José María Sánchez Carrión

Artikulu hau erdi-babestua dago. Erabiltzaile anonimoek ezin dute aldatu.
Wikipedia, Entziklopedia askea
José María Sánchez Carrión

Bizitza
JaiotzaCartagena1952ko abuztuaren 1a (71 urte)
Herrialdea Espainia
Familia
AitaJosé Sánchez Faba
Hezkuntza
HeziketaSalamancako Unibertsitatea
Euskal Herriko Unibertsitatea
Facultad de Filosofía y Letras (Universidad de Granada) (en) Itzuli
Hezkuntza-mailadoktorea
Hizkuntzakgaztelania
euskara
Jarduerak
Jarduerakhizkuntzalaria, soziologoa, idazlea eta unibertsitateko irakaslea
Enplegatzailea(k)Granadako Unibertsitatea
Deustuko Unibertsitatea
KidetzaEuskaltzaindia
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioakristaua

José María Sánchez Carrión, "Txepetx", (Cartagena, Espainia, 1952ko abuztuaren 1a - ) doktorea da hizkuntzalaritza eta euskal filologian, lizentziaduna anglogermaniar filologian, institutu-katedraduna espainiar hizkuntza eta literaturan, hala nola hololinguistikaren sortzailea.

Euskal jatorririk ez duen arren, gaztetatik interesatu egin zen euskararen inguruko soziolinguistikaz: elebitasuna, hizkuntzaren biziraupenaren arrazoiak eta abar. Izan ere, hainbat liburu eta artikulu idatzi izan ditu gaur egungo hizkuntza egoerari buruz, ekolinguistikaren ildotik beti ere.

Halaber, beste hizkuntza komunitate batzuk aztertu izan ditu, osotasuna bilatuz "hololinguistika"ren bidez. Haren ekarpena (lan nagusia "Un futuro para nuestro pasado, claves de la recuperación del euskara y teoría social de las lenguas" du) Euskal Herrian berria, orijinala eta iraultzailea izan da.

Ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bidaia iniziatikoa: 1952-1976[aldatu | aldatu iturburu kodea]

« Badakit zenbait euskaltzalek ez duela liburua arras gogoko izango: lasaiago bizi gara horrelako ispilu egizalerik ikusi gabe, auhen eta deitore darigula. »

Koldo Mitxelena Txepetxen lehen liburuaz, Zeruko Argia, 1972-12-03


José María Sánchez Carrión Cartagenan jaio zen 1952ko abuztuaren 1ean. Aita magistratua zuen eta familiak han urtebete eman ondoren, Orihuelara aldatu zen eta, handik urte batzuetara, Ceutara. Txiki-txikitatik, hiriko giro eleaniztunean, jakin bide zuen hizkuntzen ugaritasunaren berri: gaztelania, arabiera, frantsesa, ingelesa, amazigera, Indiako hizkuntzak, hebreera eta, tartean, baita euskara ere. Antropologoek aztertzen dituzten herri indigenak maite zituen eta haien liburuak irakurtzen astia ematen. Lehendabizi tamazight ikasten saiatu zen neskamearekin, baina hura ez zen eskolatua, ez eta hizkuntza irakasteko gauza nonbait. Ondoren, antropologoen liburuek kitzikatuta, inuktitutera ikasten saiatu zen alferrik. Izan ere, ikasteko metodoak ingelesez eta danieraz baino ez zeuden.

Finean, hamalau urterekin, Miguel de Unamunoren La cuestión del vascuence (1902) eta Andoni Urrestarazu "Umandi"ren Gramática vasca (1955) eskuratu zituen eta bere kasa hasi zen euskara ikasten. Senideek Kubatik Ceutara joandako azpeitiar batekin, Pello Azkoitia okinarekin, jarri zuten harremanetan eta hura, aldiz, Inazio Eizmendi "Basarri" bertsolari ospetsuaren jakituriaz mintzatu zitzaion. Astia alferrik galdu gabe eta gurasoen baimenarekin, hainbat udaldi eman zituen 1966tik aurrera Zarautzen Basarriren etxean apopilo, euskaraz txukun ikastekotan. Hizkuntzak zeharo maitemindu zuen mutikoa. Hasieran sortutako susmo txarrak Pello Azkoitiaren gomendio gutunari esker leundu zituen. Zarauzko etxe hura ez zen nolanahiko "euskaltegia" gero. Basarrik gerraosteko bertsolaritza bideratu zuen, arorik ederrenetako batera eraman arte. Bestalde, haren egunkarietako sailak eta irrati-saioek hainbat irakurle-entzule biltzen zituen emanaldirik ez da beharbada gure artean izan.

Batxilergoaren 1966ko ikasturtera arte Ceutako agustindarren eskolan ikasi zuen etan ondoren hiriburuko INEMera aldatu zen letrak ikastekotan. Seigarren maila bukatu ostean institutuko mutilak Madrilera eta Toledora abiatu ziren ikasturte amaierako bidaialdian. Oporraldi hura baliatu zuten eskolakoek artean Daniel Vindelek aurkezten zuen TVEko "Cesta y Puntos" telebista-saioan parte hartzeko. Programa hartan Espainiako batxiller-ikasleak lehiatzen ziren testu-liburuetan oinarritutako galderei erantzunez. Miguel Angel "Milan" ikaskideak honela gogoratzen du Txepetx: un chico silencioso, muy blanco, con gafas eta tan empollón que estudiaba "vascuence" (que entonces no se llamaba euskera) en sus ratos libres (hau da, mutil isila, oso zuria, betaurrekoduna eta hain ikastuna, non "vascuence"a ikasten baitzuen —artean ez zitzaion "euskera" esaten—). Tamalez, Txepetx letrak ikasia zen eta eskolakoak galtzera eraman zituen galderari erantzuten ez zuen jakin; alegia, zein den itrioaren ikur kimikoa... eta, horren ondorioz, taldeak porrot egin zuen telebista-saioan. Horra pasadizoa. Berrogei urte hiritik at ibili ondoren, 2008ko ekainean, Txepetx agustindarren eskolako ikaskideekin elkartu zen Ceutan.

Hamasei urterekin, Txepetx Granadara abiatu zen eta hango unibertsitatean hasi zituen Filosofia eta Letra ikasketak 1969 urtean. Lehen ikasturtean amaitutakoan bertan, 1970ean, Nafarroako euskararen mugak aztertu nahi zituela adierazi zien irakasleei. Antonio Llorente katedradun eta hispanista ospetsuaren gomendio gutun baten jabe, Txepetx Felix Huarte Nafarroako Foru Aldundi frankistako buruordearekin elkarrizketatu zen. Horrek, aldiz, beste aurkezpen gutun bat eman zion Nafarroako alkate guztiei zuzenduta, Txepetxen lana onar zezaten.

Beraz, ikerketa lanari ekin zion, hamazortzi urterekin, 1970ko uda oporraldian. Nafarroako euskararen egoera atzeragarria bertatik bertara ezagutu zuen, ehun eta berrogeitabost herri, patrikan xentimorik gabe, bakarrik eta oinez arakatuz. Bereziki herrietako apaizek lagundu zioten ikerketarekin, eskolatuak izateaz gain, oso ongi ezagutzen zituztelako herritar guztiak. Hain zuzen ere, Iturengo erretoreak, Fermin Ixurkok Txepetx gaztearen deskribapen bizia utzi zuen 1972ko Príncipe de Viana aldizkarian: "Nafarroako euskeraren berri zehatz bezain negargarriak, aurki ukanen ditugu. Granadar gazte Sánchez Carrión-ek emanik. Nor dugu Sánchez Carrión hau? Euskararekiko jakitatez beterikako unibertsitario suhar bat. Kaizuz (tamainez), ttipia. Granadar jator bezala, berriz, beltxaran, bizi, erne. Ez, ordea, itzontzi. Euskara bikain ikasi duela, sakonki ikasi gero!, bedi haren adimen-naimen bizkorren froga (proba) bakarra. Nafarroako apezik geienek, badute haren berri. Herriz-herri ibilia baitugu euskararen osasunaren berriak jasotzen. Oro har, osasun hori, makala zirudion. Eta, sendagile guti da, oso guti, erien hala-holataz gehiago kupitzen denik, euskararen egoeraz, hura kupitzen den baino. Euskararekiko gure axolagabekeriak, biziro sumintzen du. Bihotzak zirakion gure zabarkeria ikusirik. Aurki argitaratzekoak ditu nafar-euskararen radiografi eta analisak. [...] Beajondeizula, Sánchez Carrión adiskidea. Zure begi-beltz- olien ziztarik ez dager emen. Emengoek, eskuarki (komunzki), zure soina baino soin andiagoko ta sendoagokoak gaituzu -ni izan ezik-, baina, IKUSTEZ, sator diru-digu, begi gabeko mukulu. Ea zure liburua, derrigorrean behar ditugun betaurrekoen ordezko, bilakatzen zaigun."

