Edukira joan

Santakriz aztarnategia

Santakriz
Aztarnategi arkeologikoa
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Nafarroa Garaia
UdalerriaEslaba
Koordenatuak42°32′43″N 1°27′03″W / 42.54536°N 1.45094°W / 42.54536; -1.45094
Mapa
Azalera12-13 hektarea
Historia
GaraiaBurdin Aroa, Antzinaroa, Erdi Aroa eta Brontze Aroa
Garaia(k)Antzinako Erroma eta Burdin Aroa
KulturaErromatarra eta baskoia
Indusketa
ZuzendariakJavier Andreu Pintado
BisitagarriaBai
https://www.santacrizdeeslava.com/

Santakriz aztarnategi arkeologiko bat da, izen bereko muinoan dagoena, Nafarroa Garaiko Eslaba herrian. Muinoaren gailurrean Burdin Aroko herri harresitu bat dago, eta erromatar garaiko hiri bat metro batzuk beherago. Juan Castrillo apaizak aurkitu zuen aztarnategia 1917an, eta 1990eko hamarkadan hasi ziren indusketa kanpainak.

2016ko abuztuaren 24an, Nafarroako Gobernuak Kultur Intereseko Ondasun (KIO) izendatu zuen Santakrizko eremu arkeologikoa, bertako hondakinen monumentaltasuna eta han agertutako inskripzio pila ikusita.[1][2] Izan ere, Santakrizen bertan eta inguruetan baskoien lurraldeko material epigrafikoaren bilduma aberatsenetako bat atzeman da.[3]

Iturri batzuetan Santa-Crís edo Santa Crís izenak erabili badira ere, gaur egun Santa Criz de Eslava da izen ofiziala. Euskaraz Santakriz edo Santa Kriz deitu ohi zaio.[4] Ez da ezaguna Santa Criz hagiotoponimoaren[oh 1] jatorria.

Aditu batzuek erromatar hiria Ptolomeok aipatutako Nemanturissa izan litekeela iradoki dute, baina ez dago ebidentziarik.[5] Beste ikerlari batzuen arabera, berriz, Bituris izanen litzateke; hau ere Ptolomeok aipatu zuen II. mendeko hiri baskoien artean.[6]

Santakrizen ikuspegia nekropolitik.

Santakriz 544 metroko garaierako muinoa da, Zaldinaga mendiaren oinean eta Indusi errekaren eskuineko ertzean dagoena. Eslabako udal mugen barruan dago, Zangozako merindadean, herrigunetik bi kilometro ekialdera. Galipentzutik distantzia berdintsura dago eta Iruñetik 50 kilometro ingurura. Halaber, Tafalla eta Zangozaren erdian dago, bi herriak lotzen dituen NA-132 errepidetik hurbil.

Gaur egun, autoarekin joan daiteke aztarnategiaren sarreran bertan dagoen aparkalekuraino. Dena dela, merezi du ibilgailua Eslaban edo bidearen hasieran uztea eta Santakrizeraino oinez joatea; ordu erdiko paseo polita da, olibondo sailen artekoa.

Juan Castrillo apaizak 1917an eman zuen Sadabako aztarnategiaren berri, Artamaleta errekan III. mendeko erromatar miliarri bat aurkitu baitzuen.[7][8] Hurrengo urteetan, Santakrizen erromatar hiri baten hondakinak zeudela baieztatu zuen Francisco Escalada Xabierko jesuitak. Hauxe idatzi zuen bere kaierean: "erromatar aztarna asko daude: kapitelak, fusteak, mahatsondoak zizelkaturik dituzten harlanduak eta miliarri eder bat, Nafarroako Museora eraman zutena".[9]

Santakrizeko foroa.

1940ko hamarkadan Blas Taracenak eta Luis Vázquez de Pargak muinoaren goialdean industen jardun zuten arren, indusketa sistematikoak 1994an hasi ziren, Rosa Armendariz, Txaro Mateo eta Pilar Sáez de Albenizen eskutik.[10] 1995 eta 1996an zundaketak egin zituzten foroan, nekropolian eta Burdin Aroko herrian. 2005-2007 bitartean Santakrizeko Gida Plana idatzi ostean, ikertzen jarraitu zuten, eta 2016an industutako eremua balioan jartzeko proiektua abiarazi zen.[6][11]

2024tik, María García-Barberena, Leyre Arróniz eta Luka Iona García de la Barreraren taldea da indusketen arduraduna, eta Javier Andreu Pintado, Nafarroako Unibertsitateko katedraduna, aholkulari zientifikoa.[12] Ikerlari horrek zuzentzen ditu, aldi berean, Zaragozako Los Bañales aztarnategiko ikerketak; hau ere baskoien lurraldean kokatutako erromatar hiri bat izan zen.

