Edukira joan

Venus (mitologia)

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Venus (mitologia)
Antzinako Erromako erlijioa
Ezaugarriak
Jatorrizko izenaVenus
Sexuaemakumezkoa
BaliokideakAfrodita, Turan (en) Itzuli eta Venus (en) Itzuli
Domeinuamaitasuna, giza sexualitatea, Sedukzioa, Edertasuna, Emetasuna eta udaberria
Familia
Ezkontidea(k)Vulkano
Seme-alabakFormido (en) Itzuli eta Kupido
Artikulu hau erromatarren jainkosari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Venus (argipena)».

Venus[1], erromatar mitologian, jainkosa garrantzitsu bat zen, nagusiki maitasuna, edertasuna eta ugalkortasunarekin lotua. Gutxi gora-behera, greziar mitologiako haren baliokidea Afrodita zen, Venus erromatarra askoz boteretsuagoa eta gurtuagoa zen arren. Erroman, garaipenaren, ugalkortasunaren eta prostituzioaren jainkosa era bazen.[2] Vulkanoren emaztea zen, erromatar herriaren arbasotzat hartzen zen bere sortzaile mitikoa izan zen Eneasen bidez, eta paper garrantzitsua izaten zuen jai eta mito erlijioso erromatar ugaritan.

Interpretazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ikur astrologikoa

Astrologian, Venusek sentimendua irudikatzen du eta, bere espresio gailenean, maitasuna. Haren ikurra sexu femeninoa irudikatzeko erabiltzen da.

Psikologia analitikoan, femeninoa arima da, emakumeari, bere pentsamendu eta sentimendu bereziki femeninoak modu zuzen batean adierazten laguntzen dion indarra, kulturalki inposatutako garapen maskulino batetik kopiatutako eskema baten bidez egin beharrean.

Venus Ispiluan, Velazquezena

Haren gurtza Lazioko Ardea eta Lavinio herrietan hasi zen. K.a. 293ko abuztuaren 15ean: ezagutzen den haren omenezko tenplurik antzinakoena eskaini zioten eta, abuztuaren 18an, Vinalia Rustica deritzon jaia ezarri zen.

K.a. 295ean eraiki zen tenplua Venus Obsequensi (Esaneko Venus) eskainia zegoen Aventino mendian, Q. Fabius Gurgesek egina, jainkosak lagundu ziolako samniten aukako kanpainan. Hala ere, tenplua greziar gurtzaren osagaiekin (Afroditaren kultuez) nahastuta zegoen eta ez zen sorkuntza berria.

217an, Erromak galera handi bat izan zuen Trasimeno lekuaren borrokan kartagotarren aurka, erromatarren laguntza eskatu zieten erlijio adituei. Sibiliako orakuluak iradoki zuen Erromak Venus Erixina (Erix mendikoa, egungo Erice herrian, Venusa) bere alde jartzeko konbentzitzea lortzen bazuen, orduan gerra irabaziko zutela. Erromak Erix setiatu zuen, jainkosari tenplu bikain bat eskaini zion eta bere irudia hirira eraman zuen. K.a. 215eko apirilaren 25ean, Porta Collinatik kanpo tenplu bat eskaini zioten, Kapitolino muinoan, Irudi atzerritar hori bihurtu zen azkenean Erromako Venus Genetrix (Venus ama). Kapitolino muinoan Venus Genetrixen inguruan sortu zen gurtza goi klaseentzat zen, baina K.a. 181ean eta K.a. 114 urtean, berriz, plebeioentzat Venus Erixina eta Venus Verticordia gurtzeko tenpluak ezarri ziren.[2]

Aradne Staples ikeralariak dio, Venus kategoria ezberdinetako gurtzaileak elkartzeko ahalmena zuela, eta horregatik bere kultuan eta jaietan, matronak (emakume hiritar ezkonduak) eta emagalduak edo gizonak eta emakumean, elkar zitezkeen.[3]

Venusen hilabetea apirila zen, udaberriaren eta emankortasunaren hasiera, orduan ospatzen baitziren jaialdi gehienak. Apirilaren 1ean Venus Verticordiaren omenezko jaialdi bat ospatzen zen, Veneralia izenekoa. Hilaren 23an, Vinalia Urbana ospatzen zen, Venus (ardo profanoaren jainkosa) eta Jupiterri edo Venusi eskainitako ardoaren jaialdia zena eta Venusen tenpluan ardoa isuriz ospatzen zena. Vinalia Rusticia abuztuaren 10ean ospatzen zen. Venusen jaialdirik zaharrena zen, eta Venus Obsequensen itxurarekin lotuta zegoen. Irailaren 26a zen Venus Genetrix, Erromako ama eta babeslearen jaialdiaren data.

