Python (informatika)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Python (informatika)
Python-logo-notext.svg
Paradigma Multiparadigma, Objektuetara bideratutako programazioa, inperatiboa, prozedimental, funtzionala
Diseinatzailea Guido van Rossum
Garatzailea Python Software Foundation
Agerpena 1991
Kaleratze Egonkorra 3.6.1 (2016-12-17)
Sistema Eragilea Multiplataforma
Lizentzia Python Software Foundation License
Webgunea http://www.python.org
Inplementazioak
CPython, Jython, IronPython, Pypy
Dialektoak
Stackless Python, RPython, Cython
Eragina
ABC, ALGOL 68, C, C++, Dylan, Haskell, Icon, Java, Lisp, Modula-3, Perl
Eragindua
Ruby, Boo, Groovy

Python interpretatutako programazio lengoaia bat da, ardatz bezala sintaxi garbi, erraz eta irakurgarri bat duelarik.

Paradigma anitzeko lengoaia bat da, objetuetara zuzenduriko programazioa, programazio inperatiboa eta, neurri txiki batean, programazio funtzionala jasaten ditu eta. Lengoaia interpretatu eta multiplataforma da.[1]

Python Software Foundation -ek administratzen du. Kode zabaleko lizentzia bat dauka, Python Software Foundation License izenekoa, GNU-ren 2.1.1 lizentzia publiko orokorrarekin bateragarria.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Python 80ko hamarkadaren bukaeran izan zen sortua Herbeheretako Matematika eta Informatikako zentroan (CWI, Centrum Wiskunde & Informatica) Guido van Rossum-en eskutik.[2] Lengoaia ABC lengoaiaren ondorengo gisa sortu zen, salbuespenak (exception, ingeleraz) kudeatu eta Amoeba sistema eragilearekin elkar eragin zezakeen hizkuntza zen.[3]

Guido van Rossum

Lengoaiaren izena Monty Python umoristen omenez dago jarrita, hauekiko sortzailearen afizioa zela eta.[4]

Python-en egile nagusia van Rossum da, eta lengoaiaren norabidea etengabe erabakitzen egiten duen lana errekonozitu egiten zaiola-eta askotan BDFL edo Benevolent Dictator for Life gisa ezaguna da.2018ko uztailaren 12 utzi zion ardura hori baina.[5]

1991an, van Rossum-ek 0.9.0 bertsioaren kodea argitaratu zuen alt.sources-en. Garapen-egoera hartan bazeuden herentziadun klaseak, salbuespenen kudeaketa, funtzioak eta str, list eta dict bezalako mota modularrak. Hasierako argitaratze hartaz gain, Modula-3 ren antzerakoa zen modulu-sistema bat argitaratu zuen; van Rossum-ek esan zuen modulu hura "Python-en programazio-unitate handiena" zela.[2] Pythonen salbuespenak tratatzeko modua Modula-3-renaren oso antzerakoa da, else klausularen gehigarriarekin ere.[3] 1994an com.lang.python eztabaida-foroa sortu zen, Pythonen erabiltzaile-komunitatean itzelezko hazkuntza ekarri zuena.

Python 1.0[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pythonen 1.0 bertsioa 1994ko urtarrilean plazaratu zen. Argitaratze horrekin batera programazio funtzionalaren hainbat erreminta berriak etorri ziren izan ziren: lambda, reduce, filter eta map. Van Rossumek hau esan zuen: "Duela 12 urte, reduce(), filter() eta map() funtzionalitateak falta zirenean, hutsune horiek betetzeko adabakiak bidali zituen Lisp-eko hacker batek".[6] Emailea Amrit Prem izan zen; argitaratze oharretan Lisp-i buruz ez da inolako aipamenik egiten baina.

CWI-k argitaratutako Python azken bertsio askea Python 1.2 izan zen. 1995ean, van Rossum-ek lengoaian lanean jarraitu zuen Virginiako Corporation for National Research Initiatives-en (CNRI), lengoaiaren zenbait bertsio berri argitaratu zituen bertan.

