Txakun

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Txakun
Datuak
Jatorria Lapurdi
Musika mota folk
Urteak 1991 - 1997
Produkzioa
Diskoetxea(k) ZTK Diskak
IZ
Taldekideak
Txomin Larronde
Paxkal Indo
Bixente Iriart
Thierry Arribehaute
Matthieu Haramboure
Frédéric Chanbon
Vincent Thomas
Didier Etxeberria
Kittof Amorena
Patxi Arotzarena
Daniel Ondikole
Kittof Amorena
Beñat Zozaia
Mixel Moussou "Pott"

Txakun Lapurdin 1991n sortu zen folk-rock taldea da. Musika tradizionaletik abiatuta, euskal rock modernoa jorratu nahi izan zuen, eragin ugari barneratuz, folk irlandarretik dantzarako doinu elektronikoetaraino. Musika tresna tradizionalak (txalaparta, gaita, txirula...) eta rock taldeenak uztartu zituen, dantzarako musika egiteko. Ipar Euskal Herrian rocka aitzinatzeko ZTK elkartearen sorreran parte hartu zuen, beste talde batzuekin batera. Hiru disko luze eta Lau Behi taldearekin partekaturiko EP bat kaleratu zituen zazpi urteko ibilbidean.

Taldea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hazparne, Bidarrai, Itsasu, Miarritze, Urruña eta Donibane Lohizuneko bost gaztek sortu zuten Txakun, 1991. urtean: Daniel Ondikola (bateria), Patxi Arotzarena (ahotsa eta gitarra), Paxkal Indo (sintetizadorea, flauta, txirula eta ahotsa), Txomin Larronde (ahotsa eta baxua) eta Mixel Moussou (eskusoinua). Paxkal Indo eta Txomin Larronde Bizkarrezurra folk irlandarreko taldean ibilitakoak ziren aurretik. «Inportazioko musika» baztertu eta «Euskal Herriko barruko musika» landu nahi zuen Txakunek, musika tresna tradizionalak (eskusoinua, gaita, txirula, txalaparta...) eta rock taldeenak (bateria, gitarra, baxua, teklatuak...) erabiliz, Irlandan The Pogues taldeak jorratutako bidetik.

«

Asko maite dugu gaitaren soinua distortsionatutako gitarra batekin, eta zertarako ez txirula funk kantu batean... Musika mailan ez gara mugatzen eta erran dezakegu gure instrumentu zaharrak ez ditugula mugatu nahi ere...[1]

»

Beñat Zozaia baxu jotzailearekin taldea zazpikote bihurtu zen -ondorioz, Larrondek baxua utzi eta gitarra hartu zuen-, eta 1993an bere lehen diskoa autoekoitzi zuen, Zapatak ari ziren, hamar kantukoa.

ZTK (Zimako Talde Koordinakuntza) elkarteak sorturiko Iparretarock labelak argitaratutako lehen diskoa izan zen. Diskoa grabatu aurretik saldutako harpidetzen bidez jasotako diruarekin argitaratu zen diskoa. Diskoaren liburuxkan azaldu zutenez, «lehen produkzio horrek, diru gutxirekin eginik ere, erakusten du disko osoa egiten ahal dela Iparraldean... Gure helburua, euskal rock taldeen arteko loturak azkartzea eta horien promozioaren segurtatzea, ikusiz oraindik ez dagoela gisa horretako eraikidurarik». Txakunez gain, Mister Saguak, Txingoma II, Tagada, Mikelats eta IX taldeek sortu zuten ZTK.