2022an eta 2024an prospekzio geofisikoak egin ziren, lurpean dauden egiturei buruzko informazioa lortzeko; era horretan, etorkizuneko indusketak hobekiago planifikatu ahal izanen dira.[13][12] 2025eko kanpainan, berriz, Burdin Aroko herriaren harresia atzeman zuten. Bertan egindako zundaketetan ikerlariek ez zuten erromanizazio zantzurik aurkitu.[4]

Burdin Aroko herrixka muinoaren goialdean zegoen.

Lehen Burdin Aroan herrixka harresitu txiki bat eraiki zuten Santakriz muinoaren tontorrean. Bigarren Burdin Aroan oppidum garrantzitsu bilakatu zen, Oibar eta Aragoi ibarra kontrolatzeko kokapen bikainean baitzegoen.[14] Fuente del Moro iturriak eta Pisaldeko errekak urez hornitzen zuten. Santakrizetik gertu dauden Uxue (6 km) eta Lerga (4,6 km) herrietan aurkitutako erromatar inskripzioetan Lacubegi jainkoa, Abisunharis eta Narhungesi antroponimoak eta Umme sahar pertsona izena aipatzen baitira, eskualde hartan hizkuntza baskonikoa mintzatzen zela uste da.[6][oh 2][8]

K.a. 195 inguruan, Erromako armada, ordurako Penintsulako iparraldean zegoena, kontaktuan jarri zen Santakrizko oppidumeko baskoiekin. Ohikoa zen bezala, erromatar konkistaren ondoren, biztanleek tontorreko herri harresitua utzi eta hegoaldeko lautadara aldatu ziren.[oh 3] Hiri berria erromatar ereduen arabera egin zen. Iacca-Vareia galtzadaren bazterrean kokatua, haren azalera asko handitu zen, 13 hektarea inguru hartzeraino.[6]

Zesar Augusto enperadorearen agintaldian (K.a. 27-K.o. 14) arras aldatu zen hiriaren itxura. Garai hartan eraiki zen foroa, muinoaren hegoaldeko terraza zabal batean kokatutako plaza irekia. Haren inguruan zeuden basilika eta tenplu nagusia. Valerii, Cornelii eta, agian, Calpurnii familiek osatzen zuten hiriko elitea. Hiri estipendiarioa (zergak ordaintzen zituena) izan zen, I. mendearen amaieran, Vespasiano enperadorearen garaian, municipium estatusa erdietsi zuen arte.[6][13]

Hiri erromatarrak I. eta II. mendeetan izan zuen loraldia, baina itzaliz joan zen ondoren. Dena dela, ez dago argi Antzinaro Berantiarrean (IV. eta V. mendeak) zer indar izan zuen, baina jakina da han bazela jendea, hiri zaharreko aurrien gainean.

Herrixka baskoia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen Burdin Aroko herrixka Santakriz muinoaren gailur malkartsuan zegoen. Hiruki formakoa zen, eta harresi batek inguratzen zuen. Bertara iristeko bidea arrapala helikoidal estu bat zen, harresiaren azpitik erloju-orratzen noranzkoari jarraitzen ziona, eta ipar-mendebaldeko angelutik sartzen zena. Puntu horretan hasten zen bigarren esparruko harresia, muinoko arrokei ezin hobeki egokitua; tarte batzuetan hareharrizko harkaitza zizelkatu zuten, igaroezinagoa izan zedin. Bigarren Burdin Aroko esparru harresitu hori, Lehen Burdin Arokoa inguratzeaz gain, ekialderantz zabaltzen zen, 9.000 metro koadro baino gehiagoko eremua hartuz.[14]

Erromatar hiria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Foroa.

Santakrizko foroa plaza ireki handi bat zen, muinoaren hegoaldeko hegaleko terraza zabal baten gainean eraikia. Indusketetan kriptoportikoa edo erdi estalirik zegoen hegoaldeko galeria azaleratu da.[15] 40 x 8 x 4,3 metroko eraikina da, opus vittatum-ez egindako euste-horma handi bati atxikia. Horma horren funtzioa mendi-mazelaren pisua eta bultzada jasatea zen eta hormabularrez sendoturik zegoen. Beste aldeko horma, berriz, opus vittatum tankerakoa da, eta ostiko bertikal batzuekin indartua. Hala ere, ikerlariek egiaztatu dutenez, kriptoportikoa (zati batean lur azpian geratzen zena) behin baino gehiagotan kolapsatu zen, eta berriz eraiki behar izan zuten.[16]

Eslaban aurkitutako hileta plaka. Testua: ATHENIONI / DISPENSA / TORI PVBLI / CO ANT(onia) / × C(h)RY / SAEIS / × FE(cit)[17]

Adituen ustez, kriptoportikoaren gainean basilika egonen zen, baina ez da guregana iritsi.[16] Indusketa kanpainetan plazako lauzadura zati batzuk agertu dira, eta baita bertara zihoan karrika ere. 2023an, hiriko tenplu nagusia aurkitu zuten foroaren ekialdean. Hormak opus quadratum erako hareharrizko bloke handiekin eginak zituen. Oraindik osorik induskatu ez bada ere, agertutako elementuek erakusten dute eraikin monumentala zela.[18]

Kriptoportikoaren mendebaldean plaza inguratzen zuen kolomadia erorita agertu da. Erortze ikusgarri horretan, hiru eskulturaren zatiak berreskuratu dira zutabeen artean. Horien artean nabarmentzekoa da marmolez egindako togadun baten gorputza. Era berean, korintiar estiloko hamar kapitel ere berreskuratu dira.[15]

Hilobi monumentalak.

Nekropolia hiriaren hegoaldean dago, muinoaren oinetan, Galipentzuko bide zaharraren ondoan. Bide hori Iacca-Vareia erromatar galtzadaren bigarren mailako adarra izan zitekeen. 1990eko hamarkadan egin ziren lehenbiziko indusketak. 2000 metro koadro baino gehiago hartzen ditu, eta mota desberdinetako ehorzlekuak daude, uia sepulchralis baten ondoan: hilobi monumentalak, hobiak, aire zabaleko ehorzketak eta bestelako hilobi-monumentuak (hilarriak, aldareak).[19][6]

I. eta IV. mendeen artean erabili zen nekropolia, eta kasu guztietan gorpuak erraustuak izan ziren. Hilobietan aurkitutako eskaintzek eta ostilamenduek -haziak, zeramika zatiak, dadoak eta egunero erabiltzen ziren beste objektu batzuk barne- hileta ohiturak ezagutzeko aukera ematen dute.[6]