Atera bazen atera zen liburua, datuak jaso eta urtebeteko langintzaren ondotik, bai eta suak lehen argitaratze saioa zapuztu ondoren, El estado actual del vascuence en la provincia de Navarra 1972ko liburua. Lan goiztiar horrek egundoko eragina izan zuen. Jose Angel Irigaraik 1996 urtean Bat aldizkarian adierazi zuenez: "1972. urtean euskaldungoa harriturik geratu zen El estado actual del vascuence en la provincia de Navarra delako liburua agertu zelarik. Nor ote zen José María Sánchez Carrión, izengoitiz, Txepetx hura? Urte haietan ia inork ez zuen ezagutzen, nahiz eta aurreko urteetan hemendik barna ibilia izan. Sekulako zirrara eta oihartzuna sortu zituen euskalarien artean, baita miresmena ere kanpotik etorri batek zer nolako ikerketa interesgarri eta bizia egina zuen ikusirik.Egin zuen lana ez baitzen ohikoa tenore hartan; ez zen geografia linguistikoari zegokion ikerketa arrunt bat (soziometria edo eginez: non mintzatzen zen, non ez, adinak, non ziren galerak, e.a.); lehen aldikotz hasten zen galera horien zergatikoak xilatzen, eta gainera era eraginkor eta zientifiko batez".

Granadatik Salamancara aldatu zen Txepetx 1971 urtean, Anglo-germaniar Filologia ikastera, modu horretan, ingelesari eta alemanari esker, bibliografia iturri joriagoetara joko bazuen. Salamancako Unibertsitatean orobat Koldo Mitxelena izan zuen irakasle. Han idatzia da, 1972ko otsailean, Txepetxen lehen artikulu ezaguna: "Sobre una forma inédita de la primera persona del singular transitivo en Urrizola-Galain". Ingeles-alemanak ongi ikastearren, 1972an Bavaria eskualdeko Steinhöring herrian (artean 2.000 bat biztanle), Munichetik joan-etorrian, eta 1973-1974an Glasgow hiriburuan (artean 900.000 bat biztanle) eman zuen astia. Eskozian, Paisley hiriko ikastetxe katoliko batean gaztelania eskolak emateaz gain, alderdi trotskista eta maoistetan sartu ziren Txepetx eta haren emaztea, baina laster komunismotik aldendu eta anarkismora joko zuten.

Euskararen atzerakadaren kezkak, aldiz, soziolinguistikara eraman zuen Txepetx eta ezagutza arlo berri samar hura zertan zen aztertu zuen laurogei orrialdetako artikuluan: Glasgowen idatzitako 1974ko "Bilingüismo, disglosía y contacto de lenguas". Koldo Mitxelenari esker ASJU aldizkarian argitaratutako lan horretan soziolinguistikari giltzarri zaizkion hiru kontzeptu lantzen ditu: elebitasuna, diglosia eta hizkuntz ukipena. Gisa horretara hizkuntza gatazkari zurikeriarik gabe heltzeko asmoz. Nazioarteko iturriak sistematikoki arakatzeaz gain (Uriel Weinreich, Rafael Ninyoles, Lluís Vicent Aracil, William Labov, John J. Gumperz, Charles A. Ferguson, Heinz Kloss, Joshua Fishman, William F. Mackey, Francesc Vallverdú eta Einar Haugen, besteak beste) berezko gogoeta soziolinguistikoari ekiten dio Txepetxek lan horretan eta "elealbotasuna" eta "elebitasun soziala"ren gisako kontzeptuak formulatzen ditu lehen aldiz.

Eusko Jaurlaritzak antolatutako II. Euskal Mundu-Biltzarraren baitan, 1987ko abuztuaren 31n, Donostiako EUTGn Luis Villasante euskaltzainburuak honela hitz egin zuen Txepetxen artikuluan emandako elebitasunaren adieraz: "Bilinguismo hitz horren azpian hainbeste gauza zeharo desberdin sar daitezke eta sartzen dira, denak zaku berean! "Txepetx" jauna uste dut izan dela gure artean gai hau gehien sakondu duena, eta nolako gauzak ez ditu esaten! Sasi-elebidun, elebidun desorekatuak, "trampa sibilina", diglosia, etab. Jaun horren hitzekin esateko, hiztun osoak, horra euskarak behar dituenak, ez erdizkakoak, eta hori gabe ez dugu ezer egingo." Glasgowen idatzia da orobat "La aportación vasca al Atlas Lingüístico de Europa" artikulua.

Lizentziatura amaitzearren, Salamancan irakurtzen du Javier Coy irakasleak zuzendutako "El bilingüismo y la teoría de los espacios lingüísticos" tesina. Javier de Hoz, Gudelia Rodríguez, Koldo Mitxelena eta Antonio Llorente epaileek bikaintzat jo zuten Txepetxen lizentzaitura-memoria. Ondoren, Iruñera aldatu zen, ikertzen segitzeko asmotan, baina handik bi hilabetera, bat-batean, lan intelektualari zegokion orori utzi egin behar izan zion, ama gaixotua baitzen eta hura zaintzen eman behar izan zituelako hurrengo bi urteak, harik eta ama 1976an hil zen arte. Granadako urte latz haietan, bertako unibertsitatean ingeles zientifikoko eskolak emateaz gain, senar-emazteak talde anarkistetan sartu ziren buru-belarri eta CNT sindikatua berpizteko saioetan esku hartu zuten. 1976ko urrian, Vianako Printzea erakundearen beka bati esker, Txepetx, hogeitalau urterekin eta amaren heriotzagatik lur jota, Saldiasa abiatu zen, euskararen egoera hala soziolinguistikoki nola etnolinguistikoki ikertzen jarraitzeko.

Soziolinguistika berria eta hizkuntzen ekologia: 1977-1987[aldatu | aldatu iturburu kodea]

« Nik badakit [Jose Luis] Lizundia jaunak hain zuzen ez duela inondik inora inor gutxietsi nahi, eta inola ere ez duela nahi Udal askotan legea malgutasunez erabiltzerik -eta horretarako dago gero onetsiko dugun aldibaterako erabakia-. Gauza bera esan dezaket Alderdi Sozialistaren jarrerari buruz, nik jakin baitakit [Jose Antonio] Maturana jauna eta Alderdi Sozialista honen alde daudela, teknikarien irizpenekin ados daudela, hain zuzen Sánchez Carrión eta herri honetako beste aditu garrantsitzuen irizpenekin ados daudela, elebakartasunaren gordeleku izan daitezkeen guneetan euskara bultzatzea garrantzitsutzat jotzearen alde daudela gune horiek zabalkundearen bitartez hizkuntza batek behar duen sendotasuna ekartzen dutelako. »

Pedro Migel Etxenike, Eusko Legebiltzarra, 1982-11-25


Ondoren Xole Erbitik deitu zuen Nafarroako Foru Aldundiko Euskara Zerbitzutik, lanpostua lortua ziolako Saldias herri koskorreko (artean 200 bat biztanle) eskolan. Bizipen ikaragarri ona izan zen Txepetx euskaldun berriarentzat, baina era berean nahiko urduri ibili zen. Bertako jendeak kanpotarrekiko aurreiritziak zituen. Helduek ez zuten ulertzen haurrei eskolak euskaraz ematerik, nahiz eta ikasleak poz-pozik ibili. Zoritxarrez, bi urte ondoren haurrek Doneztebera joan behar izan zuten erdarazko eskolara. Umeek erdararik ez zeketinez, gurasoek Txepetxen aurka egin zuten.

