Trek Handia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
"Idi-gurdiak Outeniqua mendien pausuan" (Charles Mitchellen margoa)
"Idi-gurdiak Outeniqua mendien pausuan" (Charles Mitchellen margoa)

Trek Handia esaten zaio (Groot Trek afrikaans hizkuntzan) XIX Gizaldi hasieran Hegoaldeko Afrikan boerrek eginiko migrazio handiari. 1835 eta 1843 artean, 12.000-14.000 pertsona[1] Esperantza Oneko Lurmuturreko Koloniako ekialdetik atera ziren, Orange ibaia zeharkatuz, ipar-ekialde norabidean Afrikan barneratuta.[2]

Trek Handia sinbolo garrantzitsua da afrikaner kulturan: haien nazioa sortzeko nekeak irudikatzen ditu, gorabeheraz betetako prozesu luzeari hasiera emanaz, 1948an boterea lortu arte.[3]

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1652an lehen europarrak ailegatu ziren Esperantza Oneko Lurmuturrera: Ekialdeko Indietako Herbeheretar Konpainiak lehen basea ezarri zuen (Fort de Goede Hoop, gaur eguneko Lurmutur Hirian), Europa-Asia bidaia egiten ari ziren merkatal espedizioak hornitzeko.[4] Hamarkada batzuen buruan, base honen inguruan europar jatorriko populazio handia bizi zen, gehienak herbeheretarrak (%75) baina baita alemaniarrak eta Frantziako errefuxiatu higanotak ere. Asimilazio prozesu baten ondorioz, nederlanderaz mintzo zen talde etnikoa sortu zen. Lurmutur Hiriaren inguruan, afrikanerrak bi azpitaldetan banatuak zeuden: “boer” edo baserritarrak, eta “lurmuturreko herbeheretarrak” hirietan.[5]

Trek Handiaren arrazoiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Trekboerrak bideko kanpalekuan (Samuel Daniellen margoa).
Trekboerrak bideko kanpalekuan (Samuel Daniellen margoa).

XVIII gizaldiaren amaieran, Herbehereen eta Britainia Handiaren arteko gatazkak hasi ziren; egoera hau Esperantza Oneko Lurmuturrean ere igarri zen eta, 11 urtez tirabiran ibili eta gero, 1806ean Lurmuturreko Hiria ingelesen esku geratu zen. Afrikanerrek ez zuten ongi hartu britainiarren aginte berria; hauek, berriz, errepresioa areagotuz erantzun zuten. Gainera mugan bizi ziren boerrek ez zuten Armada britainarraren babesik indigenekin zituzten gatazketan; 1820ko hamarkadan ingelesa gobernuaren, auzitegien, administrazioaren eta elizaren hizkuntza bakarra bihurtu zen (honek afrikanerrentzat desabantaila handia suposatzen zuen, gehienek ez baitzekiten ongi ingelesez).[6] Azkenik, 1834an Britainia Handiak bere kolonia guztietan esklabotza ezabatzea erabaki zuen, populazio indigena eta etorkinaren arteko berdintasuna aldarrikatuz; hau boerrendako kolpe handia izan zen, haietako askok (batez ere zereal eta ardo ekoizleak) esklabuen eskulanaren menpekotasun handia zutelako.[7]

Funtsean, boerrek uko egiten zioten britainiarrek inposatu nahi zuten modernizazioari, eta aintzinako nekazal bizimoduarekin jarraitzeko lurrak nahi zituzten. 1825 eta 1835 artean Afrika ezezagunean barneratutako esploratzaileek lur emankorren eta landu gabeen berri ekarri zuten. Horretara, Lurmuturreko Koloniako boer askoren artean han bere ametsetako lurraldea aurkitzeko itxaropena piztu zen.[8]

Trek Handiaren hasiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen oldeko voortrekker nagusien bideak, eta gertakari garrantzitsuenak.
Lehen oldeko voortrekker nagusien bideak, eta gertakari garrantzitsuenak.