  1. ↑ Santu baten izena duen toponimoa.
  2. ↑ Nolanahi dela ere, Santakrizen bertan agertu diren antroponimo gehienak latindarrak dira, eta gainerakoek zelta itxura dute.
  3. ↑ Uste okerra da pentsatzea probintzietako "hiri erromatarretako" biztanleak erromatarrak zirela. Kolonietan erromatar hiritarrak kokatzen baziren ere, gainerako hiri gehienetara bertakoak joan ziren bizitzera, erromatar kulturaren zenbait ezaugarritara eta boterera egokituta. Bestalde, "erromatar" izatea egoera administratibo-politikoa zen; hiritartasuna lortzen zuen oro erromatarra zen, bere jatorri geografikoa eta arbasoak kontuan izan gabe.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. ↑ Santa Crizko (Eslaba) eta Los Cascajosko (Los Arcos) aztarnategiak kultur intereseko ondasun izendatu dira. navarra.es (kontsulta data: 2024-02-03).
  2. ↑ «Erabakia, Nafarroako Gobernuak 2016ko abuztuaren 24an hartua, interes kulturaleko ondasun deklaratzen duena Santa Crizko hiri erromatarra izeneko eremu arkeologikoa (Eslaba)» Nafarroako Aldizkari Ofiziala (Iruñea: Nafarroako Gobernua) 173: Iragarkiaren kodea: F1609806. 2016ko irailaren 6a.
  3. ↑ (Gaztelaniaz) Andreu Pintado, Javier. (2018). «El hábito epigráfico entre los vascones antiguos. Santa Criz de Eslava como paradigma» Príncipe de Viana 79. urtea, 272. zenbakia ¡: 1007-1026. ISSN 0032-8472..
  4. 1 2 Herrixka baskoi baten harresia atzeman dute Eslabako Santakriz aztarnategian. Argia, 2025eko irailak 18, argia.eus (kontsulta data: 2025-11-27).
  5. ↑ Intxusta, Aritz. El foro de Santa Kriz reivindica el nombre de Nemanturisa. Naiz, 2016ko irailak 7, naiz.eus (kontsulta data: 2025-11-27).
  6. 1 2 3 4 5 6 7 Santa Criz de Eslava. Ciudad vascónica y romana.. santacrizdeeslava.com (kontsulta data: 2026-1-7).
  7. ↑ Castrillo, Juan. Piedra miliaria. Fragmentos de otras piedras. Boletín de la comisión de monumentos históricos y artísticos de Navarra, 1917, Tomo 8º, Número 29, prensahistorica.mcu.es (kontsulta data: 2025-12-16).
  8. 1 2 Andreu Pintado, Javier. Santa Criz de Eslava, el susurro de las piedras. unav.edu (kontsulta data: 2025-12-16).
  9. ↑ Andreu Pintado, Javier. El P. Escalada y los inicios de la Epigrafía Romana en Navarra: Santa Criz de Eslava y su entorno. Pregón siglo XXI, ISSN 1696-1161, Nº. 65, 2022, págs. 28-31, dialnet.unirioja.es (kontsulta data: 2025-12-18).
  10. ↑ Armendáriz Aznar, Rosa, Mateo Pérez, Mª Rosario, Sáez de Albéniz Arregui, Mª Pilar. Santa Criz, una necrópolis romana de incineración en Eslava (Navarra). Isturitz 9, 1997, 823-841, eusko-ikaskuntza.eus (kontsulta data: 2025-12-19).
  11. ↑ (Gaztelaniaz) Armendariz Aznar, Rosa María; Sáez de Albeniz, María Pilar. «Aproximación al paisaje urbano del yacimiento arqueológico de Santa Criz (Eslava)» Trabajos de arqueología de Navarra (Iruñea: Nafarroako Gobernua) separata, 28 ISSN ISSN-e: 2530-5816 0211-5174 ISSN-e: 2530-5816. (kontsulta data: 2025-12-23).
  12. 1 2 Oliveira Lizarribar, Ana. Encuentran en Santa Criz la que parece ser la muralla defensiva del castro vascón. Diario de Noticias, 2025eko irailak 17, noticiasdenavarra.com (kontsulta data: 2025-11-27).
  13. 1 2 Hermann, Forian, Andreu-Pintado, Javier, Teichner, Félix. Aproximación al urbanismo de una ciudad de los «Vascones»: prospecciones geofísicas en Santa Criz de Eslava (Eslava, Navarra). Cuadernos De Arqueología De La Universidad De Navarra, 31, 237-248, revistas.unav.edu (kontsulta data: 2025-12-23).
  14. 1 2 Armendariz Martija, Javier. De aldeas a ciudades. El poblamiento durante el primer milenio a.C. en Navarra. cervantesvirtual.com (kontsulta data: 2026-1-7).
  15. 1 2 Arrizurieta, Irene. Santa Criz, geldirik. Berria, 2014ko urriak 23, berria.eus (kontsulta data: 2026-1-7).
  16. 1 2 Romero Novella, Luis. Fora vasconiae. Centros cívicos en los límites del conventus Caesaraugustanus: el caso de Santa Criz de Eslava (Eslava, Navarra). culturanavarra.es (kontsulta data: 2026-1-13).
  17. ↑ Pintado, Javier Andreu. (2010-01-01). «Un "dispensator publicus" en territorio vascón: a propósito de AE 1971, 199 de Eslava (Navarra)» Classica Boliviana. Actas del V Encuentro de la Sociedad Boliviana de Estudios Clásicos (pp. 177-190) (kontsulta data: 2026-09-30).
  18. ↑ Andreu Pintado, Javier, Romero Novella, Luis. Descubren en Santa Criz de Eslava el templo principal del foro de la ciudad. Desperta Ferro, 2023ko azaroak 15, despertaferro-ediciones.com (kontsulta data: 2026-1-16).
  19. ↑ Lorente Sebastián, Paloma, Andreu Pintado, Javier. La necrópolis de la civitas de Santa Criz de Eslava (Navarra) (siglos I a. C.-III d. C.): hacia la caracterización de las prácticas funerarias de una ciudad romana en territorio vascón. aespa.revistas.csic.es (kontsulta data: 2026-3-12).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]