Sokamutur
- Sokamuturra hitzak artikulu honetara dakar. Beste esanahietarako, ikus Sokamuturra (argipena).
Sokamuturra zezenketa mota berezia da, bigantxa edo zezenko bati lepotik soka luze bat loturik, horrela animalia harantz eta honantz aske ibil dadin, Euskal Herriko eta inguruetako jaietan egin ohi den jolasa.[1] Herri bateko kaleetan zehar zezena edo betizua aske izan ohi da, hainbat metrotako soka loturik daukala, eta bertan, hainbat ganaduzale eusten dituelarik. Herri ugaritan egin ohi dute herriko jai nagusi zein bigarren jaietan. Soka-muturra hainbat herritan egiten da: Tolosan,[2] Azpeitian, Deban, Mutrikun...
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaztelaniaz toro enmaromado edo toro ensogado izenez ezagutzen den ekitaldi honek historia luzea du Euskal Herrian jada XVII. mendean Donostian sokamuturrak ospatzen zituztelako. 1715ean Azpeitiako San Inazio jaietan ere sokamuturra atera zuten, 1815ean Eibarko kroniketan jolasa egiten zutela aipatzen dute eta Labayruk Historia General del Señorío de Bizcaya bere liburuan 1730 inguruan bilbotarren jolasik gustukoenetariko bat zela zioen.[3]
1902an, Donostiako Udalak, izandako istripuak eta bere arriskugarritasuna zirela eta, sokamuturrak galarazi eta istilu larriak sortu zituen. Donostiako inauterietan ohiturazkoa zen igande eta jaiegunetan ekitaldi hauek ospatzea. Zezenkoa Iñigo kaletik Konstituzio plazara eramaten zuten, nahiz eta askotan animaliak "lasterka egiten zuen". Behin askatuta, inguruko kaleetatik ihes egitea saiatzen zuen oinezkoen ustekaberako. Plazara sartu eta berehala Udal Musika Bandak «Iriyarena» jotzen zuen.[3]
Hainbeste istripu eta hildako izan zituzten ezen herrien artean debekuaren aldeko jarrera zabaldu baitzen eta 1902ko urtarrilaren 14an Udalak ekitaldia galarazi zuen. Erabakia hartu eta berehala istiluak sortu eta manifestariek harriak bota zituzten udal eraikin eta denda batzuetara. Gipuzkoa plazan poliziak tiroak egin behar izan zituen manifestariak geldiarazteko. Politikariek Gasteizko Goardia Zibilak eta Aldundiko mikeleteak kuartelera biltzea erabaki zuten, baita Valentzia eta Sizilia errejimentuak ere.[3] Pixkanaka pixkanaka egoera baretu eta Gipuzkoako beste hainbat udalek ere ekitaldia galarazi zuten. Denboraren poderioz herri hauetan jolasa berreskuratu zuten, Donostian ordea ez.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa: Sokamutur sarrera
- ↑ Auñamendi Entziklopedia. Sokamutur. .
- ↑ a b c (Gaztelaniaz) Auñamendi Entziklopedia. Soka muturra. .