Nafarrora itzulia zen, hortaz, emaztearekin eta han egon artean, 1977-1978an, prentsan artikulu sorta argitaratu zituen. Mirentxu Purroyk zuzendutako Punto y Hora de Euskal Herria aldizkarian agertutako iritzi-artikulu gehienak Lengua y pueblo liburuan bildu zituen bi urte geroago, 1980an. Egin sortu berrian orobat hiru artikulu idatzi zituen psikosoziolinguistikaz. Urte horietan Burlatako Udaleko idazkari eta Iruñeko "Navarro Villoslada" institutuan ingeles irakasle jardun zuen.

Mariano Izeta erlojugileak 1978an Elizondon antolatutako kultur ekitaldi baten berri eman zuen Príncipe de Viana aldizkarian: "Ostiralean, J.M. Sánchez Carrión jauna, Saldis'ko maixtrua, jatorriz Granada'koa. Baztan'go euskararen egoeraz, elebitasunaren arazoetaz eta euskaldunen jokabidetaz mintzatu zitzaikun. Beti euskarari buruz mintzatuz, hitzaldi guziz jakingarria egin zigun. "Txepetx" adiskideak erakaspen sakonak eman dizkigu, jakitate haundia erakutsirik eta euskararen egoeraz azterketa on bat eginik. Egiak eta egia garratzak gainera, nahiz eta guretzat mingarri diren. Atsegin haundiarekin entzun ginuen Saldis'ko maixtruaren solasaldia. Zorionak, adiskide, baduzu merezimendu."

Politikaz den bezainbatean, Gerra Zibileko iraultza sozialean esku hartu eta ondotik Frantziara erbesteratutako anarkistekin harremanetan aritu zen. Lankidetza horren erakusgarri da Txepetxek Demetrio Beriainen 1981ko Prat de Llobregat ayer liburuari idatzitako hitzaurrea. Adiskide eta irakurle zuen Demetrio Beriain nafar anarkista historikoa Baionan hil zen urte horretako apirilaren 28an. Ordurako, baina, Txepetxek utzia zuen CNT, sindikatura sartutako jende berria zela-eta.

Garai horretakoak dira, halaber, euskaltzale askorekin egin zituen harremanak: Jon Arrizabalaga, Juan Carlos Etxegoien "Xamar", Marga Ezkieta, Alfredo Hualde, Nuntxi Iriarte, Jose Angel Irigarai, Jose Mari Larrea, Pedro Oses, Kontxesi Pedroarena eta beste asko. Berebiziko arrastoa utzi zuten Txepetxengan Aingeru Irigarai medikuak eta Rene Rangel mexikar artistak.

Aingeru Irigarai mediku euskaltzalearekin harreman estua sortu zen; harritzekoa ez dena, Txepetxen liburuak Gerra Zibilak etendako Irigarai zaharraren lana jarraitzen baitzuen, nolabait. Julio Caro Baroja antropologo, historialari eta eruditu handia lagun harturik, hirukotea Nafarroako Foru Aldundiak euskararen aldeko plangintza abia zezan saiatu zen 1981eko abuztuaren 1ean. Hamabi puntutako txostena erakutsi zioten PSOEko Jesús Malón Hezkuntza eta Kultura sailburuari. Hasieran erakundearen aldetik baiezkoa jaso arren, bertan behera utzi zuen asmo hori berehala artean UCDko Juan Manuel Arza buru zuen Foru Aldundiak.

Bi urte ondoren, lagun minarekin abiatu zuen elkarlanak emaitza sendoena ematera zihoanean, 1983ko azaroaren 28an, hilko zen Irigarai. Haren omenez artikulu hunkigarriak idatziko zituen Txepetxek: 1983ko "En recuerdo de Angel Yrigaray", 1984ko "D. Angel Yrigaray" eta 1985eko "La nueva sociolingüística y la ecología de las lenguas" aitzindaria.

Senar-emazteak lehendabizi Burlatara aldatu ziren eta han jaio zen lehen semea. 1981ean Aramaiora aldatu ziren urtebeteko semearekin, Txepetxek Arrasateko institutuan espainiar hizkuntza eta literatura katedra lortua baitzuen lehiaketa bidez, eta han jaio zen bigarren haurra. Aramaion zirela, Iñaki Larrañaga ezagutu zuen, gerora SIADECO kooperatiban lankide urko izan zuena. Hala ere, urtebete eskasera, alabagatik, Donostiara joan behar izan zuten hezetasunetik ihesi eta Altzako institutuan hasi zen Txepetx eskolak ematen.

Soziolinguistikari dagokionez, "El marco sociológico y espacial de una situación bilingüe" ponentzia preskriptiboa eraman zuen 1979ko maiatzean Zarautzen egindako Elebitasun Jardunaldietara. Edonola ere, soziologiak asebete ez, eta euskararen egoeraren gakoa etnolinguistikan bilatu gura izan zuen. Gainera, orduan sakonetik eta nahikoa kostata ezagutzen zuen herri euskaldun bateko bizimodua. Horren erakusgarri da "La Navarra cantábrica", laurogei orrialdetako Malerreka eskualdearen 1981ko azterketa antropologikoa. Javier Zubiaurreri eta Julio Caro Barojari esker artikulua Fontes Linguae Vasconum aldizkarian argitaratu zen.

Ordurako, ordea, teoria autonomoa lantzen ari zen Sanchez Carrion eta lehen emaitza zinez iraultzaileak, hala nola, "hizkuntz esparruen teoria" eta "muin sinbolikoa", El espacio bilingüe urte bereko liburuan aurkituko ditugu. Liburu hori Jose Angel Irigarai, Aingeru Irigarai eta Agustin Zumalaberi esker argitaratu zuen Eusko Ikaskuntzak. Koldo Mitxelenarentzat, Indoeuropar Hizkuntzalaritzako katedraduna hala Salamancako Unibertsitatean nola EHUn, bai eta Txepetxen irakasle ohia, liburu hura, Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkarian 1983 urtean idatzi zuenez, hura ez zen hizkuntzalaritza hutsa, baizik eta antropologikoa edo etnologikoa.

Euskadiko Ezkerra alderdiaren Hitz aldizkariak 1982an euskarari buruzko txostena argitaratu zuen, eta hitzaurreak honela zioen azken hamarkadako soziolinguistikaz: "Ordudanik ari gara aipatu urteetako leloak errepikatzen, berritasun xoila, eta arront inportante J.M. Sánchez Carrión-ek, aitzindari honetan Euskal Herrian, [sic] eta artikuluxketan egin duela". Txepetxen ekarpen soziolinguistikoen eragina geroz eta handiagoa zen, maila akademikoan zein politikoan. Eusko Legebiltzarrak 1982ko azaroan Euskararen Legea izango zena lantzerakoan, besteak beste, Txepetxen lana hartu zuen kontuan. Izan ere, Pedro Miguel Etxenike Hezkuntza Sailburuak Txepetxen txosten bat aipatu zuen EAJ-EEren eta PSEren arteko eztabaidak baretzeko asmoarekin. Kalapita legearen 8.3 artikuluak sortu zuen, hain zuzen, 1986an Espainiako Auzitegi Konstituzionalak atzera botako zituen bi artikuluetako bat.

Bi urte geroago, 1983ko martxoaren 25ean, Txepetx euskaltzain urgazle izendatu zuten Adolfo Arejita, Miren Azkarate, Ricardo Badiola, Manex Erdozaintzi-Etxart, Ana Maria Etxaide, Jose Maria Etxebarria, Juan Luis Goikoetxea, Bernard Goiti, Jon Kortazar, Maria Pilar Lasarte, Anjel Lertxundi, Beñat Oihartzabal, Karlos Otegi, Arantxa Urretabizkaia, Josemari Velez de Mendizabal, Xarles Videgain, Julen Yurre eta Mikel Zalbiderekin bat.

