Mazedonia (eskualdea)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Artikulu hau eskualde geografiko eta historikoari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Mazedonia (argipena)».
Македонија
Mazedonia
Ez da estatua
HiriburuakSkopje, Tesalonika, Blagoevgrad
Hizkuntzak albaniera, bulgariera, greziera, mazedoniera, serbiera, turkiera, aromaniera, erromaniera
Herritarra mazedoniarra
Azalera
 -  Guztira 67,000 km2
Biztanleria
 -  Zenbatespena 4.760.000 inguru

Mazedonia (serbokroazieraz eta mazedonieraz: Makedonija; grezieraz: Makedhonia; bulgarieraz: Makedoniya) hego-ekialdeko Europako antzinako lurraldea da, Balkanetako penintsularen hego-erdialdean dagoena. Antzina garrantzi handiko merkataritzagunea eta indar militar handikoa izan zen; K. a. IV. mendean, Greziari gaina hartu zionean izan zituen urterik oparoenak. Gaur egun, Jugoslavia ohiaren errepubliketako bat izan zen Mazedoniako Errepublikaren (25.713 kilometro koadro eta 2.111.000 biztanle), Greziaren (34.177 kilometro koadro eta 2.122.000 biztanle) eta Bulgariaren (9.100 kilometro koadro eta 500.000 biztanle) artean banatua dago.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mazedoniak muga hauek ditu: iparraldean Siroka, Skopska Crna Gora eta Sar mendiak (Mazedoniako Errepublikaren iparraldeko muga bera); ekialdean Mesta (edo Nestos) ibaia eta Rodope mendien mendebaldea; hegoaldean, Aliakmon ibaiaren ibarra, eta Egeo itsasoari buruz buru dauden Olinpo mendia, Tesalonikako golkoa eta Kaltzidika; hego-mendebaldean Pindos mendiak; mendebaldean Korab mendiak eta Greziaren eta Albaniaren arteko muga eratzen duten Ohrid eta Prespa aintzirak.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

K. a. VIII. mendean, Aliakmon ibaiaren inguruan bizi ziren mazedoniarrak ekialderantz joan ziren, argeadar dinastiaren sortzaile Perdika I.a erregearen agindupean, lurraldearen batasuna lortzeko. Mazedoniako Erresuma penintsulako barnealdera mugatzen zen, itsasaldea greziarren mendean baitzegoen. K. a. V. mendearen bukaeran Arkelao erregeak (K. a. 413-399 bitartean errege) Pella hartu zuen Mazedoniako hiriburutzat.

Mazedoniako Erresumaren urterik oparoenak Filipo II.aren (K. a. 359-336 bitartean errege) eta haren seme Alexandro Handia edo Alexandro III.aren (K. a. 336-323 bitartean errege) agintaldikoak izan ziren. Filipo II.aren garaian Mazedonia Greziari nagusitu zitzaion, eta Alexandrok persiarrak garaitu eta Nilo eta Indus ibaietaraino iristen zen inperioa sortu zuen. Alexandro hil zenean, haren jeneralen artean banatu zen Mazedonia; haiek luze gabe elkarren aurka hasi ziren inperio osoaz jabetu nahian. Mazedonia zen inperioaren erdigunea, eta gogor lehiatu ziren hura beretzen. Antipatrosek (Alexandroren ordezkaria Europan) eta Kasandro haren semeak Mazedoniaren eta Greziaren gaineko aginpideari eutsi zioten, baina Kasandro K. a. 297an hil zenean gerra zibila piztu zen. Demetrio I.a Poliorzetes erregearen sei urteko agintaldiaren ondoren (K. a. 294-288) anarkia hedatu zen berriro. K. a. 277. urtean, Antigono II.a Gonatasek Mazedoniako erregetza hartu zuen, eta harekin hasi zen K. a. 168ra arte etenik gabe iraun zuen antigoniden dinastia.

Filipo V.a eta Pertseo erregeen agintaldian, Mazedonia eta Erroma elkarren kontra borrokatu ziren (Mazedoniako gerrak: K. a. 216-205; K. a. 200-196; K. a. 172-168), eta Mazedonia atera zen galtzaile. Erromaren mendean zegoelarik, lau errepublikatan banatu zen Mazedonia, hiriburutzat Tesalonika, Pella, Pelagonia eta Anfipolis zituztenak. K. a. II. mendean Erromako probintzia bilakatu zen Mazedonia, lau probintziek administrazio bana zutela. IV. mendean, Erromatar Inperioa bi zatitan erdibitu zenean (Mendebaldekoa eta Ekialdekoa), Mazedonia gero Bizantziar Inperioa bilakatu zen Ekialdeko Inperioaren mende geratu zen; garai horretan kristau erlijioa hedatu zen lurraldean.