CNRI-an zegoelarik, van Rossum-ek Computer Programming for Everybody (CP4E) ekimena abiarazi zuen, programazioa jendearentzat ulergarriago eta erabilgarriago egiteko asmoz. Python-ek , bere sintaxi garbi eta erraza zirela-eta, programazioa irakasteko alfabetizatze-kanpaina hartan zeresan handia eman zuen. DARPA agentziak babestu zuen proiektua.[7] 2007an CP4E kanpainari utzi zion.[8]

Python 1.6.1 eta Python 1.6 bertsioak oso antzezekoak ziren, errore batzuen konponketekin eta GPLrekin bateragarria den lizentzia berri batekin.

Python 2.0[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2000. urtean Python garapen-taldearen gehiengoa BeOpen.com-era pasatu zen, BeOpen PythonLabs taldea sortuz. CNRIk 1.6 bertsioa publikoa izatea eskatu zuen, garapen horretan aritu ziren taldeak CNRItik alde egin zuen arte. BeOpen.com-en argitaratze bakarra Python 2.0 izan zen. Honen ostean, Guido van Rossum eta PythonLabs-eko gainontzeko garatzaileak Digital Creations taldean batu ziren berriro.

Python 2.0-k Haskell lengoaia funtzionalaren ezaugarri nagusi bat hartu zuen: konpresio bidezko listak. Egitura horretarako Python sintaxiak Haskell lengoaiaren itxura du, desberdintasun txiki batzuk ezik. Python 2.0-k, gainera, zabor-biltze sistema bat garatu zuen, erreferentzia ziklikoak batu eta bildu ahal izateko.[9]

Argitalpen bikoitz horren ostean, eta van Rossum-ek CNRI utzi ostean (software komertzialeko garatzaileekin lan egiteko), Python GNU GPLn oinarritutako softwarearekin erabiltzeko ideia zabaldu zen. Ordura arte erabilitako lizentziak, Python License-ak, lizentzia Virginiako estatuak kudeatzen zuela adierazten zuen klausula bat zuen, eta hori ez zenbateragarria GPL lizentziarekin. CNRIk eta FSFk (Free Software Foundation) bat egin zuten Pythonen lizentzia GPL lizentzia librearekin bateragarria egiteko. 2001. urtean, van Rossumi FSF Award for the Advancement of Free Software saria eman zioten.

Python 2.1 bertsioa Python 1.6.1 eta Python 2.0-ren lan deribatua da. Bere lizentzia Python Software Foundation License bezala izendatu zen. Python 2.1 alfa bertsiotik aurrerako kode, dokumentazio eta espezifikazio gutziak Python Software Foundation (PSF) dute jabetzat, 2001 ean irabazasmorik gabeko elkartea.[10]

Python 2.2 bertsioaren berritasun nagusi bat Pythoneko moten eta klaseen hierarkia batean bateratzea izan zen. Bateratzeak objektu-eredu kontsistente eta puru bat ekarri zuen. Icon lengoaian oinarritutako generatzaileak ere gehituak izan ziren bertsio berri honetan.[11]

Python liburutegi estandarraz gain, mota askotako gehigarriek Java-ren eragin handi bat dute: logging paketea, 2.3 bertsioan gehitua izan zena, log4j-en oinarritua dago;[12] SAX parserra, 2.0 bertsioan gehitu zen.

Python 3.0[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Python 3.0 (Python 3000 edo py3k ere deitua) 2008an sortu zen. Bertsio hark funtsezko aldaketa batzuk ekarri zituen, baina ez zen bateragarria aurreko bertsioaren programekin. Oso aldaketa tipikoa da printfuntzioaren argumentuak parentesien arte idatzi behar direla 3. bertsioan baina ez 2. bertsioan. Oso lagungarri diren zenbait programa-liburutegi oraindik Python2 bertsioan bakarrik eskaintzen dira. Python 3.0 bertsioaren ezaugarri berri asko Python 2 lengoaiara ere eraman izan ziren geroago eta Python 2.7 bertsioa sortu zuten horrela.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Paradigma anitzeko programazio-lengoaia da Python. Objektuetara bideratutako programazioa edo programazio egituratua, baita programazio funtzionala edo aspektuetarako bideratutako programazioa baimentzen baititu. Programazio logikoa eta kontratu bidezko diseinua ere erabil daitezke lengoaiaren luzapenen bitartez. Lengoaiaren ezaugarri horiek kontuan hartzen dira beste lengoaiekin konparatzen denean.

