Aglabtar leinua
Aglabtarrak[1] edo Banu al-Aglab (arabieraz: الأغالبة) Ipar Afrikako emirerri islamiar sunita leinuaren kideak izan ziren,[2] gunea Ifrikijan (Tunisian) zegoen. Han Ibrahim I ibn Aglabek emirerri bat fundatu zuen 800. urtean, teorikoki Abbastar kaliferriaren menpekoa, eta Mediterraneo zentralean potentzia bat izan zena; ipar Algeria, Tripolitania (Libia), Sizilia, Sardinia eta Italiako hegoaldea kontrolatu zituen. Haren hiriburua Kairuan zen. Leinu honen boterea 909an bukatu zen, Egiptoko fatimatarrak Ipar Afrikan hedatu zirenean. Dinastia hau Banu Tamin[3] arabiar tributik zetorren, Mahoma profetaren leinukoak, zeinak Iran konkistatu ondoren, Khorasanen ezarri eta Iparraldeko Afrikatik hedatu baitziren.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ibrahim I ibn Aglab, 787. urtetik M'Zab (Algeria) haraneko gobernadorea, Harun al-Rashid abbastar kalifak oinorde-emirra izendatu zuen 800. urtean. Arrazoia zen, Muhallabidar leinua erori ondoren, Bagdadeko probintzia horretan zegoen anarkia. Beste arrazoi bat izan zen berbereen erasoak, islamizatzeko prozesuan zeudenak. Ibrahimek Algeria, Tunisia eta Tripolitaniako eskualdea kontrolatu zuen, nahiz eta birtualki independentea izan, dinastiak beti abbastar kaliferria onartu zuen[4]. Jauregia El Abasijan, Kairuanen kanpoko aldean, ezarri zuen, gehienbat jurista eta teologoen malikien oposiziotik urruntzeko, izan ere, aglabtarren bekatari bizimodua eta berbere musulmanei emandako tratu txarrak gaitzetsi zituzten. Aglabtarrek berbereen erasoetatik lurraldea defendatzeko Ekialde Hurbileko emigrante arabiarren etorrera erraztu zuten, anitz mugako defentsak (ribatak) ezarriz Susan eta Monastirren. Honetaz gain, Zanzibar zonaldeko 5.000 esklabo beltz ekarri zituzten Saharako merkataritza-bidetik. Ziyadat Allah I.ren (817-838) erregealdian, arabiar tropak matxinatu egin ziren (824an) eta 836a arte kontrolaezinak izan ziren berbereen laguntza izan arte.
Siziliako konkista
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aglabtar emirerrien agindupean, Ifrikijatik itsas espedizioak bultzatu zituzten Mediterraneoko itsas-bazter kristauak arpilatzeko eta konkistatzeko. Sizilia bizantziarraren konkista 827tik aurrera gauzatu zen Asad ibn al-Furaten gidaritzapean. Egia esan, saio bat izan zen tropa erreboltariak kontrolatzeko.
Bizantziarren norgehiagokaz baliatuz, Eufemio Messinako komandantea laguntzera joan ziren eta Mazara (827) menperatu zuten.
Siziliako konkistan Kordobako emirerriak aglabtarrak lagundu zituen ontziteri bat bidaliz, Asbag' ibn Walkileren esanetara. Ibn Kathiren ustez, guztira 300 omeiatar eta aglabtar itsasontzi ziren[5]. Mineoko aglabtar goarnizioak, Teodoto bizantziarrak setiatuta zegoelarik, lortu zuen Al Andaluseko omeiatarrekin harremanetan jartzen. Hauek laguntzeko prest zeuden, baldin eta Asbag buruzagi orokorra bazen. Akordio batera heldu orduko, Ifrikijatik tropa freskoak Mineora abiatu ziren hiri honetako setioa apurtuz 830ean[6][7][8]. Teodoto Ennara erretiratu eta gero, konbinatutako indarrek beste hiri bat setiatu zuten, Calloniana, beharbada egungo Barrafranca. Hala ere, aglabtarren kanpalekuan hedatu zen izurriak anitz heriotza ekarri zituen. Hiria konkistatu bazuten ere, arabiar indarren murrizketa zela eta, gotorlekua utzi behar izan zuten eta mendebaldera erretiratu ziren. Teodotok, egoeraz baliatuz, musulmanak eraso zituen hildako asko eraginez. Borroka hauen ondoren aldaluziar gehienek Sizilia utzi zuten, baina Teodoto ere hil egin zen gatazka haietan[9][10].
