Ted Turner
Robert Edward "Ted" Turner III (Cincinnati, Ohio, 1938ko azaroaren 19a) estatubatuar negozio-gizona eta telebistako magnatea da. Georgiako Akademia Militarrean eta Brown Unibertsitatean egin zituen ikasketak. Aitak bere buruaz beste egin zuenean, 1963an, familiaren publizitate-negozioa hartu zuen oinordekotzan. 1970ean, hondoa jota zegoen UHFko telebista-kate bat erosi zuen Atlantan (Georgia). 1975erako, telebista-kate hura Estatu Batuetako inportanteenetako bat bihurtu zen, kirolak eta denbora-pasako programak eskainiz, merke, herrialde guztiko hari bidezko telebista sareetara. 1980an, Cable News Network (CNN) sortu zuen, eguneko 24 orduetan berriak besterik ematen ez zituen lehen telebista-katea. 1990-1991n Persiako Golkoko gerraz eman zituen irudiak mundu osora zabaldu zuten telebista-katearen ospea. 1991n, Time aldizkariak urteko gizon izendatu zuen. 1985ean, Metro Goldwyn Mayer/United Artists ekoiztetxea erosi zuen, gero saltzeko eta zinema-artxiboak besterik ez gordetzeko asmoz. Kirolaren munduan ere aritu da, beisbol- eta saskibaloi-taldeak sustatuz eta babestuz. 1991n, Jane Fonda antzezlearekin ezkondu zen, baina 2001ean dibortziatu ziren.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Ted Turner |
- (Ingelesez) Ted Turnerren webgune ofiziala
Artikulu hau Ohioko biografia baten zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |