Edukira joan

Ranch Hand operazioa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ranch Hand operazioa
Motaoperazio militar
Honen parte daVietnamgo Gerra
KokalekuVietnam

Ranch Hand operazioa, Vietnamgo Gerran, 1962tik 1971ra egindako estatubatuar operazio militarra izan zen. Neurri handi batean, 1950eko hamarkadako «Malaysiar Emergentzia» deiturikoan 2,4,5-T edo azido 2,4-diklorofenoxiazetikoa bezalako gai kimikoen britainiar erabileran inspiratua, «Ranch Hand» Vietnamen «Trail Dust» izeneko operazioa gerra kimikoko programa baten parte izan zen, lur erreko taktikak erabiltzen zuena. Operazioan zehar, 80 milioi litro hosto-galtzaile eta herbizida baino gehiago busti ziren Hego Vietnamgo landa-eremuetan,[1] Vietnamgo Askapenerako Fronte Nazionalari (Viet Cong) elikagaiak eta estaldura ematen zien landaredia kentzeko ahaleginean. Laos eta Kanbodia bezalako inguruko herrialdeetako eremuak ere neurri txikiagoan buzti zituzten. 1961 eta 1971 artean 20.000 borroka-hegaldi inguru izan ziren.

Operazioaren izena «Ranch Handers» eta «Only you can prevent a forest» leloetan oinarritu zen,[1] Estatu Batuetako Baso Zerbitzuak basoen zaintzaz eta baso-suteen arriskuaz herritarrak kontzientziatzeko sortutako «Smokey Bear» maskotak erabilitako eslogan oso ezagunak. Hamar urteko operazioan zehar, 20.000 kilometro karratu baso eta 2.000 kilometro karratu labore baino gehiago oso kaltetuak edo suntsituak izan ziren. Hego Vietnamgo basoen % 20 inguru gutxienez behin busti zituzten.

Herbizidak Estatu Batuetako Aire Armadako Fairchild C-123 Provider hegazkinek botatzen zituzten, «Hades» klabea erabiliz. Hegazkinak zeregin horretarako bereziki garatutako tankez hornitzen ziren, 4.000 litro herbizida inguruko edukiera zutenak. Horrela, hegazkin batek 80 metro zabal eta 16 kilometro luze zen lur-zerrenda bat lau minutu eta erdian busti zezakeen, hamabi litro inguruko erritmoan, hektarea erdia baino pixka bat gutxiagoko abiaduran.[2] Normalean, operazioetarako, hiru eta bost hegazkin arteko taldeak aireratzen ziren eta paraleloan hegan egiten zuten kimikariek jaurtitzen zuten bitartean. AEBek Vietnamgo gerran erabilitako herbizida eta hosto-galtzaile guztien % 95 operazio honetan erabili zituzten. Gainerako % 5a Ameriketako Estatu Batuetako Gorputz Kimikoak, beste adar militar batzuek eta Vietnamgo Errepublikak (Hego Vietnam) erabili zuten, kamioiak, helikopteroak, itsasontziak edo eskuzko lainoztagailuak erabiliz, batez ere Estatu Batuetako instalazio militarren inguruan.[3] Erabilitako produktu kimikoen artean, «ortzadar herbizida» izenekoak[3] eta gehienak Dow Chemical eta Monsantok egindakoak, bolumen aldetik agente laranja eta agente zuria nabarmendu ziren.[4]

Substantzia horien Vietnamgo gerran erabilera hasieratik izan zen polemikoa, eta talde ekologisten eta komunitate zientifikoaren kritikei aurre egin behar izan zien.[5]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b (Ingelesez) Lewis, James G.. (2006). «Smokey Bear in Vietnam» Environmental History (Oxford Journals)  doi:10.1093/envhis/11.3.598..
  2. (Ingelesez) Buckingham, William A., Jr.. (1982). Operation Ranch Hand: The Air Force and Herbicides in Southeast Asia 1961-1971. Office of Air Force History, 132 or..
  3. a b (Ingelesez) Stellman, Jeanne et al. (2003ko apirila). «The extent and patterns of usage of Agent Orange and other herbicides in Vietnam» Nature: 681..
  4. Young, Alvin L.. (2009). «The History, Use, Disposition and Environmental Fate of Agent Orange» Springer: 44..
  5. (Ingelesez) Institute of Medicine (US) Committee to Review the Health Effects in Vietnam Veterans of Exposure to Herbicides. (1994). History of the Controversy Over the Use of Herbicides. National Academies Press (US).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]