Mendebaldean, aglabtarrek Palermo (831) konkistatu zuten eta poliki-poliki uharteaz jabetu ziren. Azkenean, Sirakusa hartu zuten 878. urtean. Siziliako islamiar konkistak urte asko iraun zuen bizantziar garnizioaren erresistentziarengatik eta arabiarren arteko lehiengatik. Aglabtarrek 902an konkistatu zuten azken gotorleku bizantziarra. Hala ere, ezin izan zuten Siziliako konkistaz gozatu pixkanaka-pixkanaka Kalbidar dinastia aglabtarren kontra matxinatu zelako eta Sizilia Ifrikija eraginetik aldendu zuen.
Erasoak Italiar penintsulan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Italiar penintsulako erasoak 846an hasi ziren italiar basiliken arpilatzearekin[11] eta X. mendera arte iraun zuten. Batez ere arpilatze espedizioak ziren, Tarenton eta Brindisin gertatu ziren bezalakoak. 841ean, Bari konkistatu zuten eta 846an Tiber ibaitik gora joan ziren Erromako kanpoko aldea arpilatuz. Aglabtarrak Ostia guduan garaituak izan baziren ere, Montecassino, Subiaco eta Tivoli arpilatzen jarraitu zuten. Joan VIII.a Aita Santuak ere ordaindu zizkien zergak. Irabazi hauekin lan garrantzitsuak egin zituzten zenbait eraikinetan, hala nola, Kairuango meskita zabaldu eta zaharberritu zen, gaur egun duen itxura lortu arte[12]. Era berean, erromatarren oinordetzan hartutako ureztatze sistemak hobetu zituzten baita hiriak apaindu ere[13]. Arabiarrek Malta irla hartu zuten (868), eta Sardiniari zergak ezarri ondoren, mendebaldeko Mediterraneoaren jabeak izan ziren IX. mendearen amaieran.
Aglabtar leinuaren goren aldia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aglabtarren goreneko momentua Ahmed Abú Ibrahimen gobernuan (856-863) izan zen. Honek 2.000 ribat edo gotorleku eraiki zituen , bai eta jauregi batzuk ere, hala nola, El Abbasiyya eta Raqqada. Izan ere, Ifrikija potentzia ekonomikoa bilakatu zen nekazaritzari esker, oso emankorra, erromatar ureztatze sistemaz baliatuz (Afrikako probintzia Erromako biltegia izan zen bandaloak Kartagora heldu arte). Ifrikija, herrialde islamiarren, Bizantzio eta Italiaren arteko merkataritza-gunea bilakatu zen, batez ere esklaboen merkataritzan. Kairuan Magrebeko islameko gune garrantzitsu bat izan zen, bereziki teologia eta zuzenbide arloetan. Poetak eta beste artista batzuk hara zihoazen. Aglabtar emirrek eraikuntza finantzatu zuten, hala nola, Uqba meskita. Erresumak estilo arkitektoniko bat garatu zuen abbastar eta bizantziar arkitektura konbinatuz[14].