1983ko uztailekoa da "Iruinean Sortua" izeneko agiria. Bergarako UNEDen egindako soziolinguistika ikastaroaren ondoren, Txepetx eta Lluís Vicent Aracilek beste batzuen artean deiturik Iruñeko Larraona egoizan elkartu ziren katalan, gailego eta euskaldun talde bat (35 lagun) "El idioma del Estado y el estado de los idiomas" gaiaren inguruan eztabaida eta gogoeta egiteko. Bildutakoen artean zeuden Antonio Gil Hernandez, Juan Carlos Etxegoien, Kontxesi Pedroarena, Sagrario Aleman, Iñaki Larrañaga, Jose Ignacio Ruiz Olabuenaga, Joan Mari Torrealdai, Maria Jose Azurmendi, Karmele Rotaetxe, Alan King, Miren Egaña, Juan Jose Arbelaiz, Kike Amonarriz, Jordi Serra, Esther Bonet, Miquel Pueyo, Enric Montaner, Amadeu Viana, Antoni Artigues, Jose Maria Satrustegi, Teresa Marba, Antonina Tugores eta abar.

Espainiak gaztelania ez beste hizkuntzei ezartzen zien txikizioari elkarlanean aurre egiteko elkarte soziolinguistikoa osatu nahi zuten. Tamalez Iruñean Sortua elkarteak ez zuen luze iraun, nork bere aldetik jo baitzuen 1984ko urriaren 15ean Getxon egin biltzarraren ondotik. Txepetx, Lluís Vicent Aracil, Juan Cobarrubias eta William Mackey buru zirela, Galizia, Katalan Herriak eta Euskal Herriko lagun ugari bildu ziren. Hizkuntz Minorizatuen Soziologia izeneko biltzar horretara, hain zuzen, Txepetxek "Fundamentos para una teoría de la territorialidad lingüística" ponentzia aurkeztu zuen.

Garai bertsuan Pedro Migel Etxenikek deitu zuen Eusko Jaurlaritza sortu berritik. Hura Hezkuntza eta Kultura sailburua zen eta Txepetx 1982ko urtarrilaren 11n eratutako Euskararen Aholku Batzordeko kide izatea gura zuen. 1983ko ekainaren 6an, ikertzaile gisa zuen autonomia errespetatuko zutelakoan sartu zen bertan Jose Antonio Muxikarekin bat, baina 1984ko azaroaren 27an, Carlos Garaikoetxea Ajuriaenetik egotzi eta laster, Batzordea utziarazi zieten, legezko lau urteak bete gabe, Txepetxi, Jesus Altunari, Lino Akesolori, Josu Oregiri, Ander Manterolari eta Jesus Eguzkitzari. Horien ordez, Juan Manuel Etxebarria, Itziar Idiazabal, Adolfo Arejita, Eneko Oregi, Javier Uriarte, Andres Urrutia eta Jose Antonio Retolaza izendatu zituzten.

Nafarroako Gobernuko PSN ere Euskararen Foru Legea izango zena prestatzen hasia zen eta, Hortensia Viñesekin egindako saioak kale egin ostean, Txepetxekin harremanetan jarri zen, eta euskararen egoeraren azterketa soziologiko bat egin nahi zutelako. Txepetxek, ordea, ez zuen inolako bermerik ikusi Gobernuaren aldetik. Ez ziren ados jarri, beraz, eta Rafael Azkonak hartu zuen ikerketa horren lana.

Artean Sanchez Carrionen intuizioak goitik behera lantzeke egonagatik, filologoak parada hobezina zuen jarduna burutzeko. Izan ere, Londresen bizi zen 1983tik, Vicente Cañada Blanch Espainiar Institutu elebidunean irakasle, bi haur txiki zituen halako giro eleanitzean eta Britainiar Liburutegiko baliabide bibliografikoak eskura zituen. Era berean, Inner London Education Authority-ren laguntzaz euskara eskolak ematen zituen Westminster Adult Education Institute-an. Hiriburuko Anglo-Basque Society-ko (gaur egungo London Basque Society) presidentea eta Survivial International-eko kidea ere bazen. Londresko egonaldi latzaren lehen seihilekoan lan linguistikoari lotu zitzaion, euskararen corpusa aztertuz, latina, frantsesa edo ingelesaren ikuspegitik ordez, Australia eta Amerikako jatorrizko hizkuntzen ikuspegitik. Lanok argitaragabe diraute.

Halako batean Doneztebetik deitu zuten bertako eskolako euskal lerroa prestatzen lagundu zezan. Beste guztia alde batera utzi eta horri ekin zion eta bat-batean ikasketa prozesua argi eta garbi ikusi ahal izan zuen. Berrogei egunetan hizkuntzarekiko tesi berri baten ardatzak landu zituen. Hala ere, bere esperientzia pertsonala azaltzeaz gain, zeinahi hiztun eta hizkuntzarena azaltzeko gauza zela frogatu gabe zuen artean. Aitzitik, aipatutako Britainiar Liburutegiari esker, bost kontinenteetako ehundik gora hizkuntzaren egoerak aztertu ahal izango zituen. Lau urte luze izan ziren, gau eta egun, uda nahiz negu, hizkuntzak aztertu eta aztertu. Azkenean erabat makaldu eta ospitalera eraman behar izan zuten eskolak ematen ari zela ziplo erori ondoren. Bi hilabete eman zituen hilzorian. Beste sei hilabete behar izan zituen kinka larritik ateratzeko eta eriondoak bi hilabete iraun zituen.

Guztiarekin ere, tesiaren ondorio batzuen berri ematen da Euskal Herriko Unibertsitatean 1986ko abenduaren 5ean aurkeztutako doktore-tesian: Teoría sociolingüística de la recuperación del Euskara y teoría social de las lenguas. Apto cum laude eman zion epaimahaia Antoni Ferrando, Maria Jose Azurmendi, Maite Etxenike, Itziar Idiazabal eta Ibon Sarasolak osatzen zuten. Salamancako Unibertsitatean irakasle izan zuen Koldo Mitxelena zen tesiaren zuzendaria. Handik urtebetera, 1987ko urriaren 11n Mitxelena hil zenean, haren omenez idatzia da 1991ko "La herencia de Koldo Mitxelena" artikulua.

Un futuro para nuestro pasado izenburuarekin, 1987an Txepetxek bere kasa argitaratu behar izan zuen tesi horretan, "unibertsal linguistikoak" adierazten dira egilearen ustez, zeinahi hizkuntzaren ikasteko prozesuaren eta zeinahi hizkuntzaren bizitzaren hatsarreei dagokionez bederen. Hala ere, Txepetxek euskara jarri zuen diskurtsoaren erdian.

Joan Mari Torrealdaik 1987ko abuztuaren 13an Eguna astekarian Txepetxen tesiaz adierazi zuen: "Euskararen egoeraren diagnosia zorrotz egin du, hizkuntz-komunitatearen berreskurapen-prozesua zuzen markatu du eta -hirugarrena-marko teorikoa egoki definitu du". Torrealdaik uste du "aukera egokia eta aproposa eskaintzen diola euskal gizarteari euskararen berreskurapen-prozesu osoa birpentsatzeko eta -beharko balitz, nik neuk baietz uste- birplanteatzeko eta bideratzeko. Eta gaineratzen du: "Hona lehen meritua are gehiago balioztatzen duena. Balio orokorra du liburu honek, hizkuntzen teoria soziala baita, ez euskararena bakarrik". Eguna astekarian egun horretan Txepetx izan zuten hizpide Joxe Joan Gonzalez de Txabarrik, Joan Mari Torrealdai berak eta Iñaki Larrañagak.

Txepetx irailaren 25ean Compostelako Donejakuen izan zen, AGALen Nazioarteko 2. Batzarrean doktore-tesiko ideiak aurkezten. Hain zuzen, Galizian irakurritako laburpena Gotzon Nazabalek euskararatua agertu zen urte hasieran Jakin aldizkarian. Txepetxen tesiaz zenbaki monografikoa izan zen hura eta bertan parte hartu zuten Iñaki Larrañagak, Lontxo Oihartzabalek, Dionisio Amundarainek, Paulo Agirrebaltzategik, Joxe Azurmendik eta Lluís Vicent Aracilek.

