Silvestre Umerez

Wikipedia, Entziklopedia askea
Silvestre Umerez

Bizitza
JaiotzaOñati, 1843
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaMontevideo, 1922 (78/79 urte)
Jarduerak
Jarduerakpaleontologoa eta irakaslea

Silvestre Umerez Zatarain (Oñati, Gipuzkoa, 1843ko martxoaren 14a - Montevideo, Uruguai, 1922ko azaroa[1]) euskal paleontologo eta pedagogoa izan zen. Bere lehen urteak Euskal Herrian egin zituen, eta gero Ameriketara joan zen; Uruguain lan pedagogiko garrantzitsua burutu zuen, garai hartan herrialdearen hezkuntzak izandako bultzakada handiaren arduradunetako bat izan zelarik.[2]

Euskal Herriko aldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fisika eta Matematika ikasketak egin zituen Madrilen eta Valladoliden, eta Bigarren Hezkuntzako irakasle bezala lanean hasi zen. 1869an Oñatiko Unibertsitatean eskolak ematen hasi zen, bertan Matematika katedraduna eta liburuzaina bihurtuz.[3]

1871ean, Aitzkirriko kobazuloan (Oñati) aurkitutako aztarna paleontologikoen lehen determinazioak egin zituen, eta berak ere kobazuloa industu zuen.[4][5][6][3]

1873an, II. Guda Karlistaren eraginez Unibertsitatea itxi zen, eta Umerezek, beste askok bezala, atzerrirako bidea hartuko zuen.[7]

Uruguaiko ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Silvestre Umerez (eskuinean) Américo Pintos ikasle ohiarekin, 1921ean.

Uruguaiera 1874ko maiatzean ailegatu zen. Hainbat aktibitateri ekin bazion ere (tartean zohikatz-meatzaritza), bere jarduera nagusia hezkuntzan izan zen.[1]

1875ean, Duraznon "Colegio Hispano Oriental" sortu zuen. 1876ean, Mariano Soler apaizaren aginduetara, "Liceo de Estudios Universitarios" ospetsua sortu zuen. 1877an Montevideoko "San Vicente de Paul" eskolaren zuzendari izendatu zuten; eta lanpostu hau Lizeoan emaniko kimika eskolekin txandakatu zuen.[8] 1879ean Maldonadora bizitzera joan zen, Silvestrek "Escuela Ramírez" ikastetxearen zuzendaritza postua atera baitzuen bertan; emazteak Nesken Bigarren Hezkuntza Eskolaren zuzendaritza hartu zuelarik. Umerezek, besteak beste, ikasleen artean nekazaritza eta lorezaintza ezaguerak bultzatu zituen (Escuela Ramirezen, berak landatutako masustondo zuriak oraindik zutik diraute).[7] 1889an Montevideoko "Liceo Católico"aren zuzendaritza hartu zuen, fisika, kimika eta matematika irakastearekin batera. 1906ean Escuela Ramirezera itzuli zen, eta han jarraitu zuen 1915ean erretiroa hartu arte.[8]

Pedagogo berritzailea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Umerezek lan pedagogiko garrantzitsua egin zuen Uruguaien, ikasleen burujabetasuna sustatuz, eta lehengo irakasmolde pasiboak gainditu behar zirela aldarrikatzen zuen korrontea jarraituz;[2] 1877tik aurrera Uruguaien bultzatutako hezkuntza erreforma sakonean parte hartze handia izan zuen.[1] Filosofia horrekin bat, 1879an "El Porvenir del Estudiante" astekaria bultzatu zuen, bere garaian erreferentziazko ekimena (13 urteko gazteek egina) eta etorkizuneko hainbat pertsona garrantzitsuren eskola.[7]

Bizitza pertsonala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Silvestre Umerezek eginiko miniautobiografia, bisita txartel batean.

1876ko irailaren 24ean Mercedes Sanchez irakaslearekin ezkondu zen Duraznon.[8] Fede katolikoaren jarraitzailea,[9] bere burua euskaldun bezala aurkeztu ohi zuen,[7] eta Montevideoko El Cerro parrokian Arantzazuko Amaren gurtzea bultzatu zuen.[1] Hil zenean, haren arimaren aldeko meza bere ikasle izandako Antonio Castro josulagunak eman zuen.[9]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d «::: Euskonews & Media ::: Kosmopolita ::: Educadores vascos en la formación de escolares uruguayos» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-22).
  2. a b Se cumplen hoy 108 años del nacimiento de un eminente maestro católico. El Bien Público, 1951eko martxoaren 14a.
  3. a b UMEREZ, Silvestre. 1921. Los fósiles de la gruta de Aitzquirri. Situada entre las breñas de Aránzazu de la provincia de Guipúzcoa en España. Memorándum por el profesor Silvestre Umérez. Autoedizioa. Montevideo. 24 pp.
  4. (Spain), Euskal Espeleoloji Elkartea. (1980). Espeleología en el País Vasco.. Euskal Espeleoloji Elkartea ISBN 84-7025-147-3. PMC 16353124. (Noiz kontsultatua: 2021-03-22).
  5. Xabier, Astibia, Humberto Murelaga, Xabier Pereda Suberbiola,. (1996). Máximo Ruiz de Gaona como prehistoriador y paleontólogo de vertebrados. Gobierno de Navarra: Institución Príncipe de Viana PMC 770901741. (Noiz kontsultatua: 2021-03-22).
  6. Umerez S. La gruta de Aitzquirri. Diario “El Euscara”, San Sebastián, 30 de Enero de 1872
  7. a b c d «EL PORVENIR DEL ESTUDIANTE, fiel testigo de Maldonado a fines del S XIX - Banco de Historias Locales - BHL» bhl.org.uy (Noiz kontsultatua: 2021-03-22).
  8. a b c «Escuela Ramírez de Maldonado - Banco de Historias Locales - BHL» bhl.org.uy (Noiz kontsultatua: 2021-03-22).
  9. a b El Bien Público egunkarian (Montevideo) ohar nekrologikoa.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]