Omentu nagusi
Omentu nagusia | |
---|---|
Xehetasunak | |
Prekurtsorea | Mesenterio dortsala |
Arteria | Epiploi arteriak eta urdail-omentuetako arteriak |
Funtzioa | 1) Abdomena fijatu eta horren odoleztapena erraztu
2) Infekzioen aurkako isolamendua 3) Angiogenesia |
Identifikadoreak | |
Latinez | Omentum |
TA | A10.1.02.201 |
FMA | 9580 |
Terminologia anatomikoa |
Omentu nagusia (epiploi handia, omentu handia edo omentu gastrokolikoa ere deitua) enbrioiaren mesogastrio dortsaletik eratzen den lau orriko peritoneozko egitura da. Urdailaren makurdura nagusitik eta duodenoaren eremu proximaletik jaisten da, heste meharra eta heste lodiaren zeharkako kolona guztiz edo partzialki estaliz [1]. Epiploi nagusia beherantz abiatzen da eta hipogastrio eremura iritsi baino lehen atzerantz tolesten da goranzko ibilbidea hartuz zeharkako kolonaren tenia omentalarekin bat egiteko. Abdomenean zehar hedatzen da eta pelbiseraino iristen da horren beheko eremutik [2][3].
Omentu txikiarekin batera Winslow-en hiatoa edo omentu zuloa eratzen du, eta haren bidez, dortsaldean dagoen eta abdomeneko barrunbe txikia den omentu poltsara igaro daiteke. Modu horretan abdomeneko barrunbe nagusiarekin komunikatuta egongo da.
Latineko omentum hitzetik dator [4] eta abdomen barrunbea aurreko aldetik irekitzerakoan lehenengo ikus daitekeen egitura da.
Egitura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Abdomenaren gainean kokatzen den geruza gardena da.
Elkarren gainean tolesten eta fusionaten diren bi peritoneo-orriz eratzen da orri bakoitzak bere errai- eta pareta-orria dituelarik. Gazteetan geruzak ikus daitezke, baina helduetan estuki lotuta egon ohi dira. Ibilbidean zeharkako kolonak duen mesokolonak, abdomenaren atzeko paretara lotuko denak, bat egiten du, omentu nagusiaren atzeko orriarekin. Orduan, omentu nagusia zeharkako kolonera lotuta geratuko da eta horregatik omentu nagusia altsatzean, ez da urdailaren bihurgune nagusia ikusten baizik eta zeharkako kolona. Goranzko eta beheranzko kolonean, omentu nagusia ez dago lotuta.
Omentu nagusia itxura zulatua duen egitura mehea da eta oso baskularizatuta dago. Bertan gantza metatzen da, obesitate kasuetan, bereziki. [5]
Neurriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pazientearen adinaren eta bizi ohituren arabera, omentu nagusiaren tamaina eta neurriak alda daitezke, hala ere, gizon heldu batean:
- Pisua: 1kg
- Azalera: 400cm2
- Zabaleran: 22cm, baina 46cm izatera hel daiteke
- Luzeran: 18cm baina 36cm izatera eta pubisaren sinfisian lotzera irits daiteke.
Estaltzen duen eremua testuliburu baten duen tamainarekin alderatu daiteke. [3][5][6]
Funtzioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Abdomeneko erraiak fijatzea eta horien odoleztapena erraztea. Urdailak zenbait lotailu ditu beste errai batzuekin elkartzeko eta horiek omentu edo epiploi izena hartzen dute; zehazki, epiploi nagusia eta epiploi txikia bereizten dira [2][7].
- Infekzioen aurkako isolamendua. Omentu nagusian linfa-gongoil ugari daude eta gongoiletatik sortzen diren makrofago eta linfozitoek abdomeneko edo digestio-hodietako infekzioei aurre egiteko gaitasuna ematen diote [2].
- Angiogenesia. Inguruko odol-hodien sorrera burutu dezake iskemia bat gertatzen denean. Hori, fibroblastoen hazkuntza faktorea (FGF) eta endotelio baskularraren hazkuntza faktorea (VEGF) sortzeko eta jariatzeko gaitasuna duelako gertatzen da [3][8].
Jatorri enbriologikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Epiploi nagusia enbrioiaren mesenterio dortsaletik garatzen da. Enbrioi garaian mesenterio dortsalak urdaila eta atzeko abdomen pareta lotzen ditu.
Garapenean zehar, urdailak aldaketak jasaten ditu, hala nola, eskumaranzko 90º-ko biraketa. Ondorioz, mesenterioa atzetik ezkerraldera igarotzen da aurrealdeko mesenterioa, ordea, eskuinaldera.
