Sofia Quintino

Wikipedia, Entziklopedia askea
Sofia Quintino

Bizitza
JaiotzaCadaval1879ko maiatzaren 23a
Herrialdea Portugal
 Portugalgo Erresuma
Heriotza1964ko uztailaren 8a (85 urte)
Jarduerak
Jarduerakmedikua
Mugimenduafeminismoa

Sofia Quintino (Lamas, Cadaval, 1879ko maiatzaren 23aCarnaxide, Oeiras, 1964ko uztailaren 8a) Portugalgo medikua, emakumeen eskubideen defendatzailea eta ekintzaile errepublikano eta bakezalea izan zen. Medikuntzan lizentziatu zen lehen emakume portugaldarretako bat izan zen eta bere ibilbide profesionalean hainbat ekarpen garrantzitsu egin zituen erizaintza zerbitzu sekularra garatzeko eta Portugalen fisioterapia zabaltzeko.[1]

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sophia da Conceição Quintino, Sofia Quintino izenez ezaguna, 1879ko maiatzaren 23an jaio zen, Cadaval udalerriko Lamas parrokian.

O Século egunkariak 1910eko maiatzaren 12an Portugalgo Emakumeen Liga Errepublikanoko sufragistei buruz argitaraturiko gehigarria (5. Ana de Castro Osorio ; 6. Maria Veleda ; 7. Beatriz Paes Pinheiro Lemos ; 8. Maria Clara Correia Alves ; 13. Sofia Quintino ; 14. Adeleide Cabete ; 15. Carolina Beatriz Angelo ; 16. Carmo Joaquina Lopes)

Sofia Quintinok urte batzuk geroago Lisboako Unibertsitateko Medikuntza Fakultatea izan zen Eskola Mediko-Kirurgikoan ikasi zuen. Han ikaskide izan zituen Adelaide Cabete eta Carolina Beatriz Ângelo, aurrerago ekintzaile sufragista ezagunak izango zirenak.[2] 1905ean, "Algumas Palavras Sobre a Sensibilização das Bactérias" (Bakterioen sentsibilizazioari buruzko hitz batzuk) izeneko tesia eginda ikasketak amaitu zituen,[3] eta segituan laguntzaile lanetan hasi zen garai hartan eskualdeko ospitale publikoentzat analisi klinikoak egiten zituen laborategi mediku bakarrean. Handik gutxira, bere kontsultategia zabaldu zuen beste mediku batzuekin, Lisboako Mouraria auzoan, Rua da Palma, 206. zk., 1. ezkerrean. Han Medikuntza Orokorrean jardun zuen eta emakumeen berezko gaixotasunak eta erditzeak tratatu zituen.[4]

Sofia Quintino Portugalgo Lehen Errepublika ezarri aurretik atxiki zitzaien ideal errepublikano eta bakezaleei.1907an hasi zen aktibismo sozialean murgiltzen: "La Paix et le Désarmement par les Femmes" (Emakumeak bakearen eta desarmearen alde) Frantziako elkartearen Portugalgo batzordearekin bat egin zuen[5] eta Grupo Português dos Estudos Feministas (Ikasketa Feministetarako Portugalgo Taldea) elkartea sortu zuen, Ana de Castro Osório idazlearekin, Adelaide Cabete eta Carolina Beatriz Ângelo doktoreekin eta Maria Veleda kazetari eta editorearekin batera.[6] Erakunde feminista horrek emakumeen emantzipazioaren idealak zabaltzea zuen helburu, eta, urtebeteko jarduera baino izan ez zuen arren, Portugalen XX. mendean emakumeen eskubideen alde sortu ziren gainerako mugimendu guztien aitzindaria izan zen.

Handik gutxira, Sofia Quintinok bat egin zuen librepentsamenduaren joera filosofikoarekin eta Liga Republicana das Mulheres Portuguesas (Portugalgo Emakumeen Liga Errepublikanoa - LRMP) erakundean sartu zen.[7] Horrez gain, izaera feministako artikuluak argitaratu zituen Jornal das Senhoras argitalpen ilustratuan eta Artur Leitãok zuzendutako A República egunkarian, eta emakumeei zuzendutako prestakuntza-materiala idatzi zuen. Era berean, Portugalgo eta nazioarteko hainbat kongresutan parte hartu zuen, hala nola, Pentsamendu Askearen Biltzar Nazionalean 1908an edo Lisboan, 1906an, egin zen Medikuntzako Nazioarteko Kongresuan.[8]

LRMP taldearen estandartea.

