Lisboa Lisboa | |||
---|---|---|---|
Lisboa hiriko hainbat irudi. | |||
Administrazioa | |||
Geografia | |||
Azalera | 100,05 km² | ||
Altuera | 0-199 | ||
Demografia | |||
Metropolia | 2.821.876 | ||
Dentsitatea | 5 066,4 bizt/km² | ||
Informazio gehigarria | |||
Sorrera | K.a. 1200 Alis Ubbo herri feniziarra Olissipona erromatar hiria |
Lisboa Mendebaldeko Europako hiri bat da, bai eta Portugaleko hiriburua ere. Ozeano Atlantikoaren ertzean dago, Tajo ibaiaren ahoan.
Herrialdeko hiririk handiena da: 2015eko datuen arabera, 500.000 biztanle inguru zituen, baina hiriaren inguruko metropoli-eremuan ia 3 milioi lagun bizi dira, 2017ko datuen arabera; hori oso kopuru handia da: izan ere, Portugaleko biztanleen laurdena ia bizi da Lisboako metropoli eremu horretan.
Portugaleko hiririk garrantzitsuena da merkataritzaren, industriaren eta kulturaren aldetik. Bertan dago herrialdeko porturik handiena, erakunde politiko nagusiak eta unibertsitate asko.
Tajo ibaiaren ahoan dago, herrialdearen erdialdean gutxi gorabehera, Atlantikoaren ondoan.
Historia apur bat
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ez dakigu zehazki noiz sortua den, baina Europako hiririk zaharrenetako bat da. Badirudi greziarrak edo feniziarrak iritsi zirela eta bizigune bat eraiki zutela bertan, Olissipo izenekoa, K.a. 1200. urte inguruan.
Antzinako erromatarrak ere iritsi ziren lur hauetara eta K.a. 205. urtean Felicitas Julia izena eman zioten. Erromatar inperioa desagertu zenean, alano eta suebo herri "barbaroen" inbasioa jasan zuen; geroago, 711. urtean, musulmanak jabetu ziren ia Iberiar Penintsula osoaz eta, beraz, baita lur hauez ere, eta 450 urtez egon ziren bertan.
Portugaleko erresumako lehen erregea, Alfonso I.ak hiria konkistatu zuen 1147an eta erresumako hiriburu bihurtu zuen. Handik aurrera, hiria asko handitu zen eta garrantzi handia izan zuen mundu osoko ekonomian, merkataritzan eta, oro har, historian ere. Europako itsas-porturik garrantzitsuena izatera iritsi zen XV. eta XVI. mendeetan; handik abiatu ziren itsasontzi asko Afrikan, Asian eta Amerika aurkitu berrian merkataritza-bide berriak aurkitzera.
Lurrikara bat jasan zuen 1755ean, bai eta tsunami bat ere lurrikararen ondorioz, eta hiria ia erabat suntsituta geratu zen. Ustez, 10.000 biztanle baino gehiago hil ziren. Baina berriro eraiki eta ia-ia lehen bezala utzi zuten. Geroago, hiriak handitzen jarraitu zuen eta XX. mendeko 60ko hamarkadan 800.000 biztanle inguru izatera iritsi zen; hortik aurrera, ordea, biztanleria galtzen joan da.
Leku ikusgarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Unescok gizateriaren ondare izendatutako bi monumentu aipagarri ditu Lisboak: Belémgo dorrea, itsasoko erasoetatik babesteko eraikia; eta Jeronimotarren monasterioa. Biak 1500 inguruan eraiki ziren, Vasco da Gama izeneko nabigatzaile eta esploratzaile portugaldarrak Indiara joateko itsas-bidea deskubritu zuenean.
Oso interesgarria da Ozeanario de Lisboa izeneko aquarium modernoa, 1998ko Erakusketa Unibertsalean eraikia; Iberiar penintsulako bigarren handiena da.
-
San Jurgi gaztelua
-
Jeronimotarren monasterioa
-
Lisboako tranbiak
-
Oceanario de Lisboa aquariuma