Bidaia-laguna (Doctor Who)

• Catherine Tate (Donna Noble)
• Alex Kingston (River Song)
• Karen Gillan (Amy Pond)
Bidaia-laguna (ingelesez: Companion) Doctor Who zientzia fikziozko telesail britainiarrean Doktorearekin batera bidaiatzen duen edota haren abenturatan agertzen den pertsonaia da[1]. Kasu batzuetan denboraldi osoak egiten ditu Doktorearekin eta beste batzuetan atal gutxi batzuk.
Lagun honen rola Doktorearen moralari eragitea da. Telesailaren aro berrian bidaia-lagunek pisu handiagoa hartu dute eta inoiz doktorea bera bezain ezagunak ere bihurtu dira gerora. Bidaia-lagun aipagarrienak aro klasikoan Sarah Jane Smith eta aro berrian Rose Tyler, Donna Noble, Amy Pond eta Clara Oswald izan dira[2].
Pertsonaiaren definizioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ez da inoiz definizio zehatzik egin, bidaia-lagun bakoitzak bere pertsonalitatea izan baitu eta garaiak ere aldatuz joan baitira, gizartea bera bezala.
Batzuetan ohiko pertsonaiak agertzen dira, baina azaleko kredituetan bidaia-lagunen izen bakarra dago eta ez da erraza gainerakoak bidaia-lagun kontsidera daitezkeen edo bigarren mailako pertsonaia[3]. Esate baterako aro berriaren hasierako kredituetan Christopher Eccleston eta Rose Tyler soilik agertzen dira, baina haren ama eta Mickey mutil laguna ere ohikoak dira eta TARDISean ere bidaiatzen dute.
Istorioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Doctor Who telesaila abiatu zenean protagonisten ezaugarriak eta rolak erabat bestelakoak ziren gerora garatu direnen aldean. Telesailak Doktorearen izena izan arren, garai hartan ez zen inola ere telesaileko heroia, haren papera oso lausoa zen, motibazio eta gaitasun ezezagunak zituena, hortik izenik ere eman ez izana, Doctor Who, hauda Nor? doktorea. Hasiera hartan Barbara Wright eta Ian Chesterton irakasleak ziren protagonistak, Ian Chesterton zen izatez hirukoteko akzio-gizona. Haiekin batera Susan Foreman zegoen, Doktorearen biloba, ikusle gazteenentzako erreferentzia izateko sortua baina garapen txikiko pertsonaia. Carole Ann Ford ez zegoen gustora haren pertsonaiak zeukan esanahi eskasarekin eta telesaila utzi zuen. Vicki agertu zen orduan haren hutsunea betetzeko. Era berean Ian Chestertonek amaitu zuenean Steven Taylor astronauta bihurtu zen akzio-gizon berria.
1970, urtean koloretako telesaila Doktore berriarekin hasi zen. Jon Pertwee aktoreak aurrekoek baino sasoi hobea zuen eta akzio-gizonaren papera hartu zuenez ez zen beste inor behar eta ordutik aurrera emakumezko lagun bat izan zuen alboan. Tarteka akzio-gizon berriak ere izango zituen, baina betiere Doktorea nagusi zela. Hirugarren Doktoreak alboan UNIT talde paramilitarra izan zuen Lurrean kokaturiko istorioetarako eta espazioan kokaturikoetan Liz Shaw eta ondoren Jo Grant soilik zituen lagun. Doktorearen eta Jo Granten arteko harremana oso estua izan zen, gerora sarritangertatuko zen gisan.
Laugarren Doktorea zaharragoa izango zela uste zuen ekoizpen taldeak eta horretarako Harry Sullivan pertsonaia sortu zen eskema zaharrera itzultzeko, baina aukeratua 40 urte zituen Tom Baker izan zen eta Harryren papera asko laburtu behar izan zen. Laugarren Doktoreak ibilbide luzea egin zuen, zazpi urtetakoa, eta amaiera aldera hiru lagun hartu zituen, Adric, Tegan eta Nyssa. Bosgarren Doktoreak talde berarekin jarraitu zuen. Adric-ek modu bitxian utzi zuen tesesaila, Doktoreak hil egin zuen.
