Wikipedia, Entziklopedia askea
Lurreko geruzak eta nukleo beroa.

Lurraren barne-energia Lurrak bere barnean oraindik mantentzen duen jatorrizko berotik dator; bero hori, Eguzki-sistemaren eta planeten eraketatik dator, eta Lurrak oraindik gordetzen du bere eraketan sortutako beroaren zati handi bat. Lurraren barruko nukleoan, 4.500 eta 6.700 °C arteko tenperatura dagoela kalkulatzen da.

Gure planetaren barruko energia hori Lurrean gertatzen diren prozesu geologikoen eragileetako bat da, Eguzki-erradiazioarekin, grabitate-indarrarekin, itsasaldien energiarekin, Lurraren eremu magnetikoarekin eta errotazio eta translazio mugimenduekin batera.

Non du jatorria Lurraren barne-energiak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurraren barruan oraindik mantentzen da gure planeta eratu zenean sortutako beroaren zati handi bat. Barneko bero horixe da lurrazaleko erliebea itxuratzen duten plaka tektonikoen mugimenduaren eragilea; eta mugimendu hori da, gero, sumendien erupzioak eta fenomeno sismikoak eragiten dituena.

Nondik dator bero hori?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurra magmazko esfera handi bat izan zen hasieran.

Eguzki-sistema duela 4.500 milioi urte sortu zen, kondentsatu zen eta abiadura handian biratzen hasi zen gas nebulosa batetik. Grabitateak hodeiaren erdian kontzentratu zuen materia; tenperaturaren eta dentsitatearen handitzeak izar baten agerpena eragin zuen: Eguzkia.

Eguzkiaren inguruan biratzen zuen nebulosaren materiak talka egin eta elkartu egiten zen, planetesimalak (planetak sortuko zituzten materiazko diskoak) eratzeko. Materia pilatu horiek oso tenperatura handian zeuden, egoera likidoan, eta errotazioaren eta grabitatearen eraginez forma esferikoa garatzen joan ziren. Gero, milioika urtez, espazioan sakabanatuta zeuden meteorito eta asteroideek talka egin zuten esfera horien aurka; hau da, geroago planeta bihurtuko zirenen aurka.

Lurraren kasuan, talka horien eraginez, espazioko gorputz horiek bat egiten zuten protolurrarekin (Lurraren hasierako formarekin). Protolurra magmaz (egoera likidoan zeuden mineralez) osatutako esfera bat zen, errotazioaren eta grabitatearen eraginez, materialak geruzatan batzen joan ziren haien dentsitatearen arabera: materialik astunenak barnealdean eta arinenak gainazalean. Milioika urtetan zehar, astiro-astiro, antzina-antzinako Lurra hozten hasi zen; lurrazala izan zen hozten eta solidotzen lehena, baina planeta ez da osorik hoztu: barrualdeak, izan ere, oraindik gordetzen du jatorrizko mineral likido beroaren zati handi bat.

Prozesu geologikoen energia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sortu zenetik, Lurra energia termikoarekin lotutako bi prozesuren mende dago: Eguzkiaren erradiazioa eta barne-beroa; lehendabizikoa kanpoko prozesu geologikoak bultzatzen dituena da, eta barne.beroa, berriz, barneko prozesu geologikoak sortzen dituena.

  • Kanpoko prozesu geologikoak: kanpoko eragile geologikoak, hala nola atmosfera, azaleko ura (ibaiak, itsasoak, glaziarrak) eta lurpeko ura, haizea eta izaki bizidunak dira lurrazaleko harriak aldatzen eta eraldatzen dituzten prozesuen erantzuleak. Prozesu horiek bultzatzen dituena eguzki-energia da.
  • Barneko prozesu geologikoak: Lurraren barneko energia termikoaren ondorioz gertatzen direnak. Energia honek eragin du litosfera hainbat plaketan hautsita egotea, bai eta haien mugimendua ere. Plaken mugimendu honen ondorioz, sumendien erupzioak eta lurrikarak gertatzen dira, bai eta egitura berriak sortzen ere lurrazalean, mendilerro kontinental handiak eta hondo ozeanikoak, adibidez.