Python bidez idatzitako kodea oso trinko eta irakurgarria izan ohi da, horri begira diseinatuta dago-eta. Trinkoa da, beste arrazoi batzuez gain duen ezaugarri bati esker: aldagaiak ez dira deklaratu/erazagutu behar; erabili ahala esleitzen baitzaie mota.

Python lengoaia sinple, ulergarria eta ahaltsua da. Lengoaiak bere barruan dakarren funtzionalitatea ez da oso zabala, baina oso erraza da oinarrizko muin hori zabaltzea. Modulu eta metodo ahaltsu asko erraz aurkitzen dira sarean, eta gehienetan lizentzia libre batekin. Horrela, esate baterako, erraz txertatu daiteke interfaze programagarria behar duten aplikazioetan. Bereziki egokia da string-en tratamendu sakona eta hiztegi-bilaketa asko egin behar dituzten programazio-problemak bideratzeko. [1]

Lengoaia interpretatua da, erabiltzeko erraza hasieran. Aginduak banan-banan egikaritu daitezke aldez aurretik konpiladore batek programa osoa konpilatu gabe.

Python software libre eta irekia da. Mozkin-asmorik gabeko fundazio batek (Python Software Foundation) kudeatzen du Python lengoaiaren ohiko inplementazioa (CPython).

Testu-tratamenduetan oso erabilia den Perl lengoaiaren filosofia eta Pythonena nahiko diferenteak dira programak idazteko filosofik definitzeko orduan. Perl lengoaian hainbat modu diferente egoten dira tratamendu bera lortzeko (There is more than one way to do it), baina Python horren kontra doa eta saiatzen da adierazpide bakar eta intuitiboa definitzen (There should be one—and preferably only one—obvious way to do it). Helburua da programa sinple, ulergarri eta ahaltsuak lortzea.

Python Hello word


Erabilera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erabilera-estatistikak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2003az gero Python etengabe egon da gehien erabilitako 10 lengoaien artean TIOBE programazio-komunitatearen sailkapenean, eta urteko programazio-lengoaia izendatu zuten 2007 eta 2010 urteetan. 2015eko irailean bosgarrena izan zen sailkapen horretan.

Enpresa handietan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Enpresa handi askotan erabiltzen da Python, besteak beste hauetan: Google, Yahoo, CERN eta NASA.[1]

Aplikazioetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gutxienez aplikazio hauen programazioan erabili da Python lengoaia:

Sintaxia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Idazkera trinkoa du, beste arrazoi batzuez gain duen ezaugarri bati esker: aldagaiak ez dira deklaratu/erazagutu behar; erabili ahala esleitzen baitzaie mota. Hau errore-iturri arriskutsua izan badaiteke ere, interpretatzaileak errore asko detektatzen ditu exekuzio-garaian.

Bestalde interpretazioa eraginkorra izan dadin programen formatua eta programazio-egitura batzuk zurrun samarrak dira. Hauek dira kontuan hartzeko xehetasun garrantzitsu batzuk:[1]

