Ramon Zubizarreta

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ramon Zubizarreta
Landakanda 001.jpg
Landakanda panderoa jotzen, Zendoia trikitilariarekin batera.
Bizitza
JaiotzaAzkoitia1932ko urriaren 18a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaAzkoitia2021eko irailaren 25a (88 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakmusikaria
Izengoitia(k)Landakanda
Ramon Zubizarreta[1] (Landakanda) panderoa jotzen hasi zenekoa (Ahotsak.eus proiekturako)

Ramon Zubizarreta Larrañaga, izengoitiz Landakanda (Azkoitia, 1932ko urriaren 18a - Azkoitia, 2021eko irailaren 25a),[2][3] gipuzkoar pandero jotzailea izan zen. Iñaki Garmendia trikiti jotzaile eta herrikidearekin batera Laja eta Landakanda trikitilari bikote ospetsua osatu zuen.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ramon Zubizarreta 1932ko urriaren 18an jaio zen Azkoitiko Altzibarko auzoko Landakanda baserrian.[4] Mutikotan Izer baserriko lehengusu batzuek ekarritakoa izan zuen lehenbiziko panderoa. Hasiera hartan, Joxe Oriaren (Zumarragako Trikitia) miresle izan zen. Zubizarretak berak esan zuenez, "Joxe Oriaren ahotsa, hura ahotsa! Beldurgarri altua! Hura imitatzen saiatzen nintzen".[2]

Gurasoen iritziaren kontra hasi zen erromeriatan panderoa jotzen, "gaizki ikusita baitzegoen, parrandarekin lotzen zelako". 18-19 urterekin egin zuen lehenbiziko jendaurreko saioa, Azpeitian. Ezkondu zenean, 26 urte zituela, utzi egin zion plazan jotzeari. Eta ezkontza egunean ere ez zuen jo. 40 urte zituela, berriz, Juan Garate Alkorta Maltzeta soinu jolea joan zitzaion harekin jo zezan eskatuz. Omenaldi batean jo zuten biek, eta handik aurrera ez zion jotzeari utzi.[2]

Pikuarekin, Zendoiarekin, Auntxarekin, Epelderekin, Maltzetarekin eta Eleuterio Tapiarekin jo izan zuen lehen urteetan, baina Iñaki Garmendia Laja-rekin lortu zuen inorekin baino oihartzun handiagoa: Laja eta Landakanda.[2] Madrilen grabatu zuten lehen diskoa, 1977an, Trikitixa izenekoa. Ondoren etorri ziren beste hiru disko: Laja eta Landakanda (1981), Pepe Yanciren omenez (1986) eta Gure oroitgarri (1994).[5]

Diskoak ateratzeaz gain, Euskal Herriko bi txapelketa irabazi zituzten elkarrekin, 1978an eta 1982an.[5] Izan ere, txapelketen aldekoa zen, soinu joleak eta pandero joleak ezagutzera emateko bide egokitzat jotzen zituelako: "Txapelketa beharrezkoa da, nire iritziz. Hor azaldu behar duen batentzat, azaltzeko modurik onena horixe da. Bestela, izena egitea asko kostatzen da. Norberaren herrian ezagutuko dute, baina besteetan? Aldiz, txapelketa batera jende asko joaten da, leku askotatik joan ere".[2]

1998an, peritonitis baten ondorioz erretiratu berria zelako, ETBk omenaldia egin zion, baina osatu egin zen, eta harrezkero sarri aritu zen kantatzen eta panderoa astintzen. 2001ean Lajarekin osatzen zuen bikotea utzi zuen, nahiz eta gerora ere elkarrekin behin baino gehiagotan aritu ziren.[2]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Panderoa jotzen hasi zeneko kontuak - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2019-11-05).
  2. a b c d e f Lizarralde, Mikel. Ramon Zubizarreta 'Landakanda' pandero jolea hil da. Berria, 2021eko irailak 25, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2021-09-25).
  3. Ramon Zubizarreta 'Landakanda' pandero-jotzaile azkoitiarra hil da. Urola Kostako Hitza, 2021eko irailak 25, urolakosta.hitza.eus (Noiz kontsultatua: 2021-09-30).
  4. «Ramon Zubizarreta:1932an Landakanda baserrian jaioa» (Bideoa) Ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2016-8-9).
  5. a b Erostarbe, Gorka. Pandero bat, irrintzi bat. Berria, 2011ko azaroak 25, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2021-09-30).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]