Wikipedia, Entziklopedia askea
Lokomozioa lurrean: Kanguruak.

Lokomozioa leku batetik beste batera mugitzeari ematen zaion izena da. Lokomozio hitzarekin bai izaki bizidunek eta baita makina batek ere egiten duten edo egin dezaketen mugimendua adierazten da.

Hitzaren jatorria jakiteak bereziki laguntzen du haren esanahia ulertzen: izan ere, latinezko "locus" (lekua) eta "motio" (mugitzea) hitzak elkartuz sortutakoa da; beraz, "lekuz mugitzea" esan nahi du.

Lokomozioa modu askotakoa izan daiteke, egiteko moduari, inguruari, abiadurari eta beste ezaugarri batzuei begiratuta. Lokomozioa non gertatzen den kontuan hartuz gero, lurrekoa, uretakoa edo airekoa izan daiteke, eta inguru bakoitzean modu desberdinean egiten da. Lurrean, adibidez, ibiltzea, korri egitea eta narrasean aritzea dira lokomozio-modu nagusiak; urtean, berriz, igeri egitea; eta, airean, hegan egitea.

Mugimendua gertatu ahal izateko, energia behar da, grabitatearen indarra eta ingurunearen igurtzia gainditzeko, hain zuzen: mugi daitezkeen izaki bizidunek janarietatik ateratzen dute energia; gizakiek eraikitako makinek, berriz, motore bat behar dute eta energia-iturri bat. Adibidez, bizikleta bat ez da bere kabuz mugitzen; bizikletan gabiltzanean, gu geu gara bizikletaren motorea eta energia-iturria. Auto batek, berriz, motore bat dauka eta gasolina edo antzeko erregai bat behar du mugitu ahal izateko.

Izaki bizidunen, eta, bereziki, ornodunen lokomozioan (gizakion lokomozioan, adibidez), hiru sistema behar dira lokomozio-funtziorako:

  • Eskeletoa: elementu sendo eta artikulatuak eskaintzen ditu, mugimendua eragiten duten indarrak aplikatu eta biderkatzeko.
  • Gihar edo muskuluak: eskeletoko hezurrak mugitzeko indarra aplikatzen dute, uzkurtuz eta lasaituz.
  • Nerbio-sistema: giharren uzkurdura eta lasaiketa kontrolatzen du.


Lokomozioa lurrean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lokomozioa lurrean: ostrukak

Lur-ingurune batean egindako lokomozioan, batez ere grabitatearen indarra gainditzeko behar da energia. Aireak igurtzi edo frikzio gutxi eragiten du normalean (haize oso handia dagoenean izan ezik), eta gauza bera gertatzen da lurrarekin berarekin ere, baina ez, ordea, narrastientzat; narrastientzat lurraren igurtzia askoz handiagoa da.

Lur gainean bizi diren animaliek giharrak dituzte indarra behar bezala aprobetxatzeko eta mugitu ahal izateko; horretarako, beharrezkoa da animaliak bere buruari lurraren gainean eustea eta indar egiteko leku bat egotea. Horrela animalia batzuk arrastaka ibiltzen dira (narrastiak) eta beste batzuk lurrean finkatzen dira abiada hartzeko.

Narrasti baten lokomozioa: sugea

Narrastiek gorputz osoa ipintzen dute lurraren kontra, eta bizkarrezurrak duen mugikortasun handiari esker mugitzen dira. Narrasti batzuek hankak dituzte, baina normalean motzak izaten dira, gorputzaren alboetan kokatuak, eta ez diote gorputzari eusten. Hanka horiek lurzoruari atxikitzeko bakarrik balio dute.

Narrasti ez direnek igurtzi gutxiago egiten dute lurraren kontra eta gehienek lokomoziorako espezializaturik dauden gorputz-adarrak dituzte, pareka kokatuak. Gehienak lau hankaren gainean mugitzen dira eta "lauoinekoak" deitzen zaie horregatik; beste batzuk (gizakia eta txoriak, adibidez) bi hankaren gainean mugitzen dira eta, horregatik, "hankabikoak" deitzen zaie. Animalia horiek, leku batetik bestera mugitzeko, ibili, korrika egin edo salto egiten dute.

Animalia batzuek (hartzak, tximinoak eta gizakiak, adibidez) mugimenduak egiteko, oin-azpi osoa eta kasu batzuetan eskua jartzen dute lurrean. Plantigradoak deitzen dira, eta ibilera makala izaten dute. Beste batzuek korrika ibiltzeko egokituta daude, eta behatzak baino ez dituzte jartzen lur gainean. Digitigradoak deitzen zaie. Horrela mugitzen dira katua eta zakurra. Badira ibilera azkarragoa egin ahal izateko egokituta dauden animaliak ere; behatzen punta besterik ez dute jartzen lur gainean, eta behatzak apatx batez estalita dituzte. ungulatuak deitzen dira. Horien artekoak dira behiak, zaldiak, astoak edo hipopotamoak.

