Txikipedia:Errusiako historia

Wikipedia, Entziklopedia askea

Errusiako historia ekialdeko eslaviarrekin hasten da. Ekialdeko eslaviarren lehendabiziko estatuak, Kieveko Rusa izenekoak, kristautasuna Bizantziar Inperiotik 988an bereganatu zuen. Honela, hurrengo milurtekoan Errusiako kultura osatuko zuten bizantziar eta eslaviar kulturen arteko nahasketa hasi zen. Kieveko estatu hori mongolen inbasioen aurrean desegin zen 1230eko hamarkadan. Horren ostean, botere txikiagoak, batez ere Novgorod eta Pskov, borrokatu ziren Kieveko oinordeko kultural eta politiko bilakatzeko.

XII. mendearen ondoren, Moskuk gero eta botere gehiago erdietsi zuen ezarian. XVIII. menderako, Moskuko Dukerri Handia Errusiar Inperio handia bilakaturik zegoen, zein Poloniatik Ozeano Barera zihoan. Mendebalderantz hedatu ahala, zabaltzearen lehenengo garaietako isolamendua ezeztatu zen eta errusiarrak ohartu ziren gainerako Europatik desberdinak zirela nolabait. Berdintsuago bilakatzearren, XIX. mendean errepresio latza eta bihotz samurreko erreformak tartekatu ziren. Joputza 1861ean abolitu zen, eta beste aldaketa politiko eta ekonomiko batzuk ere gertatu ziren, baina tzarrek ez zieten uko egin gobernu autokratikoari eta boterea partekatzeari.

Lehenengo Mundu Gerraren barruan, 1917an Errusiako Iraultza piztu zen ekonomiak eta gerrak ekarritako krisialdia eta tzarren gobernu autokratikoaren aurkako nahigabea zirela eta. Hastapenean, liberalek eta sozialista moderatuek hartu zuten agintea, baina, gerrari amaiera eman ezinik, urriaren 25ean, komunistek bereganatu zuten (Urriko Iraultza). Horrez geroztik 1991ra arte, Errusiako historia Sobiet Batasunekoa da. Alderdi bakarreko estatu horrek lazeria andana jasan behar izan zituen, batik bat Bigarren Mundu Gerran alemaniarren inbaditu zutenean. Azkenean, 1980ko hamarkadan erreforma ugari gorabehera, errusiar komunismoak huts egin zuen eta Sobiet Batasuna desegin zen.

Honela, besteak beste, Errusiar Federazioa sortu zen, nahiz eta nazioarte mailan Sobiet Batasunaren oinordekotzat jotzen zaion. Hala ere, superbotere gisako estatusa galdu du Errusiak, sobiet osteko sistema ekonomikoa eratzerakoan arrakasta handia lortu ez duelako, ahaleginak ahalegin. Edonola ere, herrialde erraldoia eta baliabide askokoa izanik botere handia gordetzen du bere baitan oraindik. Horiek horrela, munduko zazpi herrialderik aberatsenek (G-7) haiekin batera biltzeko gonbitea luzatu zioten Errusiari, G-8 osatuz.