Kontzientzia pertsonala eta ekintza soziala: 1988-1999[aldatu | aldatu iturburu kodea]

« Berreskurapenerako bide aldapatsuan, dudarik ez da Txepetx-en ekarpena (eta ez Tesi mardularen ondorioz bakarrik: orain dela 20 urte ezarri zituen Sánchez Carrión-ek euskal Soziolinguistikaren zedarriak, bai teoriaren eta bai inkesten alorrean) erabakiorra izan eta izango denik: euskaltzale guztien gogoeta-liburu nagusi bihurtu da "Un futuro para nuestro pasado" famatua, eta hau gertakari pozgarria da. »

Txillardegi, Bat aldizkaria, 1992


Hololinguistikak, ordea, betiere praxiarekin lotuta, edo, hobe esan, honen eraginez, etengabe aurrera egin du eta 1988rako, Kanarietako giroa sendatzeko baliatzen zuen bitartean, prest zuen Txepetxek teoriaren beste atal nagusi bat: La dialéctica de la territorialidad. Handik bi urtetara beste koska bat gehituko zion: La utopía necesaria. Egilea, ordea, beldur da zati horiek gaizki ulertuak edo oker erabiliak izango ote diren eta oraino argitaragabeak dira. Atal berriak plazaratu ordez, Un futuro para nuestro pasado doktore-tesia berriz argitaratu zuten 1991 urtean. Kanarietako Los Llanos de Aridane herriko (artean 16.000 inguru biztanle) Institutuan lanean ari zela, 1990eko "Subvención económica y normalización lingüística" artikulu jakingarria AEKrendako idatzia da, orobat.

Euskal Kulturaren Batzarreak 1988an II. Biltzar Nazionala burutu zuen. Bertan, 1999an Bat aldizkarian EKB erakundeak berak adierazi zuenez, "urte bete lehenago argitaratutako Jose Maria Sanchez Carrion en hizkuntzaren teoria soziala aztertu eta EKBren dinamikan lagungarri gerta zedin eztabaida burutu zen". 1989an, EKBek antolatuta Soziolinguistika Jardunaldiak burutu ziren Iruñean eta honako hizlarien parte hartzea izan zuten: Txepetx, Juan Luis Larraza, Yvo Peter’s, Txillardegi, Eugenio Arraiza, Aingeru Epaltza, Mikel Bujanda eta Jose Felix Diaz de Tuesta.

Txepetxek inspiratutako AED Arrasateko euskara elkarteak 1989an doktore tesia aurkeztu zuen Jazten aldizkariaren lehen zenbakian. Txepetxez beraz gain, Dionisio Amundarainek, Iñaki Larrañagak, Julen Arexolaleibak, Koldo Zuazok, Juan Carlos Etxegoienek eta Jose Angel Irigaraik hartu zuten parte. Txepetxek eragin itzela izan du herri-hirietako euskara elkarteetan. Iñaki Arrutik Bat aldizkarian 1995 urtean idatzi zuen euskara elkarteez: "Txepetxen lana izan da eragileen iharduna teorikoki gidatu duena". Iñaki Arruti biologian lizentziatua eta Lasarte-Oriako euskara zerbitzuko arduraduna da. Esaterako, Errenteriako Lau Haizetara elkartea zuzentzen zuen Iñaki Alberdik bere kasa Un futuro para nuestro pasado euskarara itzultzeari ekin zion. Zoritxarrez, herioak harrapatu zuen 1993an lana burutzeko gutxi falta zitzaionean.

Euskara-elkarteen sortzeko eta garatzeko lanetan izandako eraginaz gain, ordea, Julen Arexolaleiba arrasatear euskaltzalearen ahaleginaren ondorioz, Txepetx Euskal Herrira etortzea lortu zen 1989ko urrian, lehendabizi Iruñera. Haren oinarri teorikoak garatzeko eta hedatzeko Adorez eta Atseginez Mintegia sortu zuten hainbat lagunek Eskoriatzako Irakasle Eskolaren inguruan: Julen Arexolaleiba, Iñaki Izarzelaia, Iñaki Arruti, Iñaki Alberdi, Fernando Muniozguren eta Axun Aierbe, besteak beste. Hainbat ikastaro eman zituzten Bergarako UNED edo UEUren gisako erakundeetan. Era berean, Un futuro para nuestro pasadoren bigarrenez argitaratu zuten "Julio Urkixo" Euskal Filologi Mintegi-Institutuarekin (Manuel Agud, Ibon Sarasola, Joseba Lakarra eta abar) elkarlanean, lehen argitaraldiaren 2.000 aleak agortuak baitziren. Hala ere, Txepetxek, desadostasunak medio, 1992an utzia zuen taldea eta hiru urte ondoren, 1995ean, Menorcara abiatuko zen. Desadostasun horien iragarle gisa uler daiteke Txepetxek Euskaldunon Egunkarian argitaratutako "Euskara eta gu" iritzi-artikulua.

1989 inguruan, EAJko Jose Maria Gorordo 1987tik alkate zuen Udalak eskatuta, SIADECOk Bilboko euskararen azterketa soziolinguistikoa egin zuen. Udaleko Euskara Zerbitzua HBko Koldo Celestinoren eskuetan zegoen. Txepetxi, aldiz, inkesta haiek baliatzea egokitu zitzaion, haren hitzetan, Bilbo "eskarmentu izatetik eredu izateraino" eramateko. 1991 urtean, haatik, Gorordok EAJ alderdia utzi zuen eta udal hauteskunde berriak izan ziren ere bai. Ondorioz, udaletxean aldaketa ugari eman ziren eta Txepetxen lanak zortzi urte gehiago itxaron behar izan zituen argia ikusteko. Aurrerapena, ordea, SIADECOrentzat idatzitako "Bilb(a)o y el Euskara" artikulua dugu.

Edonola ere, 1990 urterako Gasteiza joana zen Txepetx, SIADECO kooperatibaren langile gisa. 1967an sortutako SIADECO aitzindaria izan da Espainian ikerketa soziolinguistikoak eta soziourbanistikoak egiten. Txepetxek bertan egin zuen lan bost urtez, 1990tik 1995 arte, besteak beste, haren teoria aplikatuko zuten proiektuak zuzentzen eta ikasketa soziolinguistikoen kabinetean esku hartzen. Anartean, bizitokia Irun eta Lapurdi artean izan zuen aldi batez. Nolanahi den, 1990eko iraila bukaeran Galizian izan zen berriz ere, AGALen Nazioarteko 3. Batzarrean, "Patología somática y terapia lingüística" ponentzia berritzailea aurkezten.

Nolanahi den, penintsulatik alde egin aurretik, hainbat lan garrantzitsu burutu zituen. Izan ere, hololinguistikak hizkuntzalaritzari ez ezik, beste jakintza eremuei ikuspegi berria eskaintzen die hizkuntzekiko, Txepetxen ustez. Donostian, 1991ko Eusko Ikaskuntzaren 11. Batzarrean, hizkuntzen diskurtso berriak historian eragindako iraultza azaltzen saiatu zen Txepetx: "Las lenguas vistas desde la Historia versus la Historia vista desde las lenguas" trinkoa. Euskal Herriko Unibertsitatean ere irakasle ibili zen aldi batez hamarkadaren hasieran. 1988-2000 artean, Joseba Lakarrak eta Ibon Sarasolak zuzendutako ASJU aldizkariaren Aholku Batzordeko kide izan zen.

Nafarroa ezin bazterrean utzi. 1988an Pedro Burillok, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren kudeatzaileak, unibertsitatean Euskal Filologia sail bat sortzeko asmoa adierazi zuen. Ondoren sailburu Txepetx izango zela haizatu zen. 1991 inguruan, NUPeko lehendabiziko bi errektoreei, Pedro Burillo bera eta Alberto Gonzalez hurrenez hurren, hizkuntza plangintza katedra bat eratzeko diseinu bana aurkeztu zien. Ez batak ez besteak zuen aintzat hartu. 1991ko neguan Iruñeko Pamiela aldizkariak txostena egin zuen Txepetxez. Artikulugileak Jose Angel Irigarai, Andolin Eguzkitza, Jose Mari Larrea eta Bixente Serrano Izko izan ziren.

