Plastiko pelletek eragindako kutsadura

Wikipedia, Entziklopedia askea
Plastiko pelletak izadian. Kutsadura mota bat dira.
X-Press Pearl karga-ontzia.

Plastiko pelletek eragindako kutsadura itsasoko kutsadura mota bat da, eskala handiko objektu plastikoak fabrikatzeko erabiltzen diren partikuletatik sortutako hondakinek eragindakoa. Plastikozko bolatxoak dira, polietilenoarekin, polipropilenoarekin, poliestirenoarekin edo bestelako plastiko konposatuekin egiten dituzte, lehengai gisa erabiltzeko. Bolatxo forman garraiatzen dituzte. Objektu plastikoak pelletak galdatzeko prozesu baten bidez fabrikatzen dira, eta, normalean, fabrikazio- eta garraio-etapetan granuluak galtzen dira.

Plastiko pelletak dira itsas hondakinen iturri nagusietako bat. Kaliforniako Orange konderriko hondartzetako hiru hilabeteko ikerketa batean, ikertzaileek hondartzako kutsatzailerik arruntena zirela aurkitu zuten.[1]

Kutsadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Plastiko hauek mundu osoko ibai, hondartza eta aintziretako ertzetan ikus daitezke. [2]

1970eko hamarkada inguruan erregistratu zen lehen aldiz hondartzetan, kutsadura gisa, baina erabilera lehenago erregistratu da, 1940ko eta 1950eko hamarkaden inguruan.[3] Bolatxoak modu askotara iristen dira ozeanora, baita garraioko ustekabeko isuriak ere, eta azkar mugitzen dira, haizeak eramateko bezain txikiak baitira eta uretan ere flotatzen baitute. Ingurunean geratu ahala, deskonposatzen eta are txikiago bihurtzen jarraitzen dute, mikroplastikoak sortuz.[2]

Plastiko horiek ekosistema asko alda ditzakete, hegazti eta arrain batzuek beren janariarekin nahas baititzakete, eta gosez hil daitezke jan dituzten kantitateen ondorioz. Gainera, toxinak eta beste produktu kimiko kaltegarri batzuk (kutsatzaile organiko iraunkorrak) xurgatu ditzakete, eta arrainek irentsi ditzakete, pozoituz horrela; ondoren, giza kontsumorako harrapatuak baldin badira, pertsonengan bukatu daitezke. Gainera, haien azalean biofilmak sor daitezke, gizakientzat kaltegarriak diren patogenoekin.[2]

Talde ekologistek-eta salatu dutenez, plastikozko bolatxo horiek ez dira sailkatzen merkantzia arriskutsuen artean. Hala sailkatuko balira, garraiatzerakoan segurtasun neurri zorrotzagoak hartu beharko lirateke.[4]

Urtero material horren 230.000 tona inguru isurtzen dira itsasora, eta itsasoetako kutsaduraren arrazoi nagusietako bat dira. Hamarkadak behar dituzte desegiteko. Kostaldera iristen direnean, berriz, biltzeko zailtasun handiak sortzen dituzte, oso txikiak baitira —bost bat milimetroko diametroa izan ohi dute—, eta kontuz ibili ezean hondarretan barrena sar bailitezke.[4]

Istripuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Australian, 2017an[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Durbango portuan zegoen itsas edukiontzi batek ia bi mila milioi nurdle (49 tona) isuri zituen itsasora. Ondorioz, garbiketa ahalegin handiak egin behar izan ziren. Nurdle horietako batzuk Australia Mendebaldeko kostaldean ere aurkitu ziren.[5]

AEBn, 2018an[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kamioi istripu baten ondorioz, urdin distiratsu koloreko pelletak askatu zituzten Pocono Creeken eta Lehigh Valleyko (Pennsylvania) ibai-bideetan.[6]

AEBn, 2020an[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abuztuaren 20an, ekaitz elektriko batean, Asiatik zetorren 25 tona pellet zeramatzan edukiontzi bat erori zen CMA CGM Bianca ontzitik Mississippi ibaira, New Orleansen. Ez zen garbiketa ofizialik egin. Material arriskutsuen isuriak kostaldeko guardiaren eskumenpean daude, baina pinportak ez daude material arriskutsu gisa sailkatuta.

Sri Lankan, 2021an[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2021eko ekainaren 2an, X-Press Pearl karga-ontzia Sri Lankako kostaldearen aurrean hondoratu zen, produktu kimikoak eta mikroplastikoak isuri zituen eta herrialdearen historiako ingurumen-hondamendirik larriena eragin zuen.[7]

Galizian eta Portugalen, 2023an[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abenduaren 8an, itsasontzi batek zamaren zati bat galdu zuen Atlantikoan: uretara erori zitzaion kontainer bat, Viana do Castelo parean —kostaldetik 80 bat kilometrora—, Portugalgo iparraldean. Itsas korronteek azkar zabaldu zituzten uretara jausitako plastikozko bolatxoak. Abenduaren 13an, lehen bolatxoak agertu ziren Ribeiran (Galizia), eta hilabeteko epean, Galiziako kostalde gehienean zabaldu ziren bolatxo horiek, Asturiasko (Espainia) kostaldean ere ikusi zituzten. Espainiako Ingurumen auzietarako Fiskaltzak ikerketa bat egin zuen.[4]

Itsasontziaren armadoreak emandako datuen arabera, itsasora eroritako kontainerrak plastikozko bolatxoen mila zaku zituen, eta, zaku bakoitzak 25 kilo zituenez, 25.000 kilo inguru plastiko izan litezke itsasora jausitakoak.[4]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]