Hurritz

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Hurritz
Iraute egoera
Sailkapen zientifikoa e
Erreinua: Plantae
Kladoa: Angiospermae
Kladoa: Eudicotyledoneae
Kladoa: Rosidae
Ordena: Fagales
Familia: Betulaceae
Generoa: Corylus
Espeziea: Corylus avellana
Linneaus, 1758

Hurritza edo hurrondoa (Corylus avellana) basoko zuhaitza edo kultibatua da, normalean 3 eta 8 metro bitarteraino neurtzera iristen dena. Bere fruitu jangarriak, hurrak (aitzineuskara zaharrez: *nurr*nu-nurr; aitzineuskaraz: *unurr), 10 eta 15 mm arteko diametroko esfera-forma dutenak, ale bakar batetik bost aleetako multzoetan sortzen dira.

Batik bat Europa eta Asia ekialdean banatuta dagoen zuhaixka da hurritza. Hostozabalen oihanpeetako osagai garrantzitsua da eta, bertan gune heze eta itzaltsuak bilatzen ditu. Mesolito eta Neolitoko fosilak aztertuz badirudi gizakiaren neguko dietaren osagarri garrantzitsu zirela hurrak. Euskal Herrian banaketa zabala du ipar isurialdean, hegoaldekoan berriz, urriagoa da eta ibai ertz eta amildegietan babesten da Ebro haranean guztiz desagertzen den arte.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

8 - 10 m-raino iristen den zuhaixka da hurritza, orokorrean oinetik adarkatzen dena, baina inoiz enbor argi bat azaltzen duena. Azalak, ia leuna denak, kolore arre-gorrixka azaltzen du ale gazteetan; gero, urteen poderioz azala zartatuz joaten da eta kolore grisagoa hartzen du.

Hostoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hostoerorkorreko zuhaixka dugu. Hostoak 5 - 10 (15) cm izan ditzakete, txandakatuak, forma borobilekoak, puntatxo batekin, peziolo txiki baten gainean, nahikoa zimurtsuak eta ertz bizerradunekin. Kolore berdekoak, intentsitate handiagokoak goialdetik. Hosto gazteak iletsuak izan ohi dira bi aldeetatik; heltzean goialdean glabroak eta, azpialdetik iletsuak nerbio eta ertzetan.

Loreak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lore arra.

Monoikoak dira, hau da, sexuak lore berezitutan agertzen dira. Lore hauek airearen bidezko polinizaziora moldaturik daude. Infloreszentzia arra gerba zintzilikari bat da, 3 - 9 cm-koa eta zilindrikoa; hostoak agertu baino lehenago garatzen dira eta polena askatzen dute. Lore ar bakoitzak ezkata trilobulatu bat du, eta hauen barruko aldean txertatzen dira 8 estamineak. Infloreszentzia emeei dagokienez, ez dira hain ikusgarriak estigmek ematen dieten kolore morea izan arren. Hauek, banaka edo bosnaka, adar lateralen puntetan agertzen dira.

Fruituak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hurrak: oskolarekin (ezker) eta oskol gabe (eskuin)

Fruitua akenio bat da eta hur izenaz ezagutzen da, globo forma edo oboideduna eta, kolore arrekoa. Zurezko perikarpoa du eta kanela koloreko testa leuna. Azpialdetik forma horzduneko inbolukru hostokara batek estaltzen du, eta, honek, hur gazteek bezalako kolore berde argia izan ohi du.

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Klima epeletako landarea da, nahiz eta bere banaketa oso zabala den mundu zaharrean. Ia Europa osoan eta Asiako mendebaldean banatuta dago. Euskal Herriko iparraldean ugaria da eta hegoalderantz urritu egiten da, trokarte laiotzetan babestuz.

Ingurune freskoak eta hezeak behar izaten ditu. Ugaria da harizti, pagadi, haltzadi eta baso mistoetan.

Ekologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urteko tenperaturak 12 - 16 °C ingurukoak izan behar dute, 7 °C-tik berako tenperaturetan gehienez 700 ordu iraun ditzake urtean eta tenperatura hotzenaren muga -8 °C-koa da. Apur bat azidoak diren (5.5 eta 7.8ko pH-ak) lurzoruak ditu gustuko, kararri-buztin-silizeoko sustratuak, alegia. Oso sentikorra da lehorteekiko, batik bat, lurzoruak hezetasunari eusten ez badio.

Fenologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Loraketa neguan gertatzen da, urtarrila eta apirila artean. Fruitua abuztutik urrira bitartean heltzen da.

Erabilera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hurra, duen olio kopuruagatik, balio nutritibo handiko fruitu lehorra da. Gordinik edo txigortuta jan daiteke, eta oso erabilia da gozogintzan.

Kimu gazteak, bere malgutasunari esker, oso erabiliak izan dira otar eta saskigintzan. Azala lehorgarria da eta, hosto eta adaxken propietateak onak dira zirkulazio errazteko.

Ez dugu ahaztu behar betidanik euskaldunok hurritz-makilak erabili izan ditugula mendian ibiltzeko.

Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Artikulu honen edukiaren zati bat Botanika.wikispaces.com webgunetik hartu da, CC BY-SA 3.0 lizentziapean.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Hurritz Aldatu lotura Wikidatan