Lokomozioa uretan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lokomozioa uretan: marrazoa

Ur-ingurune batean, uraren igurtzia izaten da lokomoziorako oztopo nagusia, eta grabitateak, aldiz, garrantzi gutxiago du. Horregatik, uretan bizi diren animalia askok gorputza oso ondo egokituta dute igurtzi hori ahalik eta gehien gutxitzeko eta, beraz, lokomozioa errazteko. Horregatik izaten dira oso zapalak arrainak, adibidez; haien formari esker, energia gutxiago gastatu behar dute mugitzeko. Uretako beste animalia batzuek, aldiz, ez dute hain forma egokia izaten eta, horregatik, askoz energia gehiago gastatu behar izaten dute, eta, horretarako, elikadura-behar handia ere badute.

Uretan azkar mugitzea airean baino errazagoa da, urak euskarri handiagoa eskaintzen duelako. Dena dela, urak aireak baino erresistentzia handiagoa ipintzen die animaliei. Arrainak dira uretan ongien mugitzen diren animaliak, baina badira beste animalia batzuk ere uretan oso ondo mugitzen direnak, izurdeak eta baleak, adibidez.

Arrainek forma oso bereziko gorputza dute, uretan erresistentzia gutxiago aurkitzeko mugitzen direnean: buru zapala dute, isatsa eta hegalak mugimendua eragiteko, eta ezkatak, mugimendua errazteko. Horregatik, arrainek forma hidrodinamikoa dutela esaten da. Gorputz osoaren mugimenduen bidez, eta bereziki isatsaren bidez, mugitzen dira. Hegatsak urari bultza egiten dio atzera, eta horrela arraina aurrerantz mugitzen da. Gero, gorputzean dituzten beste hegal batzuk erabiltzen dituzte norabidea aldatzeko eta orekari eusten laguntzeko.

Bestalde, arrainak gai dira sakontasun desberdinetan orekan mantentzeko, baita mugitzen ez direnean ere. Oreka hori lortzeko, arrainek organo berezi bat dute: igeri-maskuria. Organo hori airez betea dago eta, nahi duen oreka mantentzeko, arrainak gehiago edo gutxiago hustu dezake.

Lokomozioa airean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lokomozioa airean: kaioak.

Aire-ingurune batean, airearen igurtzia eta grabitatearen indarra gainditu behar dira. Horregatik, hegaztiek gorputz aerodinamikoak izaten dituzte, airearen igurtzia ahalik eta gehien gutxitzeko; eta, gainera, hezur arinak izaten dituzte, grabitatearen eragina ere gutxitzeko. Hegaztiek bezala, hegazkinek ere forma aerodinamikoa izaten dute airearen igurtzia gutxitzeko, eta energia artifizial asko behar izaten dute grabitatea gainditzeko. Hegazkinen antzera, gizakiak eraikitako ibilgailu gehienek energia artifiziala behar izaten dute mugitu ahal izateko, petroliotik ateratako erregaiak bereziki, eta eragin handia dute ingurunearen kutsaduran; baina, bestalde, distantzia luzeak denbora gutxian egiten uzten digute, eta, beraz, oso baliagarriak eta beharrezkoak dira. Etorkizunera begira, garrantzitsua izango da energia-iturri garbiak erabiltzea ibilgailu-mota guztietan.

Airean mugitzea zailagoa da lurrean mugitzea baino, aireak euskarri gutxi eskaintzen duelako. Horregatik, hegan egiteko gai diren animaliak anatomia berezia dute. hegaztiak dira horiek artean gehienak, baina ugaztun batzuek ere hegan egin dezakete, saguzarra adibidez. Hegan egiten duten animalien aurreko gorputz-adarrek, hegal bihurturik, ornodunena bezalako hezurrak dituzte: sorbalda, besoa, ukalondoa, besagaina, eskumuturra, eskua eta hatzak. Hegaztien hezurrak hutsik daude barrutik eta oso arinak dira; horri esker, airean mugitzeko gai dira.

Hegalak mugitzeko gihar oso indartsuak dituzte bularrean, eta hegalei indar handiz eraginez egiten dute hegan. Batzuetan, hegaztiek aire-korronteak aprobetxatzen dituzte planeatzeko, eta haien pisua gutxitzen duen aire-poltsa batzuk dituzte gorputz barruan. Poltsa horiek hutsik dauden hezur batzuetaraino ere iristen dira.