Stonewalleko istiluak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Stonewall Inn, 1969an. Leihoko seinalean irakur daiteke: "Guk, homosexulok, gure jendeari eskatzen diogu, mesedez, laguntzeko kalean eta Vilagean jarrera baketsu eta isil bat izaten. —Mattachine."[1]

Stonewalleko istiluak (beste itzulpen batzuetan, Stonewalleko altxamendua edo Stonewall matxinada) 1969ko maiatzaren 28an poliziak hainbat gayren aurka[oh 1] egindako sarekaden aurrean emandako erantzun espontaneo eta bortitzari ematen zaion izena da. Sarekada New Yorkeko Greenwich Villagen zegoen Stonewall Inn tabernan izan ziren. Ameriketako Estatu Batuetako LGBT eskubideen aldeko borroka modernoaren gertakari garrantzitsuenetzat hartzen da, gay askapenaren bidean emandako pauso garrantzitsua.[2][3]

AEBko gayek 1950 eta 1960ko hamarkadatan gayen aurkako sistema legala zuten aurrez aurre.[oh 2][1] Lehenengo homofiliaren aldeko AEBko taldeek adierazi zuten gayak jendartean normaltasunez bizi zitezkeela, eta homosexual zein heterosexualentzat hezkuntza ez-konfrontazional berdina ematea proposatzen zuten. 1960ko hamarkadako azken urteetan, hala ere, mugimendu sozial handiak izan ziren AEBn, Eskubide Zibilen Mugimendua, 1960ko hamarkadako kontrakultura edo Vietnamgo Gerraren aurkako mugimendua kasu. Mugimendu hauek eta Greenwich Villagen zegoen inguru liberalak Stonewalleko istiluak katalizatzen lagundu zuten.

Oso komertzio gutxik onartzen zituzten modu argi batean gayak 1950 eta 1960ko hamarkadan zehar. Egiten zutenak, gehienetan, tabernak ziren, baina tabernako jabeak ez ziren gayak izaten. Garai hartan Stonewall Innen jabea Amerikar mafia zen[4][1]. Bezero mota ezberdinetara moldatu zen taberna, eta oso ezaguna zen gay komunitateko pobre eta ertzekoen artean: drag queenak, transgeneroak, gizon gazte afeminatuak, butch lesbianak, gizon prostitutoak eta etxegabe gazteen artean. Polizien sarekadak gayen tabernatan ohikoak ziren 1960ko hamarkadan, baina ofizialek azkar galdu zuten kontrola Stonewall Innen. Matxinadarako prest zegoen pertsona talde handi bat erakartzea lortu zuten. New Yorkeko polizien eta Greenwich Villageko gayen arteko tentsioak eztanda egin zuen, protesta areagotuz hurrengo gauean, eta hurrengo gauetan zehar. Asteetan zehar Villageko bizilagunak antolatu ziren talde aktibistetan, helburu argi batekin: gay eta lesbianek euren sexu orientazioa era aske batean bizitzeko lekuak izatea, horregatik atxilotuak izateko beldurrik gabe.

Stonewalleko istiluen ostean, New Yorkeko gay eta lesbianek arazo ugari izan zituzten komunitate batu bat izateko, euren artean genero, arraza, klase eta belaunaldien arteko aldeak. Hurrengo sei hilabetetan bi gay talde militante sortu ziren New Yorken, taktika konfrontazionaletan kontzentratuak, eta hiru egunkari sortu ziren gay eta lesbianen egunkariak bultzatzeko. Urte batzuen buruan, gay eskubideen aldeko taldeak sortu ziren AEBn eta mundu osoan zehar. 1970ko ekainaren 28an lehenengo Harrotasun Eguna ospatu zen New York, Los Angeles, San Frantzisko eta Chicagon. Gaur egun mundu osoan zehar ospatzen dira LGBT Harrotasunaren aldeko martxak ekaina bukaeran, Stonewalleko istiluak gogoan[5]. 2016tik aurrera Stonewalleko Monumentu Nazionala ezarri zen bertan[6].

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Gertakarien garaian "gay" hitza erabiltzen zen LGBT komunitatea izendatzeko
  2. Illinoisek sodomia 1961an deskriminalizatu zuen, baina Stonewalleko istiluen garaian beste estatu guztiek homosexualen sexu-ekintzak kriminalizatzen zituzten, baita etxe edo eremu pribatuan zeuden eta baimena ematen zuten helduen artean ere. Sexu bereko bi helduen artean baimendutako sexu harremanak izateagatik euren etxeetako pribatutasunean, isun batetik bost, hamar edo hogei urterako gartzela zigorreraino jaso zezaketen, baita bizi osoko zigorra ere. 1971an hogei estatuk "sexu psikopatiaren" aurkako legeak zituzten homosexualak bakarrik homosexual izateagatik atxilotzeko aukera ematen ziena. Pennsylvania eta Kalifornian sexu delito hau zela eta psikiatriko batera eraman zitzaketen bizitza osorako, eta zazpi estatutan zikiratzea aurreikusten zen. 1950 eta 1960ko hamarkadatan, zikiratzea, emetikoak, hipnosia, elektroshock terapia eta lobotomia erabitzen zituzten psikiatrek homosexualak "sendatu" ahal izateko.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]