Erix mendiko gurtza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mitologiaren arabera, Eneas heroiak bere amaren omenez Siziliako Erix mendian eraiki zuen tenplua. Iturriek diotenez, tenplu hori Klaudio enperadoreak zaharberritu zuen eta bertan edalontzi eta objektu preziatu ugari kontserbatzen ziren.

Gainera, badakigu bertan bi jai ospatzen zirela: Anagogia, jainkosa tenplutik Libiara joan zela ospatzeko, usoen migrazio garaian, usoak jainkosaren babesle eta laguntzaile hegaztiak zirela uste zelako. Tenpluaren inguruan usorik ez zegoenean, Libiara joanak zirela esaten zen. Usoak berez, hegazti migratzailea da, eta espezie batzuek, Europa eta Afrika arteko bidalia egiten dute.[4]

Ondoren, usoak Siziliara itzultzeko garaian, Katagoagia ospatzen zen, kontrakoa ospatzeko: jainkosa eta usoak tenplura itzultzea. Jainkosa, epiteto horrekiin, Ericen eta Arkadiako Psofisen gurtua zen, eta Erroman bertan bi tenplu zituen, bata gorago aipatu den Kinto Fabio Maximok Kapitolioan eraikitakoa eta bestea, Luzio Portzio Likinok Liguriarren gerran eraikia.[5]

Venus eta politika

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Jules Zesar txanponaren alde batean eta eskuan hegaldun Victoria eskuan duen aurkako Venus aldean. K.a. 44. urteko otsaila edo martxoa.
Bruttia Crispina, Komodoren emaztea aurkian, eta tronuan dagoen Venus Felix, hegaldun Victoria eskuan duela, ifrentzuan.

Erromatar Errepublikaren amaieran, erromatar batzuek Venusen faborea zutela adierazi zuten, eta haren alde lehiatu ziren; Silak, adibidez, Felix izena hartu zuen, "zoriontsua" latinez, eta esaten zuen Venus Felixek babesten zuela. Ponpeiok K.a. 55 urtean Venus Victrixi, garaipenaren Venus-i, tenplu bat eskaini zion. Julio Zesarrek Venus Victrixi eta Venus Genetrixen mesedea jasotzen zuela esaten zuen, eta bere gainera, bere familiaren, Venusen ondorengoak omen ziren, Eneas heroiaren ondorengoak baitziren, eta Hadrianok (K.o. 139an) tenplu bat eskaini zien Venusi eta Roma Aeterna jainkosa-pertsonifikazioari, eta Venus erromatar estatuaren ama babesle bihurtu zuen.[2]

Venusekin lotutako jainkosak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Venus greziar mitologiako Afroditarekin eta etruriar mitologiako Turanekin lotuta egoten zen, bi horien ezaugarriak hartuta. Gainera, beste mitologia batzuetako maitasunaren jainkosarekin parekatu izan da: Rembha hindua, Milda lituaniarra, Frigg eta Freyja eskandinaviarra, Ishtar mesopotamiarra, Isis egiptoarra, Inanna sumertarra, Astarte feniziarra, Reitia veneziarra, Uni-Aster (Pyrgiko laminak), Suadela eta Ushas vedatarra. Asko Venusekin ematen zaion sanskritozko vanas epitetoaz ere (nahia, desira esan nahi du eta Venusen kognadoa da) lotuta daude, "nahi" esanahiko berreraikitako wen erroaren bidez harreman aurreindoeuroparra iradokitzen duena.

Venusekin egiten den beste parekatze interesgarri bat Auseklis jainko letoniarra da: haren izena aus ("egunsentia") errotik dator. Hura eta Meness (ilargia) Dieva deli (jainkoaren seme-alabak) dira.

Campo Iemini VenusVenus Kapitoliarra edo Venus Pudikaren erako haitzurdinezko estatua, British Museum
Venus Milokoa
Venus bainua hartzen eta ninfak. Bremeniun kanpalekuan (High Rochesterren, Nurthumberland) XIX. mendean aurkitutako erromatar erliebea.[6]

Beste jainko eta jainkosa erromatar garrantzitsu batzuk bezala, Venusi zenbait epiteto ematen zaizkio, bere betebeharren arabera.

