Suediar-Norvegiar Erietxea

Koordenatuak: 38°41′56″N 0°28′09″W / 38.698981°N 0.469286°W / 38.698981; -0.469286
Wikipedia, Entziklopedia askea
Suediar-Norvegiar Erietxea
Kokapena
Estatu burujabe Espainia
Autonomia Valentziako Erkidegoa
ProbintziaAlacanteko probintzia
Valentziar Herrialdeko eskualdeakAlcoià
UdalerriaAlcoi
Koordenatuak38°41′56″N 0°28′09″W / 38.698981°N 0.469286°W / 38.698981; -0.469286
Map
Historia eta erabilera
Irekiera1937ko apirilaren 25a
Suntsipena1938ko urriaren 16a
Arkitektura
ArkitektoaJoaquín Pla Laporta
Ondarea

Suediar-Norvegiar Erietxea 1937an Alcoin (Alcoià eskualdea, Valentziar Herrialdea) sortutako ospitale bat izan zen, Espainiako Bigarren Errepublikaren aurkako estatu kolpeak eragindako gerraren testuinguruan sortua.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sortzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako gerraren hasieran, 1936an, Eskandinaviako herrietan elkartasun olde bat piztu zen, batez ere gizartearen alderdi aurrerakoien artean, Espainia errepublikazale eta demokratikoko herritarren alde. Gerra hasi eta hilabete gutxira, Norvegian bezala Suedian, Espainiako errepublikari laguntzeko batzordeak eratu ziren. Era askotako erakunde sozial eta politikoek bultzatu zituzten, gehienetan aurrerakoiek, eta diru funtsak bildu zituzten Espainiako herriari laguntza humanitarioa emateko.[1]

Erietxea antolatzera iritsitako eskandinaviarren irudiak.
Eskandinaviatik iritsi ziren bitarteko guztiak.

Diru bilketa haiei esker, Eskandinaviako laguntza humanitarioaren bidez, 1937ko udaberrian Alcoin Suediar-Norvegiar Erietxea sortu zen. Ospitalea berehala hornitu zuten behar zen materialaz eta osasun langileez.

Ángel Beneito Lloris ikerlariaren arabera, Eskandinaviako batzorde bateratua Federica Montseny osasun ministroarekin harremanetan jarri zen 1937ko otsailean, eta ospitale oso bat eskaini zion, gerra fronteko zaurituak artatzeko; guztira, 250.000 koroa inguruko balioa zuen erietxeak.[2] Trukean, eskandinaviarrek eskatu zuten, soilik, leku egoki bat, borroka frontetik urrun. Zenbait aukera aztertu ondoren, Errepublikak eraikin egin berri bat aukeratu zuen Alcoi herrian, hau da, atzeraguardian. Eraikin hura industria eskola bat izateko izan zen eraikia, baina gerraren eraginez erabiltzen hasi gabe zegoen artean.[3]

Funtzionamendua gerra garaian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erietxea zabaldu zen unearen irudiak.
Erietxea zabaldu zen unearen irudiak.

Erietxea 1937ko apirilaren 25ean zabaldu zelarik, Eskandinaviatik 30 bat lankide (mediku, erizain eta laguntzaile) joan ziren Alcoira, kanpainako ospitale hartaz arduratzera. Erietxearen arreta Errepublikaren esku laga aurretik,1937ko uda ostean, ziurtatu nahi izan zuten izen handiko mediku baten esku geratuko zela. Manuel Bastos Ansart doktoreari eskaini zioten erietxearen zuzendaritza, ospe handia baitzuen gerrako zaurien tratamenduan; Madrildik Alacantera heldua zen, Erietxe Militarrean lan egitera. Alabaina, kirurgia ardura bere gain hartu nahi izan zuenez, azkenean Alonso Encalado Ruano doktoreak hartu zuen zuzendaritza.[4]

Eskandinaviarrak etxera itzuli ostean, erietxea Oinarrizko Ospitale Militarra berrizendatu zuten; gerra zaurituak eta gaixoak artatu zituen 1938ko urriaren 16ra arte, hiriak jasan zuen laugarren bonbardaketan eraso egin baitzioten eraikinari. Bonba batzuk erietxearen ondoan lehertu zirenez, nahiz eta hildakorik ez zen izan, osasun agintariek ospitalea hustea eta lekualdatzea erabaki zuten, pazienteak Ontinyenteko eta La Vila Joiosako beste bi kanpaina erietxetara eramanda. Une hartan, ospitaleak 700 ohe eta 685 paziente inguru zituen.[5]

Gerraostea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espetxe bihurtu ondoren, bertan atxilotutako pertsona ezagunak.

1939an, gudaroste matxinatu frankistak Alcoi mendean hartu orduko, erietxearen eraikina espetxe gisa erabiltzen hasi ziren. Bertan izan ziren giltzapeturik Alcoin Errepublikaren eta demokraziaren alde borrokatu ziren politikari, sindikalista eta herritar asko.[6][7]

1943an, azkenik, eraikinak espetxe gisa funtzionatzeari utzi zion, eta Espainiako Hezkuntza Ministerioak hartu zuen bere gain, Industria Eskola berreskuratzeko, horretarako eraiki baitzuten XX. mendearen hasieran.[8] Sotoan izandako ziegak ikasgela eta ikerketa laborategi bihurtu ziren.

