Oñatiko ituna (Lehen Karlistaldia)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Oñatiko itunak ezarri zuen.Euskal Herrian 1833tik 1839ra iraun zuen Lehen Karlistaldia gerraren amaiera. Alde baten Karlos Maria Isidro Borboikoaren, "Karlos V.” erregegaiaren aldeko karlistak, eta bestean Maria Kristina Borboikoaren defendatzaileak ziren liberalak borrokatu ziren[1]. Espainiako historiografian Zazpi Urteko Gerra edo Lehen Gerra Zibila bezala ere ezagutzen zen.

Gerraren amaiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Laburpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen urteetan, karlisten tropen garaipenak gehiago izan ziren [2]. Harik eta Bilboko setioan jasotako zauriaren ondorioz, Zumalakarregi jenerala 1835an hil arte[3]. Rafael Maroto jeneralak ordezkatu zuen buruzagitzan, baina hurrengo urteko Lutxanako bataila garrantzitsua liberalak irabazi zutenean, joera guztiz aldatu zen.

lde bietako hildakoak hirurogei milatik gora zirela kontuan hartuta, eta liberalen garaipena ziurtzat joz, Esparterok gerra amaitzea onetsi zuen. Lord John Hay eta Wylde koronel britainiarren bitartekaritza lanei esker, 1939ko abuztuaren hogeita seian jeneral biak Abadiñon elkartu ziren, itunaren foruei buruzko mamian adostasunera ailegatu gabe. Esparteroren tropak aurrera jarraitu zuten, hurrengo egunean Oñati konkistatuz[4]. Egoeraren larria ikusita, Marotok bere konfiantzazko bi jeneral bidali zituen negoziazioak amaitzera.

Itunaren sinbolismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1839.eko abuztuaren 29an, Lazarraga jauregian hamar ataleko ituna sinatu zuten karlisten aldetik Iturbe eta Egia jeneralek eta liberalen aldetik Espartero jeneralak.

Ituna Oñatin sinatzeak sinbolismo handia zuen Espartero jeneralarentzat, garailea bera izan zela garbi gera zedin. Izan ere, “Karlos V.” erregegaia bezala ezagutua, gorte ibiltaria zuen Euskal Herrian barrena, eta tarteka Lizarran, Tolosan, Azpeitian, Durangon eta Oñatin egoten zen. Esparterok bere garaipena Lazarraga jauregian, Karlos V.ren gortearen egoitzetako baten sinatzea nahi izan zuen, harrokeriaz. Eta aurkariei publikoki jakinerazteko, ondorengo egunetan Maroto eta biak Bergaran solemneki tropen aurrean agertzea exijitu zuen.

Ituna nola eman jakitera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hala ere, karlisten batailoi gehienak, hogeita zazpi hain zuzen, ez zeuden ados gerra amaitzeko baldintzekin. Eta soldadu asko ez zegoen prest armak entregatzeko. Bestalde, Karlos erregegaia Frantziarako bidean zen jadanik[5], armadako ofizial eta soldadu askorekin, eta beste batzuk Ameriketarako eta Filipinetarako bidea hartua zuten. Karlisten aldetik Urbiztondo jenerala arduratu zen batailoiak Bergarara bideratzen, eta abuztuaren hogeita hamaikan Espartero eta Maroto jeneralek "Bergarako besarkada"rekin[6] agertu zuten Lehen Karlistaldiaren amaiera, batailoi karlisten eta liberalen aurrean ituna berriro sinatuz, eta besarkada batekin adostasuna antzeztuz. Baina agindutako batailoi karlista denak ailegatu ez zirenez, ondorengo egunetan beste hiru bider errepikatu zuten zeremonia bera. Guztira, hamasei batailoi karlista agertu ziren[7].

Itunaren mamia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itunak hamar artikulu jaso zituen, lehena foruei buruzkoa eta beste bederatziak karlisten armadako partaideei zuzenduak. Espartero jeneralak ez zuen foruen gaia itunean sartu nahi, beretzat gerra militarra Borboien erregatzari buruzkoa zelakoan. Azkenean onartu egin zuen, Lehen Karlistaldia bereziki Euskal Herrian eman bazen (mapan garbi ageri denez), ez zelako izan erregetzagatik edo erlijioagatik, foruen defentsagatik baizik. Hala ere, lehen artikulu horretan azken erabakia gorteen esku utzi zuen, beste bederatzietan berak irmoki agindu zuen bitartean.

Itunaren artikuluak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1. artikulua: Baldomero Espartero Kapitain Jeneralak gogotsu gomendatuko dio Gobernuari bete dezala Foruak esleitu edo eraldatzea Gorteei proposatzeko egin duen konpromiso formalerako eskaintza.