Baina Bilbo urian bertan bazuen beste hazi bat landatua. SIADECOko Iñaki Larrañagarekin bat, 1994ean eratuko zen Zenbat Gara Bilboko kultur elkartearen prestatze nahiz gogoeta lanean sartu baitzen buru-belarri; Teo Etxaburu, Xabier Monasterio, Jabier Lauzirika, Xamar, Jose Angel Irigarai eta beste hamaika euskaltzaleri laguntzearren. Abiapuntua 1993ko urrian aurki dezakegu, Luigi Anselmi poetak Gabriel Aresti Euskaltegian ikastaroa ematera gonbidatu zuenean. Hiru trebakuntza ikastaro eman zituen Txepetxek beste hainbeste urtetan Euskaltegiko irakasle-ikasleei, Zenbat Garako kideei eta Bilboko Kafe Antzokiko langileei.

1993ko negukoak dira, orobat, Pamiela aldizkariaren azken zenbakiarentzat idatzi zituen bi lan garrantzitsu: "Radiografía de la situación general del Euskara en la C.A.V" eta "Panorama actual del conflicto". Hizpide "euskararen bizitza" zuen zenbaki horretan parte hartu zuten Jorge Oteizak, Beñat Oihartzabalek, Jose Joakin Gallastegik, Jose Angel Irigaraik, Jose Mari Larreak eta Eduardo Gil Berak. Garai horretan ekin zion Luigi Anselmik, Pamiela argitaletxeko poeta ofizialak nahiz Gabriel Aresti Euskaltegiko irakasleak, Un futuro para nuestro pasado (1987) euskararatzeari.

1995-1996 ikasturtean soziolinguistika ikastaroa eman zuen Deustuko Unibertsitatearen Euskal Kulturako Espezializazio Diplomaturan. Beste irakasleak Josu Erkoreka, Mikel Etxebarria, Francisco Garmendia, Jesus Maria Lasagabaster, Nerea Mujika, Rosa Miren Pagola, Juan Francisco Santacoloma, Ana Toledo, Andres Urrutia eta Jose Urrutikoetxea ziren.

Nolanahi den, Txepetxek 1995 urtean alde egin zuen Euskal Herritik. Kike Amonarriz 1995eko abenduaren 10ean honela mintzo zen Argian: "Saminez hartu nuen hemendik Menorcara alde egin behar zueneko berria. Euskal Herriak Txepetx bezalako pertsona bat galtzea benetan tamalgarria da, eta ez da ulertzekoa berak eginiko moduko ekarpena egin ondoren, hainbat instantziaren aldetik jaso duen «isiltasunezko» tratua jaso izana. Gure egoera «ez sanoaren» zantzu bat gehiago." Joxe Manuel Odriozolak urte berean adierazpen gordinagoa egin zuen Bat aldizkarian: "atzerriko adituen izenak nabarmenduko dira, Txepetx Menorcako kaioen artera bidaltzen den bitartean."

1996 inguruan Jorge Oteiza Fundazio eratu berriaren funtzioak ere diseinatu zituen Txepetxek, Jorge Oteizaren beraren aginduz. Fundazioko patronatuko kide ziren, artean, Juan Huarte, Francisco Javier Saenz de Oiza, Jaione Apalategi, Juan Antonio Urbeltz, Jose Angel Irigarai, Xabier Morras, Pedro Burillo eta Juan Ramon Corpas. Urte horretan agertu zen Txepetxen "Jorge Oteiza o Acteón en su laberinto" artikulua, Jorge Oteizaren Nociones para una filología vasca de nuestro preindoeuropeo liburuaren bigarren argitaraldian. Harremana, hala ere, aurretik zetorren Txepetxek 1994an "Bailando con osos" epilogo iradokitzailea idatzi baitzuen Urbeltz koreografoarentzat. Jose Angel Irigaraik honela zioen Argia aldizkarian 2008 urtean: "Txepetxek ongi ezagutzen zuen Oteizaren obra; alderantziz, ez hainbeste, baina Oteiza liluraturik gelditu zen Txepetxek bere obraz egin zuen irakurketarekin. Besteak beste, giro horretan egosi zen Fundazioan sartu izana."

Un futuro para nuestro pasadok hamar urte bete zituela-eta, 1996ko ekainean Bat aldizkariak txostena eskaini zion Txepetxi. Berariaz, egileak sei urte arinago idatzitako artikulua bidali zuen, Mertxe Iñigok itzulitako "Un futuro para nuestro pasado idazlaneko ideiei buruzko jarrera intelektualak". Txostenean parte hartu zuten Jose Angel Irigaraik, Iñaki Larrañagak eta Iñaki Martinez de Lunak.

Ordurako, esan dugu, Txepetx Menorcan bizi zen, Maoko institutu batean irakasle. 1996an, Jon Sarasua bertsolari eta kazetaria irlaratu zen harekin elkarrizketa luze bat egiteko asmoz. Emaitza Biziaren hizkuntzaz liburua da, 1997an Zenbat Gara elkarteak argitaratua. Bertan Txepetxen teoriarako, hots, hololinguistikarako, sarrera orokor bat eskaintzen zaio irakurleari.

Menorcan egon artean, bertako prentsan hogeitik gora artikulu idatzi zituen 1997 eta 1998 urteetan. Artikuluotan, hain zuzen ere, hizpide du Quiton 1997ko uztailaren 7tik 11ra egin zen Amerikanisten Nazioarteko 49. Batzarra. Txepetxek bertara ponentzia kooperatzailea aurkeztu zuen: "La importancia de los pueblos del origen dentro de un modelo de sostenibilidad de lenguas, cultura y territorio". Aspalditik ekin nahi zuen herrien arteko elkarlana abiatu zuen Txepetxek gisa horretara. Bai eta nazioartean ukatu zaion oihartzuna bere kasa sortu ere.

1998ko otsailean eta martxoan Errenterian eta Madrilen izan zen Alain Massonen eta Alex Perez de San Romanen "Los colores del futuro" ikastaroa aurkezten. 2010ean hildako Alain Masson frantses zientzialari eta ikertzailea zen. Oinarrizko ekarpenak egin zituen energiaren lengoaiaren arloan, bai eta Erdi Aroko beiragileen argi kodearen ulertzean ere. Argiaren hizkuntza ikertzen aritu ziren elkarrekin. Anna Raquel Serranok hartaratuta,1998ko martxoaren 28an, ostera, Alcoin izan zen Txepetx, Soziolinguistikazko 7. Jardunaldietan. Hizkuntza politika berri bat proposatu zuen bertara eramandako lanean: "Les llengües del territori i el territori de les llengües".

Anartean hololinguistikak beti aurrera egin du eta "bizitzaren hizkuntza"ren berri ematen omen du teoriaren azken emaitzetan. Bataren eta bestearen arteko zubia egiteko asmoz, eta 1991 urtean Bilboz hasitako lanak tornu berria duela, Aplicación sociolingüística de la territorialidad (1999) liburua idatzi zuen 1996-1998 bitartean, Menorcatik Landetako Josse herri koskorrerako (gerraostean "Joan Iturralde" apaiz izan zuen huraxe bera) joan-jinean. Udalak artean Jose Joakin Gallastegi zuen Euskara Zerbitzuko buru eta liburua Josu Ortuondo EAJko alkatearen hitzaurre eta guzti argitaratu zen. Liburuan lurraldetasunaren arazo larriari konponbidea emateko hastapenak adieratzen dira, soziolinguistikatik abiatuta. Euskararen Herriaz inoiz egin den diagnostikorik argienaz gain, osabiderako artean sortutako preskripzio garbiena ere ematen da liburuan. Liburuaren aintzatespena, haatik, hutsaren edo, asko jota, hutsalaren hurrengoa izan da. Bada salpuespenen bat: Carme Junyent Universitat de Barcelona-ko irakasleak 2006ko idazlanean honela zioen Txepetxen azken liburuaz: "Si mai us heu preguntat per a què serveix la lingüística o la sociolingüística, aqui trobareu moltes respostes; i si mai heu dubtat de l'existència d'un gran investigador apassionat, aquí en trobareu el desmentiment. L'autor té altres obres, totes recomanables".

