Omohioideo gihar

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Omohioideo gihar
Musculus omohyoideus.png
Xehetasunak
Jatorria Omoplatoa
Insertzioa Hioidea
Arteria Goiko tiroide arteriaren adar infrahioideoa
Lepoko zeharreko arteriaren azaleko lepoko arteria
Mihi arteriaren adar suprahioideoa
Beheko tiroide arteria
Nerbioa Lepoko euskarria
Identifikadoreak
Latinez '
TA A04.2.04.003
FMA 13342
Giharren terminologia anatomikoa
Musculi colli omohyoideus.svg

Omohioideo giharra, omoplatohioideo edo eskapulohioideo ere deitua, eskapularen goiko ertzetik hioide hezurrera luzatzen den gihar zapal, luze eta mehe bat da. Gihar digastrikoa da eta bere erdialdean tendoi zilindriko bat dago bi sabelak bereiziz. Goiko sabela gihar infrahioideoetatik albokoena da, esternotiroideo eta tiroihioideo giharren alboan dagoelako.

Lotuneak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beheko sabela eskapularen goiko ertzeko muxarradura korakoideoaren barnealdera lotzen da. Ondoren barrurantz eta aurrerantz jarraitzen du lepoko pakete baskulonerbiotsuaren azalaldetik igaroko delarik eta zain jugularraren gainean tarteko tendoia osatzen du. Tarteko tendoiaren ondoren goiko sabela agertuko da eta honek goranzko norabidea hartuko du. Goiko sabela hioide hezurraren kanpoko aldera eta honen adar handira lotuko da, esternokleidohioideoaren kanpoaldean.

Erlazioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gihar honen eskapulako lotunea trapezio giharrak estaltzen du. Eskapularen gaineko eremutik pasatzean, omohioideoaren aurreko aurpegia lepauztaiarekin eta gihar subklabioarekin erlazionatzen da eta ondoren bere gainetik soilik aponeurosia eta azala egongo dira. Ondoren, aurreko aurpegi hori esternokleidomastoideoaren sakonaldetik igarotzen da eta gurutzatu ondoren berriz azalekoa bihurtzen da.

Omohioideo giharraren atal sakona gihar zerradun nagusiarekin erlazionatzen da bere jatorrian. Ondoren eskaleno giharrekin, plexu brakialarekin eta lepoko pakete baskulonerbiotsuarekin (barneko jugular, karotida komun eta nerbio bagoz osatua) erlazionatuko da. Azkenik, giharraren atal bertikala tirohioideo eta esternotiroideo giharrek banatuko dute tiroide guruinetik eta faringetik.

Omohioideo giharraren beheko sabelak lepoko atzeko hirukia banatzen du garondo hirukian (goiko hirukia ere deitua) eta lepouztaipeko hirukian (beheko hirukia ere deitua). Giharraren goiko sabelak berriz, lepoko aurreko hirukia banatzen du karotida-hirukian (goiko hirukia) eta gihar-hirukian (beheko hirukia).[1]

Ekintza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hioide hezurra jaitsarazteaz gain, inspirazioan lepoko zain zirkulazioa errazten du lepoko erdiko aponeurosia tinkatuz.

Inerbazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Omohioideo giharra hipoglosoaren euskarriak inerbatzen du; C1, C2 eta C3 nerbioek osatzen dutena. Hala ere, goiko sabela hipoglosoaren euskarriaren goiko erroak bakarrik inerbatzen du, C1 nerbioaren zuntzak bakarrik dituenak.

Irrigazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irrigazio arteriala jasotzen du goiko tiroide arteriaren arteria infrahioideotik, lepoko zeharreko arteriaren lepoko azaleko arteriatik, mihi arteriaren adar suprahoideotik eta enbor tirozerbikaleko beheko tiroide arteriatik.

Irudiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez)  Jacob, Sam (2008), Human anatomy, Elsevier, 189. orrialdea, ISBN 978-0-443-10373-5  .

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Omohioideo gihar Aldatu lotura Wikidatan