Aglabtarren gainbehera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Dinastiaren gainbeherra Ibrahim II Abú Ishaqaren erregealdian (875-902) heldu zen. Calabriako kontrola galdu zuen Bizantzioren esku, Egiptoko tulunidarren erasoa egotzi zuen eta berebereen matxinada bat bortizki zapaldu zuen. IX. mendearen amaieran, Siriako ismaeliarrek, Kutama berbere tribuaren matxinadak aglabtar erregimenak ezegonkortu zuten. Ubaydalla Saidek Kairuan eta Raqqada hiriak konkistatu zituen eta herriari fideltasuna zin eragin zion. 893an, fatimitarrak, xiitak zirenak, matxinatu ziren. Abdalá al-Mahdi Billahek, bere burua Mahdi “jainkotiar gidaritzat” hartu eta Algeriako ekialdea aldarrikatu zuen eta kalifa bilakatu zen. Aldarrikapena oinarritzen zuen Mahomaren oinordeko zelako. Adarra profetaren alabarengandik, Fatima az-Zahra, zetorren Ali ibn Abi Talibekin, Mahomaren lehengusuarekin ezkondu zenean. Jazoera hau Kairuanen gertatu zen eta aglabtarrek fatimiarren hedapenari oztoporik ez ziotenez jarri, 909an absorbaturik izan ziren[15]. Aglabtarrek 1048 arte Maltan gobernatu zuten.
Gizartea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kairuango Meskita Handia eta Tunisko Olibondoaren Mezkita, hezkuntzako goi mailako guneak bilakatu ziren, oso balioetsiak islamiar zuzenbideko doktoreengatik. Arabiarren inbasioaren ostean, kristauek eta juduek yizia zerga ordaindu behar zuten haien erlijioa eta gurtza-lekuak mantentzeko zenbait murrizketa sozial bazuten ere. Une honetan, kristau komunitate nabarmenak zeuden Tunisen eta Kairuanen. Artzapezpikutzak batzituzten Tozeur, Mahdia eta Kartagoko hirietan. 893ko zisma batek Afrikako apezpikuak banatu zituen. Hauek Erromara ordezkariak bidali zituzten eztabaida Aita Santuaren eskuetan uzteko.
Aglabtar agintariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Ibrahim I ibn al-Aghlab ibn Salim (800–812)
- Abdallah I ibn Ibrahim (812–817)
- Ziyadat Allah I ibn Ibrahim(817–838)
- al-Aghlab Abu Iqal ibn Ibrahim (838–841)
- Abu 'l-Abbas Muhammad I ibn al-Aghlab Abi Affan (841–856)
- Ahmad ibn Muhammad al-Aghlabi (856–863)
- Ziyadat Allah II ibn Abil-Abbas (863)
- Abu 'l-Gharaniq Muhammad II ibn Ahmad (863–875)
- Abu Ishaq Ibrahim II ibn Ahmad (875–902)
- Abu 'l-Abbas Abdallah II ibn Ibrahim (902–903)
- Abu Mudhar Ziyadat Allah III ibn Abdallah (903–909)
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Euskaltzaindia. (PDF) 182. arauaː Dinastien izenak. .
- ↑ C.E. Bosworth, The New Islamic Dynasties, (Columbia University Press, 1996), 31.
- ↑ https://en.wikipedia.org/wiki/Banu_Tamim
- ↑ Laroui, The History of the Maghrib (1970, 1977) at 116.
- ↑ El Hareir, Mbaye, Idris , Ravane (2011). The Spread of Islam Throughout the World. UNESCO. p. 441. ISBN 9231041533.
- ↑ Bury (1912), p. 304
- ↑ Treadgold (1988), pp. 273–274
- ↑ Vasiliev (1935), pp. 127–128
- ↑ Treadgold (1988), p. 274
- ↑ Vasiliev (1935), pp. 128–129
- ↑ Barbara M. Kreutz, Before the Normans: Southern Italy in the Ninth and Tenth Centuries, (University of Pennsylvania Press, 1991), 57.
- ↑ FANTAR HASSINE, Hamed: De Cartago a Kairuan: 2000 años de arte e historia en Túnez, Agencia Francesa de Acción Artística argitaletxea, París, 1982, 23 orria.
- ↑ Goldschmidt, Arthur (2002). A concise history of the Middle East. Boulder, Colorado: Westview Press. p. 79. ISBN 0-8133-3885-9.
- ↑ Dictionary of Islamic Architecture. Archnet. Retrieved 23 January 2011
- ↑ Najeebabadi, Akbar (2001). The History of Islam V.3. Riyadh: Darussalam. p. 235. ISBN 978-9960-89293-1.