Era berean, urdailak aurretik atzera doan ardatz horizontalaren inguruan ere biratzen du ezkerreko aldea edo makurdura nagusia beherantz begira kokatuz. Horren eraginez, mesenterioa tolestu eta hesteetarantz hedatuz doa abdomenaren ia eremu osoa estali arte. [6]
Odoleztapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arteriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Epiploiko odoleztapena eskuineko eta ezkerreko urdail-omentuetako anastomositik eratortzen diren eskuineko, ezkerreko eta erdiko arteria epiploikoek burutzen dute.
- Eskuineko omentu arteria edo epiploikoa. Handiagoa da eta aurreko azalera odoleztatzen du. [3]
- Ezkerreko omentu arteria. Txikiagoa da eta atzeko aldea irrigatzen du. [3]
Arteria hauek epiploia eratzen duten errai-peritenoaren bi orrien artetik bideratuko dira odoleztapena burutzeko.
Eskuineko eta ezkerreko urdail-omentuetako arteriei eskuineko eta ezkerreko arteria gastroepiploiko ere deitzen zaie.
- Eskuineko urdail-omentuetako arteria. Urdail-duodenotako arterian du jatorria eta azken hau era berean, gibel arteria batuaren adarra da. Urdail-duodenotako adarra duodeno atzekaldetik sortzen da eta piloroaren mailaraino doa. Piloroaren beheko ertzean izenez aldatzen du eta jarraipena eskuineko urdail- omentuetako arteria izango da. Arteria hau urdailaren bihurgune nagusitik doa omentu nagusiarekin batera, ezkerrerantz eta bidean adarrak emango ditu bai urdailarentzako zein omentuarentzako eta bere ezkerreko homonimoarekin anastomosia egingo du.
- Ezkerreko urdail- omentuetako arteria. Bare-arterian edo arteria esplenikoan du jatorria honek ematen duen azken adarra izanik. Arearen buztanaldearen aurretik abiatuko da eta urdailaren bihurgune nagusitik bideratuko da eskuinerantz, bihurgune eta omentu nagusiaren artetik. Honek, omenturako eta urdailerako adarrak emango ditu eta anastomosia eratuko du eskuineko urdail-omentuetako arteriarekin (homonimoarekin).
Gibel arteria batua eta bare-arteria enbor zeliakotik datoz. [6]
Zain itzulera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Omentu naguisaren zain itzulera burutzen duten zainek arterien izen bera izango dute:
- Eskuineko urdail-omentuetako zaina. Goiko mesenterio zainean drainatuko du eta honek era berean, porta zainean. [9]
- Ezkerreko urdail- omentuetako zaina. Bare-zainean edo zain esplenikoan drainatuko du eta honek ere azkenik portan drainatuko du. [9]
Garrantzi klinikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ebakuntza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Epiploiak ez dira ezinbesteko organoak eta ebakuntzan erauz daitezke ondorio larririk ekarri gabe. Omentu nagusia erauzteko prozedurari omentektomia deritzo eta sinplea izan ohi da. Normalean, minbizi-ehuna omentura heda daitekeen kasuetan egiten da. Horren adibide dira obulutegiko minbizia eta endometrioko minbizi aurreratua edo erasokorra, hesteetako minbizia eta apendizeko minbizia. [2]
Patologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Omentu nagusiari lotutako hainbat patologia deskribatzen dira :
1) Lesio infiltratibo multifokalak. Gehien nagusitzen direlarik.
- Peritoneoko kartzinomatosia
- Peritonitis tuberkulosoa
- Peritoneoko mesotelioma gaiztoa
- Peritoneoko pseudomixoma
- Linfomatosia
2) Masa sortzaileak diren lesio kistiko edo solidoak
- Neoplasma primario eta sekundarioak
- Prozesu infekziosoak
3) Gaixotasun anitzak
- Omentu nagusiko infartua
- Hematoma
- Hernia
- Gorputz arrotzengatiko granuloma[10]
Omentu nagusiko infartua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ez-ohiko prozesua da , ez baita oso ezaguna eta abdomeneko minaren beste kausa batzuk simula ditzake . Horrez gain, ez da presuntzio-diagnostiko bat izaten, ez da anamnesi ezta galdeketa bidez detektatzen.[11]
Bizitzako laugarren eta bosgarren hamarkadetan ematen da gehienetan, eta gehienbat gizonezkoei eragiten die. Egitura honen segmenturen bat infartatzen denean nekrosi aseptiko bat gertatzen da, hau da, hezurren batera bideratzen den odol-fluxua galtzearen ondorioz hezurra hiltzen da. Ondorioz, hanturazko prozesu bat sortzen da, maiz peritoneo parietalari edota abdomen paretari eragiten diona. Kasu gehienetan, kausa ezezaguna da.