Lankidetza eta garapena: 2000-2007[aldatu | aldatu iturburu kodea]

« Nik uste dut bere mementoan karikaturizatu egin zirela. Fishman bide instituzionalaren eta elebitasunaren ikur bezala eta Txepetx elebakartasunaren eredu bezala. Gero gertatu da Txepetx baztertuta gelditu dela hemen. Ez zaio tokirik egin mundu akademikoan. »

Xabier Erize, Argia, 2002-09-15


Liburua, orobat, Zenbat Gara bilbotar egitasmoaren gauzatzean giltzarri izateko sortua zen. Elkarteak 1998. urtetik izen bereko aldizkaria argitaratzen hasi zen, bizitza eta hizkuntzaren lotura sendotzeko asmoarekin. Laugarren zenbakian , 1999an, Aplicación sociolingüística de la territorialidad ren aurrerapen gisa, Aitor Zuberogoitia kazetariak elkarrizketa luze bat argitaratu zuen Txepetxekin. Bosgarren zenbakian, aldiz, 2001ean, Txepetxek hitzaurrea egin zuen 1997an Ekuadorren ezagututako Nidia Arroborentzat. Zenbat Garak gonbidatuta Nidia Arrobo ekonomista eta Leonidas Proaño apezpikuaren jarraitzailea Bilboko Kafe Antzokian izan zen hitzaldi bat egiten, Ekuadorko herri indigenen egoera azaltzearren Zenbat Garakoei. Txepetx, hain zuzen ere, bilbotar elkarteko aholkulari izan zen bi urtez, baina ondoren, berriz ere desadostasunak medio, kargua utzi egin zuen.

Zenbat Gara elkartearen magalean sortua da orobat Bizi-Hitza Fundazioa, Txepetxen lana behar bezala zabaltzeko asmoarekin eratua. Bilbo hirian finkatu zuen egoitza eta Txepetxez gain, Iñaki Larrañagak eta Mikel Agirreazkuenagak esku hartu zuten. Iñaki Larrañaga apaiza, soziologoa, soziolinguista, eta SIADECO kooperatibaren sortzaileetako bat da eta Mikel Agirreazkuenaga EHUko euskal filologia irakaslea eta yoga irakaslea. 2001eko otsailean Beasainen antolatutako Kilometroak jaian parte hartu zuen Txepetxek. "Euskararen komunikazioa nola landu" hitzaldia eman eta Fundazioa aurkeztu zuen Larrañagarekin bat. Joxean Artze poetak bukatu zuen ekitaldia.

Txepetxek 2001 urtean, artean Frantzian bizi zela, artikulu bat argitaratu zuen Omnium Cultural erakundearen Escola Catalana aldizkarian: "Sobre bogeries, seny y vacunes". Bertan kontzientzia linguistikoaren adiera zehatz eta alderdikeriarik gabea deskribatzen zuen, baina arrakasta eskasarekin, antza. 2002 urtean fundazioa, dagoeneko Txepetxik gabe eta gaztelaniazko izenarekin soil-soilik, Donostiara aldatu zen. Fundazioa Iñaki Larrañaga, Maria Pilar Unzueta, Mikel Agirreazkuenaga eta Angel Maria Lagek osatzen zuten musu-truk.

Pilar Unzuetaren ondoren Ana Cristina Vega izan da fundazioaren lehendakaria. Fundación Pueblo Indio del Ecuador-ekin eta Kolonbiako Confederación Indígena Tairona-rekin ibili dira elkarlanean. 2002ko uztailean Txepetx eta Nidia Arrobok fundazio holinguistikoa aurkeztu zuten Kataluniako Unesco Etxean eta irailean Nidia Arrobok Ekuadorko Chachi herriaren "Las culturas de la Ecodiversidad" proeiktua aurkeztu zuen toki berean. Txepetxek, aldiz, "hololinguistika" jabetza industrial gisa patentatu zuen Iruñean.

Euskal Herritik berriz ere alde egitear zegoen, baina SIADECO elkartearekin harremana berritua zen, izan ere, 2004an kooperatibarentzat Cooperación y desarrollo gogoeta hololinguistikoa idatzi zuen. Hololinguistikak, agidanez, izenari zor osotasunerantz etengabe saiatuz, soziolinguistikaren esker txarreko bide hertsia alde batean utzi eta lankidetzari eta garapenari eusten dio azken aldian. Gisa berean, 2005ean hitzaurrea idatzi zuen Bakarne Zuazuak koordinatutako Euskal gazte lankideen bizi-ibilbideak liburu elebidunarendako.

2004ko maiatzean Txepetx Kolonbiako bi arhuako buruzagirekin egon zen Arbizun. Bertako Udalak, Irungo, Gernikako eta Errenteriakoarekin bat, 2003an Sierra Nevada de Santa Martaren inguruko lurrak erosteko emandako dirulaguntza eskertu nahi zuten. Abokatuen laguntzaz, Kolonbian giza eskubideen behatoki bat sortzea ere asmo zuten, nazioartean herri indigenen egoera salatzeko.

2006an Jaione Apalategiren NUPeko irakaslearen tesia argitaratu zen, Ikastetxeen egitura intelektuala. Txepetxek asko lagundu omen zion tesia burutzen, baita hitzaurrea propio idatzi ere: "Gizarte zientzien ortzemugatik kanpo". Liburuaren argitalpenaren harira, Felix Ibargutxi Diario Vascoko kazetariak Txepetx zertan zebilen galdetu zion Apaletegiri eta honek halaxe erantzun: "Ezin dizut esan non bizi den. Lanean ari da, orain ere arlo berriak ikertzen eta nazioarte mailan."

2007an Txepetx Indiako Andhra Pradesh estatuan Kalki Bhagavan guruak sortutako Oneness University-n egon zen.

Hololinguistika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Hololinguistika»

Hololinguistika (grezierazko όλος-hòlòs osotasuna + linguistika) edo Hizkuntza Esperientziaren Teoria Autoosatua Jose Maria Sanchez Carrion "Txepetx" hizkuntzalariak sortutako hizkuntzari buruzko diskurtso berria da, hizkuntzaren bizitzaren hatsarreak ez ezik, bizitzaren hizkuntzarenak zehazten omen dituena. Egileak 2002ko irailaren 25ean patentatu egin zuen jabetza industrial gisa.

Etika, psikologia eta soziologia osotasun zatiezina izan eta hololinguistikak guzti horiek hartzen dituen eremua ei denez, Txepetxen iritziz ezagutzaren arlo hau ez da ez ohizko soziolinguistika, ez hizkuntzalaritza, ez hizkuntzaren filosofia ez eta psikolinguistika ere; arlo hau bestelakoa da. "Hololinguistika" edo "Hizkuntza-Esperientziaren Teoria Autoosatua" (Teoría Autoconsistente de la Experiencia Lingüística gazteleraz) esaten dio Txepetxek.

Hololinguistikaren aztergaia, soziolinguistikarena ez bezala, bizia da, bere osotasunean (hòlòs). Ez da, beraz, hizkuntzaren biziaz bakarrik arduratzen, izadi osoaren biziaz baizik, hizkuntzak barne. Eta hortik, hizkuntzetatik abiatuta, giza bizitzaren garapena (psikologia, etika, soziologia) eta baliabideen ekoizpena (ekonomia), gizartearen antolaketa (politika) eta mundu sinboliko eta espiritualaren (kultura, erlijioa) garapena ziurtatzeko lain, izadiaren ("denaren") norabidea aztertzen du. Hori guztia hizkuntza bakoitzetik abiatuta, munduko hizkuntza guztien arteko harremanerantz, bakoitzaren era begiratuz eta aldeak onartuz, arrisku bizian dagoen gure planetaren hondamendia saihestearren.

Azken batean, hizkuntzen eta hizkuntza komunitateen arteko orekaren formulazioa baino gehiago den zerbait aurkezten omen du Txepetxen teoriak. Fisika kuantikoak, ekologiak, garapen kognitiboak edo garapen iraunkorrak bezala; adierazi egiten du zientziaren "kontzientzia". Funtsean ekintzarako pentsamendua izan gura du.

Hizkuntzaren ikaskuntza Txepetxen arabera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Motibazioa, Ezagutza eta Erabilera dira, "Txepetx"en teoriaren arabera, hizkuntza bat menperatzeko hiru zutabe edo "ontzi" nagusiak.