VI-VII. mendeetan eslaviarrak kokatu ziren lurraldean, eta biztanleriaren gehiengoa osatu zuten, greziarren kaltetan. IX. mendean Bulgariako Lehen Inperioaren mendean geratu zen Mazedonia, eta gero Bizantziarrean berriro XI. mendetik aurrera. Erdi Aroan, Bulgariako Bigarren Inperioaren, Bizantziar Inperioaren eta serbiarren mendean egon zen lurraldea. XIV. mendearen bukaeran, Otomandar Inperioaren mendean geratu zen; turkiar musulmanek kolonizatu zuten lurraldea, eta Islama zabaldu; otomandarrek Mazedonia mendean eduki zuten XX. mendearen hasiera arte.

XV. mendearen bukaeran, Espainiatik egotzitako juduak iritsi ziren, eta Tesalonikan kokatu ziren gehienak; halaber, valakiarrak eta albaniarrak ere heldu ziren hara. Hala, XIX. mendean Balkanetako biztanleen abertzaletasuna piztu zenean, lurraldeko etnien arteko gatazka ere piztear zegoen. 1877-1878 urteetako gerran, Errusiak Turkia garaitu zuenean, errusiarrek Bulgariaren independentzia onartzera behartu zituzten otomandarrak, baita mazedoniarrei lurraldea itzultzea ere (Tesalonika eta Kaltzidika izan ezik). Europako herrialde ahaltsuenek, baina, Mazedonia Turkiari itzultzea erabaki zuten (Berlingo Hitzarmena, 1878). Hurrengo urteetan bulgariarrek eta serbiarrek beretzat aldarrikatu zuten lurraldea, zeinek baino zeinek etnia-lotura estuagoak zituelakoan Mazedoniarekin. Turkiaren manupetik aske egon nahi zuten mazedoniar ez-musulmanek mugimendu iraultzaile bat sortu zuten 1893an, Mazedonia Barneko Erakunde Iraultzailea (MBEI), Mazedonia mazedoniarrentzat aldarrikatzen zuena; hala, 1903ko abuztuaren 2an MBEIk Turkiaren aginpidearen kontrako matxinada bat antolatu zuen, turkiarrek oso gogor zapaldu zutena.

Mazedoniaren 1913ko banaketa.

1912an, Bulgariak, Serbiak eta Greziak bat egin zuten Otomandar Inperioari Mazedonia kentzeko. Balkanetako Lehen Gerran (1912-1913) lortu zuten helburu hura, baina Mazedonia elkarren artean banatzerakoan ez ziren bat etorri. Orduan, serbiarrek, greziarrek eta montenegroarrek, errumaniarren laguntzarekin, Bulgariaren kontra egin zuten, eta garaile izan ziren (Balkanetako Bigarren Gerra, 1913). Urte horretan bertan Bukaresten hitzartuaren arabera, Mazedoniako itsasaldea Greziaren mendean geratu zen, ipar-mendebaldea Serbiarenean, eta Strumicako eskualdea Bulgariarenean. Bulgaria Alemania eta Austriarekin batera borrokatu zen Lehen Mundu Gerran, Mazedonia osoa berreskuratu ahal izango zuelakoan, baina galtzaile atera zirenez, irabazi ordez, Bulgariako Mazedoniaren beste zati bat galdu zuen. Serbiako Mazedonia serbiarrek, kroaziarrek eta esloveniarrek 1919an eratu zuten erreinuaren (1929tik aurrera Jugoslaviako Erresuma deitua) mendean geratu zen. 1912-1923 bitarteko urteetan, 375.000 turkiar Greziaren mendeko Mazedoniatik Turkiara joan ziren, eta 640.000 greziar iheslari beren lurraldera itzuli ziren.

Bigarren Mundu Gerran Tesalonika Alemaniaren mende geratu zen, eta Bulgariak Greziako eta Serbiako Mazedonia beretu zituen berriro. 1947. urteko bake-itunean, Mazedonia Jugoslaviaren, Greziaren eta Bulgariaren artean banatzea erabaki zen. Harrezkero, Serbiako Mazedonia Jugoslaviako errepubliketako bat izan zen, harik eta 1991n, Eslovenia, Kroazia eta Bosnia-Herzegovina errepublikekin batera, independentzia lortu zuen arte.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Mazedonia (eskualdea) Aldatu lotura Wikidatan