Diskoa kaleratu eta gero, Zozaia Sustraia taldera joan zen, eta Xabi Chabagnonek ordezkatu zuen aldi batez; azkenik, Matthieu Harambourek (King Mafrundi) hartu zuen baxua. Halaber, Kittof Amorenak Moussouren lekua hartu zuen. Orduan ezagutu zuen Txakunek bere garairik egonkorrena. Kontzertu kopurua handitu zen, gehienetan herrietako jaiak girotzeko deitzen zituzten, eta maiz emanaldietan inprobisatutako zatietatik sortzen zituzten geroago kantu berriak. IZ diskoetxea prest agertu zen taldeari diskoa argitaratzeko. Hain zuzen, Jama Larreburu (Minxoriak) IZko arduradun izendatu ostean, Ipar Euskal Herriko zenbait talderekin harremanak hasi zituen diskoetxeak, eta Euskal Herrian ez ezik Frantzian eta Espainian ere haien diskoak banatzeko estrategia abiatu zuen. Mila sagarroi bide bazterrean (IZ, 1995) izan zen Txakunen bigarren diskoa. Jean Lou Corrihons Minxoriak taldeko gitarrista ohiak eraman zuen zuzendaritza artistikoa, eta kolaboratzaile ugari izan zituen taldeak: Mixel Etxekopar, Fredo Arrabit, David Arriola... Doinu aldetik ere askotariko lana da, reggae, folk, funk, rap eta herri dantzak entzun baitaitezke diskoan. Hitzetan, berriz, euskal mitologiaren eta historiaren aipamen ugari zeuden: "Santxo Azkarra lo dago", "Bele Inquisidore", "Akelarrean dantzan"... Lanak arrakasta izan zuen, eta Hego Euskal Herrian ezagun egin zuen taldea.

Hurrengo urtean, Lau Behi taldearekin partekatutako EPa argitaratu zuen, udan entzuna izateko asmoarekin: Merke & ona (IZ, 1996). Talde bakoitzak hiru kantu grabatu zituen. Jatorrizko taldekideetako bik -Arotzarena eta Ondikole- eta Matthieu Harambourek taldea utzi zuten, eta haien ordez Thierry Arribehaute (gitarra), Martial Schlaflang alsaziarra (bateria) eta Didier Etxeberria (baxua) sartu ziren. Taldeak soinua gogortu egin zuen, folketik urrundu eta rock-and-rollera gehiago hurbilduta, eta hiru kide berrien ekarpenak beste kolore bat eman zion emaitzari. Izan ere, Txakunen ezaugarrietako bat zen taldekide bakoitzaren eraginetatik elikatzen zela taldearen musika.

Hortaz, hurrengo lana ere ezberdina izan zen, aldaketak gertatu baitziren taldean berriz ere. Bixente Iriart (baxua), Frederic Chanbon (perkusioa, King Mafrundi) eta Vicent Thomas (bateria) taldekide berriekin grabatu zuen Arratsa barroka (IZ, 1997), Txakunen estudioko azken diskoa. Ingalaterrako musika elektronikoaren techno doinuak, reggae eta dub eraginak barneratu zituen zazpikoteak lan honetan. Teknikoki oso lan zaindua izan zen, bi estudiotan eta hiru soinu teknikarirekin grabatua. Horrez gain, Bixente Iriartek landutako CD-ROM formatuan kaleratu zen, taldearen historia, diskografia eta bestelako datuak bilduta.

Txakun desegin eta gero, Txomin Larrondek Txo! egitasmoa plazaratu zuen, musika elektronikoaren ildotik. Harrapa airea (Agorila, 1999) izan zen haren bakarkako lehen diskoa. Lan horretan, besteak beste folk, rock, funk, reggae, techno, rap eta jungle doinuak ondu zituen, ordenagailuaren eta beste musikari batzuen laguntzaz: Olivier Larronde, Xabi Solano (Etzakit), Philippe Bouthemy (King Mafrundi), Kittof Amorena... Hitzetan, umorea, gogoeta eta kexa agertu zituen Larrondek. Gaur egun Malkoz izeneko egitasmoan ari da.

Txakuneko beste burua, Paxkal Indo, txalapartari lotutako ibilbidea egiten ari da (Kalakan taldearen sortzaileetako bat izan zen). Halaber, Seaska elkarteko lehendakaria da 2008ko urtarrilaz geroztik.

Diskografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Zapatak ari ziren (1993, ZTK Diskak)
  • Mila sagarroi bide bazterrean (1995, IZ)
  • Merke eta ona (1996, IZ)
  • Arratsa barroka (1997, IZ)

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

http://txakun.unblog.fr/

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. El Tubo, 67. zenbakia, 1995