Seigarren Doktoreak bidaia-lagun bakarra eta emakumezkoa izan zuen eta ordutik aurrera eskema hau mantendu da orohar. Tarteka gizonezko batzuk ere izan dituzte lagun, baina salbuespena izan da, hala nola, Jack Harkness, Rory Williams, Nardole...
Hamahirugarren Doktoreak eskema hautsi zuen, emakumezkoa izan baitzen.
Bidaia-lagunaren ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Doktorea estralurtarra da, izaera arraroa du eta bihurria, eta Lurreko biztanleen ohiturak bitxiak iruditzen zaizkio. Bidaia-lagunak ikuslearen ahotsa dira, lurtarrak (ia beti) eta Doktoreari abenturetan ildoa jarraitzen laguntzen diotenak, galderak eginez, nahasmendutan sartuz, Doktoreari laguntza eskainiz, salbatuz edota Doktoreari aurre eginez, izan ere sarritan Doktorearen moralari eragiten baitio.
Era oso desberdinetan hartu izan ditu Doktoreak haren bidaia-lagunak: batzuk konturatu gabe edo nahi gabe sartu dira TARDISean eta beste batzuk polizoiak izan dira; batzuek laguntzaile lana izan dute (Liz Shaw-k batez ere) eta beste batzuk lagunak, edo ia maitaleak izan dira. Doktoreak bidaia-lagunak galdu egiten ditu eta haien lekuan berriak hartu. Galdutako bidaia-lagunek artean badira hil direnak, Doktorearekin bidaiatzeaz aspertu eta etxera itzultzen direnak, edota abenturetan mutil edo neskalagunak aurkitu dituztenak, edo borrokatzeko misio berrietan sartzen direnak.
Doktorearen laguntzaile gehienak emakumezko erakargarriak dira. Ekoizleek aro klasikoan Doktorearen eta bidaia-lagunen arteko maitasun istorioak alboratu eta ekidin zituzten. Horretarako Doktoreak zaharrak izatea zen era bat, baina haratago joanda Peter Davisonek (5. Doktoreak) debekatua zuen Sarah Sutton (Nyssa) edo Janet Fielding (Tegan) besoez inguratzea. Hala ere zaleek ikusi zituzten maitasun keinuak Laugarren Doktorearen eta Romanaren artean. 1996an tbua hautsi zen Zortzigarren Doktoreak Grace Holloway musukatzerakoan.
Aro berrian Bederatzigarren Doktorearen eta Rose Tylerren artean maitasuna sortzen hasi zen Hamargarrenarekin garatu zena[4]. Rose Tyler desagertzerakoan Martha Jones bihurtu zen bidaia-laguna. Doktoreaz maitemindu zen, baina Doktoreak Rose maite zuela ikusita Doktorearengandik aldentzea erabaki zuen. Amy Pond Hamaikagarren Doktorea seduzitzen saiatu zen[5] eta Rory Williams mutilaguna haiekin bidaiatzen hastean hirukotean etengabeko zalantza sortu zen. Hamabigarren Doktorearen eta Clara Oswalden artean maitasun harremana nabarmena izan zen. Doktoreak hautsiezinezko legeak hautsi zituen Clara Oswalden bizitza salbatu nahian.
Aro berrian bidaia-lagunen familiakoek eta mutil/neskalagunek ere presentzia garrantzitsua dute, eta sarritan haien haurtzaroko pasarteak ikusten dira. Honek bidaia-lagunaren izaerari indar handiagoa ematen dio. Horretaz gain spin-offak sortu dira bidaia-lagunak protagonista dituztenak, Jack Harknessengandik Torchwood telesaila[6] eta Sarah Jane Smithengandik haren izena daraman The Sarah Jane Adventures telesaila[7].
