Wikipedia, Entziklopedia askea
Plagizidak fumigatzeko hegazkinak erabiltzen dira zenbait lekutan.

Merkatu-nekazaritza ekoizten diren produktuak merkatura bideratzen dituen nekazaritza-sistema da. Herrialderik garatuenetan praktikatzen da, Europan, Ipar Ameriketan, Australia eta Japonian; eta garapen bidean dauden herrialdeetan, Afrika, Asia eta Iberoamerikako eskualde batzuetan.

Zein ezaugarri ditu?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Merkatu-nekazaritzaren ezaugarririk garrantzitsuenak honako hauek dira:

  • Mekanizazio handia: makina ugari erabiltzen dira, lana errazteko, ekoizpen handia edukitzeko eta irabazi ekonomiko handiagoak lortzeko. Mekanizazio handiak lanesku gutxiago erabili beharra dakar; horregatik, nekazaritza-mota honetan jende gutxik lan egiten du, biztanleria aktiboaren % 10etik behera.
  • Eskaera handiko produktuak lantzen dira: kontsumitzaileen gustuekin bat datozen produktuak lantzen dira, etekin handienak ematen dituztenak eta merkatuan erraz saltzen direnak batez ere.
  • Sistema eta teknika aurreratuak: ongarriak, plagizidak, herbizidak, hazi hautatuak, ureztatze-sistemak, berotegiak etab. erabiltzen ditu, ahalik eta uztarik handienak lortzeko.
  • Inbertsio handiak: nekazaritza-mota honek inbertsio ekonomiko handiak behar izaten ditu, mekanizazioa, instalazioak eta teknologia ordaindu ahal izateko.
  • Gobernuen laguntzak: herrialde garatuetako gobernu gehienek laguntzak ematen dizkiote mota honetako nekazaritzari, inbertsioak egin ahal izateko eta merkatuan prezio lehiakorragoak lortzeko.

Tokian-tokiko merkatu-nekazaritzaren ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herrialde garatuetan praktikatzen den merkatu-nekazaritzak ezaugarri apur bat desberdinak izaten ditu leku bakoitzaren arabera; honakoak aipa daitezke:

  • Europan, Erdialdeko Europako nekazaritza eta nekazaritza mediterranearra bereizi behar dira.
    • Erdialdeko Europako nekazaritza oso mekanizatuta egoten da, laboreak txandatzen dira; neguan zerealak, ganadurako belarra eta erremolatxa landatzen dira, eta lore eta barazkien ekoizpen handia dago.
    • Herrialde mediterranearretan, lehorreko nekazaritza eta ureztatutako nekazaritza daude. Lehorrekoan, zerealak, mahatsa eta olibak landatzen dira batez ere nekazaritza estentsiboan eta produktibitate ez oso handiarekin; ureztatutako nekazaritzaren kasuan, fruituak eta barazkiak landatzen dira batez ere, lehorrekoak baino errentagarriagoak baitira. Barazkien kasuan, gainera, ureztapen-sistemak dituzten berotegiak erabiltzen dira produktibitatea handitzeko.
  • Herrialde “berrietako” nekazaritza: Kanada, Australia, Argentina eta Estatu Batuetako ordoki zabaletan praktikatzen dena da. Familia-enpresak dira, baina enpresen moduan kudeatzen dira. Lursail oso handiak erabiltzen dituzte, mekanizazio handiarekin eta lanesku gutxirekin; oso produktibitate handiak lortzen ditu eta, kasu askotan, esportaziora bideratzen da. Zerealak, artoa, kotoia eta olio-landareak (soia eta ekilorea) landatzen dira batez ere.
  • Plantazio bidezko nekazaritza: garapen bidean dauden herrialde tropikaletan praktikatzen da, bereziki Erdialdeko Amerikan, Brasilen, Asiako hego-ekialdean eta Afrikako eskualde batzuetan. Monolaborantzako ustiategi handiak egoten dira, kafea, kotoia, tea, azukrea, tabakoa eta kautxua lantzeko. Askotan, ustiategi handi horiek enpresa multinazionalen jabetzakoak dira eta produkzio gehiena herrialde garatuetara esportatzen da. Lanesku ugari erabiltzen du, oso merkea delako leku horietan, eta multinazionaletan lan egiten duten nekazariek oso irabazi txikiak izaten dituzte.