2. artikulua: Rafael Maroto teniente-jeneralaren armadako jeneralen, buruzagien, ofizialen eta enparau gizonen lanak, graduak eta kondekorazioak onartuko dira; Marotok guztien zerrenda aurkeztuko du armen arabera eta askatasun osoa izango dute 1837ko Konstituzioa, Isabel II.aren tronua eta horren ama ohoragarriaren erregeordetza defendatzen jarraitzeko; armak utzi nahi dituztenak, ordea, etxera itzuliko dira.

3. artikulua: Gure zerbitzuan jarraitzeko erabakia hartzen dutenak Armadako taldeetan sartuko dira, bai osoko soldadu gisa bai supernumerario moduan, beren armari dagokion ikuskapen-eskalan duten ordenaren arabera.

4. artikulua: Etxera itzultzea erabakitzen duten jeneral edo brigadierrek, kuartela eskuratuko dute eskatzen duten lekuan, arauz dagokien soldatarekin: buruzagi eta ofizialek lizentzia mugagabea edo erretirokoa eskuratuko dute arauz dagokien moduan. Inork aldi baterako lizentzia nahiko balu, dagokion armaren inspektorearen bidez eskatu beharko du eta onartua izango zaio, atzerritarren kasuan salbuespenik egin gabe; kasu horretan, Baldomero Espartero Kapitain Jeneralaren eskaria egin ostean, hark dagokion pasaportea emango die eta, aldi berean, eskariak abiaraziko ditu Maiestatearen onarpena gomendatuz.

5. artikulua: Atzerrirako aldi baterako lizentzia eskatzen dutenek, itzuli arte euren soldatak jaso ezin dituztenez, Errege Aginduen arabera,

Baldomero Espartero kapitain jeneralak lau soldata ordainduko dizkie, emandako ahalmenen arabera, eta artikulu honetan klase guztiak sartuko dira, jeneraletik hasi eta teniente-ordearena barne.

6. artikulua: Aurreko artikuluak ejertzitoko kide guztiei dagozkio; hitzarmen hau berretsi eta hamabi eguneko epean aurkezten diren langile zibilei ere luzagarri zaizkielarik.

7. artikulua: Nafarroa eta Arabako dibisioak Gaztela, Bizkaia eta Gipuzkoako dibisioak bezala aurkezten badira, aurreko artikuluetan adierazten diren emakida berberak izango dituzte.

8. artikulua: Baldomero Espartero Kapitain Jeneralaren eskuetan jarriko dira Rafael Maroto Teniente-jeneralaren mederapenean dauden artilleriak, arma-lantegiak eta arma-, arropa- eta, janari-gordailuak.

9. artikulua: Bizkaia eta Gipuzkoako probintzietako tropen presoak eta Gaztelako dibisioko tropetakoak, hitzarmen honetako artikulu guztiekin ados daudenak, aske geratuko dira eta hitzarmenean gainerakoentzat adierazten diren abantailak izango dituzte. Ados ez daudenak preso izaten jarraituko dute.

10. artikulua: Baldomero Espartero Kapitain Jeneralak gerra honetan hildakoen alargun eta umezurtzak aintzat hartzea eskatuko dio Gobernuari, hark Gorteari eska diezaion, hitzarmen hau osatzen dutenei dagokienez: -Espartero -Iturbe -Cuevillas -Francisco Fulgosio- Cabañero -Díez Mogrovejo -Lasala -José Fulgosio -Eguía -Selgas -López Cabañas -Lagartu.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Guerras Carlistas (1833-1876)» PARES . Noiz kontsultatua: 2019-11-24.
  2. (Gaztelaniaz) Bullón de Mendoza, Alfonso; Bullón de Mendoza, Alfonso. (2002). La Primera Guerra Carlista. Universidad Complutense de Madrid, Servicio de Publicaciones . Noiz kontsultatua: 2019-11-24.
  3. (Gaztelaniaz) «Desperta Ferro: Historia moderna» Dialnet . Noiz kontsultatua: 2019-11-24.
  4. (Gaztelaniaz) Antonio Pirala. 2019-02-01 . Noiz kontsultatua: 2019-11-24.
  5. Valugera, Alfonso Bullón de Mendoza Gómez de. (1986). La expedición real: auge y ocaso de don Carlos. ISBN 978-84-86593-00-1 . Noiz kontsultatua: 2019-11-24.
  6. «Bergarako besarkada - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus . Noiz kontsultatua: 2019-11-24.
  7. (Gaztelaniaz) «Abrazo de Vergara y Convenio de Oñati» España Fascinante . Noiz kontsultatua: 2019-11-24.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Foru

Hego Euskal Herriko foruak

Bergarako besarkada

Lehen Karlistaldia

1839ko legea

Zumalakarregi museoa