  • Venus Acidalia, Mario Servio Honoratoren arabera, Orkomenotik gertu zegoen Acidalia iturritik datorrena, non Venus Karite edo Graziekin bainatzen ohi zen, beste batzuk, izena, άκιδες acides hitzarekin lotzen duten arren "zaintzak" edo "arazoak".
  • Venus Cloacina (purifikatzailea), Venus eta etruriarren uretako jainkosa zen Kloazinaren arteko bateraketa bat, ziur aski, nabarmenki Erromako estolda sistema zen Estolda Nagusitik gertu kokatutako Venusen estatua baten emaitza. Estatua, erromatarren eta sabinarren artean bakea sinatu zen tokian bertan altxatzen zen.
  • Venus Ericina edo Erixina (txilarrekoa), jatorria Erix mendian (Sizilia mendebaldea) zuelako. Tenpluak eskaini zizkioten Kapitolino muinoan eta Porta Collinatik kanpo. Maitasun ez purua pertsonifikatzen du, eta emagalduen jainkosa zen.
  • Venus Genetrix (ama), erromatar herriaren arbaso bezala zuen paperean, amatasunaren eta etxeko bizitzaren jainkosa zen. Bere omenez jai bat ospatzen zen irailaren 26an. Venus, zehazki, juliar gensaren amatzat hartzen zenez, Julio Zesarrek tenplu bat eskaini zion Erroman. Izen hau, Afrodita/Venusen estatua mota ikonologiko bati ere ematen zaio.
  • Venus Libertina (libertoena), ziur aski, akats baten ondorioz sortu zen epitetoa, erromatarrek lubentina hitza (plazerezkoa edo suharra) libertinarekin nahastuz. Venus Libitinarekin lotua egon daiteke, Libentina, Libentia, Lubentina edo Lubentia ere deitua, hil jainkosa bat zen Libitinaren eta lehen aipaturiko Lubentinaren arteko nahasmenetik etor daitekeen epitetoa, Libitina eta Venusen arteko nahasketa batetara eramanez. Venus Libitinari Eskilino muinoan tenplu bat eskaini zitzaion.
  • Venus Murtzia (mirto zuahitzarena). Venus eta Murtzia edo Murtia jainkosa ezezaguna batzen zituen epitetoa, mirto zuhaitzarekin lotua zegoena, beste iturri batzuen arabera, nagikeriaren jainkosa zen arren.
  • Venus Verticordia (bihotz aldatzailea), bizioaren aurkako babeslea, bere omenez apirilaren 1ean jaia ospatzen zena. Erroman K.a. 114an eraiki zitzaion tenplu bat, apirilak 1ean eskaini zitzaiona, Liburu Sibilarren gidaritzapean, hiru birjina vestalen kastitatea bortxatu izanagatik.
  • Venus Victrix (garailea). Greziarrek ekialdetik heredatu zuten Afrodita armatuaren ikuspegi bat, non Ishtar jainkosa "gerraren jainkosa izaten jarraitzen zuen, eta Venusek, garaipena, Silari edo Julio Zesarri eman ziezaiokeen". Venus hau izan zen Ponpeiak tenplu bat eskaini ziona antzokiaren tontorrean, Marteren Zelaian, K.a. 55ean. Venus Victrixen omenezko aldare bat ere bazegoen Kapitolio muinoan, baita jaialdiak ere abuztuak 12an eta urriak 9an, azken honetan, urtero, sakrifizio bat eskaintzen zitzaiolarik. Arte neoklasikoan, titulu hau, sarri, "Venus garaile gizakien bihotzen gainean" zentzuan erabiltzen da, edo Parisen Epaiketaren testuinguruan (adibidez, Antonio Canovaren Venus Victrixa, Pauline Bonaparteren erretratu erdi biluzia eta etzandako bat).
  • Venus Caelestis (zerutiarra): Kartagotarren Tanit jainkosarekin asimilatu zen. Erromatarren munduan sartu zen, Eszipion Afrikakoak K.a. 146an Kartagoren azken hartzean babesa eskatu zionean erritu-devotio baten bidez.[7] Sarritan Juno Caelestis deitzen zitzaion, jainkosa babeslearen atributuekin, emankortasunaren jainkosa, konnotazio astral, gerlari, nabigazioarena, osasunarena eta inframunduarena ditu.[8] Afrika iparraldekoa zen Severotarren dinastiak bere gurtzak sustatu zuen.

Venusentzako beste epiteto esanguratsu batzuk Amica (laguna), Armata (armatua) eta Aurea (urrezkoa) dira.

Arte klasikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arte erromatar eta helenistikoak jainkosari buruzko aldaera ugari eman zituen, sarritan, Praxitelesen Knidoko Atenearen ereduan oinarritua. Euren gaia ezezaguna den eskulturaren garai honetako biluzte femenino ugari, artearen historia modernoan Venus deitzen dira, baita, jatorrian, jainkosarena beharrean, emakume hilkor baten erretratua izan bazen ere.