1910ean Portugalgo Errepublika ezarri ondoren, Sofia Quintinok, kausa feministak beti defendatu izan zituenak, publikoki babestu zuen Portugalgo Emakumeen Liga Errepublikarrak urte bereko azaroaren 27an behin-behineko gobernuari egindako eskaera. Eskaera horretan, Ligak Kode Zibila berehala berrikustea, dibortzio-legea onartzea eta emakumeek botoa emateko eskubidea izatea eskatzen zuen. Hala ere, ez zuten boto eskubiderik lortu, nahiz eta aurretik Portugalgo Alderdi Errepublikanoak onartu egingo zuela hitzeman zuen.[9]

Hurrengo urteetan, Sofia Quintino LRMPko seigarren sailaren buru izendatu zuten. Sail horretatik erregimen errepublikarrak irakaskuntza eta hezkuntza sustatzeko bultzatu zituen zenbait ekimenetan parte hartu zuen hainbat ikastetxetan hitzaldiak emanda, hala nola Boto Machado Ikastetxe Errepublikarrean edo Herri Hezkuntza Sustatzeko Elkartean. Hitzaldi horietan arreta berezia eskaini zien osasunari eta haurren zaintza eta arreta medikoari, besteak beste. Nahiz eta hainbeste ekintzatan parte hartu, ez zuen utzi bere kontsultategiko mediku jarduna.[10]

Portugalgo Emakumeen Gurutzadaren ekintzaileak (1916)

Lehen Mundu Gerra hasi zenean, Portugalen emakume katoliko eta monarkikoen zenbait mugimendu sortu ziren, hala nola "Assistência das Portuguesas às Vítimas da Guerra" (Emakume portugaldarren laguntza gerrako biktimei) elkartea, Eliza Katolikoak sortua gerrako soldadu eta zaurituei eta haien familiei laguntzeko helburuarekin, bereziki Europako frontean eta Portugalgo kolonietan. Sofiak aurre egin zien mugimendu horiei, erizaintzako zainketak erlijioarekin lotu behar ez zirela argudiatuz, eta urte horretan bertan sortutako Comissão Feminina "Pela Pátria" ("Aberriaren Alde" Emakumeen Batzordea) erakunde laikoarekin bat egin zuen.[11] "Pela Pátria" Ana de Castro Osóriok, Sofiaren lagunak, sortu zuen, Ana Augusta de Castilho, Antónia Bermudes eta Maria Benedita Mouzinho de Albuquerque Pinho Portugalgo Emakumeen Liga Errepublikarreko irakasle eta ekintzaile feministekin batera. Hornigaiak biltzeaz eta emakumeak gerra-ahaleginera deitzeaz gain, Ligak mojek eman ez zituzten edo mojei zuzenduta ez zeuden erizaintzako lehen ikastaroak antolatu zituen Sofia Quintinoren ekimenari esker, berak koordinatu baitzuen programa osoa.[12][13]

Elzira Dantas Machado (1881. urtearen inguruan)

Bi urte geroago, 1916ko martxoan Portugal Alemaniarekin gerran hasi zenean, Sofia Quintino Elzira Dantas Machadok, Errepublikako presidentearen emazteak, zuzentzen zuen "Cruzada das Mulheres Portuguesas" (Portugalgo Emakumeen Gurutzada) erakunde sortu berrian sartu zen. Erakunde horren helburua Portugalgo erizain gazteak trebatzeko zentroak zuzentzea eta prestatzea zen. Erizain horiek gerra-egoeretan jardun beharko zuten, bai frontean, Portugalgo Espedizio-Kidegoko militar zaurituei lagunduz, bai atzeguardian, kanpainako edo errekuperazioko ospitaleetan.[14][15]

Gerra amaitutakoan,1918 eta 1948 artean, Sofia Quintinok Lisboako ospitale publikoetako Fisioterapia Zerbitzuetako buru gisa aritu zen, gatazkak militar eta zibil zaurituengan eragindako kalte larriak arintzeko lanean, baina ez zion utzi mediku orokor eta bigarren hezkuntzako irakasle gisa lan egiteari. 1931n bere ibilbide profesionala eten zuen aldi baterako, Frantziara joan eta berriro unibertsitatean sartzeko. Handik gutxira Pariseko Unibertsitateko Medikuntza Fakultatean graduatu zen.[16] Portugalera itzulitakoan, Quintinok lehengo eginkizunak betetzen jarraitu zuen. João Alberto de Azevedo Neves doktorearekin ikasi eta lan egin zuen[17] eta zuzendari kargura iritsi zen Lisboako São José ospitaleko sail batean non lupus tuberkulosoa Finsen izpien tratamendua erabilita tratatzen zen.[18]

Sofia Quintino 1964ko uztailaren 8an hil zen, Oeiras kontzejuko Carnaxide herrian, 85 urte zituela, inoiz ezkondu eta ondorengo zuzenik utzi gabe.[19]

