Gipuzko Buru Batzarra

Wikipedia, Entziklopedia askea

Gipuzko Buru Batzarra edo GBB Euzko Alderdi Jeltzaleak Gipuzkoan duen herrialde-erakundea da. Joseba Egibar da gaur egungo lehendakaria,[1] eta egoitza nagusia Donostian du.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1908ko apirilaren 20an Zumarragan sortu zen, Pazko Astelehenan, Gipuzkoa osoan jaieguna baitzen.[2] Kroniken arabera, goiza ekaitz hain batez argitu omen zen, egun haietan dexenteko hotz, euri eta elurra egin zuelarik. Halere, hau ez zen garai haietako jeltzaleak bertaratzeko oztopo izan, haien artean honako hauek zeudelaik: Engrazio Aranzadi "Kizkitza", Silverio Zaldua, Basilio Fernandez Lekuona, Laureano Busca, Diego Urdangarin, Jose Maria Igarzabal eta beste hainbat afiliatu eta zumarragar zaletu ere, denen artean jai abertzale bat ospatu zutelarik.[2]

Biltzarra Zumarragako Seroa Etxeko jangelan ospatu zen, Antiguako ermitaren alboan, eta jada Gipuzkoa osoko EAJko berrogeiren bat erakundek parte hartu zuten, garai hartan jada udalerri hauetan ordezkaritza jeltzaleak bazeudelarik: Alkiza, Altza, Antzuola, Andoain, Arrasate, Aretxabaleta, Astigarreta, Ataun, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Bergara, Berrobi, Deba, Donostia, Deba, Elgoibar, Elgeta, Ezkioga, Ibarra, Itsasondo, Lazkao, Legazpi, Hondarribi, Oñati, Orio, Ormaiztegi, Oiartzun, Ordizia, Segura, Soraluze, Errezil, Errenteria, Tolosa, Urnieta, Urretxu, Usurbil, Zarautz, Zumarraga eta Zumaia. Hainbat arrazoiengatik, topagune honetan EAJko honako ordezkaritzek huts egin zuten: Astigarraga, Asteasu, Gabiria, Hernani, Irun, Lizartza, Olaberria eta Pasaia.[2]

Bozketaren ondoren, lehenbiziko Gipuzko Buru Batzarreko 5 batzordea honako hauek hautatu ziren: Ignacio Lardizabal lehendakaria, Anizeto Rezola lehendakari ordea, eta Felipe Zulueta, Konrado Egaña eta Ixaka Lopez Mendizabal batzordekideak. Eguna modu alaiean iragan zuten, jai giroan, bazkaria, dantza, aizkolari, txistulari eta danborrariekin, halere karlistekin ere liskarren bat ez zen falta izan, ospakizun hura ez baitzuten begi honez hartu.[2]

Zalantzarik gabe, Gipuzkoako lehenbiziko garai haietako EAJren ezartze eta hedatzeak Engrazio Aranzadi "Kizkitzari" asko zor dio. 1904-1908 artean EAJko ordezkari izan zen, garai haietako bitarteko urriekin Gipuzkoan zehar eusko abertzaletasunaren aldeko lan nekagaitza burutu zuelarik, bilerak ospatuz, pertsonekin harremanetan jarriz, manifestazioak antolatuz, prentsa artikuluak idatziz, batzokiak inauguratuz eta Donostiako Boulevard etorbidean Euskal Zentrua irekiaz.[2]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]