Os Lusíadas

Wikipedia, Entziklopedia askea
Os Lusíadas
Os Lusíadas liburuaren lehen edizioa (1572)
Datuak
IdazleaLuís de Camões (1572)
Argitaratze-data1572 (egutegi gregorianoa)
GeneroaEpikoa
Jatorrizko izenburuaOs Lusíadas
HizkuntzaPortugesa
Herrialdea Portugal

Os Lusíadas Luís de Camões portugaldar idazlearen poema epikoa da. 1572an argitaratu zen lehen aldiz. Portugesezko literatura osoko obra gorenekotzat jotzen da.

Lisboako presondegian, Macaun, Goako gartzelan eta Izurri Handiaren garaian idatzi zuen Camõesek epopeia hau, eta zorigaitz horiek guztiek, idazlearen gogoan eragina izateaz gainera, haren idazlan hoberena idazteko baitezpadakoak zitzaizkion beste errealitate batzuk hurbiletik ezagutzeko aukera ere eman zioten.

Gertakizuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Poemaren hasieran, Vasco da Gama eta haren ontzidia aurkezten dira ozeanoan, Madagaskar uhartearen eta Etiopiako kostaren artean; lehorreratzeko hainbat ahalegin egin ondoren, azkenean lortzen dute itsasertzera heltzea eta harrera ona egiten diete Melinda erregearen erresuman. Han, Vascok ordu arteko itsas ibilbidean jazo zaizkion gertakari harrigarriak kontatzen dizkio erregeari, Adamastor erraldoi beldurgarriaren istorioa barne dela, zeinak, Tetisek lurrezko bihurturik -Esperantza Oneko lurmuturra-, ez baitzien utzi nahi Ozeano ezezagunean sartzen, jasan beharko zituzten zorigaitz ikaragarriak iragartzen zizkiela.

Kontakizun horren ondoren, Vasco berriro itsasoratzen da bere ontzidiarekin eta Malabar kostako Calicutera heltzen da. Herrialde hartan egin zieten harrera, abenturak eta itzulerako bidaia kontatzen dira olerkiaren amaiera arte. Azkenean, Portugalgo erregearen oinetan uzten dituzte beren bidaldi luzean eskuratutako opariak.

Analisia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esan liteke Os Lusíadas dela Pizkundeak eman zuen gai modernoko epopeia handi bakarra: Portugalen eta herrialde haren konkisten historia kontatzen da, Vasco da Gamak Indiara egindako bidaiaren kontakizunean aitzakia harturik. Nabaria da, obran, Ludovico Ariostoren eragina, zortziko errimatuen erabileragatik, eta Virgiliorena, berriz, olerkiaren bertso egituran antzematen da. Hala ere, funtsezko ezaugarri batek bereizten du Camõesen lana aipatutako beste bien obretatik: italiarra fabulazioan eta erromatarra mitologian oinarritzen ziren bezala, Camõesek Europako beste ezein epikak ezin izan zuena lortu zuen, hau da, arazo historiko bat, arranditsua eta epikoa izanik ere, literaturaren errealitatera aldatzea.

Os Lusiadas-en modu zoragarrian ehotzen dira historia eta elezaharra, kristauen mundua eta jentilena, eta harrigarriro bilbaturik daude ideia kristauak eta mitologia paganoa. Esate baterako, portugaldar espedizioaren xede handietako bat Camõesek berak baiesten duenez- Kristoren fedea zabaltzea eta islama errotik erauztea zen, eta eginkizun horretan, Venus zen portugaldarren babesle handia, eta Bako, aldiz, etsairik handiena. Azkenean, jainkoen batzar batean, Jupiterrek islamaren erorketa eta Ebanjelioaren garaitia iragartzen ditu.

Obra honetan, elkarrekin ezin uztartuak diruditen hiru elementu batzea eta maisutasun handiz garatzea lortzen du Camõesek: klasizismo greko-erromatarra, Erdi Aroko kultura tradizioa eta abertzaletasun humanista. Portugaldar poeta handiaren ahalegin handienetako bat, izan ere, ekialdeko eta mendebaldeko zibilizazioak hurbiltzea izan zen. Ez da harritzekoa, nolanahi ere, bizitzaren erdia ekialdean eman ondoren, hango kultura estimatzen ikasi izana: kultura unibertsalaren sehaska izatea aitortzen zion Camõesek.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]