Bidaia-lagun ezagunenen zerrenda
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aro zaharra (1963-1989) | |||
---|---|---|---|
Pertsonaia | Aktorea | Istorio kopurua | Doktorea(k) |
Susan Foreman | Carole Ann Ford | 11 | 1. doktorea |
Barbara Wright | Jacqueline Hill | 16 | 1. doktorea |
Ian Chesterton | William Russell | 16 | 1. doktorea |
Vicki | Maureen O'Brien | 9 | 1. doktorea |
Steven Taylor | Peter Purves | 10 | 1. doktorea |
Dodo Chaplet | Jackie Lane | 6 | 1. doktorea |
Polly | Anneke Wills | 6 | 2. doktorea |
Ben Jackson | Michael Craze | 6 | 2. doktorea |
Jamie McCrimmon | Frazer Hines Hamish Wilson |
21 | 2. doktorea |
Victoria Waterfield | Deborah Watling | 7 | 2. doktorea |
Zoe Heriot | Wendy Padbury | 9 | 2. doktorea |
Liz Shaw | Caroline John | 5 | 3. doktorea |
Jo Grant | Katy Manning | 15 | 3. doktorea |
Br. Lethbridge-Stewart (UNIT) | Nicholas Courtney | 16 | 3. doktorea |
Benton sargentoa (UNIT) | John Levene | 12 | 3. doktorea |
Mike Yates (UNIT) | Richard Franklin | 10 | 3. doktorea |
Sarah Jane Smith | Elisabeth Sladen | 17 | 3. eta 4. doktoreak, 10. doktorea |
Harry Sullivan | Ian Marter | 7 | 4. doktorea |
Leela | Louise Jameson | 9 | 4. doktorea |
Romana | Mary Tamm Lalla Ward |
18 | 4. doktorea |
Adric | Matthew Waterhouse | 13 | 4. eta 5. doktoreak |
Nyssa | Sarah Sutton | 14 | 4. eta 5. doktoreak |
Tegan Jovanka | Janet Fielding | 20 | 4. eta 5. doktoreak, 13. doktorea |
Vislor Turlough | Mark Strickson | 11 | 5. doktorea |
Peri Brown | Nicola Bryant | 9 | 6. doktorea |
Mel Bush | Bonnie Langford | 4 | 7. doktorea |
Ace | Sophie Aldred | 10 | 7. eta 13. doktoreak |
Grace Holloway | Daphne Ashbrook | 1 | 8. doktorea |
Aro berria (2005- ) | |||
Pertsonaia | Aktorea | Istorioak | Doktorea(k) |
Rose Tyler | Billie Piper | 13 | 9. eta 10. doktoreak |
Mickey Smith | Noel Clarke | 12 | 10. doktorea |
Jack Harkness kapitaina | John Barrowman | 12 | 9. eta 10. doktoreak, 13. doktorea |
Martha Jones | Freema Agyeman | 19 | 10. doktorea |
Donna Noble | Catherine Tate | 17 | 10. eta 14. doktoreak |
Wilfred Mott | Bernard Cribbins | 8 | 10. doktorea |
River Song | Alex Kingston | 12 | 10. 11. eta 12. doktoreak |
Amy Pond | Karen Gillan | 33 | 11. doktorea |
Rory Williams | Arthur Darvill | 27 | 11. doktorea |
Clara Oswald | Jenna Coleman | 34 | 11. eta 12. doktoreak |
Nardole | Matt Lucas | 13 | 12. doktorea |
Bill Potts | Pearl Mackie | 13 | 12. doktorea |
Ryan Sinclair | Tosin Cole | 22 | 13. doktorea |
Graham O'Brien | Bradley Walsh | 23 | 13. doktorea |
Yasmin Khan | Mandip Gill | 31 | 13. doktorea |
Dan Lewis | John Bishop | 9 | 13. doktorea |
Ruby Sunday | Millie Gibson | 14 | 15. doktorea |
Irudiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez) «Companion» Tardis (Noiz kontsultatua: 2023-11-26).
- ↑ (Ingelesez) Collins, Jason. (2023-10-19). «Best Doctor Who Companions» GIANT FREAKIN ROBOT (Noiz kontsultatua: 2023-11-26).
- ↑ (Ingelesez) Brook, Stephen. (2009-01-23). «Michelle Ryan guest stars in Doctor Who. But would she make a good companion?» The Guardian ISSN 0261-3077. (Noiz kontsultatua: 2023-11-26).
- ↑ Bad Wolf Bay (Alternate Ending) Series 4. (Noiz kontsultatua: 2023-11-26).
- ↑ (Ingelesez) «Doctor Who review: Flesh and Stone» The Telegraph 2010-04-30 (Noiz kontsultatua: 2023-11-26).
- ↑ «Captain Jack Harkness - Characters - The Doctor Who Site» thedoctorwhosite.co.uk (Noiz kontsultatua: 2023-11-26).
- ↑ «BBC - Press Office - The Sarah Jane Adventures» www.bbc.co.uk (Noiz kontsultatua: 2023-11-26).