  • Tabulazioa. Ikusiko denez agindu-blokeen mugak tabulazio bidez antzematen ditu interpretatzaileak (C lengoaiako giltzen ordez, adibidez). Tab teklarekin edo zuriuneekin sortuko da, baina modulu berean era kontsistentean egin behar da, beti berdin, edo betiTab bitartez edo beti zuriuneen bitartez.
  • ':' karakterea: programazio-egitura batzuetan (if, else, while eta for esaterako) karaktere hori jarri behar da lehenengo lerroaren bukaeran egiturako espresioaren ondoren (baldintza-edo). Beste programazio-lengoaietan aritutakoei ahaztu ohi zaie hasieran.
  • Parentesien erabilera. Baldintzak ez dira derrigorrez parentesi artean idatzi behar, baina funtzio-deietan beharrezkoak dira. Python2 lengoaian ez ziren beharrezkoak funtzio deietan, baina Python3an bai. Adibidez, inprimatzeko erabiltzen den print funtzioan argumentuak parentesi artean zehaztu behar dira beti, baina ohitura zaharrak direla-eta horiek ahaztea ohiko errorea izaten da.

Programa adibideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kaixo mundua adibidea (python2):

print "Hello, world!"

Kaixo mundua adibidea (python3):

print ("Kaixo mundua!")

Zenbaki baten faktoriala (python3):

n=int(input('Sakatu zenbaki bat, bere faktoriala kalkulatzeko: '))
if n <= 0:
    print ("Errorea: zenbakia positiboa behar da");
else:
    fakt = 1
    i = 2
    while i <= n:
         fakt = fakt * i	
          i = i+1
    print (fakt)

Programatzeko garapen plataformak eta liburutegiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Spyder kode irekiko plataforma anitzetarako garapen integraturako ingurune bat da (IDE), Python lengoaiaz zientzia-programazioan aritzeko.[13] Spyderrek Pythonerako hainbat pakete zientifiko ospetsu integratzen ditu, besteak beste, NumPy, SciPy, Matplotlib, pandas, IPython, SymPy eta Cython, baita kode irekiko beste software batzuk ere. [14] MIT lizentziarekin banatzen da.
  • Jupiter Notebook web-zerbitzuak Python programak exekutatu eta garatzeko aukera ematen du sarearen bitartez, norberaren konputagailu edo telefonoan ezer instalatu gabe.
  • Anaconda Python banaketa

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d   LIBURUA: "Python programazio-lengoaia" – Oinarriak eta aplikazioak . Noiz kontsultatua: 2019-07-04 .
  2. a b   «The Making of Python» www.artima.com . Noiz kontsultatua: 2019-07-04 .
  3. a b   «General Python FAQ — Python 3.7.4rc2 documentation» docs.python.org . Noiz kontsultatua: 2019-07-04 .
  4.   «1. Whetting Your Appetite — Python 3.7.4rc2 documentation» docs.python.org . Noiz kontsultatua: 2019-07-04 .
  5.   «Guido van Rossum dimite como líder de Python – La mirada del replicante» web.archive.org 2018-07-12 . Noiz kontsultatua: 2019-07-04 .
  6.   «The fate of reduce() in Python 3000» www.artima.com . Noiz kontsultatua: 2019-07-04 .
  7.   «Computer Programming for Everybody» web.archive.org 2009-02-23 . Noiz kontsultatua: 2019-07-04 .
  8.   «Computer Programming for Everybody» web.archive.org 2007-03-12 . Noiz kontsultatua: 2019-07-04 .
  9.   «What's New in Python 2.0» web.archive.org 2007-03-29 . Noiz kontsultatua: 2019-07-04 .
  10.   «History and License — Python 3.7.4rc2 documentation» docs.python.org . Noiz kontsultatua: 2019-07-04 .
  11.   «What’s New in Python 2.2 — Python 3.7.4rc2 documentation» docs.python.org . Noiz kontsultatua: 2019-07-04 .
  12. (Ingelesez)  «PEP 282 -- A Logging System» Python.org . Noiz kontsultatua: 2019-07-04 .
  13.   Official repository for Spyder: The Scientific Python Development Environment - spyder-ide/spyder Spyder IDE 2019-01-02 . Noiz kontsultatua: 2019-01-02 .
  14.   Grehan, Rick «Spyder review» Techworld . Noiz kontsultatua: 2019-01-02 .

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Python (informatika) Aldatu lotura Wikidatan