Bultzatzaileak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Manuel Bastos Ansart doktoreak nazioarteko ospea zeukan, gerrako zaurien tratamenduan. Lehen Ortopedia Institutua eta Ezinduak Errehabilitatzeko Institutua sortu zuen, Espainiako Medikuntza Kirurgikoko Akademiako lehendakariordea zen eta Kirurgia Ortopedikoko eta Traumatologiako Espainiako Elkartea sortu zuen. Bastos doktoreak artikulu eta liburu ugari zituen argitaratuak hausturen eta su armek eragindako zaurien tratamenduari buruz.

Gerra amaitu eta agintari frankistek erietxea espetxe bihurtu ondoren, Bastos doktoreari 12 urte eta egun bateko kartzela zigorra ezarri zioten «matxinadari laguntzeagatik»; zigorra Castellóko Ospitale Probintzialean lan eginda bete behar izan zuen, bertatik ezertarako atera gabe. 1973ko urtarrilaren 21ean hil zen, zenbait sari jaso ondoren, besteak beste, Pere Virgili kirurgia saria.[9]

Eskandinaviar mediku, erizain eta antolatzaileen taldea.

Bastos doktoreak harreman handia izan zuen Norvegiako Kristian Gleditsch medikuarekin eta haren emazte Nini Haslundekin. Ángel Beneito Lloris ikerlariaren arabera, hark kudeatu zuen erietxea, eta bera izan zen Eskandinaviako ordezkaritza osatu zutenen artean Alcoin denbora gehien eman zuena, eta erietxearen funtzionamendu ona ziurtatzeko gehien lagundu zuena.[2]

Beste arrazoi batzuengatik, eraikinari lotuta egon ziren, besteak beste, Evaristo Botila alkate errepublikanoa, Joan Valls poeta, Enrique Vañó sindikalista edo Enrique Barberá anarkista. Ehunka preso politiko igaro ziren eraikin horretatik, eta horietako batzuk frankistek exekutatu zituzten.

Jabetza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gorabehera guztien ostean, eraikina Valentziako Unibertsitate Politeknikoaren izenean dago inskribatuta Alcoiko Jabetza Erregistroan.

Hasiera batean, eraikina dagoen lurzoruaren jabe bakarra, 1785az geroztik, «Corporación Fábrica Paños Alcoy» zen (gerora, «La Textil Alcoyana»). 1906an, erakunde horrek finka doan laga zion Estatuari (Instrukzio Publikoko Ministerioa), Alcoiko Oinarrizko eta Goi Mailako Industria Eskolak hartuko zituen ikastetxea eraikitzeko. Izen aldaketa ugari egin ondoren, 1972an Valentziako Unibertsitate Politeknikoan sartu zen Alcoiko Ingeniaritza Teknikoko Eskola, eta 1985ean Estatuak Valentziako Erkidegora eskualdatu zituen unibertsitateak eta haien jabetza guztiak. Urte hartan bertan, Valentziako Unibertsitate Politeknikoak bere gain hartu zuen Estatuak eskualdatutako ondasunen titulartasuna, Kontseilu Soziala eratzean. 2010ean, gorabehera historiko guztiak dokumentatu ostean, finka Valentziako Unibertsitate Politeknikoaren izenean inskribatuta gelditu zen.[10]

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) Yraola, Aitor. (1994). «Noruega y la Guerra Civil Española, 1936-1939: Noruega en el período anterior a la Guerra Civil» Iberoamericana (1977-2000) 18 (3/4 (55/56)): 82–102. ISSN 0342-1864. (Noiz kontsultatua: 2023-10-26).
  2. a b (Ingelesez) Myklebust, Jon Olav; Beneito Lloris, Àngel. (2009). A hospital for Spain!: scandinavian solidarity in a time of civil war. Alcoi: Zoe Image Arts ISBN 978-8461359318..
  3. (Gaztelaniaz) «El Hospital Sueco-Noruego – Las cartas de J.» web.archive.org 2022-05-12 (Noiz kontsultatua: 2023-10-26).
  4. (Gaztelaniaz) «El viaje del jefe de quirófanos del Hospital Sueco-Noruego de Alcoi a la vilera Villa Giacomina hace 76 años» Diario de la Marina Alta (web.archive.org) 2016-03-05 (Noiz kontsultatua: 2023-10-26).
  5. (Katalanez) Universitat de València. (2023-10-26). «Hospital Sueco-Noruec d'Alcoi» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-10-26).
  6. (Gaztelaniaz) Moltó, Salomé. (2015). Socialización, colectivización y represión en Alcoy (1936-1953) : una nueva economía es posible. Madril: Queimada Ediciones ISBN 978-8485735747..
  7. (Gaztelaniaz) Beneito Lloris et al., Ángel. (2017). Tiempo de sombras: la represión en Alcoi desde la guerra civil a los años 70. Ajuntament d'Alcoi ISBN 978-8416186150..
  8. (Katalanez) «Cent anys de l'inici de les obres de ‘L’Escola Industrial’» El Nostre Ciutat (web.archive.org) 2023-10-27 (Noiz kontsultatua: 2023-10-27).
  9. (Katalanez) «Manuel Bastos Ansart» Metges Catalans (web.archive.org) 2022-04-07 (Noiz kontsultatua: 2023-10-27).
  10. (Gaztelaniaz) «La Politécnica escritura a su nombre el edificio del Viaducto a los 104 años de su gestación» Información (web.archive.org) 2023-10-27 (Noiz kontsultatua: 2023-10-27).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]