Karraspio begiubel

Wikipedia, Entziklopedia askea
Symphodus melops» orritik birbideratua)
Karraspio begiubel
Iraute egoera

Arrisku txikia (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaActinopteri
OrdenaPerciformes
FamiliaLabridae
GeneroaSymphodus
Espeziea Symphodus melops
Linnaeus, 1758

Karraspio begiubela (Symphodus melops) Labridae familiako ur gaziko arraina da, Europako kostaldeetan bizi dena[1].

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tamainaz 15-20 cm inguruko arraina da baina 25 cm dituztenak ere aurkitzen dira, handiena 28 cm luze zen. 9 urte har ditzake[2].

Kolore aniztasun handia erakusten du, beti ere inguruko uraren baldintzen eta arrainaren adinaren araberakoa izango da. Emeak eta gazteak marroi-berdexkak izan ohi dira eta arrek berde biziagoa izan ohi dute gorputzeko oinarrizko kolorea. Bizkarraldeko hegats bakarra du, 14-17 arantza eta 8-10 erradio bigun dituena. Buztanaren oinarriak puntu orban ilun bat du[2].

Buruak gorputzarena baino altuera txikiagoa du. Sexu bietako aleek marra ugari dituzte buruan eta zakatzen inguruan, marroiak eta urdinak emeen kasuan eta berdeak eta urdinak arren kasuan[3]. Ahoa txikia da eta hortz ilara bat du. Ezpainek 5-7 tolestura dituzte[4]. Begiaren atzealdean ilargi erdi itxurako orban ilun bat du[5].

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ozeano Atlantikoaren ipar-ekialdeko kostaldean bizi da, Norvegiatik hasi eta Marokoraino. Azoreetan ere aurkitzen da. Mediterraneoaren mendebaldean hedaturik dago, Itsaso Adriatikoraino iristen da[2].

Zostera eta Posidonia zelaiek estalitako hondo arrokatsuak atsegin ditu eta 30 metrotako sakoneran aurkitzen da gehienez ere. Gazteak bereziki belar horien artean ezkutatuta bizi dira[3].

Biologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Karraspioa arrain oso aktiboa da eta talde txikietan ibiltzen da itsaso hondotik oso gertu. Bertan aurkitzen dituen molusku eta krustazeo txikiak jaten ditu, bai eta itsas zizareak ere[6]. Bitxikeria gisa aipatu behar da karraspio gazteak arrain handiagoen gorputzak garbitzen ikusi izan direla[3].

Ugalketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udaberriaren amaieran edo uda hasieran gertatzen da ugalketa[5]. Karraspio begiubel arrek emearekin ugaltzeko bi era oso desberdin erabil ditzakete. Ar batzuk oso lurraldekoiak dira eta arroka eta harri txintxar artean katilu itxurako habia egiten dute emea erakartzeko eta algaz apaintzen dute[4]. Sarrerako zuloak oso bortizki zaintzen dituzte gainera. Beste ar batzuek azpijokoa erabiltzen dute; emearen itxura hartzen dute (desberdintzen zailak dira) eta amarruaz baliatuz ernaltzen dituzte. Bigarren hauek ar lurraldekoiak baino txikiagoak dira[7]. Arren %5-20 izan ohi dira tranpatiak karraspio populazioetan.

Arrantza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1988an ikusi zen karraspio gazteek arrain handiagoen azaleko bizkarroiak kentzen zituztela eta ordutik akuikulturan erabili izan dira piszifaktoriatako tanketan funtzio hori bete dezaten. Ohikoena izokin haztegietan izaten da, izokinaren zorria (Lepeophtheirus salmonis) kentzen baitute[8].

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Nelson, J.: Fishes of the World, 3. edizioa. New York: John Wiley and Sons. 1994.
  2. a b c «Symphodus melops, Corkwing wrasse : fisheries, gamefish, aquarium» fishbase.mnhn.fr (Noiz kontsultatua: 2024-01-14).
  3. a b c «Symphodus melops - Marine Life Encyclopedia» www.habitas.org.uk (Noiz kontsultatua: 2024-01-14).
  4. a b (Gaztelaniaz) Valderrey, Juan Luis Menéndez. «Symphodus melops (Linnaeus, 1758)» Naturaleza y turismo (Noiz kontsultatua: 2024-01-14).
  5. a b (Ingelesez) Porredana (Symphodus Melops) – Animales Marinos. (Noiz kontsultatua: 2024-01-14).
  6. (Gaztelaniaz) «Symphodus Melops o Porredana | Características, fotos y video» pecesmediterraneo.com 2019-03-29 (Noiz kontsultatua: 2024-01-14).
  7. academic.oup.com (Noiz kontsultatua: 2024-01-14).
  8. (Ingelesez) Faust, Ellika; Halvorsen, Kim Tallaksen; Andersen, Per; Knutsen, Halvor; André, Carl. (2018-03). «Cleaner fish escape salmon farms and hybridize with local wrasse populations» Royal Society Open Science 5 (3): 171752.  doi:10.1098/rsos.171752. ISSN 2054-5703. PMID 29657779. PMC PMC5882703. (Noiz kontsultatua: 2024-01-14).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]