Edukira joan

Pierce Penniless

Wikipedia, Entziklopedia askea
Pierce Penniless
Jatorria
Egilea(k)Thomas Nashe
Sorrera-urtea1592
IzenburuaPierce Penniless
Ezaugarriak
Hizkuntzaingelesa

Pierce Penniless, His Supplication to the Divell (euskaraz, Pierce gizagaixoa, deabruari erreguka) Thomas Nashe idatziriko prosa satirikoa da, 1592koa[1].

1592an, Londresen, Thomas Nashe (1567-1601) Errenazimentuko idazle satirikoak Pierce Penilesse, his Supplication to the Divell ("Pierce gizagaixoa, deabruari erreguka") panfletoa argitaratu zuen. Bi urte geroago The Unfortunate Traveller ("Zorigaiztoko bidaiaria") ingelesezko lehen nobela pikareskoa idatziko zuen, baina arrakasta 1592ko panfleto satiriko harekin lortuko zuen, polemikaren eskutik[1].

Gabriel eta Richard Harvey idazleek gogor kritikatu zuten Nasheren eta bere lagun Robert Greenen lana. Anaien neurrigabekeriei erantzunez idatzi zuen Nashek panfletoa eta horrek ika-mika areagotu besterik ez zuen egin. Idazleen arteko gatazkak 1599ra arte iraun zuen; azkenean, Ingalaterrako Elizak esku hartzea erabaki zuen, arerioei elkarri mokoka jarrai zezaten galaraziz eta polemika behin betiko itxiz[1].

Harvey anaiak barregarri uzteaz gain (edo, zeharka, barregarri uzten jarraitzeko), Nashek zerrenda bitxia jaso zuen Pierce Penilessen; animaliak erabiliz, identifikatuta zeuzkan zortzi mozkor motak deskribatu zituen[1].

  • Lehen mozkor mota tximinoa da; saltoka, kantuan, oihuka eta dantzan dabil“.
  • Bigarren motako mozkorra lehoiarekin alderatu zuen: “Dena nahasten du, ingurukoak iraintzen ditu, gauzak puskatzen ditu eta hitz egiten dion edonorekin liskarra pizteko joera du”.
  • Hirugarren mozkorrak, berriz, txerriaren antza zuen: “Astuna da, erdi lo dago eta negar egiten du edari gehiago lortzeko”.
  • Laugarrenak ardien antzera jokatzen zuela esaten zuen: “Zuhurra da, isilik egoten da hitz egokia topatzen duen arte”.
  • Ahatea erabili zuen bosgarren mozkor mota deskribatzeko: “Eztia eta maitagarria da, eta alboan duenari musu ematen dio, zenbat maite duen esanez, eta betiko maiteko duela, besteak atzera maite ez badu ere”.
  • Seigarren mozkor motaren dohaina txinpantzearekin lotu zuen: “Edan eta edan egiten du mozkortu arte eta edaten jarraitzen du mozkorra pasa arte”.
  • Zazpigarrena akerra zen: “Mozkortzean, lizunkeria besterik ez du buruan”.
  • Azkenik, azeri gisako mozkorrak daude: “Herbeheretarrengan oso ohikoa, edariak azkarrago eta irudimentsuago bihurtzen ditu”.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d Irazustabarrena, Nagore. (2018ko urtarrilaren 21a). «Zortzi mozkor mota» Argia CC-BY-SA lizentzia.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]