Polis

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Polis (antzinako grezieraz: πόλις, pólis, «civitas»), pluralean poleis (πόλεις), Antzinako Greziako hiri-estatuak izendatzeko erabiltzen den hitza da. Polis hiriari eta inguruko lurraldeari deitzen zitzaion. Askatasun eta autonomia politiko handia zuten eta ez zegoen hiriaren eta nekazal-guneen arteko liskarrik. Hiritarrik gehienak nekazaritzaren etekinetik bizitzen ziren. Polisak Antzinako Greziako ente politiko, sozial eta ekonomikoak ziren. Nahiz eta hizkuntza, erlijio, kultura eta arraza bera eduki, ezin izan zuten estatu bateratu bat osatu eta lehiakortasun handia zegoen polisen artean.

Oro har, hiri batek eta elikadura ziurtatzen zuen inguruko lurraldeak osaturiko estatu burujabea zen polisa. Eraketa molde hau Mesopotamiako hirietan agertu zen, eta gero ohikoa gertatu zen Ekialde Hurbilean eta Mediterraneo aldean: Sumer, Fenizia, Siria, Zipre, Kreta. Etruriarrena eta lehen erromatarrena ere izan zen hiri antolaketa honen eredua eta garapena Antzinako Greziari dagozkio. Izan ere, Grezian ehunka batzuk izan ziren; halako estatu txikien ugalketaren arrazoia izadia, mendiek eta itsasoak mugaturiko lurraldeak, eta tribu zein erlijio zatiketak dira.

Hiri horietako gehienen historia eta konstituzioa zatika besterik ez da ezagutzen; hala, askotan, greziarren historiak Atenas, Esparta eta beste polis gutxi batzuei buruzko datuak biltzen ditu. Greziako polisak K. a. VIII. mendean agertu ziren. Hiriak punturik garaienean eraikitako gotorlekuak (ἀκρόπολις, akropoli), merkatu plazak (ἀγορά, agora) eta bizitegiek (ἄστυ, asty) osaturik zegoen. Hiriaren inguruan nekazal lursailen eraztun bat egoten zen eta bertan polis bakoitzak behar zuena landatzen zen. Klasiko deituriko garaian –monarkia eta tirania gobernu moten ondoren– polisen helduaroa iritsi zen eta demokrazia garatu zen (Atenasen bereziki). Polis guztiek beren konstituzioa (politeia) eta legeak (nomoi) zituzten. Hiritarrak politikaz ez arduratzea gaitzetsia zen, eta Atenasen batzarrean (ekklesia), kontseiluan (boule) eta epaitegietan (heliaia) esku hartzen zuten.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]