridge University Press ISBN 978-1-139-05572-7. (Noiz kontsultatua: 2024-01-26).
  2. a b Rodero Franganillo, Adolfo. (2007-06-30). «"Los orígenes de las finanzas. Las innovaciones que crearon los modernos mercados de capitales"» Revista de Fomento Social: 267–270.  doi:10.32418/rfs.2007.246.2169. ISSN 2695-6462. (Noiz kontsultatua: 2024-01-26).
  3. a b c d «Map of Sicily and Southern Italy» The Norman Kingdom of Sicily (Cambridge University Press): xii–xv. 1992-07-30 (Noiz kontsultatua: 2024-01-26).
  4. a b c (Ingelesez) Theotokis, Georgios. (2010-11). «The Norman Invasion of Sicily, 1061-1072: Numbers and Military Tactics» War in History 17 (4): 381–402.  doi:10.1177/0968344510376463. ISSN 0968-3445. (Noiz kontsultatua: 2024-01-26).
  5. (Ingelesez) «The Norman Conquest of Southern Italy and Sicily · The Norman Sicily Project» The Norman Sicily Project 2021-09-01 (Noiz kontsultatua: 2024-01-26).
  6. a b c «The Normans in Sicily: the Normans in the South 1016-1130 and The kingdom in the Sun 1130-1194 (review)» Parergon 12 (1): 181–183. 1994-07  doi:10.1353/pgn.1994.0039. ISSN 1832-8334. (Noiz kontsultatua: 2024-01-26).
  7. Hamilton, J.S.. (2004-01-01). «Roger II of Sicily: A Ruler between East and West. By Hubert Houben. New York: Cambridge University Press, 2002. 231 pp. n.p.» Journal of Church and State 46 (1): 141–143.  doi:10.1093/jcs/46.1.141. ISSN 0021-969X. (Noiz kontsultatua: 2024-01-26).
  8. a b c d e f «Cambridge Medieval Textbooks» The Norman Kingdom of Sicily: 419–420. 1992-07-30  doi:10.1017/cbo9781139167741.017. (Noiz kontsultatua: 2024-01-26).
  9. (Ingelesez) Britt, Karen C.. (2007-01-01). «Roger II of Sicily: Rex, Basileus, and Khalif? Identity, Politics, and Propaganda in the Cappella Palatina» Mediterranean Studies 16 (1): 21–45.  doi:10.2307/41167003. ISSN 1074-164X. (Noiz kontsultatua: 2024-01-26).