Venus Anadiomena, Tizianorena, 1525

Adibide batzuk:

Antzinaro ondorengo Artea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Venus, oso gai ezaguna bihurtu zen Pizkundeko eskultura eta margolaritzan. Bere egoera naturala larru gorritan egotea zen irudi klasiko bezala, sozialki onargarria zen arroparik gabe irudikatzea. Osasun sexualaren jainkosa bezala, neurri baterainoko edertasun erotikoa justifikatua zegoen, artista ugari eta hauen mezenasentzat erakargarritasun nabarmena zutena. Denboraren igaroan, antzinaro klasikoaren ondorengo artean, Venus hitzak biluzik zegoen emakume baten edozein erretraturi erreferentzia egiten zion, baita erretratuan agertzen zena jainkosa zela frogatzeko modurik ez balego ere.

Lan ospetsu batzuk, honako hauek dira:

Artisautza edo arte herrikoia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Venus Anadyomene: "Venus itsasotik ateratzen", jaiotzen denean, alegia. Biluzik dago eta bere adatsak bihurritzen ileko ura kentzeko. Eskuineko eskuan lehortzeko zapi bati hel diezaioke. Venus Genetrix bat irudikatzeko modu bat da. Pliniok bere Izadi historia idazlanean dio, bere garaien gai hori irudikatzen zuen margolan famatu bat zegoela. Gai bera irudikatzen duten beste eskultura eta mosaiko topatu dira, eta Frantzia iparraldean, iruditxoak egiten zituzten molde bidez, Inperioaren ipar-mendebaldean agertu izana direnak.[9][10]

Historiaurreko artean, 1908an Venus Willendorfekoa deritzon eskultura aurkitu zenetik, Paleolitoko Venus esaten zaie forma femenino biribildun eskultura txikiei. Benetan irudikatutako jainkosa zein den ezagutzen ez den arren, izen honentzako erresistentzia handiagoa suposatu du Venusen irudikapen klasikoaren eta gurtza irudi lodi eta ugalkor hauen arteko kontrasteak.

Tannhäuser Venusbergean, John Collierrena (1901), italiar quattrocentoko bereizgarria den urrezko dekoratua

Tannhäuserren Erdi Aroko elezahar alemaniarra, Venusen mitoaren hondar interesgarri bat da, bere gurtza, kristautasunak ezabatua izan ondoren ere denbora askoan bizirik mantendu zena.

Historia alemaniarrak, Tannhäuser zaldun eta olerkariak Venusberg (Venusen mendia) aurkitu zuela dio, Venusen lurrazpiko etxea zuten kobazulodun mendi bat, eta han eman zuen urte bete, jainkosa gurtuz. Venusberg utzi ondoren, Tannhäuserrek ausikiak sentitu zituen, eta Erromara bidaiatu zuen Urbano IV.ari, bere bekatuak barkatuak izatea posible ote zen galdetzera.

Urbanok, barkamena, bere makila loratzea bezain ezinezkoa zela erantzun zion. Tannhäuser joan eta hiru egunera, Urbanoren makila loratu egin zen. Mezulariak bidali ziren zaldunaren bila, baina hau, jada, Venusbergera itzuli zen, eta ez zuten sekula gehiago ikusi.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskaltzaindiaren 82. araua: Grezia eta Erromako pertsonaia mitologikoak
  2. a b c (Ingelesez) Garcia, Brittany. «Venus» World History Encyclopedia (kontsulta data: 2025-05-24).
  3. (Ingelesez) Staples, Ariadne. (1998). From Good Goddess to Vestal Virgins Sex and Category in Roman Religion. Routledge, 99-126 or. ISBN 9780415518949..
  4. «Palomas, tórtolas y otras migratorias - Especies cinegéticas | Ciencia y Caza: Tu web de caza, investigación y formación cinegética» www.cienciaycaza.org (kontsulta data: 2025-05-24).
  5. (Gaztelaniaz) «Venus Ericina | Latín y Roma» www.latinyroma.es 2023-06-21 (kontsulta data: 2025-05-24).
  6. (Ingelesez) Bruce, John Collingwood. (1875). Lapidarium Septentrionale. .
  7. Georges Duby (2018). Historia de las mujeres. La Antigüedad. Barcelona: Taurus. 603-604 or.. ISBN 978-84-306-2233-7.
  8. Uroz Rodríguez, Héctor. (2005). Sobre la temprana aparición de los cultos de Isis, Serapis y Caelestis en Hispania.  doi:10.14198/LVCENTVM2004-2005.23-24.09. ISSN 0213-2338. (kontsulta data: 2025-06-23).
  9. (Ingelesez) Berkshire Archaeological Society. « A miscellany of talks by BAS members | Berkshire Archaeological Society» www.berksarch.co.uk (kontsulta data: 2025-05-24).
  10. (Ingelesez) Saraceni, Jessica Esther. (2023-03-28). «News - Roman-Era Trash Pit in France Yields Venus Figurines» Archaeology Magazine (kontsulta data: 2025-05-24).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]