Esker onak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Bere jaioterrian, Cadaval-en, bere izena eman zioten kale bati: R. Dra. Sofia da Conceição Quintino.
  • 2011ko abenduaren 17an, Sofia Quintino mediku eta ekintzaileari omenaldi ekitaldia egin zitzaion Cadavalen. Bertan, haritz bat, errepublikarekin eta askatasunarekin lotutako zuhaitza, landatu zuten, Udal Liburutegiaren inguruan, eta Fina d'Armada idazlearen "Republicanas Quase Desconhecidas" (Emakume errepublikano ia ezezagunak) liburua aurkeztu zuten. Liburuan, Sofiaren eta Portugalgo udalerri ezberdinetako beste hogeita hamabi ekintzaileren biografiak azaltzen dira.[20]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, portugesezko wikipediako «Sofia Quintino» artikulutik itzulia izan da, 2021-05-27 data duen 61250418 bertsioa oinarritzat hartuta. Sartze-datarik ez duten erreferentziak, edo 2021-05-27 baino lehenago datatuak, jatorrizko artikulutik ekarri dira itzulpenarekin batera.
  1. (Portugesez) Esteves, João. (1998). As origens do sufragismo português: a primeira organização sufragista portuguesa, a Associação de Propaganda Feminista (1911-1918). Editorial Bizâncio ISBN 978-972-53-0042-8. (Noiz kontsultatua: 2022-04-01).
  2. (Portugesez) Cordeiro, Mário. (2020-05-08). Príncipes da Medicina. Leya ISBN 978-989-637-916-2. (Noiz kontsultatua: 2022-04-01).
  3. (Portugesez) Publicações. Comissão Executiva dos Centenários] Secção de Congressos 1940 (Noiz kontsultatua: 2022-04-01).
  4. (Portugesez) Academia das Ciências de Lisboa. (1963). Boletim da Academia das Ciências de Lisboa. Academia das Ciências de Lisboa. (Noiz kontsultatua: 2022-04-01).
  5. (Portugesez) As Mulheres, a identidade cultural e a defesa nacional: actas do Seminário realizado em 5, 6 e 7 de abril de 1989. Comissão da Condição Feminina, Presidência do Conselho de Ministros 1989 ISBN 978-972-597-049-2. (Noiz kontsultatua: 2022-04-01).
  6. (Portugesez) Oliveira, Américo Lopes; Viana, Mário Gonçalves. (1967). Dicionário mundial de mulheres notáveis. Lello (Noiz kontsultatua: 2022-04-01).
  7. (Portugesez) Esteves, João Gomes. (1991). A Liga Republicana das Mulheres Portugueses: uma organização política e feminista (1909-1919). Comissão para a Igualdade e para os Direitos das Mulheres (Noiz kontsultatua: 2022-04-01).
  8. (Frantsesez) XV Congrès international de médecine. Lisbonne, 19-26 avril 1906. v.gen. imp. A. de Mendonca 1906 (Noiz kontsultatua: 2022-04-01).
  9. (Portugesez) Ferreira, Eduarda;Ventura. (2015-02-23). Percursos Feministas: Desafiar os tempos.. Leya ISBN 978-989-95693-7-9. (Noiz kontsultatua: 2022-04-01).
  10. (Portugesez) Ribeiro, Lia. (2011-07-01). A popularização da cultura republicana: 1881-1919. Imprensa da Universidade de Coimbra / Coimbra University Press ISBN 978-989-26-0082-6. (Noiz kontsultatua: 2022-04-01).
  11. (Portugesez) Ramos, Graça Andrade. (2016). As portuguesas na Frente. RTP Notícias (Noiz kontsultatua: 2022-04-01).
  12. (Portugesez) Percursos Feministas: Desafiar os tempos.. Leya 2015-02-23 ISBN 978-989-95693-7-9. (Noiz kontsultatua: 2022-04-01).
  13. (Portugesez) Costa, Alberto de Sousa. (1935). Heróis desconhecidos: Lisboa revolucionária. Livr. Editora Guimarães (Noiz kontsultatua: 2022-04-01).
  14. (Portugesez) Costa, Alberto de Sousa. (1935). Heróis desconhecidos: Lisboa revolucionária. Livr. Editora Guimarães (Noiz kontsultatua: 2022-04-01).
  15. (Portugesez) Cordeiro de Sousa Amorim, Ana Patrícia. Exposição - Rostos da República. Universidade do Porto (Noiz kontsultatua: 2022-04-01).
  16. «Details view: Sofia Quintino (1878-1964)» debategraph.org (Noiz kontsultatua: 2022-04-01).
  17. (Portugesez) Histórias da Luz e das Cores, volume 3. Universidade do Porto (Noiz kontsultatua: 2022-04-01).
  18. (Portugesez) Coelho, Mariana. (2002). A evolução do feminismo: subsidios para a sua historia. Imprensa Oficial do Paraná ISBN 978-85-88190-32-0. (Noiz kontsultatua: 2022-04-01).
  19. (Portugesez) Grande enciclopédia portuguesa e brasileira: actualização. Editorial Enciclopédia 1981 (Noiz kontsultatua: 2022-04-01).
  20. (Portugesez) Antunes, Pedro. (2011-12-30). «As mulheres na implantação da República» Gazeta das Caldas (Noiz kontsultatua: 2022-04-01).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]