Wikipedia, Entziklopedia askea
Emakumeen eskubideen aldeko manifestazioa Donostian.

Emakumeek, gaur egun, gizonek dituzten eskubide berdinak dituzte herrialde askotan. Eskubidea dute jabetzak izateko, hezkuntza jasotzeko eta beraiek aukeratzen duten lanean aritzeko, adibidez. Botoa emateko eskubidea ere bai, edo beraien herrialdeko presidente edo lehen ministro izateko edo kargurako hautatuak izateko. Baina hori ez da horrela izan beti. Mugimendu feministak urte askoan egin du lan eskubide hauek lortzeko.

Historian zehar, emakumeak ez dira gizonezkoen pare tratatuak izan. Esan ohi zen emakumeak naturalki ahulagoak zirela eta gizonezkoak, berriz, adimentsuagoak. Gainera, hainbat mito eta erlijio-sinesteetan, emakumea zen gaiztakeriaren sorburu.

Arrazoi horiengatik, emakumeei ez zitzaizkien aitortu gizonek zituzten eskubide berak. Baina askatasun apur bat izan zutenean, emakumeek ere lorpen garrantzitsuak egin zituzten. Adibidez, hainbat emakume buruzagi boteretsuak bilakatu ziren: Elisabet I.a erreginak Ingalaterra 45 urtez gobernatu zuen XVI. mendean; edo Katalina Handia Errusiako enperatriza izan zen XVIII. mendean.

XVIII. mendearen amaieran, Europa eta Ipar Amerikako jende asko hasi zen gizabanakoen askatasunari buruz hitz egiten. Hauek zioten jendeak eskubideak zituela eta gobernuek errespetatu egin beharko lituzketela. Baina emakumeak alde batera utzi zituzten, “gizonezkoen eskubideak” bezalako esamoldeak erabilita. Garai hartan pentsamendu askeko emakume batzuek hitz egin zuten beraien eskubideei buruz; haietako bat Mary Wollstonecraft feminista ingelesa izan zen. Hezkuntzan, lanean eta politikan emakumeek gizonen aukera berdinak izan behar zituztela esan zuen.

Botoa emateko eskubidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emakumeek bazekiten botoa emateko eskubidea lortu behar zutela gizartea aldatzeko. Horrela gobernuan parte hartzeko eta politikan eta legeetan eragina izateko aukera izango zuten.

Estatu Batuetan, emakumeen eskubideen aldeko mugimendua mugimendu antiesklabistatik sortu zen. Lucrecia Mott eta Elizabeth Cady Stanton izeneko emakume abolizionistak (esklabotzaren aurkakoak) ziren emakumeen eskubideen aldeko lehen batzarreko buruak 1848an. Leku askotan, XIX. mendearen erdialdetik aurrera, emakume guztien botoa emateko eskubidea aldarrikatzen zuten lehen emakume taldeak sortu ziren.

Hala ere, botoa lortzeko borrokak luze jo zuen: 1869tik aurrera, hainbat estatu eta lurraldek emakumeei botoa emateko eskubidea aitortu zieten; baina 1920 arte ez zen lortu Estatu Batuetako emakume guztien botoa emateko eskubidea.

Beste herrialdeetako emakumeek ere lan egin behar izan zuten botoa lortzeko. Emakumeek botoa emateko eskubidea 1893an lortu zuten Zeelanda Berrian, 1902an Australian, 1906an Finlandian eta 1913an Norvegian.

Erresuma Batuan, 30 urtetik gorako britainiar emakumeak hauteskundeetan parte hartzen hasi ziren 1918tik aurrera; 1928an 21 urtera jaitsi zuten adina.

Beste herrialde batzuk mantsoago aldatu ziren. Euskal Herriko emakumeei dagokienez, boto eskubidea 1931n eman zitzaien emakumeei Espainian; baina Espainiako Gerra Zibilaren eta Francoren diktaduraren eraginez emakumeek ezin izan zuten botoa berriro eman 1977ra arte; bestalde, Frantzian, 1944an aitortu zitzaien lehen aldiz botoa emateko eskubidea emakumeei.

Gaur egun, XXI. mendean, Ekialde Hurbileko herrialde batzuetako emakumeek oraindik ezin dute botoa eman.

Beste eskubide batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1960tik aurrera, emakumeen eskubideen aldeko mugimendu berri bat sortu zen. Mugimendu honi “feminismo” edo “emakumearen askapena” deitu zitzaion. Geroztik, borroka feministari esker, emakumeak eskubide gehiago eskuratzen joan dira gizonekin berdintasuna eskuratzeko.

Berdintasun hori eskuratzeko eskubide garrantzitsu bat jaiotza-kontrola izan da. Jaiotza-kontrolak emakumeei ahalmen handiagoa ematen die haurrak izaterako garaian, umerik inza nahi duten ala ez edo noiz izan nahi dituzten erabakitzeko. Horri esker, emakume gehiagok ikasketak burutu dituzte eta lan propioak lortu dituzte.

Dena dela, goi mailako ikasketak egin dituzten emakumeek hainbat bidegabekeria jasan behar izaten dituzte lantokietan. Gaur egun oraindik, postu garrantzitsu asko gizonezkoek dituzte. Gainera, leku askotan, emakumeek ez dute gizonek irabazten duten soldata bera irabazten, nahiz eta lan berdina egin.

Emakumeen eskubideen aldeko borrokari esker, geroz eta emakume gehiago daude gizarteko postu garrantzitsuetan edota beren herrialdeko gobernuetan. Badira hainbat emakume presidente edo lehen ministro izatera iritsi direnak hainbat herrialdetan: India, Israel, Zeelanda Berria, Pakistan, Sri Lanka, Erresuma Batua eta beste batzuetan. Hala ere, munduko presidente edo lehen ministro gehienek gizonezkoak izaten jarraitzen dute.