San Juan Xar
San Juan Xar | |
---|---|
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Nafarroa Garaia |
Udalerria | Igantzi |
Koordenatuak | 43°13′N 1°43′W / 43.21°N 1.71°W |
San Juan Xar ("San Joan Zaharra") Nafarroako Igantzi herrian dagoen eremu naturala, erlijiosoa eta, aldi berean, turistikoa da. Inguru hori, nahiz eta ez oso handia izan, balore oso bereziak ditu. Igantzi eta Arantzaren arteko galtzada zaharrean dago.
Toki erlijioso eta mitologikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ikuspuntu erlijiosotik bertako kobazuloan kapera kristau bat dago non Joxe Ulibarrenaren Joan Bataiatzailearen imagina, mirespen haundikoa zonalde honetan, ikus daitekeen. Izan ere, Joan txiki bat dago bertan, San Juan Txiki, eta horrek handia baino debozio gehiago erakartzen omen du.[1] Debozio kristaua izan arren inguru honen debozio paganoaren aztarnak oso nabariak dira. Leizearen beheko partean indar magiko eta sendagarria omen duten hiru iturri azalarazten dira. Tradizioaren arabera azaleko arazoen aurrean propietate berezia du iturri horien urak; erabilera Pirinioetako beste inguru magikoetan moduan, beharrezkoa da zapi bat uretan buzti eta azala horrekin garbitzea. Ondoren, zapia bertan utzi behar da ondo lehortu arte; behin lehortuez gero erre egin behar da eta lan hori, antza, Igantziko sakristauak egiten du. Inguru honen festa nagusia San Juan egunekoa da: egun horretan eta hurrengo hiru igandetan kaperan meza egiten da eta inguruko jende asko erritua betetzeko bertara hurbiltzen da. Ohikoa da baita ura edatea edo etxera eramatea.[2] Jose Miguel Barandiaranen arabera tradizioak zioen kobazulo honetan Basajaun bizi izan zela.[1]
Ondare naturala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Parke natural honen balore nagusia basoan dago; inguru honetan zuhaitz espezie mota asko dago (lizarrak, hurritzak, haritzak...) baina zalantzarik gabe garrantzitsuena xarma (Carpinus betulus) da, pagolizarra eta bagaxarra ere deitua; espezie hau oso urria da Iberiar penintsulan eta toki hau da zuhaitz hau berez, modu naturalean, sortzen den Euskal Herriko naturgune gutxienetariko bat. Azal zurixka duen zuhaitz txiki hau pagoaren antzeko hostoa du, baina lizarraren moduko orri konposatua osatzen du.
Parke naturaletik bertatik, gainera, Latsa erreka pasatzen da. Parkearen deklarazioa 1987koa da.[1]
-
San Juan Xarreko hiru iturriak. Gainean lehortzeko utzitako zapiak.
-
Joan Bataiatzailearen irudia.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Jose Dueso: Navarra encantada. Guías singulares, 2003. 84-95846-44-6.