Okil beltz

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Okil beltz
BlackWoods.jpg
Iraute egoera

Arrisku txikia (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
Erreinua Animalia
Filuma Chordata
Klasea Aves
Ordena Piciformes
Familia Picidae
Generoa Dryocopus
Espeziea Dryocopus martius
Linnaeus, 1758
Hedapen mapa
Dryocopus martius distr.PNG

Okil beltza (Dryocopus martius) picidae familiako hegaztia da, Eurasiako basoetan bizi dena, Euskal Herrian ere bai.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gainerako okilekin gertatzen den bezala, bere moko luze eta gogorrarekin enborrak zulatzeko duen gaitasuna da bere ezaugarri deigarriena.

Okil beltza Europako okilen arteko handiena da, 45-48 cm-ko luzera eta 70-75 cm-ko hegal zabalera izanik; ia belearen tamainakoa baitugu. Lumaje beltza du erabat buru gainean izan ezik, bertan marra gorri zabala ageri duelarik (oso nabarmena du arren kasuan, emeetan aldiz garondoan kokatutako orbain txiki bat baino ez). Mokoa gris argia izaten du, eta begiak zuri-horiskak[1].

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Intsektu kortikalak (zuhaitz-enborretan bizi direnak), eta koleoptero xilofagoak dira okil beltzaren ehizakirik gogokoenak, eta hauek harrapatzeko behin eta berriro zulatzen ditu zuhaitz-enborrak, egindako zuloak gehienetan okila dagoela adierazten duten daturik nabarmenenak izanik.

Inurritegiren bat aurkitzen duenean ere ez du zalantzarik izaten lurrera jaisteko, eta bere mihi luzeaz baliatuz ase arte aritzen da bertan inurriak jaten.

Ugalketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizi den basoetan, otsailetik aurrera, argi entzun daiteke okil beltz arraren tarrapatada-hots ozena. Soinu hau atabal-erredoble lehor eta azkarraren modukoa izan ohi da, eta hegaztiak bere moko sendoaz adar ihartu bat joz sortzen du, bere bitartez emeak eta gainerako arrak oharterazten dituela.

Udaberria iristen denean, bikotea osatu ondoren, zuhaitz sendo eta handi bat aukeratzen dute, eta mokoaz zura zulatuz 20 cm diametro inguruko ganbara bikaina eraikitzen dute enborraren barnean habia gisa. Ganbara honen atari eliptikoa normalean hegoalderantz begira kokatuta egoten da.

Apirilaren azkenetan edota maiatzean emeak 4-5 arrautza zuri jartzen ditu bertan, eta txitoak 12-14 egunen buruan jaioko dira mundura, beren elikadura ar eta emearen kargu burutzen delarik. 20 egunetara txitoak jadanik habi ataritik kanpora begira hasiko dira, eta 27. egunerako irten eta inguruak miatzen. Hala ere oraindik txitoen elikadura gurasoen esku izango da, eta talde familiarra ez da bananduko bi hilabete igaro artean.

Taxonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azpiespezie bi ditu[2][3]:

Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

20. mendearen bigarren partean, Pirinioetako populazio bat zen txori honek Euskal Herrian zeukan presentzia bakarra. Zuberoa eta Nafarroan ikus zitekeen[4], baina mendebalderago ez zegoen arrastorik. 1985eko azterketaren arabera, esate baterako, bere presentzia Gipuzkoan anekdotikoa zen (Aralarko baso batean behin ikusia), eta ez zen beste zitarik Bizkaian eta Araban[5].

Baina 21. mendean, okil beltzaren eremua zabalduz joan da[4]. Aralartik barrena Gipuzkoara zabaltzen hasi zen lehenengo, mendirik mendi eta basorik baso (2001eko Gipuzkoako Atlasean 4 kuadrikulatan aipatzen da, Leitzaranen eta Aralarren). Arabarantz hedatu zen ondoren, eta azken urteotan Bizkaian ere gero eta ohikoago bilakatu da. 1985ean EAEn anekdotikoa izatetik, 2013an 39 kuadrikulatan aurkitu zuten.