Lehen migratzaile (voortrekker) oldea 6.000 bat pertsonatakoa izan zen, Lurmutur Koloniako biztanleen %20 ingurua; 1835-37 artean atera ziren, puntu desberdinetatik, eta ez zuten helburu komun zehatzik. Talde gehienak txikiak ziren, baina konboi batzuek ehundaka pertsona mugitzen zituzten. Handienak Louis Tregardt, Hans van Rensburg, Hendrik Potgieter, Piet Retief, Piet Uys edo Gerrit Maritz, buruzagiek gidatutakoak izan ziren.[9]

Bidaia nekeza izan zen, besteak beste indigenekin izandako borrokak zirela eta (manukosi, matabele, zulu.... ). 1837rako voortrekkerrek 5-6 kanpaleku egonkor zituzten Orange eta Vaal ibaien arteko lurraldean, guztira 2.000 bat biztanle.[10] 1838rako Natal ingurura ere (gaur egungo Durban) helduak ziren; hain zuzen ere puntu honetara ailegatu zen Andries Pretorius gaztea, aintzindarien pausuak jarraituz. Gerrit Maritzen heriotzaren ostean Nataleko voortrekkerrak buruzagi barik zeuden, eta Pretoriusek haien gidaritza hartu zuen. Artean, kolonoak gatazka gogorrean ari ziren zulu indigenekin: hauek Piet Retiefek gidatutako negoziatzaile-delegazioa akabatua zuten, Drakensbergeko kanpalekuetan sarraskia burutu zuten... Gainera, voortrekkerrek mendekua hartu nahi izan zutenean, zuluek erraz garaitu zituzten Italeniko batailan. Pretorius komandante izendatua izan zen eta, 470 gudariren buru zela, 10.000 zulu garaitu zituen Odolaren Ibaiaren guduan (1838); hurrengo urtean boerrek Nataleko Errepublika aldarrikatu zuten.[11]

Hendrik Hendrik Potgieter voortrekkerren buruzagi ohia 1852an, Transvaaleko jauntxo nagusietako bat zela.
Hendrik Potgieter voortrekkerren buruzagi ohia 1852an, Transvaaleko jauntxo nagusietako bat zela.

Boer Errepublikak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nataleko Errepublikak iraupen gutxi izan zuen: 1843an Erresuma Batuak bereganatu zuten, Natalgo Kolonia bihurtuz. Britainiarren uztarria onartu barik, voortrekker gehienek bidaiari berrekin zioten, Transorangia zeritzon iparraldeko lurretan barneratuz. Han eskuratutako lurrekin boer errepublikak sortu zituzten: Hegoafrikar Errepublika (Transvaal izenez ezagunagoa, 1852) eta Orangeko Estatu Librea (1854).[9]

Trek Handiaren sinbolismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1930. hamarkadan ospatutako Trek Handiaren 100 urteurrena itu garrantzitsua izan zen afrikaans nazionalismoaren gorakadan. Belaunaldi berriek boerren gerren eta ibileren gaineko interes gero eta handiagoa zuten, eta haien ospakizunek dozenaka milaka pertsona mugitzen zituzten, aintzinako voortrekkerren jantziak, gurdiak eta ohiturak gogoratuz adibidez. Zati handi batean, ikuspegi epiko honek ahalbidetu zuen afrikaner nazionalisten garaipena 1948ko Hegoafrikar Batasuneko hauteskundeetan (baita apartheid sistemaren ezarpena ere).[9]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   Laband, John (2005), The Transvaal Rebellion: The First Boer War, 1880-1881, Routledge Books, ISBN 978-0582772618 .
  2.   Ransford, Oliver (1972), The Great Trek, John Murray .
  3.   Sévry, Jean (2007), Littératures d'Afrique du Sud, Karthala .
  4.   Hunt, John (2005), Dutch South Africa: Early Settlers at the Cape, 1652-1708, Campbell, Heather-Ann. University of Pennsylvania Press, ISBN 978-1904744955 .
  5.   Collins, Robert; Burns, James (2007), A History of Sub-Saharan Africa, Cambridge University Press, ISBN 978-1107628519 .
  6.   Lloyd, Trevor Owen (1997), The British Empire, 1558-1995, Oxford University Press, ISBN 978-0198731337 .
  7.   Simons, Mary; James, Wilmot Godfrey (1989), The Angry Divide: Social and Economic History of the Western Cape, David Philip, Publisher (Pty) Ltd, ISBN 978-0864861160 .
  8.   Greaves, Adrian (2013), The Tribe that Washed its Spears: The Zulus at War, Barnsley: Pen & Sword Military, ISBN 978-1629145136 .
  9. a b c   Giliomee, Hermann (2003), The Afrikaners: Biography of a People, Tafelberg Publishers Limited, ISBN 062403884X .
  10.   Bulpin, Thomas Victor (1966), «The Republic of Natal», Natal and the Zulu Country (11) .
  11.   Die kosbare erflating van Andries Pretorius, http://mieliestronk.com/pretorius.html. Noiz kontsultatua: 2018-I-5 .

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

(Ingelesez):Oliver Ransford-en The Great Trek (1968).

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Trek Handia