Hizkuntz borroka Euskal Herrian

Wikipedia, Entziklopedia askea

SIADECOk egin zuen lehendabiziko Euskal Herri mailako "Euskararen Soziolinguistika Azterketa" Euskaltzaindiarentzat, eta ikerketa horren laburpena da 1979an argitaratutako Hizkuntz Borroka Euskal Herrian liburua. Lankide Aurrezkiak finantzatu zuen.

« Dudarik gabe, obra hunen agertzeak eta agertu ondoko eraginak ondorio larriak izango ditu, bai euskal kontzientzia azkartzeko, eta bai euskararen aldeko lanak plangintza orokor baten barnean eramateko ere. »

Luis Villasante Hizkuntz Borroka Euskal Herrian bigarren atal zuen ikerlanaz, Euskera, 1977


« 1975an Euskaltzaindiari euskararen egoerari buruz azterketa orokor bat egiteko ardura hartzeko eskaera egin genion. Mitxelena eta gaineratikoek ongi ikusi zuten eta Caja Laboralak finantziatzea lortu zuten. Orduan (1976) hartu zen Euskal Herriari buruzko ikerketa bat egiteko erabakia. Gaiari zegokion seriotasunez heldu asmoz, lehenik Euskararen liburu zuria deituko zena egitea erabaki zen. Alegia, euskararen egoerari buruzko gogoeta sakona (historia, tratamendu juridiko-legala, kontzeptu eta planteamendu teorikoak...) egin beharra zegoela. Bigarren urratsa Euskal Herri osoko azterketa soziolinguistikoa egitea izan zen. Ikerketa hori 1975eko erroldako datuetan oinarrituz egin genuen Hegoaldean eta 1971ko datuekin Iparraldean. Ikerlana 1977an amaitu genuen. Ez genuen egoera orokorraren azterketa egin soilik, azterketa sektorialak ere egin genituen (ikastolak, gau-eskolak, irratigintza, liburugintza...). Laburpen gisara Hizkuntz borroka Euskal Herrian liburua argitaratu genuen. Txostenen laburpena Martin Ugalderen esku jarri genuen, testuak kazetari ukitua ematea nahi baikenuen, ulerterrezagoa eta arinagoa izan zedin. »

Iñaki Larrañaga, Bat, 2000


« Txepetxek abiatutako gogoeta-bidearen ildotik, baina ikuspegi soziodemografikoari aparteko lekua eskainiz, plazaratuak ditugu Siadecoren handik gutxirako lan erraldoiak: Bases para un futuro plan de actuación en favor de la normalización del uso del euskara (1978ko urria), Hizkuntza Borroka Euskal herrian (1979) eta, aurreko langintza osoaren konkrezio espazial eta garapen metodologiko moduan, Gipuzkoako Lurraldean euskararen normalizaziorako plangintzaren lehen urratsak (aurreko urteetan prestaturik 1983ko abenduan kaleratua). »

Mikel Zalbide, Bat, 2010


Idazlana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Helburu orokorra, batetik linguista eta ikertzaileei egokitutako informazioa bildu eta sortzea izan zen, profesionalei oinarrizko informazioa eskuratzea alegia; eta bestetik, lanari ezaugarri zientifiko oso garbia ematea (interpretazio subjektibora hain arriskubera den soziolinguistikaren alorrean batez ere), hasierako eskema teorikotik aurrerantz erabilitako metodologian eta datuen tratamenduan.

Adibidez oinarrizkoak izanik sarritan era nahasgarrian erabiltzen direnetan: "hizkuntzen arteko ukipen-arazo linguistikoa", "elebitasuna eta diglosia", "berreskuratze eta normalizatze linguistikorako prozesua", "euskaldun eta ez euskaldun",....

Helburu sektorialei dagokienean azterlan horretan lehendabiziko aldiz jasotzen da, besteak beste, euskararen atzeraketa edo galtze fenomenoa nola gauzatzen den, zeintzuk izan diren data edo gertakizun adierazgarrienak eta beraien ondorio sozio-politikoak, zeintzuk izan diren eragina izan duten faktorerik esanguratsuenak eta zeintzuk, azkenik, hartatik sortutako erresistentzi faktoreak.

Aztertzen da baita ere, euskararen ezaguera maila, gurasoengandik semeenganako transmisio prozesuaren funtzionamendua, erabilera maila, euskarazko kulturizazio prozesua eta beste hizkuntza batzuekin alderatuz euskarari buruzko iritziak.

Azkenik, garai hartako berreskuratze aztarnei buruzko informazioa biltzen du: ikastolen egoera eta bilakaera, irakaskuntzaren egoera ikastetxe pribatu eta ofizialetan eta alfabetatze-euskalduntze eskoletako (gaueskolak) eskarmentua.

Lantaldea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erantzukizun nagusia, lanaren planifikazio, burutze eta zuzendaritzan, SIADECO kooperatibak hartu zuen. Artean SIADECO taldea honakoek osatzen zuten: Xabier Agirre, Ramon Iruretagoiena eta Iñaki Larrañaga (soziologoak), Juan Jose Gabiña eta Juan Jose Rodriguez (injineru industrialak), Ramon Gorostidi (ekonomista), Maria Pilar Unzueta (asistente soziala), eta Rosi Aranburu (mekanografoa).

Komisio koordinatzailea osatzen zutenak honako hauek ziren: Jose Luis Lizundia, Euskaltzaindiaren izenean; eta Xabier Albistur eta Mikel Lasa, Lankide Aurrezkiaren izenean; azken biok prestakuntza prozesuan zehar aholkulari gisa jardun zuten. Lankide Aurrezkiaren ordenagailuan egindako programazioa eta datuen explorazioa, halaber, Mikel Lasaren gidaritzapean egin izan zen.

Bestalde, ahozko eta idatzizko komunikabideei buruzko informea landu eta idatzi zutenak: J. I. Mendizabal (irratia), Jose Ramon Beloki (diskoa) eta Joan Mari Torrealdai (argitaletxe eta aldizkariak). Informeren bat landu dutenak, gero lanaren eskabideei egokituak izan ziren apunte historikoak bereziki: Juan Mari Mendizabal (Enkarterri) eta Bernardo Estornes Lasa (Erronkari); laguntza hori, gainera, bereziki baliotsua izan zen, euskara galtzearen lekuko izan den pertsonarik ez baitzen gelditzen eskualde horietan. Informatzaileak: SIADECOk landutako galdesorta bat oinarritzat hartuz, eskatzen zen informazioa biltzeaz arduratu ziren pertsonak: ukipen eremuen kasuan, euskararen atzerakuntza eta galtze-prozesuari buruz, udal bakoitzean informa zezaketen lekukoak aurkitu zituztenak; 15 eskualdetako udalak arakatu ziren, eta 150 pertsonek hartu zuten parte lan baliotsu horretan; zenbait kasutan laguntza eskatu zitzaion jendea zenbatuz gero, bestalde, 250etik gora ziren. Eremu hiritartuen kasuan: hiriburu bakoitza zona edo sektoretan banatu zen; datu-biltzea, euskara bizitza publikoan, instituzioetan eta familian aztertzen zuen galdesorta baten bidez gauzatu zen, zenbait taldek parte hartuz; ehun bat pertsona bildu zen denera. Inkestatzaileak berak, 100 inguru izan ziren. Inkestatuen laguntza ere garrantzitsua izan zen, galdesorta-erantzuteak bi ordu eskatzen zituela kontutan hartzen bada.

Azken zatia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hizkuntz borroka Euskal Herrian ikerlan zabalago baten bigarren zatiaren laburpena besterik ez zen. Lehendabizikoak euskararen aldeko ekintza zein arrazoitan oinarritzen azaldu nahi zuen eta eginkizun hori bete zuen SIADECOk koordinatutako Euskararen liburu zuriak 1978an. Bigarren zatia Estudio socio-lingüístico del euskara izeneko 12 liburukik osatzen zuten (1977), baina bere horretan argitaratu ezinik, Martin Ugaldek egindako laburpena argitaratu zuten 1979an. Jatorrizkoa gaztelaniazkoa zen, baina urte berean argitaratu zuten euskal itzulpena, Elhuyar Taldeak egina. Hirugarren zatia, ordea, argitaragabe geratu zen. SIADECOren azken zati horrek Bases para un futuro plan de actuación en favor de la normalización del uso del euskara zuen izena (1978) eta euskara zegoen egoeratik beste hobe batera eramateko plangintza zuen helburu.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • EGIN (1979): "SIADECO : Euskararen hedapenaren plangintzarako oinarriak: Egin 28-X-78", Euskera, 24 (1979, 1), 391-393.[1]
  • EUSKALTZAINDIA eta SIADECO (1977): El libro blanco del euskara, Bilbo: Euskaltzaindia, 661-673. [2]
  • INTXAUSTI, Joseba (2007): "Joanes Etxeberri egitasmoa (2007-2008)", Euskera, 52 (2007, 1), 250-251.[3]
  • IRIGARAY, José Angel (1977): "Aspectos de antropología socio-cultural en la evolución diacrónica del euskara", Munibe, 3-4 (1977), 275-302.[4]
  • ODRIOZOLA, Joxe Manuel eta ESNAOLA, Imanol (2000): "IÑAKI LARRAÑAGA:«Orain Euskal Herri osoan euskaldun elebidunak %22,5a omen gara, eta orain dela hogei urte ere hala ginen. Non dago, beraz. euskaldungoaren gorakada?»", Bat, 35. [5][Betiko hautsitako esteka]
  • TELE/EXPRE (1979): "Pasado, presente y futuro de la lengua: [Presentación del Libro blanco del euskara]", Euskera, 24 (1979, 1), 405-413.[6]
  • UGALDE, Martin (1977): "Euskararen liburu zuria: [liburuaren aurkezpena]", Euskera, 22 (1977, 2), 889-897. [7]
  • VILLASANTE, Luis (1975): "Gure egoera eta lanen kontu errendatzea: datorren urte bikoari begira: Bilbon, 1975-I-31", Euskera, 20, 466-467.[8]
  • VILLASANTE, Luis (1977): "Urtebikoaren plangintza: (egoera-lanak-asmoak-helburuak): 1977-1978", Euskera, 22 (1977, 1), 227. [9]
  • ZALBIDE, Mikel (1998): "Normalización lingüística y escolaridad: un informe desde la sala de máquinas", RIEV, 43, 355-424. [10]
  • ZALBIDE, Mikel (2010): "Hizkuntza-soziologiaren ibilia gurean", Bat, 77 (2010, 4), 37-39. [11]

Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]