2013tik hona izan duen hedatzea are bizkorragoa da[6][7]. Gehienetan pinadi eta pagadi helduei lotuta hedatzen da, baina badirudi bere behar ekologikoak ez direla uste genuena bezain zorrotzak (edo ondo egokitu dela azkenaldian "utzita" dauden pinu-landaketetara), eta apurka-apurka ia-ia eskualde guztietara ari da zabaltzen. Mendilerro nagusietan ohiko bilakatu da (Aralar, Aiako Harria, Aizkorri-Aratz parkea, Arabako mendilerroak, Urkiolako parke naturala...), eta dagoeneko kostalderantz ere zabaldu du bere eremua[4]. Hiriburu handietatik hurrean ere agertu izan da, gainera[8][9].

Honela, Euskal Herrian, Pirinioetako populazioak seguruenik bat egin du Iberiar penintsulako iparraldeko beste okil beltz multzoarekin, Europako Mendietakoarekin[4].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   «Okil beltza, zuhaitz-txikitzaile zoroa - Zientzia.eus», zientzia.eus, http://zientzia.eus/artikuluak/okil-beltza-zuhaitz-txikitzaile-zoroa/. Noiz kontsultatua: 2018-05-13 .
  2.   Zoonomen, Birds of the World -- current valid scientific avian names, http://www.zoonomen.net/avtax/frame.html .
  3.   Cornell Lab of Ornithology, Clement's Checklist 6.4, http://www.birds.cornell.edu/clementschecklist/Clements%206.4.xls/view .
  4. a b c d (Euskaraz)  Sarasua, Asier, «Okil beltzaren (Dryocopus martius) hedatze ikusgarria Euskal Herrian, Eibarrera heldu arte! — Eibar.ORG | Eibarko peoria», eibar.org, https://eibar.org/blogak/sarasua/okil-baltza-dryocopus-martius-heldu-da-eibarrera. Noiz kontsultatua: 2018-05-12 .
  5.   Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ornodun kontinentalen atlasa (chiroptera ezik) = Atlas de los vertebrados continentales de Alava, Vizcaya y Guipúzcoa : (excepto chiroptera), Eusko Jaurlaritza, Lurralde-Antolaketa eta Garraio Saila, Ingurugiro Sailordetza = Gobierno Vasco, Departamento de Política Territorial y Transportes, Viceconsejería del Medio Ambiente, D.L. 1985, ISBN 8475422160, PMC 434765731, https://www.worldcat.org/oclc/434765731 .
  6.   «Macizo del Gorbeia: Picamaderos negro, en rápida expansión», Macizo del Gorbeia, 2015-12-27, http://macizodelgorbea.blogspot.com.es/2015/12/picamaderos-negro-en-rapida-expansion.html. Noiz kontsultatua: 2018-05-12 .
  7.   Elkartea, Itsas Enara Ornitologia (2013-12-10), «Itsas Enara Ornitologia Elkartea: El picamaderos negro en Gipuzkoa», Itsas Enara Ornitologia Elkartea, http://ieoe.blogspot.com.es/2013/12/el-picamaderos-negro-en-gipuzkoa.html. Noiz kontsultatua: 2018-05-12 .
  8. (Euskaraz)  «Jakes Larre», www.facebook.com, https://www.facebook.com/jakeslarre/posts/10155219210098288. Noiz kontsultatua: 2018-05-12 .
  9.   Carazo, Oscar (2017-05-16), «AVESANTURTZI: PICAMADEROS NEGRO,..... MUERTO», AVESANTURTZI, http://oscarcarazo.blogspot.com.es/2017/05/picamaderos-negro-muerto.html. Noiz kontsultatua: 2018-05-12 .
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Okil beltz Aldatu lotura Wikidatan
Wikispezieetan bada informazioa gehiago, gai hau dela eta: Okil beltz