Badaude zenbait teoria omentu nagusiaren infartua ezohiko odoleztapenaren edo odol-hodiak hauskorrak izatearen eraginez gertatzen dela defendatzen dutenak. Irrigazio kalte horiek maizago agertzen dira eskuineko erdian, luzeagoa eta mugikorragoa baita. Beste kasu batzuetan, posible da infartua abdomen barneko patologien ondorio sekundario bezala ematea (hernia, hantura-baldintza kroniko, itsaspen, neoplasia, etab.)
Omentu nagusiko infartuaren eraginez abdomeneko min handi eta intentsoa agertzen dira, orokorrean eskuineko hobi iliakoan. Batzuetan, sintomatologia inespezifikoa ager daiteke, beste patologia abdominalen bat simulatzen duena apendizitisa, kolezistisisa, etab. Azken horiek ezohikoak diren zenbait sintoma eragin ditzakete, goragalea, botaka egitea eta beherakoa, besteak beste. [11][12]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ r01epd0122e4ed314423e0db04c97a47b5baa317f, r01e00000ff26d465bca470b8832717fd08b75808. «epiploi - Kultura saila - Euskadi.eus» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2021-12-12).
- ↑ a b c d (Ingelesez) Greater omentum. 2021-09-29 (Noiz kontsultatua: 2021-12-12).
- ↑ a b c d e (Gaztelaniaz) Epiplón. 2020-11-03 (Noiz kontsultatua: 2021-12-12).
- ↑ (Gaztelaniaz) «OMENTO» Etimologías de Chile - Diccionario que explica el origen de las palabras (Noiz kontsultatua: 2021-12-12).
- ↑ a b «Omentos mayor y menor | Acland. Video Atlas De Anatomia Humana» es.aclandanatomy.com (Noiz kontsultatua: 2021-12-12).
- ↑ a b c (Ingelesez) Wang, Andrew W.; Prieto, James M.; Cauvi, David M.; Bickler, Stephen W.; De Maio, Antonio. (2020-04). «The Greater Omentum—A Vibrant and Enigmatic Immunologic Organ Involved in Injury and Infection Resolution» Shock 53 (4): 384–390. doi: . ISSN 1073-2322. PMID 31389904. PMC PMC7000303. (Noiz kontsultatua: 2021-12-12).
- ↑ «Anatomía y fisiología del peritoneo | Gastroenterología | AccessMedicina | McGraw Hill Medical» accessmedicina.mhmedical.com (Noiz kontsultatua: 2021-12-12).
- ↑ «El epiplón: aspectos anatómicos, metabólicos y quirúrgicos - Artículos - IntraMed» www.intramed.net (Noiz kontsultatua: 2021-12-12).
- ↑ a b Schünke, Michael. (cop. 2022). Prometheus : texto y atlas de Anatomía. vol. 2. / Órganos internos. (5ª ed., mejorada y ampliada. argitaraldia) Editorial Médica Panamericana ISBN 978-84-9110-624-1. PMC 1263224060. (Noiz kontsultatua: 2021-12-15).
- ↑ Yoo, Eunhye; Kim, Joo Hee; Kim, Myeong-Jin; Yu, Jeong-Sik; Chung, Jae-Joon; Yoo, Hyung-Sik; Kim, Ki Whang. (2007-05-01). «Greater and Lesser Omenta: Normal Anatomy and Pathologic Processes» RadioGraphics 27 (3): 707–720. doi: . ISSN 0271-5333. (Noiz kontsultatua: 2021-12-12).
- ↑ a b López Rubio, María Antonia; Martínez Ruiz, Yolanda. (2011-10). «Una causa infrecuente de dolor abdominal: el infarto de omento» Revista Clínica de Medicina de Familia 4 (3): 254–255. doi: . ISSN 1699-695X. (Noiz kontsultatua: 2021-12-12).
- ↑ (Gaztelaniaz) Criado Martín, Irene; Andrino Díaz, Nuria Fe; López-Dóriga Bonnardeaux, Pedro. (2018-03). «Infarto de omento: una causa inusual de abdomen agudo» Revista Española de Geriatría y Gerontología 53 (2): 117–118. doi: . (Noiz kontsultatua: 2021-12-12).