  • Motibazioa: Hizkuntza bat ikastera edo hizkuntza batean irautera -hots, hizkuntza jakiten eta mintzatzen jarraitzera- bultzatzen duten arrazoiak, desioak edo interesak.
  • Ezagutza: Hizkuntzaren funtzionamenduaz jabetzeko prozesua zein ahalmena.
  • Erabilera: Hiztun komunitatearen hizkuntz funtzioetako edozeinetan jardutea.

Hiru ontzi hauek ezberdin betetzen dira kasuen arabera. Hortaz, Txepetxek bi ikasketa prozesu bereizten ditu:

  • Ibilbide naturala (A): Haurren ikasketa-prozesua da, inkontzientea. Prozesu honek hizkuntzaren erabilera du abiapuntua, umeek entzun eta berba egiten baitute hizkuntzaren mekanismoez jabetu barik: ondoren, hizkuntza erabiltzearen poderioz, umeek handitzen eta hobetzen dute hizkuntzaren ezaguera; eta azkenik, hizkuntza gero eta hobeto dakitela konturatzean, umeengan hizkuntzarekiko motibazio positiboa sortzen da.

A ibilbidea gizarteratze prozesua da, umea gizarte identitate gainjarriak dituzten esparruetan pixkanaka sartzen du eta: familia, eskola, herria...

  • Ibilbide kulturala (B): Nerabeen eta helduen hizkuntzen ikasketa-prozesua da. Ikasketa ibilbide kontzientea da eta motibaziotik abiatzen da: heldua motibaturik dagoenean hasten da hizkuntza ikasten edo ezagutzen, eta ondoren, zenbat eta hizkuntza hobeto ezagutu, gehiago eta hobeto erabiltzen du. B ibilbidea indibidualizazio prozesua da, norberak beste hizkuntza batek -edo batek baino gehiagok- hartuta zeuzkan espazioak zabaltzen baitizkio ikasten dabilen hizkuntzari.

Nahikotasun maila

Edozein hizkuntzaren ikasketa-prozesuan fase batetik beste batera igaro ahal izateko (hau da, A ibilbidean motibaziotik ezaguerara eta ezagueratik erabilerara jauzi egiteko eta B ibilbidean erabileratik ezaguerara eta ezagueratik motibaziora) ezinbesteko baldintza da ikaskuntzaren aurrerapenaren adierazlea den nahikotasun maila erdiestea:

  • Ume batek hizkuntzaren erabilera-maila egokirik ez badu, inola ere ez du hizkuntza horren maila fonetiko, lexikal edo gramatikal egokia lortuko. Era berean, hizkuntza erabiltzen hasi den umeak bere adineko beste edozein hiztunen hizkuntzaren ezagutza maila lortzen ez badu, oso zaila izango da hizkuntzarekiko haren motibazioa nahikotasun mailaraino heltzea, eta gainera, motibazio maila hori seguruenik beste hizkuntza batean aurkituko du.
  • Nerabe eta helduen kasuan ere arrazoizko motibazioa hizkuntza ikastera bultzatzeraino heldu behar da. Gero, pertsona horrek hizkuntzaren egitura eta sistemaren barneratze nahikoa lortu behar du hizkuntza erabili ahal izateko. Eta hizkuntza modu egokian erabiltzen duela konturatu orduko, heldu hori are motibatuago egongo da gehiago ikasteko. Baina, nahasmendu eta konfiantzarik ezaren ondorioz, erabileran hutsunea egonez gero, helduagan ahultzen joango da hizkuntzarekiko hasierako motibazioa.

A eta B zirkuituak

Arestian azaldutako A eta B ikasketa-ibilbideek ez dute zertan amaitu hirugarren fasera heltzean. Bertan amaituko balute, bata zein bestea osatu gabeko ikasketa-prozesuak izango lirateke:

  • Normalean, hizkuntza modu naturalean erabiltzen eta ezagutzen duen umea hizkuntzarekiko motibazio positibo nahikoa izatera heltzen denean -hau da, A ibilbidea eginda daukanean-, hezkuntza sisteman sartu eta motibaziotik erabilerara doan B ibilbidea hasten du, hizkuntzaren ikaskuntzako AB zirkuitua burutuz.
  • Era berean, motibazioak bultzatuta hizkuntzaz jabetzen eta modu egokian erabiltzen hasi den helduak -B ibilbidea egin duenak- erabileratik motibaziora doan ibilbideari ekin diezaioke, BA zirkuitua osatuz eta, beraz, hiztun oso izatera helduz.

Hortaz, ikasketa-prozesu biak harremanetan daude, eta, bata bestearen osagarria izanik, biak behar-beharrezkoak dira hiztunek hizkuntz garapen osoa lor dezaten.

Talde soziolinguistikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hizkuntzen ikaskuntza prozesuak gogoan hartuta, euskarari dagokionez bost talde soziolinguistiko bereiz ditzakegu:

  • AB zirkuitua burutu duten hiztunak: Jatorrizko euskaldun kulturizatuak.
  • BA zirkuitua burutu duten hiztunak: Heldu jatortuak.
  • A ibilbidea besterik egin ez duten hiztunak: Jatorrizko euskaldun alfabetatugabeak edo jatorrizko primarioak.
  • B ibilbidea besterik egin ez duten hiztunak: Heldu jatortugabeak.
  • 0 euskaraz ez dakiten pertsonak: Erdaldunak.

Hizkuntzen galera eta normalizazio prozesuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenengo talde soziolinguistiko biek -ABk eta BAk- hizkuntzaren bihotza edo gune sinbolikoa osatzen dute. Hiztun horiek hizkuntzaren ikasketa-prozesu osoa burutu dutenez, euskaldun osoak dira eta gaituta daude edozein hizkuntz funtzio euskaraz betetzeko. Azken taldea, erdaldunak, euskal komunitatetik at dago.

Hizkuntza baten gune sinbolikoa osatzen duten AB eta BA talde soziolinguistikoak, euren leku eta funtzioak ulertzeaz eta ondo betetzeaz gain kanporantz hazten direnean, bihotzetik azalerantz, hizkuntza komunitatea artikulatuta egongo da eta hizkuntzak ez du desagertzeko arriskurik izango. Aitzitik, talde soziolinguistikoek talde edo gizarte izaera galtzen dutenean, paradigma glotofagikoa jartzen da martxan: lehenengoz, hizkuntzan funtzio galera sortzen da; bigarrenez, norabide bakarreko gizarte-elebitasuna nagusitzen da; hirugarrenez, hiztunek gutxiagotasun konplexua hartzen dute; laugarrenez, komunitatearen erabateko desagituraketa gertatzen da; eta azkenik, lege bereizkeriak hizkuntzaren galtze prozesua azkartzen du.

Paradigma glotofagikoaren kontra, hizkuntza minorizazio egoeratik atera dezakeen prozesua normalizazio paradigma da. Hizkuntza komunitatearen normalizazio prozesuaren abiaburua haustura-tentsioa da, hots, gune sinbolikoa osatzen duten AB eta BA talde soziolinguistikoak hizkuntzaren egoera aldatzeko ados paratu eta normalizazioaren alde lanean hasten diren une historikoa. Haustura-tentsioa gertatuz geroztik, hiztun komunitatearen trinkotzeari eta hizkuntz tipoen optimizazioari ekin behar zaio. Optimizazioa hizkuntz tipoen eskalan aurrera egitean datza, talde soziolinguistikoak barnetik kanporantz ugalduz:

  • 0-B: Erdaldunak euskalduntzen hasten direnean.
  • B-BA: Ikasle helduak euskara euren barne hizkuntza bihurtzen dutenean
  • A-AB:Jatorrizko euskaldun alfabetatugabeak, edo primarioak, euskaraz alfabetatzen direnean.

Optimizazioaz gainera, hizkuntz normalizazioan eman beharreko beste urrats garrantzitsu bat legearen babesa lortzea da, hizkuntzak funtzio guztiak berreskuratzeko erraztasun handiagoa izan dezan. Eta geroago, euskaraz bizitzea ahalbidetzen duten harreman sareak sendotu eta areagotu behar dira, gizarte osoak autokonfiantza hartu eta euskaraz gustura eta konplexu barik bizi izan dadin.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]